ARTEA

Bauhaus eskola

Lehen Mundu Gerraren aurretik Deutscher Werkbund zeritzan artista, eskulangile eta arkitektoen elkartearen tradizioari edo Ingalaterrako Arts and Crafts mugimenduari jarraituz eta espresionistek azpimarratzen zuten intuizio sortzailearen ideia hartuz, Walter Gropius (1883-1969) arkitektoak, 1919ko Weimar-eko sozialdemokrazian, arkitektura eta arte aplikatuetako eskola publiko bat sortu zuen, Bauhaus (eraikuntzen etxea) izenaz ezagutzen dena.

Eskola horrek arkitektura, pintura, eskultura, arte grafikoak eta arte aplikatuak kultur batasun baten barruan tratatu nahi zituen. Funtsean, arte-ekoizpenak ekonomia modernoan txertatu nahi zituzten, artearen eta eskulangintzaren, artearen eta teknikaren, sorkuntza indibidualaren eta ekoizpen industrialaren arteko hesiak apurtuz.

Irakasleen eta ikasleen arteko lankidetza estuan oinarritzen zen eta lehen mailako profesionalak biltzen zituen: Klee beiragilea, Schlemmer eskultorea, Moholy-Nagy metala lantzen zuena, Feininger zura lantzen zuena, Itten eta Meyer arkitektoak, Marcks zeramikaria, Muche ehulea eta Kandinsky horma-pintura lantzen zuena. Honek, beste artista errusiar batzuek bezala, sobietar erregimenak errealismo akademikoz kanpoko arte-adierazpide guztiak gaitzesten zituelako alde egin zuen Alemaniara.

Ikasleek sei hilabete irauten zuen sarrerako ikastaro bat egin behar zuten, oinarrizko gaiak ikasteko: materialen ezaugarriak, koloreak, forma naturalak eta konposizio geometrikoak, ikusmenaren legeak, etab. Ikastaro honetako irakasleak Itten, Kandinsky, Moholy-Nagy, Albers ziren. Bigarren mailako ikastaroak hiru urte irauten zuen eta laborategietan hainbat teknika erabiliz lan egitea eta materialen portaera esperimentalki ezagutzea eskatzen zuen. Hirugarren mailan eraikuntzako obra batean lan egin behar zuen ikasleak, bai proiektatzen eta bai eraikitzen. Arkitektura azken sintesia zen. Ikasleek antzerkiaz eta dantzaz ere jakin behar zuten.

Indar kontserbadoreak aurka jarri zitzaizkiela, boltxebismoak kutsatuta zeudela esaten zietela eta industriarekin lan egitea gero eta zailagoa egiten zitzaiela ikusirik, 1925ean kinka larrian jarri zen. Dessauko udala beste Bauhaus bat onartzeko prest agertu zen eta Gropius-ek eraikin berri bat proiektatu eta eraiki zuen, 1931 arte eskolaren egoitza izango zena.

Bauhaus. Dessau

Dessauko Bauhaus

Lehengo irakasleei beste batzuk elkartu zitzaizkien: Breuer altzarigintzan, Albers, Bayer arte grafikoetan eta publizitatean. Dessau-tik Klee-k, Mondrian-ek, etab.ek egindako ikasliburuak eta hainbat proiektu irten ziren. 1928an, presio politikoak estututa, Gropius-ek eskola utzi egin behar izan zuen eta Meyer-ek hartu zuen zuzendaritza. Bi urte geroago Mies van der Rohe jarri zen zuzendari eta 1931 arte egon zen. Urte horretan Klee-k eskola utzi zuen eta beste saio bat egin zuen eskolak Berlinen jarraitzeko baina gutxi iraun zuen. Naziek 1933an, atzerriko joerekiko irekitasun handiegia zuela argudiatuz behin betiko itxi egin zuten eskola. Mies van der Rohe, Gropius, Moholy-Nagy, Albers eta Feininger-ek AEBetara alde egin zuten eta Chicagon asmo bera aurrera ateratzen saiatu ziren beste Bauhaus bat sortuz, gaur egun Diseinu-Institutua dena