ARTEA

Artea Afrika eta Ozeaniako herri primitiboetan

Afrikan eta Ozeanian arte primitiboa ez da beti antzinako kontu bat: bertako artearen tradizioak erro sendoak eginak ditu tribu askotan, eta bizirik iraun du mendeetan, duela gutxira arte. Izan ere, hango artea XX. mendearen hasieran hasi zen baloratzen mendebaldean, abangoardiako artisten artean lehenbizi eta gainontzeko jendearen artean geroago.

Afrikako arte primitiboa

Oro har, erlijio sinesmenek moldatu egin dute Afrikako artea. Hango herri gehienak animistak dira, hau da, nolabaiteko arima edo bizia somatzen dute naturako izaki eta fenomeno guztietan. Soilik zibilizazio garatuenek zeukaten finkaturik eta zehazturik jainkoen panteoi bat.

  • Fetitxak: sinestunen ustez, objektu hauek ongia nahiz gaizkia eragin dezakete, naturaz gaindiko ahalmenak direla medio. Mota desberdineko fetitxak daude: erlikia-ontzi figurak hutsuneak ditu, barruan objektuak gordetzeko. Fetix iltzedunak eragin kaltegarriak sortzen ditu; beste batzuek espirituen mandatuak helarazten dituzte. Gainera, pertsonaia ospetsuen omenezko tailak daude.
  • Arte afrikarraren berezko objektuetako bigarrena aurpegin mozorroa da. Haren bitartez naturaz gaindiko indarrak jasotzen dira espirituengandik. Hileta erritoetan, errito magikoetan eta lurraren emankortasuna eragiteko zeremonietan erabiltzen dira.

Afrikako arte adierazpenetako gehienetan zura da oinarrizko lehengaia; dena den, kultura garatuenetan bestelako materialak ere erabili izan dira inoiz, urrea edo brontzea, kasu.

 

Brontzezko plaka zizelkatua; Beningo arte afrikarra (British Museum, Londres).

Ozeano Pazifikoko herriak

Afrikan bezala, Ozeaniako herrietako arte adierazpenak XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran iritsi ziren mendebaldera, jakin mina piztua baitzuten orduko abangoardietako artisten artean. Ozeano Pazifikoaren inguruetako artea Paul Gauguinen (1848-1903) eskutik heldu zen, beraren berri izan baitzuen Hegoaldeko itsasoetan zehar egindako bidaietan.

Australiako aborigenen artea

Australiako lehenbiziko herriek oraindik atxikitzen dute bizirik munduko kulturarik primitiboenetako bat. Lehengo aborigenak bizi ziren kobetako hormetan labar-pintura ugari aurkitu dira; linealak eta eskematikoak dira, eta errito magikoei lotutako irudiak ageri dira haietan.

Herri horietako arte-adierazpen sarrienetako bat enbor azaletan egindako marrazkiak dira: apaingarri moduko diseinu horietan maiz azaltzen dira espirituen irudi luzangak, gizakien eta abereen zaindari. Australiako aborigenek eta Zeelanda Berriko maoriek gorputza bera ere apaintzen dute marrazki eta pinturekin. Izan ere, erritoetarako pinturak eta tatuajeak adierazpen artistiko eta antropologiko berezkoenetako bat dira Ozeaniako herrien artean.

Polinesia

Ozeano Pazifikoan zehar sakabanatutako uharte ugarietan arte-adierazpen bat agertzen da maizenik: zurezko tailak, estilizatuak eta forma bertikalekoak gehienetan. Zenbait uhartetan -Samoan eta Tongan adibidez- zurezko tailez gain, enbor azaletan egindako pinturak ere ikusten dira, batzuetan lumekin apainduak. Halaber, aipatzeko modukoak dira aspaldian gerrarako erabilitako kanoen apaingarriak, eskultura eta pinturaren arrastoa biltzen dutenak.

Ozeano Pazifikoko ekialdean bereziak eta bitxiak dira sumendi harriz egindako irudi tantaiak, moai deritzenak. Txileko Pazko uharteko estatua misteriotsu horiek kostaldean daude tinkaturik, eta oraindik ere argitzeko dago zein diren haien jatorria eta betebeharrak. X-XIII. mende bitartean gorenera iritsitako kultura baten aztarna diren moai horietako batzuk hamar metro baino luzeago dira, eta lau tonako pisua dute.

Pazko uharteko moaiak, Txile.

Maskarak

Tribuetako maskarak exorzismorako tresnak dira, izurriteei, gaitzei, zoritxarrei eta mehatxuei aurre egiteko. Erabiltzen dituzten sinboloak asko aldatzen dira tribu batetik bestera.

 

Abangoardiak eta Afrikako artea

Abangoardietatik sutsuki aldarrikatu zen Afrikako artearen balio estetikoa. Kubismoaren maisu handiek (Georges Braque, Pablo Picasso, besteak beste) eta espresionisten taldeek (Der Blaue Reiter -Zaldun urdina-; Die Brücke -Zubia-) mendebaldeko artean aurkitzen ez zituzten garbitasuna eta konbentzionalismoa Afrikako fetix eta mozorroetan ezagutu zuten.

 

Maorien artea

Ozeaniako herrien artetik, Zeelanda Berriko maorien arteak lortu du garapen handiena: zurezko arkitekturaren ale landuak, tiki izeneko jadezko estatua txikiak eta tatuajeak, gerrarien gorputza irudi bereziez janzten zutenak.

 

Moai estatuen misterioa

Hildakoen gurtzarekiko lotura igarri bazaie ere, Pazko uharteko moai erraldoietan Polinesiako artearen misterio handienetako bat datza; izan ere, Roggeven nabigatzaile holandarrak aurkitu zuenean, 1722an, uharte honek (polinesieraz Rapa Nui deitzen dena) ia ez zuen biztanlerik, moaiak berak salbu.