«« Itzuli
Arte erromanikoa Euskal Herrian
Juan PlazaolaGartzia, Antso Nagusiaren seme-alaba legitimoetan zaharrena, izan zen Iruñako koroa oinordetzan hartu zuena, 1035. urtean, haren aita hil zenean. Beste seme-alaben artean banatu ziren gainerako ondarezko lurraldeak: Aragoiko Konderria Ramirorentzat, Gaztela-Leon Fernandorentzat eta Sobrarbe-Ribagorza Gonzalorentzat.
Iruñako erregeak Kalagorri konkistatu ondoren (1045), nafarren eta musulmanen arteko harreman onak betiko hautsi ziren; errekonkistaren etengabeko aurrerakada hasi zen, eta ez zen 1492. urtea arte amaitu. Politika aldaketa horrek izan zuen eraginik artean eta kulturan, mozarabismoak atzera egitean.
Iruñako erregeak Naiarako Santa María la Real monasterioa fundatu zuen; horregatik deitzen zioten Gartzia Naiarakoa . Gainera, San Millán de la Cogollako monasterioaren zaintzaile sutsua zen. Errege izan zen artean, santuaren erlikiak Yusoko monasteriora –1067an zabaldua– eraman zituzten.
Zoritxarrez, Gartzia eta haren anaia Fernandoren artean mugez jabetu nahiak sortutako lehiak amaiera tragikoa izan zuen Atapuercako batailan. Hain zuzen ere, Fernandok Gaztela eta Leongo Errege deitzen zion bere buruari, 1037. urteaz geroztik, Konde deitu beharrean. 1054ko irailaren 1a egun tristea izan zen, egun hartan Nafarroako erregea hil baitzen, eta Nafarroako eta Gaztelako erresumen arteko borroka luzea hasi.1
Euskal Herriko gainerako lurraldeak "senior" edo tenente izenekoek gobernatzen zituzten. Esate baterako, Iñigo Lopezek, Bizkaiko eta Durangoko lehen kondeak. Iñigo Lopez Todarekin zegoen ezkonduta, Gartzia Naiarakoa erregearen alabarekin, eta bere botereari eutsi zion Antso errege izan zen artean.2 Gartzia Errioxako monasterioen zaintzaile sutsu izan zen bezalaxe, haren seme Antso Peñalengoak (1054-1076) –horrela deitua leku hartan traizioz hil zutelako– Iratxeko monasterioaren alde egin zuen, batez ere. Monasterio hura Veremundo abadeak gobernatzen zuen. Dena den, San Millángoaren alde ere egin zuen, Gaztelako mugatik oso hurbil zegoenez, "bi erresumen arteko oreka politikoan zeregin garrantzitsua baitzuen".3
1076an, Antso Peñalengoa hil zenean, Gaztelakoei eta Aragoikoei Baskoniako lurraldeen jabe bihurtzeko nahia piztu zitzaien. Alfontso VI.a Gaztelakoaren anaia Antso II.a Zamoran hil ondoren, Alfontso VI.a Gaztelakoa Leonen birtronuratu zuten, eta pixka bat geroago Gaztelan onartu. Krisi politikoaz eta Nafarroako monarkiaren krisialdiaz baliatu zen, Errioxako gotorlekuak bereganatzeko (Naiara eta Kalagorri). Bizkaiko muina, Durango, Araba eta Gipuzkoa bereganatu zituen, bai eta Monjardin arteko Nafarroako lurraldeak ere, Ega ibaiaren mendebaldean.
Peñalengoaren hilketaren ondoren, Nafarroako nobleziak Antso Ramirez Aragoikoa erregearen esku utzi zuen Nafarroaren gobernua. Errege horrek Sobrarbe eta Ribagorza konderriak bere oinordetzan sartu zituen, eta bere erregetzak egonkortasun eta sendotasun itxura ematen zuen. Erromara (1068) joan zen erromes, Aita Santua bere alde jar zedin. Horretarako, Aragoik liturgia erromatarra bereganatu zuen, Nafarroak eta Gaztelak baino lehenago, eta Aita Santuaren babespean jarri zituen San Juan de la Peña eta San Victorián monasterioak. Ekonomia onbideratuta, etorkizuneko bere hiriburuaren zimenduak jartzeko aukera izan zuen: Jaca hirikoak, hain zuzen. Han, apezpiku hiria ezarri zuen eta katedrala eraikitzen hasi zen. Haren erregealdiaren (1076-1084) eta haren seme Pedro Santxezenaren ezaugarri bat Alfontso VI.a Gaztelakoaren anexio gogoen aurka egotea izan zen. Gainera, lurraldearen ekialdean frankiziak eta foruak eman zituzten Errekonkistarako; hain zuzen ere, mende haren amaieran, kristauen armadak, nafarrek eta aragoiarrek handik konkistatu zituzten Ayerbe (1083), Arquedas (1084), Huesca (1094), Monzón (1089), Milagro (1098) eta Barbastro (1100).
