«« Itzuli
Pablo Ruiz Picasso
Picasso eta emakumeak
Picasso-k emakumeekin izan zituen harremanak konplexuak, istilutsuak, pasioz beteak izan ziren. Harreman hauek marka nabarmenak utzi zituzten Picassoren bizitzan ez ezik baita bere lanetan ere. Emakume batekin maitemintzen zenean emakumea edertasunez betea pintatzen zuen, baina harremana aurrera joan ahala gero eta irudi txarragoa jartzen zion. Esate baterako, 1930eko hamarkadaren bukaeran Picassok Dora Maar baztertu eta lur jota uzten duenean Emakumeak negarrez seriea pintatzen du haren irudi itxuratxartuaz baliatuz.
Limurtzaile handia zen Picasso, beti zebilen emakumeak bere sareetan harrapatzeko ahaleginean, are batekin bizi zenean ere. Olga Koklovarekin ezkonduta zegoela, Marie-Thérèse maitalea zuen, baina Dora Maar-ez maitemindu zen eta gaztetako maitalea zuen Fernande Olivier-ekin ere izaten zituen harremanak. Bere bizitzan emakume bat sartzen zenean dena aldatzen zuen: etxea, lagunartea eta baita txakurra ere, gerta ahala gerta. Ondorio larriak izan zituen jokabide horrek: Marie-Thérèse eta Jacqueline maitaleek eta Pablito bilobak bere buruaz beste egin zuten, Dora Maar ez zen gehiago argazkilari eta artista bikaina izango, tratamendu psikiatrikoa beharko du behin eta berriz eta azkenean bakardadean hilko da.

Marie-Thérèse Walter Picassorekin izandako alaba Mayarekin
