Amerika Kolonaurreko garaian
- BIDEOA: Rapa Nui
- ANIMAZIOA: Kolonaurreko maskara
- ANIMAZIOA: Kolonaurreko figuratxoa
- ANIMAZIOA: Azteken futbol jokoa
- TEST: Egia edo gezurra?
- AUDIOA: Kolonaurreko artea
- LINK: Kanpo loturak (7)
- BIBLIO: Bibliografia (3)
Arte olmeka
Ertamerikako lehenbiziko zibilizazioa olmeka izan zen, eta gaur egungo Mexiko, Guatemala, Honduras eta El Salvadorren zabalduta zegoen. Haiseran, K. a. 1500. urtetik Kristau Aroko lehen urteetara arte, Mexikoko Veracruz eta Tabasco herrialdeetan garatu zen, eta bere artelanik garrantzitsuenak harriz zizelatutako buru erraldoiak dira, buruzagi politikoak eta jainkoak irudikatzen zituztenak.
Buru olmeka (Mexikoko Antropologia Museo Nazionala).
Teotihuacaneko artea
Kristau Arotik VII. mendera bitartean goi mailako zibilizazio bat loratu zen Teotihuacan aldean, gaurko Mexiko hiritik hurbil, eta Amerikako hirigune handienetako bat izateraino iritsi zen. Teotihuacaneko ezaugarri nagusiak zerikusia du hirigintza eta arkitekturarekin, plaza eta kale zabalen artean bi harmaila-piramide handi zeudelako, erlijio zeremonia ikusgarriak egiteko eraikiak (Eguzkiaren eta Ilargiaren piramideak). Tenplu eta piramideetako eskulturek irudi hotz eta estatikoa agertzen dute.
Maien eta azteken klasizismoa
Komunitate maiak Yucatango penintsulan, Belizen eta Guatemalan hedatu ziren, baita Honduras eta El Salvadorreko leku bakanetan ere. K. a. 1500erako bazeuden horrelako asentamenduak, baina maien kulturaren goraldia ondoko bi garai luzeetan gertatu zen:
- Garai klasikoa, III-IX. mende bitartean.
- Klasizismoaren osteko garaia, X-XVI. mende bitartean.
Maien arkitekturak era desberdinetako monumentuak sortu zituen. Piramide formako tenpluen bertikaltasuna nabarmentzeko, garaiera handiko plataformak eraikitzen ziren, bakoitza aurrekoaren gainean jarria; eskaileretako mailak ere altuak eta estuak ziren, eta batzuetan, goiko gailurreria tenplua bera baino bi aldiz altuagoa zen. Beste eraikin batzuek ez zuten erlijio helbururik: jauregiak, pilota jokorako esparruak eta dorreak, kasu. Behatokietatik astronomi neurketak egiten ziren, maien egutegi zehatzak osatu ahal izateko. Freskoaren teknikak erabiliz, horma pintura bikainak ere egin zituzten.
Ertamerikako azken zibilizazio handia azteka izan zen. Mexiko-Tenochtitlanen finkatuta zegoen XIII. mendetik, baina desagertu zen konkistatzaile espainolen kontrako borrokaren ondorioz. Azteken artelan garrantzitsuenak eskulturaren arlokoak dira. Haietako gai nagusia panteoi aztekaren jainkoak ziren, animaliekin batera -benetakoak zein mitologikoak-.
Bonampakeko pintura maia (Yucatan, Mexiko).
Tenochtitlaneko erliebea (Mexikoko Antropologia Museoa).
Andeetako zibilizazioak
K. a. 1500. urte aldera Chavin de Huantar-eko kultura agertu zen, Peruko erdialdean. Haren arte-adierazpen berezkoenak harri gainetan grabatutako irudi linealak dira, arin antzean egindako erliebeen gisakoak
Andeetako beste kultura garatu bat motxika izenekoa da, Peruko iparraldean sortua, Pascamayo, Txikama eta Motxeko haranetan. Artelan nagusia zeramika zen, errealista samarra, eta apaingarri gisa dituen giza irudiak orduko ohiturei buruzko informazio iturri dira, erregeak eta goi agintariak zein herri xeheko jendea azaltzen baitira haietan.