Garai hartan, momentuz, Gaztelak uko egin behar izan zien Nafarroako aurretiko lorpenei. Hala ere, aliatu garrantzitsu bat bereganatu zuen Bizkaian: Iñigo Lopez edo Eneco Lupis bizkondearen familia. Bizkondea hil zenean, 1076. urtean, haren seme Lope Iñiguezek (Lope Enneconis) Alfontso VI.a Gaztelako erregea omendu zuen, eta dokumentuetan Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Konde titulua zituela ageri zen, 1081 eta 1092 bitartean3. Zalacan kristauek izandako porrotaren ondorioz (1086ko urriaren 23an), Alfontso VI.aren anbizio inperialak pixka bat baretu ziren, eta Europako kristauteriari laguntza eskatu behar izan zion, Cid-ekin adiskidetu eta Antso Ramirezekin akordio bat adostu, Nafarroak aldi baterako utz ziezaion erresuma autonomo izateari.4
Euskal lurretan, Lope Iñiguezen ondorengoa haren seme Diego Lopez de Haro (1093-1124) izan zen; bere familia lehenago Errioxan jauntxo izan zelako deitzen zioten horrela. XI. mendearen amaieratik aurrera, familia horretan, "Bizkaiko jauna" titulua ezeztaezina bihurtu zen; une hartan, "tenentziak" edo konderriak oinordetzako kuasimonarkia bihurtzeko prozesua hasi zen. Hain zuzen ere, Bizkaia Gaztelak babestutako printzerri feudal bihurtu zen.5 Pirinioen iparraldean, Lapurdin, 1023. urtean, Gaskoniako Dukerrian sartuta zegoen bizkonderri bat ezarri zuen. Baina euskal lurralde hori ingeles bilakatu zen 1154. urtean, Leonor Akitaniakoa eta Enrike II.a Plantagenet ezkondu zirenean. Ez zen Frantziako koroaren eskuetara bueltatu 1451. urtera arte. Zuberoa ere, XI. mendean, Antso Gilermoren bizkonderri izan zen; 1307. urtean, Ingalaterraren feudatarioa izan zen, eta Biarnori anexionatu zitzaion, 1449an. Nafarroa Beherea bakarrik geratu zen Nafarroaren barnean, XII. mendetik 1512 arte, "bortuz bestaldeko merindade" gisa. Elizari dagokionez, euskal biztanleria hiru elizbarrutiren menpe zegoen: Baiona, Akize eta Oloroe-ren menpe. Ez zegoen monasterio handirik lurraldean.
Alfontso Borrokalaria errege izendatu zutenean (1104-1134), Nafarroako erresumaren krisi politikoa amaitu zela esan daiteke, Aragoiko eta Iruñako errege berriaren arrakasta militarrei erreparatuz gero. Lopez de Haro Naiaratik kanporatu, eta Valtierra (1110), Zaragoza (1118) eta Tudela (1119) eskuratu zituen Ebro bailaran. Garaipen horiek oso garrantzitsuak izan ziren kristau errekonkistan; gainera, gaur egungo Nafarroaren lurrak berreskuratzeko balio izan zuten. Zenbait hilabetez setiatu ondoren, Zaragoza hartzea bereziki esanguratsua eta garrantzi handikoa izan zen. Hilabete horietan izandako borroketan, Aragoiko eta Nafarroako noble askoz gainera, Frantziaren hegoaldetik iritsitako oste ugariak aritu ziren Borrokalariari laguntzen.6 Gertaera hori azpimarratu beharrekoa da Artearen eta Kulturaren Historian. Izan ere, Gurutzadaren idealen bizitasuna erakustearekin batera, Santiagoko erromesaldiaren bideak samurtu, eta Europako herrialdeen kultur bateratzea bultzatu zuen. Latinetik sortutako hizkuntza erromanikoak garatzen ari ziren heinean, kultura bateratzea berrezartzen ari zen, hizkuntza artistiko komun baten bidez: erromanikoaren bidez.
