Artea Asiako zibilizazio handietan
- TEST: Egia edo gezurra?
- EXTRA: Txinako artearen kronologia
- LINK: Kanpo loturak (5)
- BIBLIO: Bibliografia (6)
Txina
Lehenbiziko arte-erakusgarriak Xia dinastiaren garaietako zeramika eta jadezko piezak dira, K. a. 2000. urtearen aurrekoak, mendebaldeko neolitokoak, alegia.
Kristo aurreko bi mila urteetan Shang eta Zhou dinastiak egon ziren agintean. Aro hartan iritsi zen gorenera estatua txikien eta brontzezko pitxerren artea, batez ere naturaren irudiekin apainduak Shangen garaietan, eta irudi geometrikoekin Zhourenean.
Pintzelaren artea
Txinako arteak berezkoen duen jarduera artistikoa, pintzelaren artea, Han dinastia inperialarekin garatzen hasi zen, K. a. 206. urtetik aurrera, eta berarengan bat egin zuten pinturak, kaligrafiak eta poesiak.
Poema kaligrafiatu eta apainduen ondoren, irudi pintatuak garrantzia hartzen hasi ziren arte-lanetan. Kristau aroko lehen urteetan giza irudia izan zen nagusia beraietan, baina IX. mendeaz geroztik paisaiak gailendu ziren, denbora pasa ahala arte txinatarren generorik berezkoena bihurtuz. Song dinastiarekin irudietan lortutako fintasuna eta xehetasuna (X-XIII bitartean) eredu izango ziren, ia batere aldatu gabe harrezkero.
Hu-er-txa, inperioko guardia pertsonalaren kidea (Metropolitan Museum, New York).
Portzelana
Kaolina, buztin mineral mota bat, IX. mendean aurkitu zen. Berarekin material berri bat lortuko zen, zuria, zeharrargitsua eta mehea, Txinako artearen adierazpide nagusitako bat izango zena: portzelana. Material horrekin itxura guztietako piezak egiten ziren, fin-finak eta dotore apainduak.
Song dinastiako obrak naturalismo finekoak ziren; portzelanaren forma eta estilo guztiak maila gorenera iritsi ziren Ming dinastiarekin; Qing dinastiako teknikak ere bikainak ziren.
Gres beiraztatuzko pitxer apaindua. Song dinastia (Txinako Artearen Errege museoa, Stockholm).
India
Herri arioek Hindustango penintsula inbaditu zuten K. a. 1500. urte aldera, eta haiekin kultura indoarioa sortu eta garatuko zen: aro vedikoan osatutako testu sakratuak edo vedak aro brahmanikoan kodifikatu ziren (K. a. 600-300). Azken aro horretakoak dira budismoa, jainismoa, eta Pertsia nahiz Greziako kulturekiko lehen harremanak, arte indiarraren berri aurrenekoz eman zutenak.
Mauria dinastiako Asoka enperadorea (K. a. 272-232) budismoaz baliatu zen, India batzeko tresna politiko gisa erabiliz. Berak sortu zuen stupa izeneko hilobi-monumentua, errautsak eta erlikia sakratuak gordetzeko eraikitzen zena eta nolabaiteko sinbologia kosmikoa lortuko zuena Indiako artean.
Zenbait dinastiaren ondoren (shunga eta kushana, kasu), Gupta dinastia ezarri zen; berarekin indartsu garatu ziren kultura eta artea, eta bizikidetza garaia izan zen hinduismoa eta budismoaren artean. Ordukoak dira Ajantako horma pinturak. Guptaren osteko aldian tenplu indiarrak agertu ziren: adreiluz zein harriz eginak, jainkoen bizileku zirenak.
XI. mendeaz geroztik islama hedatzen hasi zen Indian, eta prozesu horren barruan Baberrek (1519- 1530) mogolen inperioa ezarri zuen XVI. mendean. Garai horretan hirigintza eta arkitektura forma berriak agertu ziren, eta haiekin batera mausoleoak, lorategiak eta gotorlekuak. Nabarmentzekoak dira Delhiko Gotorleku Gorria eta Taj Mahal mausoleoa, berau Shah Jahanek (1627- 1658) bere emazte Mahalentzat eraikia.
Mogolen inperioa deuseztaturik eta britainiarren okupazioa bukaturik, Indiako arteen gainbehera nabarmena izan zen, Europaren eragina areagotzen zen aldi berean, hain zuzen.
Taj Mahal, Agra, India.
Japonia
Japoniako kultura Txinakoari estu lotuta egon zen hasieratik. Hala ere, budismoaren aurreko aro luzean (K.a. 5000- K. o. 555), xintoismo deritzon sinesmen multzoa garatu zen. Asura, Nara eta Heian izeneko garaietan iritsitako zen budismoak, meditazioari lotuak, eragin sakona izango zuen Japoniako artearen adierazpen guztietan.
Azpimarratzekoak dira Japoniako arteak hain berezkoak dituen elementuak, denak lañotasun eta fintasun handikoak, besteak beste: sumie pintura, kolore bakarreko tinta txinatarraz egina; meditaziorako lorategiak, zen filosofiarekin estuki lotuak; tearen zeremoniarako esparru zehatzak; loreak kokatzeko antzea -ikebana-, edo lakazko bionboen apainketa.
Utagawa Kuniyoshi grabatua, Edertasun garaikideak txoridun pinturekin sailekoa (Fuji Museoa, Tokio).
Brahmanismora hurbilketa
Budismoa brahmanismora gerturatu zen Bengala lurraldean, eta horren ondorioz hainbat tenplutan Buda ageri da erdian jainko hindu txikiagoez inguratuta.
Indiako tenpluen ereduak
Indiako tenpluen ezaugarriak oinarrizko bi ereduri helduta agertzen dira:
· Vimana: planta lauangeluarra, ataria, areto hipostiloa eta sabai garaiak; elementuen banaketa mendebaldeko tenpluek dutenaren antzekoa da.
· Sikhara: tenpluko gune nagusiari atal osagarri gehiago eransten zaizkio modu irregularrean; nagusi dira haietan profil makurrak eta konkortuak, izaki kosmikoen eta jainkotiarraren adierazgarri.
Txinako Harresi Handia
Txinako Harresi Handiak 6.400 kilometro ditu. K.a. III. mendean eraiki zen, gehienbat, nahiz eta zati batzuk zaharragoak izan. Neurri desberdinak dituen arren, oinarrizko harresiak bederatzi metro neurtzen du eta dorreek hamabi.
Nô antzerkia
Nô-k trebetasuna edo talentua esan nahi du, eta zenaren mundu metafisikoa gogoratzen duen antzerkia da. Baliabide dramatiko ahaltsuak ditu, benetako eskulturak diren maskarak erabiltzea, besteak beste.
