Pintura XX. mendearen amaieran
- TEST: Egia edo gezurra?
- TEST: Gezi bidez lotu
- TEST: Egia edo gezurra?
- LINK: Kanpo loturak (7)
- BIBLIO: Bibliografia (6)
Dadaismo berria eta Europako mugimenduak
Dadaismo berria Estatu Batuetan eta Europan garatu zen, berrogeita hamarreko hamarkadan eta hirurogeiko hamarkadaren hasieran. Oinarrizko helburu zuen sortze lana objektu gisa tratatzea, artistarengandik kanpoko gauza bat bezala; sortze lanak amaierako emaitzan neutralizatua geratu behar baitzuen, objektuen irudikapen fisikoan bertan, alegia. Ondorioz, pinturan bi dimentsioko formatuarekiko haustura gertatu zen. Arte lanari objektuak erantsiz, pinturak eta eskulturak bat egin zuten sortze kontzeptu berean. Dadaista berrien artean ondokoak dira famatuenetako batzuk:
- Robert Rauschenberg (1925).
- Jasper Johns (1930).
- Larry Rivers (1923).
Dadaismo berria Estatu Batuetako korrontea izan zen gehien bat; Europan sortutako zenbait mugimenduk antzeko oinarri estetikoak zituzten, baina haien bilakaera homogeneoagoa izan zen. Hona hemen mugimendu horietako garrantzitsuenak:
- Errealismo berria (Frantzia).
- Zero eta Fluxus mugimenduak (Alemania).
- Espazialismoa, Azimuth eta arte povera (Italia).
Happeninga
Dadaista berriek eta antzeko mugimendu europarrek burututako ikerketa estetikoaren ondorioz happening, gertaera, agertu zen: zuzenean egindako antzezpenak gehitzen zitzaizkion arte sorkuntzaren prozesuari, antzezlanak balira bezala edo artelana lortzeko beharrezkoa den inguruaren eraldaketa bezala uler daitezkeenak.
Happeningen adierazle nagusiak honakoak izan dira:
- Yves Klein frantziarra (1928-1962): bere lanek, ironia handikoak, arauak hautsi nahi zituzten; antropometria izenekoetan, adibidez, pinturatan mela-mela zeuden modeloak igurtzika aritzen ziren mihiseen kontra.
- Christo estatubatuarra -bulgariarra jatorriz- (1935): eraikin handiak «paketetan» biltzen zituen, baita inguru naturalei bertakoak ez ziren elementuak gehitu ere, gizakiaren eta inguruaren arteko harremanez ohartarazteko.
- Jean Tinguely frantziarrak (1925-1991) makinak erabiltzen zituen eskulturak egiteko, artearen adierazkortasun hutsaren bila.
- Piero Manzoni italiarrak (1933-1963) kritika zorrotza egin zion sortzailearen figurari; Artista-kaka eta Artista-airea izeneko ontzi sortek eztabaida bizia eragin zuten.
Pintura osteko abstrakzioa, arte zinetikoa eta op-art
Espresionismo abstraktuak muturreko erreakzioak bilatzen zituen, adierazkortasuna "hozteko" asmoz. Obra horietan indargabetuta geratzen ziren koloreak eta hoztasunik adierazten ez zuten bitartekoak.
- Estatu Batuetan, antiespresionismoaren adar erradikalena pintura osteko abstrakzioaren bidez azaldu zen. Frank Stella (1936), Kenneth Noland (1924) eta Morris Louis (1912-1962) dira izenik ospetsuenak.
- Europari dagokionez, muturreko antiespresionismoak bi bidetatik jo zuen nagusiki. Lehenengoak, arte optikoa edo op-art deritzonak, elementu desberdinak tartekatzen zituen errepikapen jarraituaren bidez; bestalde arte zinetikoak ere mugimenduaren sentsazioa bilatzen zuen irudi abstraktuak erabiliz. Mugimendu horietako egile adierazgarriak dira hungariar jatorrizko Victor Vasarely pintore frantziarra (1908-1997) eta Frantzian bizi den Jesus Rafael Soto venezuelarra (1923).