Baina Alfontso Borrokalariaren eta Urraka Gaztelakoaren arteko ezkontzak –kristau erresumak bateratzeko hitzartua– porrot egin zuen; 1134an, erregea ondorengorik gabe hil zenean (Fragako bataila), Nafarroako krisia berriro ere piztu zen. Iruñako tronua jabe gabe geratu zen, eta anbizio handiko botereak –Aragoi eta Gaztela– Nafarroa setiatzen hasi ziren, atzera.
Arte erromanikoa, europako hizkuntza bat
Erromanikoa estilo artistiko bat baino gehiago da. Kultur fenomeno bat da. Pentsatzeko, sentitzeko, adierazteko eta bizitzeko modu jakin bat, mendebaldeko kristauterian osatua X. eta XI. mendeetan zehar. Eragile askori esker osatu zen; hona hemen: politikan, kristau estatuak nagusitzen ari zitzaizkien lehenago haiek setiatutako aurkako indarrei (Hungariakoak, bikingoak, musulmanak). Euskal Herriari dagokionez, Aristatarren monarkia Ebro bailarako Banu-Qasi gortearen interesetatik aldendu zenean hasi zen garai hori. Horrela, fronte anti-musulmanaren lerroak behin betiko atzera egitea lortu zen, eta ehunka monasterio familiar txiki hedatu ziren sarrazenoek utzitako lurretan.
Iturri ekonomiko eta sozial berriei esker, bizimodua aldatu egin zen. Horrek eta izugarrizko hazkunde demografikoak gizarte hiritar eta merkatariaren sorrera bultzatu zuten. Iruñako erresumari dagokionez, XI. mendeko garapen monetarioaren garrantzia aipatzen du Lacarrak, musulmanei exijitutako zergen urrearen bidez eta gaur egun "dibisen mugimendua" deituko genukeenaren bidez lortua. Dibisen mugimendu hori bi bidetatik zetorren. Alde batetik, Iruñako erregeek sortutako ostatuak zeuden, Santiago bideetatik igarotzen ziren atzerritarrentzat. Bestetik, Iruñan, Lizarran eta Garesen burgu berriak ("frankoenak") ezarri zituzten.9
Azkenik, gizakiaren eragina ere nabaria izan zen: gero eta ugariagoak ziren Europako monarkietan zeregin garrantzitsua izandako erlijio gizon garrantzitsuak agertu ziren. Aski da kultur arloan izugarrizko eragina izan zuten zenbait prelaturen izenak aipatzea, Clunyko abade famatuetatik hasita: Mayolo (906-984), Odilon (962-1049), eta, gero, Hugo Handia (1034-1109) –horiek abadia erraldoia eraiki zuten–; Jerberto balioanitza (938-1003), garai hartarako jakinduria entziklopedikoa zuena, eta gero, Aita Santu egin eta Silbestre II.a izendatu zutena; haren lagun Adson, Montier-en-Der hiriko Saint-Benigne abadian erreformak egin zituen lehenetakoa; Bernward de Hildesheim (960-1022), Oton III.aren hezitzailea; Gauzlin (980-1030), Hugo Capeto Frantziako erregearen sasikumea eta Fleury-sur-Loireko abadea; Lanfranco, Caengo Saint-Etienneko abadea eta Ingalaterrako primatua (990-1030); Guillermo de Volpiano (962-1033), Dijongo St. Benigneko abadea; Fulberto, Chartresko apezpikua (960-1028), zientzialaria, poeta eta musikaria, eskola humanistiko ospetsuaren sortzailea –Europa osoko ikasleak joaten ziren–; Conquesko Sainte-Foyko Odalrico abadea –monasterio horri eman zion Gartziak (Naiarakoak) Garinoaingo (Monrealdik hurbil) eliza, eta Sancho de Erro kondeak, berriz, Orreagako Burguko eliza eta ospitalea–; Oliva, Ripolleko abadea, kondeen eta erregeen aholkularia, "avant la lettre" deitutako europar bat, Fleuryko Gauzlin eta Clunyko Odilon abadeekin harreman epistolarra izan zuena; Bernardo de Cluny, Toledoko artzapezpikua (1086-1124); eta Baskoniako lurretan, Gregorio de Montaner, Saint-Sever-sur-l'Adour-eko abadea; Pedro de Roda (Rodez) edo de Andouque (1083-1115), Iruñako apezpiku dinamikoa, etab.
