«« Itzuli
Eskultura Euskal Herrian
Nestor Basterretxea Arzadun, 1924
Pintorea, eskultorea, diseinatzailea eta zinema zuzendaria. Bermeon jaio zen 1924ko maiatzaren 6an. Hamabi urte besterik ez zituela, 1936an, bere familia Iparraldera joan zen, Donibane Lohitzunera, eta handik Parisera. Bertan hasiko da margotzen eta lehenengo artelanak egiten. 1942an, Mundu Gerra zela eta, familia osoa Argentinara joan zen.

Bere lehenengo lanetan gerrateak leku nabarmena dauka, gaztaroko urte haiek gogorrak izan baitziren. José Clemente Orozco muralista handiaren dramatismoa ere nabaria da. Lehenbiziko erakusketak Argentinan eta Uruguayn egin zituen. Garai horretan Emilio Pettoruti pintore argentinarraren ikasle izan zen; Altamira beka ere irabazi zuen, margolari gazteei zuzendutako beka entzutetsua. Zenbait sariketa ere irabazi zituen.
1952. urtean ezkondu egingo da, eta berriro itzuliko da Euskal Herrira. Arantzazuko kriptako irudiak egiten hasi zen. Urtebete igaro zuen lan horretan. 11 mural egin zituen, hasieran pentsatutako erdiak, baina urtebetera proiektua bertan behera geratu zen.
Nazioarte mailan euskal eskulturak eman duen izenik handienetako da. Azken 50 urteotan bere izena Europako eta Ameriketako lekurik garrantzitsuenetan agertu da, artearen abangoardiko izen handia izanik. Beste artista experimental batzuekin «Equipo 57» taldea sortu zuen 1957. urtean (besteak beste Agustin Ibarrolarekin), eta «Gaur» taldeko kide ere bada. Sekulako lana utzi digu, hainbat arlotakoa: pintura, argazkilaritza, diseinu industriala, arkitektura, eta abar, betiere experimentazioak, ikerkuntzak eta garatzeko irrikak bultzatutako lana.

Iturria:
Euskomedia
