ARTEA

Salvador Dalí

Eugenio Salvador Dalí pintorea Figueresen (Katalunian) jaio zen 1904an. Txikitatik margotzeko gaitasun berezia erakutsi zuen eta hamasei urterekin antolatu zuen bere lehen margo-erakusketa. Madril, Bartzelona eta Pariseko Arte Ederren Akademietan ikasi zuen pintura. Madrilen ikasten ari zela, Federico García Lorca poeta eta Luis Buñuel zinemagilea ezagutu zituen Ikasleen Egoitzan; haiekin batera abangoardiako hainbat proiektu burutu zituen Dalík.

Ondoren, Parisera abiatu zen eta bertan kokatu zuen egoitza 1940 arte. Bertako pintore eta idazle surrealisten taldean sartu zen eta garai hartan margotu zituen gerora surrealismoaren ordezkari nagusienetarikoa bilakatuko duten zenbait obra:. El gran masturbador eta La persistencia de la memoria, esaterako.

La persistencia de la memoria

La persistencia de la memoria, 1931

1929an, Helena Diakonova gazte errusiarra ezagutu zuen, Gala ezizenez ezagunagoa, geroztik haren maitale, emazte eta alosia izango dena. Daliren ondorengo obran garrantzi handia izango du Galak, izan ere, artistaren berrogeita hamar margo baino gehiagotan agertuko baita haren irudia.

Dalí

Urte berean, Salvador Dalí mugimendu surrealistari atxiki zitzaion eta aparteko eragina eman zion honi. Psikoanalisiaren sortzailea zen Sigmund Freud-en teorietan oinarrituz, Dalík berak «metodo paranoiko-kritikoa» deitu zion artea garatu zuen. Arte honen helburua, subkontzienteko fantasiak atzeman, aztertu eta irudikatzea zen, eta aluzinaziozko eromenaren edo paranoiaren bidez iristen zen haietara. Horrela, subkontzientearen argazkiak eginez, han ezkutatzen den egia begiztatzen saiatzen zen.

II. Mundu Gerra lehertu zenean, AEBetara abiatu zen; han, bere obra errealista eta onirikoak arrakasta itzela izan zuen. Artearen hainbat arlo uztartu zituen: zinema, antzerkia, opera, baleta, etab. Leda atómica, La Madonna de Portlligart eta Autorretrato blando con beicon frito obra garrantzitsuak garai hartan margotu zituen.1948an, jada gatazka amaituta, Espainiara itzuli zen.

Leda

Leda atómica, 1949

Ametsak irudikatuz

Kolore distiratsuak erabiltzen zituen, bere obretan agertzen den kristalezko atmosfera sortzeko. Brueghel eta Boscoren eragin nabarmena du eta itxura beldurgarri, sadiko eta erotikoetarako zaletasuna.

Sinbologia eta fantasia nagusi dira Dalíren adierazpidean. Oso elementu desberdinak ageri dira haren koadroetan, zentzurik gabeko konbinaziotan prestatuak edota berrukituak, ikusleak ametsen munduan bete-betean sarraraziz.

Haren teknika oso zaindua da, ia errealismo fotografikoraino iritsiz. Bolumenak eta testurak ukimena kitzikatzerainokoak dira. Alabaina, Dalík ez du efektu estetikoa bilatzen bere margoen bitartez, efektu psikologikoa baizik. Haren koadroen tituluetan ere nabaria da hori, hala nola, Hombre invisible edota Autorretrato blando.

Buñuelekin lankidetzan

Hasi berritan, Dalí asko interesatu zen lehen urratsak egiten ari zen zinemaz. Luis Buñuelekin lankidetzan, Un perro andaluz (1929) eta La edad de oro (1930) film surrealistak zuzendu zituen. Era berean, beste arlo artistiko askotan ere erakutsi zuen talentua, hala nola antzokiak apaintzen, moda diseinatzen, iragarkietan eta urrezko eta harri preziatuzko bitxiak sortzen. Hainbat literatur obra ere idatzi du, bere ilustrazioekin; denetan nabarmenena bere autobiografia izango da: Vida secreta de Salvador Dalí (1942).

Dalíren bizitza pribatua ere bere artearen isla izan zen. Polemika sutsuak sortu zituen haren portaera eszentrikoak. Inork ez dio talentu artistiko izugarria ukatzen, baina haren aurkariek publizitatearen eta diruaren truke ahalmenak eta gaitasunak alferrik galdu zituela diote. Aldekoen esanetan, berriz, bera izan da subkontzientea hobekien irudikatu duen artista. Salvador Dalík bere garaiko artistarik goitarrenekotzat zeukan bere burua eta beretzat hartu zituen hainbat titulu, «dibinoa» adibidez.

Azken urteak

1950tik aurrera erlijioa, historia eta zientzia izan ziren Dalíren obran gairik ohikoenak, gehientsuenak formatu handitan eginak. Cristo de San Juan de la Cruz, Galatea de las esferas edo La última cena, esaterako.

1970eko hamarkadan, Figueresen, bere jaioterrian, Dalí Antzoki-Museoa sortu eta inauguratu zuen, bere obraren bilduma garrantzitsua biltzen duena, surrealismoan barrena abiatu zenetik bizitzako azken urteetako margoetaraino. 1982an, Gala hil ondoren Puboleko jauregira erretiratu zen, eta Figueresen hil zen 1989an.

Dalí Antzoki-Museoa, Figueres

Gala Dalí gaztelua

Púbol-eko Erdi Aroko gaztelua Galaren bizitokia izan zen 1970ko hamarkadan eta Dalírena 1980koaren hasieran. 1996 ezkeroztik museo bihurtuta dago.

Dalík Galari gazteluan jartzeko opari egin zizkion pinturak eta marrazkiak daude han, lorategia apaintzen duten elefanteen eskulturak, Galaren goi-mailako joskintzako soineko-bilduma bat eta gaztelua apaintzeko jarri zituzten altzariak eta bestelako gauzak.

 

Portlligat-eko Etxe-Museoa

Portlligat

Portlligat-eko Etxe-Museoa

1997 ireki zituen ateak. Portlligat-eko badian dago, Cadaqu eacute s-etik iparraldera.

Dal iacute eta Gala erosten eta, 1930etik aurrera, berrogei urtetan zehar, egituratzen eta apaintzen joan ziren arrantzale-soto batzuek osatzen duten multzoa da. Pintorearen lantokia, liburutegia, gela pribatuak, lorategia eta igerilekua bisita daitezke.

 

Dalí Museoa Floridan

A. Reynolds Morse (1914-2000) enpresari estatubatuarra eta bere emaztea, 1940ko hamarkadaren hasieran Dalíren lanen erakusketa ibiltari bat ikusi ondoren, haren lanak erosten hasi ziren eta 1970eko hamarkadarako Dalíren lanen munduko bildumarik handiena zuten.

Senar-emazte hauek Daliren eta Galaren adiskide minak izan ziren eta sarri egiten zituzten Portlligat-en egonaldiak eta bi bikoteek elkarrekin bidaiak egiten zituzten.

1971 arte euren Cleveland-eko etxean zeukaten erakusgai bilduma. Gero Ohion haien enpresak zuen bulego-eraikinaren ondoko etxe batean museo bat egin zuten, baina 1970ko hamarkadan leku handiagoa behar zuela pentsatuta prest azaldu ziren museo bati bilduma emateko, osorik mantentzekotan eta zaintzekotan.

Floridako St Petersburg herriko talde batek gogo onez hartu zuen asmoa eta laguntza publikoak lortuz etxe bat jarri zuen museotarako. 1982an ireki zituen ateak museo honek.