Itsasaldeko Andeetako beste kultura Nazka izenekoa da, Nazkako haranean eta beste haran batzuetan zabaldua (Kañete, Txintxa, Ika eta Pisko). Zeramika lanez gain, aipagarriak dira kultura horretan irudi geometriko erraldoiak. Irudiok zerutik ikus daitezke bakarrik, eta zerikusia omen dute astronomi behaketekin.Inkek eragindako batasuna gauzatu aurretik, Tihuanakoko zibilizazioa ere loratu zen; kultura horren zeremonia gunea Titikaka lakuaren ondoan zegoen, gaurko Bolivian. Bere adierazpen artistikoen artean kontuan izatekoak dira tamaina handiko monolitoak eta ateak, murru marduleko eraikin handietan kokatuak.
Motxika kulturako belarri babesa (Peruko Urrearen eta Munduko Armen Museoa, Lima).
Inken artea
Inken agintaldian, XIV. mendearen erdialdean, baturik geratu ziren Andeetako haranetan zehar sakabanatuta zeuden erresumak. Jatorriz Kuzkoko haranekoak, inkak beren egitura militarraz baliatu ziren etnia desberdin asko menderatzeko, eta beren hizkuntza, erlijioa eta gobernu mota ezartzeko.
Arkitektura da arte inkaren elementu adierazgarriena. Eraikitze-eredua, bera ere inperioaren bateratze tresna, osagarri bakunetan oinarriturik zegoen, ez baitzituzten ezagutzen arkua, zutabea eta ganga. Nabarmentzekoak dira Korikantxa jauregia (Kuzko) eta Machu Picchuko esparruko herexak.
Tiahuanakoko monolitoa. La Paz, Bolivia.
Aztekak
Aztekak herri gerlaria ziren, eta indartsuki antolatutako estatu militarra osatu zuten. Biztanle gehienak goiko kastetako kopuru txiki baten mende zeuden. Sineste erlijiosoak zirela eta, tradizio toltekarekin lotu ziren, baina azteken jainkoak are beldurgarriagoak ziren eta giza sakrifizio ugari eskatzen zuten.
Ertamerikako zibilizazioen kronologia
Klasizismoaren aurreko aroa: K. a. 1500-K. o. lehen mendea.
- Kultura olmeka
Aro klasikoa: II-X. mende bitartean.
- Tehotihuakaneko kultura.
- Monte Albaneko kultura zapoteka
- Chichen Itzako kultura maia.
Klasizismo osteko aroa: XI-XVI. mende bitartean.
- Mexiko, Tenochtitlan eta Texkokoko kultura azteka.
- Maiapangoko kultura maia.
- Totonaken kultura.
- Txitximeken kultura
Andeetako zibilizazioen kronologia
Erakuntza aroa edo tartea: K. a. 1500- K.a. III. mendera bitartean.
· Chavin de Huantarreko kultura.
· Parakasko kultura.Aro klasikoa edo tarteko aro goiztiarra: K.a II- K.o. VII. mende bitartean.
· Kultura motxika.· Nazkako kultura.
Aro klasikoa edo tarteko aroa: VIII-IX. mende bitartean.· Huariko kulturak.
Tihuanakoko kultura. Aro klasikoa edo tarteko aro berantiarra: X-XIII. mendeak.· Chimuen kultura.
Klasizismoaren osteko aroa edo aro berantiarra: XIV-XVI. mende bitartean.· Inken inperioa.
Mayan sistema grafikoa
Dezifratu diren hieroglifikoak aztertu ondoren, sistema grafiko osoa garatu ahal izan zuen Mundu Berriko herri bakarra maia izan zela baiezta daiteke.
"Belarriluzeak"
Inken buruzagiei belarriluzeak deitzen zieten konkistatzaileek, gingiletatik zintzilik jartzen zituzten egurrezko uztaiekin deformatzen baitzituzten beren belarriak.
