ARTEA

Azken abangoardia artistikoak

XX. mendearen amaieran abangoardia mugimenduak krisiaren kontzeptuari lotuta ageri dira, eta hortik, abangoardia ondoko, transabangoardia edo modernitate ondoko bezalako izenen agerpena. Mugimendu horiek adierazten dute, azken batean, gizarteak bereganatu egin dituela abangoardiak, dagoeneko zeukaten eginkizun hausgarri eta urratzailea galdu dutenak, borrokarako grinarik gabeko eta ohiturengan hurbilagoa den esparruan sartzeko.

Espresionismo abstraktua

Europar artista asko Amerikara iritsi ziren naziengandik ihesi. Orduz geroztik, berrogei eta berrogeita hamarreko hamarkadetan hain zuzen, estilo berri bat garatu zen Estatu Batuetan, espresionismo abstraktu deritzona. Figurazioaren adierazpide guztiei uko eginda, estiloa automatismoaren teknikan oinarritzen zen, eta New Yorkeko eskola izena jaso zuen, bertan egin baitzuten topo mugimenduko artista adierazgarrienek. Argi zegoen, bestalde, etxe-orratzen hiria munduko jarduera artistikoen erdigune berria zela.

Espresionista abstraktuen lanean nabariak ziren jatorri desberdineko eraginak:

  • Europatik Estatu Batuetara joandako abangoardia artisten irakaspenak: Hans Hoffman (1880-1966) edo Joseph Albers (1888-1976), besteak beste.
  • Europatik iritsitako surrealisten kutsua.
  • Mexikoko muralismoaren aldarrikapen politikoak.

Teknikari dagokionez, ondokoak dira ondorio nabarmenenak:

  • Action paintinga edo ekintzetako pintura: automatismoaren interpretazio berritzailea, surrealistek hasierako urteetan aldarrikatutakoaren ildotik.
  • Tamaina handiko euskarrien erabilpena.

Espresionismo abstraktuaren egilerik gogoangarrienak:

  • Arshile Gorky (1905-1946), armeniarra jatorriz.
  • Willem de Kooning (1904-1997), holandarra.
  • Mark Rothko (1903-1970), letoniarra.
  • Jackson Pollock (1912-1956), Franz Kline (1910-1962), Clyfford Still(1904-1980) edo Barnett Newman (1905-1970), estatubatuarrak.

Antonio Saura, Izerkaria, 1963 (Bilduma pribatua, Cadiz).

Jackson Pollock, Bat, 1950 (Arte Modernoaren Museoa, New York).

Informalismoa

Gerraostean, Europako arte abstraktuak espresionismoaren ildotik jarraitu zuen; bere oinarriak, ordea, ez ziren amerikarren berberak, eta berezko bilakaeraren ondorioz informalismo deritzona eratu zen.

Amerikako espresionismoaren aldean, ondoko ezaugarriak azaltzen ditu:

  • Formatu txikiagoak erabiltzen zituen.
  • Artearen ikuspegi barnerakoiagoa, poetikoagoa eta kontzentratuagoa zuen.

Europako informalismoaren adibide nabarmenenak Frantzian, Italian eta Espainian garatu ziren.

  • Frantzia: Jean Dubuffet (1901-1985), Henri Michaux (1899-1984) eta Hans Hartung (1904-1989).
  • Italia: Alberto Burri (1915-1991) eta Lucio Fontana (1899-1968).
  • Espainia: Antoni Tapies (1923), Antonio Saura (1930-1998) eta Manuel Millares (1926- 1972).

Abangoardia figuratiboak

Espresionismoa eta informalismoa guztiz abstraktuak ziren, baina garai berean, berrogei eta berrogeita hamarreko hamarkadetan, bestelako abangoardia-mugimenduak agertu ziren, berauek figuratiboagoak, ordea.

  • Londresko eskola (Francis Bacon, 1909-1992; Lucien Freud, 1922; Frank Auerbach, 1931): bakoitzak berezko figurazioa garatu zuen, baina nabaria zen guztietan formaren itxuraldaketa eta tentsioa. Baconen lanetako esparru psikiko delakoak irudietako pertsonaiek bizi duten oinazea azaltzen digu.
  • CoBrA taldea: izena Kopenhage, Brusela eta Amsterdamen lehen letrek eman zioten, hiri haietan finkatu baitzen mugimendua. Egilerik ospetsuenen artean Asger Jorn daniarra (1914-1973), Pierre Alechinsky belgikarra (1927) eta Karel Appel holandarra daude (1921). Espresionismotik eta surrealismotik hartutako osagaien bitartez, CoBra taldekoak ametsak eta ume nahiz zoroen keinuak azaltzen saiatu ziren, koloreen arteko kontrasteaz eta ore lodiko margoez baliatuz.

Bere obretan kutsu figuratiboa erakusten duten beste artista batzuk: Balthassar Klossowskik (Balthus ezizenez, 1908 - 2001) surrealismo berantiarra erakusten zuen, figurazioarekin guztiz bat eginda; abstrakzioari lotutako ikuspegi batetik, Francis Gruberrek (1912-1948) eta Jean Hélionek (1904- 1987) figuratibismoaren forma estilizatuagoetara jo zuten.

Francis Bacon, Autorretratua, 1969, (Bilduma pribatua).

«Dripping»a

1947an Pollockek dripping edo tanta-jarioa izeneko teknika sortu zuen: mihiseari inguruka, egileak margo tantak eta zipriztinak botatzen ditu haren gainean.

 

«color-field painting»a

Kolore eremukako pintura, mihiseko eremuak koloreez betetzean datza, koadroaren mugetatik ihesi antzean, amaigabetasunaren sentsazioa eraginez, nolabait. Clyfford Still, Barnett Newman eta Mark Rothko sarri askotan baliatu ziren teknika honetaz. Rothkoren koadroetan laukizuzen handiak ageri dira, eta koloreak leunki aldatzen dira batetik bestera.

 

Erdi bukatuaren teknika

Francis Baconek sarri erabilia, erdi bukatuaren teknikarekin irudietako pintzelkadak eten antzean ematen dira, bukatu gabe utziz, edo ezabatu ere egiten dira. Horrela nabarmenagoa da irudien desitxuratze sentsazioa eta ukitu dramatikoa.

 

Figurazioaren indarra

Espresionismo abstraktuko joera batzuek figuratibismoko elementuak erabiltzen zituzten; horrelakoetan, deigarriak dira espresioaren eta keinuen indarra, baita egikera landugabea eta bukatugabea ere. Horren ondorioz, askotan sumatu baino ez dira egiten elementu figuratiboak.