Pop artea
XX. mendearen bigarren erdian, estilorik berezienetako bat pop artea izan zen («popular» hitzaren apokopea). Pop mugimenduak hiri inguruneko irudiak sartu zituen sorkuntza artistikoan: publizitate kartelak, salgaien etiketak, komikietako binetak, etab. Antiespresionismoaren «hoztasuna» lortzeko, mihise batean proiektatutako irudiak hainbat aldiz kalkatzen ziren.
Pop korrontearen barruan ondoko estiloak bereizten dira:
- Estatu Batuetako estiloa: Andy Warhol (1903-1987); Roy Lichtenstein (1923- 1997); eta Claes Oldenburg (1929).
- Britainia Handiko estiloak garrantzi handiagoa ematen dio pinturaren substantziari: David Hockney (1937) eta Patrick Caufield (1936).
Popetik eratorritako zenbait eskola berebiziko garrantzia lortu zuten. Haietako batean, figurazio berriaren eskolan, Eduardo Arroyo espainiarra da egilerik entzutetsuenetako bat (1937).
Roy Lichtenstein, Izenbururik gabea. (Bilduma partikularra, New York).
Arte postmodernoa
Hirurogeita hamar eta laurogeiko hamarkadetan agortuta geratu ziren arte mugimendu jakinetatik sor zitezkeen emaitzak. Izan ere, mugimenduen ordez modako joerak nagusitu ziren, anitzak bezain aldakorrak. Garai horretako egile asko arte postmoderno delakoaren barruan sartuta geratu ziren, zein bere ezaugarriekin. Postmodernidadeak ez du mugimendu edo estilo zehatzik erakusten, eta berez, mende amaierako artistak bildu besterik ez du egiten. Haietako pintorerik ospetsuenen artean ondokoak ditugu: Baselitz (1938), Julian Schnabel (1951), Basquiat (1960 -1988), Keith Haring (1960 - 1990), Miquel Barcelo (1957), Jose Maria Sicilia (1954) edo Guillermo Perez Villalta (1948).
Azken urteotako proposamen artistikoak
60ko hamarralditik aurrera sortu izan diren proposamen artistikoak edonor harrituta uzteko modukoak dira: land art, desertuko hondarretan eta izotzetan zenbait aldaera egitea bezalako esku-hartzeak, instalazioak edo esperimentazioak bilduz; performance-ak eta happening-ak, arte plastikoak dantzarekin edo antzerkiarekin bateratzen dituzten ikuskizunak, aurrez espero den emaitzarik gabe eta bertan artistek eta ikusleek parte hartzen dutelarik; body art, norberaren gorputzean egindako transformazioak; eta paketatzea, Christo dugularik korronte honen izenik garrantzitsuena, Berlingo Parlamentua bezalako eraikinak edo Australiako natur inguruak bildu izan dituena.
Jasper Johns, Hilotza eta ispilua
Jasper Johns, Hilotza eta ispilua , 1974 (Bilduma partikularra).
Antropometriak
Yves Klein frantsesak sortutako lan horien artean monokromo izenekoak daude (urdin tonu bakar batean egindako koadroak, batzuetan egileak berak patentatuak). Emakumezko modeloek, biluzik eta pintura urdinetan bustirik, igurtzi egiten zuten bere gorputza mihiseen kontra. Saio horiek sortze ekintza seriotzat burutzen ziren, eta batzuetan musika jotzen zen zuzenean, "sorkuntza", prozesua gauzatzen zen bitartean.
Ad Reinharden hamabigarren araua
Espresionismoaren aurkako, Ad Reinhard estatubatuarrak zehaztu egin zuen bere hamabigarren arauan «hoztasuna» lortzeko bidea: «objekturik ez, subjekturik ez, materiarik ez, irudirik ez, atseginik ez, penarik ez».
Pop artistak izar bihurturik
Andy Warhol, Coloured Campbell' s Soupcan , 1965, (Arte Modernoaren Museoa, New York).
Ikuskizunen alorrekin zuten loturagatik, batzuetan pop artista handiak izar distiratsu moduan agertzen ziren beren hirietako gizarte eta kultur alorretan. Kasurik adierazgarriena Andy Warhol ena izan zen, New Yorkeko gizarteko mezenas eta itzal handiko pertsonaia bihurtu baitzen hirurogeita hamarreko hamarkadan.
