Joan Miró Ferrá
- BIBLIO: Bibliografia (31)
(Bartzelona, 1893-Palma Mallorcakoa, 1983). Miquel Miró Adzeriases eta Dolors Ferrá Oromí-ren semea. 1907tik Escola de Comerç de Barcelona-n eta Llotja-ko Escola d'Arts i Oficis-en batera ikasi zuen hiru urtez. 1910. urtean kontulari gisa aritu zen eta erretratu eta marrazki-erakusketa batean parte hartu zuen. Pinturan bete-betean jardutea erabaki zuen 1912an eta Francesc Galí-ren Escola d'Art-en matrikulatu zen; bertan 1915 arte ikasi zuen. 1913an Sant Lluc-eko Cercle Artístic-en inskribatu zen.
Bartzelonan egin zuen lehenengo bakarkako erakusketa 1918an. 1920an Picasso bisitatu zuen Parisen eta hiri horretan lehenengo erakusketa egin zuen hurrengo urtean. 1923an bere gurasoek Mont-roig-en zuten masian hasi zen bere lanaren beste ibilbide bat zehaztu zuten Tierra labrada, Paisaje catalán eta Pastorale lanak margotzen. Max Ernst-ekin batera Diagilev-en Errusiako Balletentzat dekoratua eta jantziak prestatu zituen 1926an.

Tierra labrada (1923-1924)
Teknika berriak probatzen hasten da
Bi urte beranduago Bailarina española izena eman zion lehenengo objektu-collage-a egin zuen eta, era berean, Interiores holandeses izeneko lanak ere margotu zituen.

Interior holandés II
1929an Pilar Juncosa-rekin ezkondu zen eta Parisen ezarri zuten euren egoitza. Retratos imaginarios izeneko seriea egiten aritu zen lanean. 1930ean jaio zen haren alaba bakarra, Maria Dolors izenekoa. Urte horretan bertan, Amerikako Estatu Batuetan, New Yorken zehazki, egin zuen lehenengo erakusketa. 1932an Bartzelonara joan zen bizitzera eta Pierre Matisse galerian bakarkako erakusketa bat egin zuen. Hurrengo urtean 18 collage biltzen dituen seriea egiten aritu zen eta 1934an, Pierre Matisse AEBetan bere ordezkaria izateko kontratua sinatu zuen Mirók.
Gerra Zibila eta II. Mundu Gerra
1940. urtea arte Parisera joan zen bizitzera Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz. 1937. urtean, Parisko Nazioarteko Erakusketako Espainiako Errepublikaren pabiloiarentzako El segador izeneko pintura mural handia egin zuen . 1939. urteko udan Paris utzi eta Normandiara joan zen. Han 1940ko maiatza arte egon zen bizitzen Alemaniako Armadak egin zituen bonbardaketen ondorioz Palma Mallorcakora joan behar izan baitzuen. Las constelaciones izeneko urkoloreak egiten aritu zen urte horretan eta hurrengoan.

Konstelazioa
Artigasekin lehen elkarlan-aroa
1941. urtean, Josep Llorens Artigas artistarekin elkarlanean hasi zen eta, harekin batera, 1947 arte zeramikazko piezak egin zituen. 1946. urtean brontzezko lehenengo eskulturak egin zituen. Hurrengo urtean, AEBetara joan zen Cincinnatiko Terrace Plaza Hotelean mural bat egiteko. Urte horietan zeramika- eta eskultura-alorretako jarduerak gero eta handiagoak izan ziren.
Nazioarteko sari garrantzitsuak jasotzen hasten da
1950. urtean Harvard University-ko Harkness Commons-eko jangelan mural bat egiten hasi zen eta hurrengo urtean amaitu zuen. 1954. urtean elkarlan-aro berria hasi zuen Josep Llorens Artigas-ekin Gallifan. Aro horretan, zeramikazko 200 pieza baino gehiago egin zituzten elkarrekin. 1956an Palma Mallorcakora aldatu zen behin betiko eta bi urte beranduago Guggenheim International Award saria jaso zuen Mirók, UNESCOren Pariseko egoitzan egindako bi muralengatik.

1999an Aubagne-n egindako erakusketako katalogoa
Eskultura gero eta garrantzitsuago bere lanetan
1966an brontzez egindako lehenengo eskultura monumentalak sortu zituen : Pájaro solar eta Pájaro lunar hain zuzen. Hurrengo urtean zeramikaz eginiko murala ezarri zuten New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en. Pinturako Carnegie International Grand Prize saria jaso zuen hurrengo urtean Josep Lloren Artigas-ekin, elkarlanean egindako eskultura batengatik.

