ARTEA

«« Itzuli

Pablo Ruiz Picasso

Picasso eta Gernika

Gernika bonbardatu zutenean Picasso Parisen zegoen. Zirrara handia eragin zion suntsiketa ikaragarri hark eta berehalaxe hasi zen lanean lehenagoko beste lan batzuetan erabiliak zituen irudi batzuez baliatuz. Behin eta berriz aldatu zituen haiek, zenbait astetan zehar egin zituen hainbat zirriborrotan. Zezena, zaldiaren herioa, emakumeak eta haurrak garrasika irudikatu zituen. Azken emaitzan baino ere gehiago islatzen da zirriborro hauetan artistaren nahigabea, tamaina txikiagoan inpresio handiagoa egiten dutelako seguru asko.

Maiatzaren hamaikan, bonbardaketatik hamabost egunera, Picassok mihise bat prestatu zuen horma-irudia egiteko. Hiru metro eta erdiko altuera eta ia zortzi metroko zabalera zuen. Zirriborroetan txikian egin zituen irudiak mihiseari zegokion tamainan egin zituen haren gainean. Gerraren izugarrikeriak irudikatzen dituzten alegoriak askotan azaldu izan dira margolanetan artearen historian zehar. Picassok ondo baino hobeto ezagutzen zuen tradizio hori eta tankera horretako irudiak erabili zituen bere sentimenduak azaltzeko. Jendea sufritzen eta garrasika, ama bat bere haur zauritua edo hila besoetan duela eta horrelakoak.

Picassorekin une hartan bere maitale Dora Maar argazkilaria zegoen. Picassok bere lana ontzeko jarraitu zuen prozesua argazki bidez dokumentatu zuen hark.

Dora Maar

Dora Maar

Hasieran Picassok koadroaren figura nagusitzat Espainiar errepublikazaleek diosal gisa erabiltzen zuten beso altxatua ukabil itxiarekin hartu zuen, baina ikur nabarmenegia zela iritzita, handik astebetera ukabil itxia eguzki distiratsu baten pean gari-azaoa duen eskua da. Mezu politikoaren eta azalpen artistikoaren arteko tirabira erakusten du aldaketa horrek.

Aldaketak, ordea, koadroaren erdiguneak fokua galtzea eragiten zuela pentsatu zuen eta hori erremediatzeko zezenaren gorputza emakumearen eta haurraren ondora mugitu zuen eta zaldiaren burua garrantzi handiagoa hartzen zuen leku batera eraman zuen.

Gero zenbait ataletan kolorea erantsi zuen; esate baterako, negarrez dagoen emakumeari odolezko malko gorri bat jarri zion, baina geroago kolore guztia kendu zuen. Aspalditik, aro urdinetik beretik, kolore bakarrez pintatuz irudi indartsuak lortzen zituen Picassok. Oraingoan ere pentsatu zuen ikusleari koadroak eragin behar zion inpresioa koloreak galarazi egingo ziola. Ondoren gerrariaren irudia lantzen hasi zen eta teknologiak gerra modernoari eransten dion suntsitzeko ahalmenaren ikur gisa lanpara elektriko bat jarri zuen.

Picasso, Gernika

Urte hartan Parisen Nazioarteko Erakusketa zen. Guernica Espainiaren pabiloira eraman zuten. Hasieran kritika latzak izan zituen: lau urteko haur batek egin zezakeen marrazki txar bat besterik ez zela, zoro baten amets gaiztoa zela, etab. esan zuten. Alemania nazitik astakeria izugarriak esan ziren, jakina, baina Sobietar Batasunak ere hoztasunez hartu zuen, mezu politiko nabarmenagoak hobesten baitzituzten hango agintariek. Erakusketa bukatu zenean Guernica Europan eta Ipar Amerikan zehar batetik bestera erabili zuten, faxismoak zekarren arriskuaz jendea ohartarazi nahian. II. Mundu Gerra hasi zenetik 1981era arte Guernica New York-eko Museum of Modern Art-en egon zen, nahiz eta aldi baterako eraman zuten Munich-era, Koloniara, Stockholm-era edo Sao Paulo-ra. Espainiara, aldiz, ez zuten eraman denbora horretan. Picassok Espainiako herriari eskaini nahi zion bere lana, baina ez zuen nahi Espainiara eramaterik askatasunak eta demokrazia izan arte. Picasso 1973an hil zen, Franco baino bi urte lehenago. Guernica 1981az geroztik Madrilgo Reina Sofia Museoan dago.