ARTEA

Vasily Kandinsky

Vasily Kandinsky Moskun jaio zen 1866an. Bertan Ekonomia eta Zuzenbide ikasketak egin ondoren, 29 urterekin Munich-era abiatu zen, eta bertan bizi izan zen 18 urtez. 1901ean, Phalanx taldea sortu zuen, abangoardiako frantziar pintura ezagutarazteko helburua zuena, eta taldearen arte-eskolan irakasten aritu zen 1903 arte. Bertan ekin zion bere lehen xilografiak margotzeari.

1912an, Über das Geistige in der Kunst (Espirituzkoa artean) liburua argitaratzen du Kandinskyk. Liburu hartan aditzera eman zuenez, posible zen artearen bidez, edo, zehatzago esanda, abstrakzioaren bidez, izate moralago bat komunikatzea. Mundu modernoak zekarren materialismoak kezkatzen zuen Kandinsky, eta abstrakzioak gizakiaren askatasun-bidea irudika zezakeela defendatzen zuen.

Kandinsky

Liburua argitaratu zen urte berean, Kandinsky eta Franz Marc artistek Der Blaue Reiter Almanac (Zaldizko Urdina almanaka) aldizkari iraultzailea sortu zuten. Artearen funtzio mistikoaren aldekoak ziren; hau da, itxuraren islari erantzun ordez, artistaren barne indarrari erantzuten zion arte ez-objektiboaren aldekoak.

Der Blaue Reiter taldeak, bilakaera dinamikoan zeukan itxaropen hori irudikatzeko, zaldiaren irudia aukeratu zuen, (zaldizkoarekin edo zaldizkorik gabe) eta taldearen obra anitzetan azalduko da. Marc Establos (Stallungen) artistak 1913an eginiko margo-lanetan gai nagusia izango da, eta 1913ko Bild mit weissem Rand (Pintura ertz zuriarekin) obran arinki iradokitzen du Kandinskyk.

Pintura ertz zuriarekin

Bild mit weissem Rand, 1913

Kandinskyk arte abstraktuaren hastapenen ordezkari nagusia izango da. Araurik gabeko eta intuizioan oinarrituriko obra da Kandinskyrena; itxura irregularrak eta kolore-sorta handiak erabiliz.

Geometriaren zorroztasuna

1914 eta 1921 artean Errusian finkatu zen berriro. Garai hartan, errusiar abangoardiaren aitzindariekin harreman estua edukiko du, El Lissitzky, Kazimir Malevich eta Alexander Rodchenko barne. Alabaina, margotzen baino teorizatzen aritu zen urte haietan.

1922an, Weimar-en, Bauhaus diseinu-, arkitektura- eta industria-eskolan irakasteari ekin zion. 1919an sortu zen Bauhaus, arteari eta arkitekturari buruzko teoria utopikoak sustatzeko helburuarekin. 1920ko. hamarkadatik aurrera, Kandinskyk irudikapena alde batera utzi eta abstrakzio hutsean murgildu zen, forma geometriko zorrotzak txertatuz, 1923ko Konposition 8 obran agertzen direnak bezala. Josef Albers, Paul Klee eta László Moholy-Nagy ere Bauhaus eskolako irakasle ziren eta antzeko geometria zorrotza erabil ohi zuten beren obretan. 1933an naziek Bauhaus itxi zuten eta Kandinsky Parisetik gertu dagoen Neuilly-sur-Seinen finkatu zen.

Konposition 8

Komposition 8, 1923

Ez zioten ulertu Parisen

Kandinskyk Parisen bere margolanak saltzeko merkatua aurkituko zuela uste zuen, baina, Paristarrek ez zuten haren obra behar bezala ulertu eta estimatu. Hala eta guztiz ere, karreraren azken urteetan bi artista-talderekin erlazionatu zen: Jean Arp bezalako surrealisten formarik gabeko geometriak erakartzen zuen eta garai hartako Kandiskyren konposizio organikoek haien eragina izan zuten, bestalde, Piet Mondrian eta Georges Vantongerloo, besteak beste, biltzen zituen Abstrakzio-Sorkuntza taldeak, figuraziorik gabeko estetika defendatzen zuenak, ere erakartzen zuen. Miró, Arp, Magnelli edo Sophie Tauber bezalako artistak sarritan gerturatzen ziren Kandiskyren estudiora. Bizitasunez beteriko testuinguru artistiko honetan hil zen Kandisky Neuilly-sur-Seinen, 1944an.

Laukiak zirkulu zentrukideekin

Laukiak zirkulu zentrukideekin