Non eta nola sortu zen arte erromanikoa ? Adieraz dezagun, ezer baino lehen, XVIII. mendean erabiltzen hasi zen erromaniko izenak Romaniako hizkuntzak –latinetik eratorriak– ekartzen dituela gogora. Dena den, nabaria da izen hori ez dela egokia. Izan ere, XI. mendearen hasieran, "iparraldeko erromaniko" bat agertu zen, Mediterraneoko eraginekin zerikusirik ez zuena. Gainera, arte erromanikoan mota askotako elementu kulturalak nahastu ziren, bai latindar mundukoak, bai germaniarrak, zeltak, bizantziarrak, bai eta arabiarrak eta ekialdekoak ere.
Aldi batean, arte erromanikoaren sorreran erromesaldiek berebiziko garrantzia zutela uste izan da. Duela gutxi uste hori kritikatu egin dute. "Ez dago Bideko arterik", idatzi zuen Bango Torvisok, nolabaiteko anbiguotasunez. Seguru asko, froga daiteke Bidea ez zela eragile erabakigarria izan erromanikoaren foku nagusien jatorrian , Santiagoko katedrala alde batera utzita; hau da, monumentu erromaniko nagusiak ez ziren eraiki erromesaldia bultzatzeko, oso bestelako arrazoiengatik baizik. Baina ukaezina da erromesen joan-etorriek hats estilistiko bateratu samarra eman ziotela arte erromanikoari eta Europako zenbait herrialdetan zehar zabaltzen lagundu zutela. Egite erromaniko handietako asko hain ospetsuak diren lau bide nagusi horietan daude. Bide horiek Europaren iparraldetik jaitsi eta Frantziako eta Espainiako monasterioetatik eta elizetatik igarotzen dira, Santiago bidean. Santiago bideek Ostabaten eta Garesen bat egiteak Baskonian arte erromanikoa garatzeko Bidea erabakigarria izan zela dioen tesia zuzena dela frogatzen du.
Baina, Santiagon sortu al zen estilo hori? Ala Borgoina edo Languedoc izan ziren estilo horren sorlekuak, eta, ondoren, Pirinioen hegoaldera inportatu zuten? Arthur Kingsley Porter ikertzaile estatubatuar ospetsuak estilo hori Santiagon sortu zela adierazi zuen. Frantziako zenbait aditu teoria horren aurka agertu ziren –Emile Mâle eta Paul Deschamps, esate baterako–, eta estilo horren bultzatzailea Clunyko Ordena zela zioten. Eztabaidak historialariak sutan jarri zituen, 1920-1930 urteetan. George Gaillard tesi frantsesaren aldekoa zen hasieran; dena den, bere jarrera moderatuz joan zen, eta, "korronte paraleloez" hitz egitera iritsi zen.10 Gaur egun, jada ez da eztabaidatzen horri buruz; artisauen, eraikuntza maisuen eta monjeen joan-etorriek bi noranzkoetan eragin behar izan zutela onartzen da.
Agian, Santiago bideen bidez, formula konstruktiboak eta modu estilistikoak zabaltzeari garrantzia eman beharrean, bide eta bidegurutze horiei esker –Europako herrialdeetako jendeak haietan bat egiten zuen– sortutako espirituen komunitatea azpimarratu beharko genuke. "Jainkoaren ibiltari" haiek herrialde eta gizarte klase askotakoak ziren; eta aldi bereko pertsona heterogeneoen mugimenduari esker, "Europa erromanikoa" izeneko bateratze kultural handia gauzatu zen.
