ARTEA

Pablo Ruiz Picasso

( Malaga, Espainia, 1881-Moulins, Frantzia, 1973). 1881eko urriaren 25ean jaio zen eta 1973ko apirilaren 8an zendu zen. Jose Ruiz Blasco artistaren semea. 1895. urtean bere senideekin batera Bartzelonara aldatu zen eta bertan, artista eta literatoekin harreman estua izan zuen, batez ere, Els Quatre Gats izeneko tabernan.

1895. urtean Llotja-ko Arte Ederren Eskolan matrikulatu zen, eskola horretan ikasi ahal izateko 20 urte izatea galdatzen zuten arren. 1898. urtean Ciencia y caridad lana Arte Ederretako Erakusketa Nazionalera bidali zuen eta ohorezko aipamena lortu zuen. Urte horretan bertan San Fernandoko Errege-Akademian matrikulatu zen.

Picasso

Pablo Ruiz Picasso

Ciencia y caridad

Ciencia y caridad (1897)

Aro urdina

1901 eta 1904 artean, Madril, Bartzelona eta Parisen izan zuen bere egoitza. Garai horretan, eragin handia izan zuen sinbolismoak Picassoren margolanetan. Aro horri aro urdina deitzen zaio, Picassok erabilitako kolore-gamagatik. Aro urdinekoak dira La vida, Niña con paloma, Niña sentada , Madre con niña y mendiga acurrucada eta La Celestina lanak.

Niña con paloma

Niña con paloma, 1901

Aro arrosa

1904. urtean, Parisera aldatu zen eta bere estudioa Sena ibaiaren ibarrean ezartzea erabaki zuen. Bertan, besteak beste, harreman estua izan zuen Guillaume Apollinaire eta Max Jacob olerkariekin eta André Salmon dramaturgoarekin. Urteotako pinturak, erabilitako koloreengatik aldendu ziren aurrekoetatik, aro honetan lur- eta arrosa-koloreko lanak margotzeko joera izan baitzuen. Zirkuan inspiratu zen fase horretako lanak egiteko orduan eta horren erakusgarri da La familia de saltimbanquis izeneko margolana. Parisera aldatu eta gutxira artisten eta bohemioen giroan murgildu zen eta, besteren artean, Leo eta Gertrude Stein anai-arrebak eta Picassoren margolanen salerosketan ibili zen Daniel-Henry Kahnweiler arte-merkataria ezagutu zituen.

La familia de saltimbanquis (1905)

Aro kubista eta "Avignon-go andereñoak"

1906. urtearen amaieran XX. mendeko artea irauli zuen lan kubista prestatzen hasi zen: Avignon-go andereñoak. Afrikako eta Iberiako artean eta "El Greco" eta Cézanne margolariek euren koadroetan erabilitako elementuak sartu zituen Picassok lan hori egiteko. Cézanne-ren eragin handiarekin, Pizkundetik zetorren joera plastikoa eraldatzeari ekin zion Georges Braque-rekin batera, batez ere bolumenaren irudikapenean, kubismo izeneko joera sortuz. Fase horretakoak dira Las bañistas, Mujeres sentadas edo Mujeres en la fuente izeneko lanak. 1909. urtetik aurrera analitikoa esaten zaion lehen fasea garatu zuten Picassok eta Braquek. 1912. urtean, berriz, paper-zatiak eta beste elementu batzuk beren lanetan itsasten hasi ziren eta teknika horri collage izena eman zioten. Juan Gris margolari espainiarra kubisten taldera batu zenean, estilo horren aro sintetikoa hasi zen. Gama kromatiko aberatsagoko eta materia eta erreferentzi ugaritasun handiagoko fasea izan zen.

Avignon-go andereñoak

Avignon-go andereñoak (1907)

Aro figuratiboa

1915etik 1920ko hamarkadaren erdialdera arteko kubismoaren zorroztasuna alde batera uzten hasi zen Picasso, arte figuratiboan gehiago murgiltzeko asmoz. Aldi horretan, klasizismoa eta haren jatorri mediterraneoa batu zituen.

Lehenengo emaztearekin ezkondu

1919. urtean Olga Koklova dantzari errusiarrarekin ezkondu zen eta harekin Paulo izeneko semea izan zuen. 1928tik aurrera eta Julio Gonzalez artista kataluniarrarekin bildu ostean, eskulturarekiko interesa agertzen hasi zen. Bien artean berrikuntza handiak egin zituzten diziplina horretan; esate baterako, burdina forjatuaren erabilera. 1935. urtean Marie-Thérése-rekin izandako harremanaren ondorioz Maya izeneko alaba izan zuen. Urte horretan La Minotauromaquia eta La musa izeneko grabatuak egin zituen. Olga Koklova eta Marie-Thérése-rekin zituenaz gain, 1936. urtetik aurrera Dora Maar argazkilariarekin ere harreman sentimentala izan zuen.

Olga Koklova

Olga Koklova

Espainiako Gerra Zibila eta Guernica

Espainiako Gerra Zibila piztearekin batera, kontzientziazio politiko handiagoko garai bati ekin zion. Horren eraginez, bere lanik unibertsalenetako bat margotu zuen: Gernika. Bizkaiko hiribilduak nazien bonbardaketaren ondorioz jasan zuen pairamena irudikatzen du lan horrek. 1943. urtean Françoise Gilot ezagutu zuen eta harekin beste bi seme-alaba izan zituen: Claude eta Paloma. 1946ean, berriz, Paristik Antibesera aldatu zen eta han zeramika ere sartu zuen bere lanetan.

Guernica

Guernica (1937)

Picassoren azken aroa

New Yorkeko Arte Modernoko Museoak 1946an ireki zituen bere ateak, Picassori omenaldia eginez. 1950eko hamarkadan Velazquez, Courbet, Delacroix eta Manet-en lan klasiko handien bertsioak egin zituen haien omenez. Azpimarragarrienak El hombre del carnero eta La cabra izeneko lanak izan ziren. 1961. urtean Jacquelin Rocque-rekin ezkondu zen eta Vouvenargues gaztelura joan zen bizitzera bere emaztearekin. Han jarraitu zuen etengabe lanean, hil zen arte.

Las meninas

Las meninas (1957)