ARTEA

Alberto Giacometti

Alberto Giacometti, Borgonovo-n, Stampa-n (Suitza), jaio zen 1901ean. Giacomettiren familiak artearekiko lotura estua zuen. Izan ere, aita, Giovanni Giacometti, margolari neoinpresionista zen eta osaba, Augusto Giacometti, ere margolaria zen. Laster erakutsi zituen eskulturarako eta pinturarako dohain apartak. 12 urterekin lehen koadroa margotu zuen, eta 13 urterekin, anaia Diegoren eskultura landu zuen lehen aldiz.

1919an Genevako Arte Ederren Eskolan eskultura- eta pintura-ikasketak egin zituen. Eskultura eta pinturaren artean zer aukeratu ez zekien garbi. Ondoren, Italiako museoak ezagutuko ditu eta Giotto eta Tintoretto margolarien koadroen aurkikuntzak bi urtez maisu italiarrak ikertzera bultzatuko du.

Giacometti

Veneziatik Parisera abiatuko da 1922an; bertan ia bizitza osoa emango du. Émile-Antoine Bourdelle eskultorearen eskolak jasoko ditu eta beste artista suitzarrekin harremanak estutuko ditu. Garai hartako lanak sinpleak eta konnotazio erotikoz beteak izango dira: La femme cuillère (Emakume koilara) , Le couple (Bikotea) edo Boule souspendue (Bola zintzilikatua), esaterako.

spoon woman

La femme cuillère (1932-33)

Surrealisten taldeko kide

1925ean eskultura errealista alde batera utzi eta kubismoaren eragin nabarmena duten brontzezko irudiak landu zituen Giacomettik. Hurrengo urteetan kaiola moduko zurez egindako eskultura txiki batzuk surrealistengana gerturatzera eraman zuten. André Breton-ek mugimendu surrealistan sartzera gonbidatu zuen.

Orduan, 1930eko hamarkadako eskultore surrealista garrantzitsuenekotzat hartzen zuten; irudimen eta argitasun aparta islatzen dute haren lanek. Adituen esanetan, The palace at 4 a.m. (Jauregia goizeko lauetan) izango da haren lan surrealistarik bikainena. Irudiak eta objektuak zintzilik irudikatzen dituen egitura arkitektoniko bat da eta denboran eta espazioan gizakiak duen hauskortasuna eta subjektibotasuna adierazten du.

The palace at 4 am (1932)

Gizakiaren ahulezia islatu nahian

1935ean surrealistengandik aldentzen hasi zen, haiekin harremanak osoki galdu gabe. Eskultura errealistago batera itzuli zen, baina, oraingo honetan, formen bolumenak txikiagotzeko saiakerak eginez. Kalean igarotzen ziren oinezkoei marrazkiak eginez lortu zuen Giacomettik estiloaren heldutasuna emango zion eta beste eskultoreengandik bereiziko duen irudien luzapen hori.

1943an Annette Arm ezagutu zuen eta 1950ean harekin ezkondu zen. Harez geroztik artistaren eskulturen eta margolanen eredu izango da Annette, Albertoren anai Diegorekin batera.

Parisen bizi izan zen aldi luzean, Stampa-ra, bere jaioterrira, bidaiatu zuen sarri. Eta egonaldi horietan, bere senideen hainbat busto landu zituen. Hala eta guztiz ere, 1945etik aurrera, naturaren eta ingurumenaren behaketa berreskuratzen duenean, egingo ditu eskultura eta margolan gehientsuenak.

1948an, hala eskulturaren, nola pinturaren inguruan ikertzen hamabi urte eman ostean, lan horiek aurkeztu zituen. Giacomettiren garai honetako eskulturek eta pinturek izaki hauskor eta malenkoniatsuak irudikatzen dituzte, izatearen ahulezia islatuz, ingurumenaren mehatxu jarraikia jasaten ariko balira bezala. Standing woman (Emakumea zutik, 1948) eta Walking man (Gizonezkoa oinez, 1947) eskulturek ederki islatzen dute artistaren estilo berezi hori.

Standing woman, (1948)

Margolanak, aintzat hartu gabeak

1951tik aurrera, Diegoren bustoez baliatuz, eskulturan bide berriak ikertu zituen artista suitzarrak, irudien hainbesteko mehetasuna alde batera utziz. Pinturan, paisaiak margotzen hasi zen.

1952an, James Lord idazle estatubatuarrak Alberto Giacomettiren lantokira bisita jarraikiak egin zituen, artistaren eta bere anaia Diegoren adiskide min bihurtuz. Adiskidetasun horrek artista suitzarraren lanari eta bizitza pribatuari buruzko hainbat istorio ezagutarazi zizkion Lord-i eta, egonaldi haietan jasotako materialari esker, Giacomettiren biografia argitaratu ahal izan zuen 1985ean.

Karreraren amaieran, jada XX. mendeko eskultore handienetarikotzat hartua izan ondoren, bere margolanak aintzat hartuak izan zitezen saiatu zen. 350 koadro margotu zituen artista suitzarrak bere bizitza osoan. Alabaina, Giacomettiren margolanek inoiz ez zuten haren eskulturek lortu zuten garrantzia eta handitasuna lortu.

self-portrait

Self portrait, (1921)

1962an Veneziako Bienalean Eskulturako Sari Nagusia irabazi zuen. Azken urteak etengabe Europan zehar erakusketak antolatuz emango ditu artistak. Gaixorik egon arren, New Yorkera abiatu zen 1965ean Arte Modernoko Museoan bere obrari buruzko erakusketan parte hartzera. Bere azken lana, Paris sans fin izeneko liburua izango da, non bizitzen egon den leku guztietako oroitzapenak 150 litografiatan bilduko dituen.

1966ko urtarrilaren 11n, gaixorik eta lanerako indarra eta interesa galdurik, hil zen Alberto Giacometti Chur-eko ospitalean, Frantzian.

Zer adierazten dute Giacometti-ren irudiek?

Deigarriak eta bereziak dira Alberto Giacometti-ren eskulturak: hanka eta beso luzeak dituzten irudi argalak. Zer adierazten ote duten oso gai eztabaidatua izan da. II. Mundu Gerrako izugarrikeriek ekarri zuten pentsamolde existentzialistaren adierazgarri lirateke batzuen ustez. Giacomettik berak ezetz zioen.

1930ean surrealismoaren bultzatzaile André Breton-ek surrealisten taldera gonbidatu zuenetik aurrera lan oparoa egin zuen Giacometti-k. Aldi horretan forma irekiko eskulturaren, arte zinetikoaren eta eskulturazko eraikuntzaren garapenari ekarpen handiak egin zizkion.

Inkontzientearen eta ametsen munduaz surrealismoak duen interesa islatzen du eta sexualitateaz eta indarkeriaz duen kezka azaltzen.

1934-35eko neguan surrealistengandik urrundu eta ereduekin berriz lanean hasi zenean beste aldi bati ekin zion. Ez zuen bere eskulturetan giza irudiaren kanpoaldea soilik erakutsi nahi, baizik eta pertsona osoaz dugun inpresioa. Badirudi, errealitatearen ikuspegi hau azaltzeko, pertsonaren irudia argaldu eta xehetasunez biluztu beharra sentitzen zuela. Urrundik norbait ikusten denean haren kanpoko itxura lausotu, galdu egiten zaigu, baina espiritua, esentzia, ez zaigu ahultzen.