Pájaro lunar
Sari eta aipamen gehiago
1968. urtean honoris causa doktore izendatu zuten Harvard University-n. Osaka-ko Nazioarteko Erakusketako Beirazko Pabiloian ezartzeko zeramikazko murala egin zuen 1970. urtean. Urte horretan Bartzelonako aireportuan jartzeko zeramikazko murala ere egin zuen. 1976an, zeramikazko zorua ezarri zuen Bartzelonako Rambla pasealekuan. 1977an Josep Royo-rekin elkarlanean, Washingtongo National Gallery-rentzako tapiz monumentala egin zuen. 1978an, berriz, Mori el Merma ikuskizunerako maskarak eta dekoratuak margotu zituen eta Couple d´amoureux aux jeux de fleurs d´amandier izeneko eskultura inauguratu zen Parisen. 1979an Bartzelonako Unibertsitateko honoris causa doktore izendatu zuten eta 1981. urtean Espainiako Arte Ederren Urrezko domina eman zioten .1981ean Miss Chicago izenez ezaguna den eskultura monumentala inauguratu zuten Illinois estatuko hiriburuan.
11-Sko atentatuan Miroren tapiz batzuk galdu ziren
WTCen zegoen Miróren tapiza
2001eko irailaren 11an World Trade Center-en aurka izan zen atentatuan arte-lanak ere galdu ziren. Hauen artean Joan Mir oacute k egindako tapiz batzuk. 1974an egin zituen eta leku horretan zeuden orduz gero.
Miró eta arte grafikoak
Aidez l'Espagne (1937)
Joan Miró beti ibili zen adierazpide artistiko berrien bila eta oso gogokoa zuen hainbat materialekin lan egitea. Mirók 1925. urtetik aurrera Parisen zuen estudioa André Masson pintorearenaren ondoan zegoen. Artista honen bidez hainbat poeta eta idazle ezagutu zituen. Hauetako batek Lise Hirtz poetaren poema batzuei irudiak jartzeko eskatu zion eta gainera pochoir izeneko teknika erabiltzea proposatu zion. Horrela, bada, hasi zen Miró arte grafikoetan lanean.
Ondoren litografiak egin zituen liburutarako. Gero beste teknika batzuk ikasi zituen: grabaketa, akuafortea, bakoitzarekin esperimentatuz.
1937an Mirók Aidez l'Espagne izeneko pochoir-a egin zuen. Errepublikaren alde dirua biltzeko saltzen zen zigilu bat egin zuten harekin. Gero pochoir bera kartel bat egiteko erabili zuten. Gero beste hainbat kartel egingo zituen Mirók.
Bartzelonako Joan Miró Fundazioa
Joan Miró Fundazioa
Fundazioa Joan Miró beraren ekimenez sortu zen, bere jaioterriari utzi zizkion lanei esker. 1975ean ireki zituen ateak. Bere lanak gordeko zituen etxea izateaz gain arte garaikidearen joerak lantzeko lekua ere bada. Alde batetik Miróren lanen bilduma ederra du, bestetik Calder-en Merkurio-iturria eta Miróren omenez beste artista batzuk emandako lanak daude bertan. Aldi baterako erakusketak, kontzertuak, bideo-emanaldiak, mintegiak, etab. ere antolatzen ditu. Miróren adiskide mina zen Josep Lluís Sert-ek diseinatu zuen eraikina.
Mallorcako Pilar i Joan Miró Fundazioa
Fundazioaren egoitzako lorategia
Pilar i Joan Miró Fundazioa 1981ean eratu zen Joan Mirók eta haren emazte Pilar Juncosak 1956. urteaz geroztik artistak erabili zituen lau lantegiak hainbat lanekin batera Palma Mallorcako udalari eman zizkiotenean. 1981ean Palmako udalak Pilar i Joan Miró a Mallorca Fundazioa eratzea erabaki zuen, kulturgune bizi izateko. 1986an Fundazioarentzat egoitza bat eraikitzea erabaki zuten. Pilar Juncosa Miróren alargunak lurrak emateko eta diru bat jartzeko borondatea azaldu zuen asmo hori burutzeko. Lan batzuen enkantetik ateratako diruari esker hasiera eman zitzaion egitasmoari eta 1987an Rafael Moneo arkitektoak egoitza berria diseinatzeko enkargua hartu zuen, justu artista bizi izan zen leku berean. Eraikin berria 1992an inauguratu zen.
