ARTEA

Pintura Euskal Herrian

Europan nagusituko diren korronte horietan parte hartuko du Euskal Herriko pinturak. Anselmo Guinea eta Segui bezalako autoreak prerrafaelismo britainiarraren eraginpean erori ziren. Euskal artistek berek antolatutako arte modernoaren erakusketa horien bidez, Euskal Herri barruko nahiz kanpoko abangoardietan parte hartzera bultzatzen zuten. Nabarmentzekoa da Manuel Losada Bilboko Arte Ederren Museoko lehen zuzendariak betetako eginkizun aktiboa. Topaketa horiei esker, hizkuntza artistiko berriak sortu ziren, eta horien eragina berehalakoa izan zen euskal artisten lanetan.

Francisco Iturrino eta Adolfo Guiard izango genuke horren adibideetako bat. Nahiz jaiotzez Santanderkoa izan, Iturrino oso gazterik joan zen Bilbora. Parisen osatu zuen bere heziketa, eta bertan Picassorekin batera aurkeztu zituen bere obrak. Bere lanean inpresionismoaren eta fauvismoaren kutsua nabarmendu daiteke. Adolfo Guiard, Gernikako Juntetxerako beirateen proiektua egin zuena, Degasekin harremanetan egon zen, eta eragin hori ere ikus daiteke bere lanean. Horien garaikide ditugu Zubiaurre anaiak edo Arrue anaiak, kostunbrismo tradizionalistaren ordezkari, eta horrela, baserritarrak eta itsas gizonak izango dira haien protagonista nagusiak.

Zuloaga (Eibar, 1870- Madril, 1936). Pintore hau esentzia tradizionaletan oinarritu zen, eta ez zuen garaiko korronte artistikorik jarraitu, nahiz eta inpresionismoko hainbat elementu erabili zituen.

Bere pintura-heziketak Madril (El Prado Museoa), Erroma, Paris eta Londresera eraman zuen, Gauguin eta Rusiol bezalako artistak ezagutuz. Parisen izan zen aldi batean, erakusketa batean parte hartu zuen Gauguin, Van Gogh,Toulouse-Lautrec eta mile Bernard pintoreekin batera. Bertan Eskalea eta Bulevar kanpoaldean lanak aurkeztu zituen.

1882an Andaluziara joan zen hiru urtetarako eta gai herritarragoak lantzen hasi zen (Mutil Ijitua, Ipotxa eta Amonaren erretratua). Momentu horretatik aurrera bere lanek etengabeko arrakasta izan zuten. 1897an Bartzelonan lortu zuen maila gorena urrezko domina lortu zuenean Zezenketa bezperan lanarekin.

Aurelio Arteta (Bilbo, 1879- Mexiko, 1940). Estilo landuarekin eta xehetasunez beteta margotu zuen, euskal gizartea bai nekazarien gizartea eta bai gizarte hiritarra. Tonu ilunak eta figura estilizatuak erabiltzen zituen. Gerra Zibila hasi zenean Mexikora erbesteratu zen, baina berehala itzuli zen. Bilboko Arte Eder Museoak bere obra garrantzitsu batzuk aurkezten ditu: Don Pedro Zubiaurreren erretratua eta Euskal Baserritarrak.

Rafael Ruiz Balerdi (Donostia, 1934- Altea, 1992). Pintore eta artista talde garrantzitsu bateko partaide izan zen, eta guztiek egoera politiko eta sozial konkretu bat bizi izan zuten. Balerdi, bere garaiko beste artista batzuk bezala, 50. hamarraldian Parisera joan zen eta han, beste margolari batzuekin erlazionatu zen, Jose Luis Zumetarekin (Usurbil, 1939) eta Agustin Ibarrolarekin (Bilbo, 1930) besteak beste. Guztiak Pariseko giro berezi eta garaiko mugimendu artistikoetatik eragin handia jaso zuten, arte abstraktutik batik bat. Balerdik hemen hasi zuen bere obra abstraktua eta aurrerago keinu-informalismo batekin hasiko da, Pollock-en eraginpean.

Ibarrolak bizitasun handiz parte hartuko du Euskadiko nahiz Espainiako panorama artistikoan, hain zuzen ere Equipo 57 eta Estampa japonesa izeneko talde eragin handikoen bidez. Hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarraldian, ingurunearen eta gizartearen arteko harremanei buruzko bere ikerketek bultzaturik, Omako Basoa bezalako obrak egingo ditu.

60ko hamarraldian Parisetik itzultzean, nortasun nazionala lortzeko asmotan artistek (horien artean Balerdi, Zumeta edo Ibarrola pintoreek) taldeak sortu zituzten: Gaur, Orain, Danok eta Hemen, momentuko euskal artea bultzatzeko. Adierazgarriena Gaur taldea izan zen, eta horren sortzailea Jorge Oteiza eskultorea izan zen. Talde hauek erakusketak antolatzen zituzten, eta helburutzat, artea ezagutaraztea zuten eta aurrerago Francoren erregimenaren aurkako aldarrikapen politiko eta kritikoen plataforma bilakatuko dira. Proiektu honek zailtasun eta kanpoko presio handia izan zuen. Tentsioa areagotu zen heinean, proiektua gelditu egin zen.

Arte abstraktua

Arte abstraktua XX. mendearen hasieran sortu zen. Bere ezaugarri nagusia gai edo subjektu errealik ez izatea du. Ez ditu izaki edo objektuak adierazten, irudi hutsak baizik, baliabide estetiko, forma, kolore eta espazio gutxirekin.

Arte intelektual honi adierazpen gabea ere deitu izan zaio. Bere oinarrizko aspektuak fisikoak, kontzeptualak, sentsitiboak eta metafisikoak dira.