Baina Europari nolabaiteko batasuna eman zion espiritu erromaniko komun hori ez da hartu behar ezaugarri formalen berdintzailetzat. Izan ere, garai hartako monumentuei hurbiletik erreparatuz gero, harrigarria da zenbat egitura eta eraikuntza mota erabili zituzten. XI. eta XII. mendeetako gizakiaren ezaugarri izandako mugikortasun haren –ia nomadismo haren– zentzu sakona ulertzea da historialariaren nahia, eta horren zentzu materialari baino gehiago, balio sinbolikoari erreparatu behar zaio: Bidea lurraldetik erauzteko zeinu den aldetik eta betikotasuna ukan eta bilatzeko zeinu den aldetik. Beraz, Bidearen mistika (Gurutzaden mistika bezala) mistika eskatologikoari lotzen zaio.
Lehenik eta behin, mende haietako fededunen fedearen ageriko ezaugarrietako bat erromes izatea zenbateraino zen ulertu behar da. Hain zuzen, fededun haiek erlikia sakratuak ikusteko, ukitzeko eta haiei musu emateko egarri ziren, eta egarri hori –Raymond Ourselek idatzi zuen moduan– "erruki erromanikoaren oinarri eta hartzigarrietako bat izan zen".11 Egarri hori izateko arrazoirik ez zen falta mende haietan. Izan ere, bekatuaren kontzientzia, zigorraren beldurra, auzitegi baten epaia betetzea, bizitzaren une txar batean agindutakoari eustea, bideko izugarrizko aszesiaren bidez martirien eta santuen mailara iritsi nahi izana… bizi bizirik zeuden.
Monasterioetan, monjeek, egonkortasun botoaz gainera, unibertso transzendenterako erromesaldi espirituala egiten zuten; monasterioetako peregrinatio in stabilitate delakoaren aurrean, etengabe santuak, erlikiak eta mirarien bila zebilen herria mugitzen eta astintzen zen, bere fedeari – stabilitas in peregrinatione – tinko eusten zion herria, hain zuzen. 1200. urteko abagunean, XIII. mendearen hasieran, ageriko guztiaren pertzepzio sinbolizatzaile horren ordez unibertsoaren ikuskera arrazionalizatzailea hasi zenean, erromes ibiltzeko zaletasunaren gainbehera ere hasi zen. Elizetako eta katedraletako benetako kristau liturgian oinarritutako kultu arrazionalizatuagoari esker, gogo bizi hori egonkortu egin zen. Ordurako aro erromanikoa amaituta zegoen. Orduan ere, monjeak izan ziren abian jarri zirenak, baina ez antzinako kontenplaziozko monjeak, "Eskeko" monje berriak baizik.
Euskal artea erromes bihurtu zen
Antso Nagusiak egindako lan ikaragarria laburtu nahi izan denean,12 artearen historiarekin zuzenki lotuta dauden hiru ekintza aipatu izan dira: Santiagorako erromesbideak, Almanzor eta Abd-al-Malik izenekoek suntsitutako elizak berreraikitzea, eta mugetako gotorlekuak.
Errege nafar handia izan zen Santiago bidean aldaketak bultzatu zituena: "Bide frantsesa" sortu eta bultzatu zuen. Baskongadetako bide deserosoak alde batera utzi, eta Orreaga eta Somporteko igarobideetan zehar zihoan, Nafarroan sartu eta Errioxan barrena Gaztelara iristeko. Santiago bide berriek izugarrizko garrantzia hartu zuten XI.-XII. mendeetan, Erdialdeko Europako herriekiko lotura sozio-ekonomiko eta kulturaletarako. Izan ere, denetarik sortu behar izan zuten: zubiak, ospitaleak, auzoak edo "burgoak", eta Galtzadari zerbitzu hobea emateko sortutako hiri osoak.
IX. mendeko agiri ofizialetan Santiagoren hilobiari buruz eta haren gainean eliza bat egin izanari buruz hitz egiten hasi zirenetik, kristauteria abian jarri zen, erromes bihurtu zen; eta, gaur egun, kristautasunaren Hirugarren Milurtekoaren hasieran, apostoluaren hilobirako debozio ibiltariak hamaika mende bete dituela esan daiteke.
Lehen mendeetatik, askok bete zuten Jerusalemen Salbatzailearen Hilobi Santua bisitatzeko ametsa –Eteria moja galiziarrak, esate baterako–. Eta X. eta XI. mendeetan, Jesusen lurreko sorlekuan musulmanek egindako presioa zela-eta, Palestinara joatea oso arriskutsu bihurtu zen. Horren ondorioz, kristauengan gerra santurako berotasuna piztu zen, Erromako aita santuek deituta. Gurutzadak gerrako ekintzak izan ziren, kristau guztiek bere egin zituztenak eta beharrezkotzat jo zituztenak Palestinako santutegiak babesteko, profana eta suntsi ez zitzaten eta kristauek leku horietara iristeko aukera izan zezaten. Erromes edo gurutzatu bihurtzea bekatuak berrerosi eta salbazioa ziurtatzeko bi modu ziren. Jerusalem, Erroma eta Santiago izen mitikoak izan ziren garai hartan; eta XII. mendeko zenbait Gesta abesti dira horren lekuko. Baina erromesaldien eta gurutzaden erlijio ikuspegi horrez gain, beste alderdi batzuk ere aintzat hartu behar dira: nazioarteko merkataritza bultzatzeko eta artearen eta kulturaren forma berriak zabaltzeko bitartekoak izan ziren.
Egia da erromesaldi handiak XIII. mendean izan zirela, eta egia da, halaber, arte erromanikoko mirari nagusiak Santiagorako lau bide europar ospetsuetan aurki daitezkeela gaur egun. Horregatik, bide horiek ekarriko ditugu gogora kapitulu honetan: Frantziaren iparraldetik (Paris eta Orleans) etorri, eta Tours, Poitiers eta Angulematik igarotzen zena ("Toursko bidea" deitzen zaio); Alemaniaren iparraldetik Borgoinara sartu, Vezelayko abadiatik eta santutegitik igaro, eta, ondoren, Limoges eta Perigueux hirietan zehar zihoana (Limogesko bidea); Alemaniaren hegoaldetik Lyon hirira iritsi, Le Puy-en-Velay santutegitik eta Conques eta Moissac-eko abadietatik igarotzen zena. Hiru bide horiek "ad Hostavallem" elkartzen ziren ( Erromesaren Gida ); hau da, Ostabat herri euskaldunetik hurbil. Hain zuzen ere, herri hori Ibañetako mendatetik Nafarroara sartzeko hiri aglomerazio bat zela adierazten zuten 1140. urtean. Laugarren bidean Italiako eta Frantziaren hegoaldeko erromesak elkartzen ziren, Arles, Toulouse eta Oloroe hirietatik igarotzen zen, eta Pirinioak Somporteko mendatetik igarotzen zituen. Handik, Jaca eta Monreal igaro eta Garesa iristen zen, eta beste hiru bideekin bat egiten. Euskal Herriari dagokionez, ez da ahaztu behar bazirela bi bide Bordeaux eta Baionatik barrena euskal kostaldean sartzen zirenak. Bide horiek ez zituzten hainbeste erabiltzen.13 Bide bat Baionatik Gasteiza zihoan, eta gero Burgosko Mirandako gunera sartzen zen; beste bideak euskal kostaldeari jarraitzen zion, eta Zumaia eta Astigarribiatik igaro ondoren, Kantabrian sartzen zen. Bi bide horiek XI. mendearen hasierara arte erabili zituztela uste da, Errioxako igarobidea musulmanen mehatxupean baitzegoen artean.
Dena den, Nafarroaren eta Frantziaren arteko ohiko pasaguneak Ibañeta eta Orreaga ziren. "Summus Pyreneus" horretan barrena egin zuten, antzina, Burdigala eta Asturica lotzen zituen erromatar galtzada. Lacarraren ustez, Orreagaren inguruetan egon behar zuen Eulogiok 848. urtean bisitatutako San Zacarias monasterioa ("situm ad radices montium Pyrenaeorum", dio Kordobako santu martiriak), monasterioko liburuek osatutako altxor ederra eraman baitzuen handik. Orreagatik hurbil Leyre eta Conquesko Sante-Foyren menpeko monasterioak eta ospitaleak egin zituzten. Kodize Kalistotarra liburuko Erromesaren Gidan Crux Caroli delakoaz hitz egiten da; kondairak dioenez, Karlomagnok ezarri zuen mendiaren tontorrean, eta erromesek, leku hartatik, lehen otoitza Santiago apostoluari zuzentzeko ohitura zuten. 1071. urtean, Antso Peñalengoa erregeak monasterio – Sanctus Salvator de Ibañeta – edo Capella Rolandi bat eman zuen. Ziur asko monjeek edo kalonjeek –seguru asko, agustindarrak– hartu zuten kaperaren ardura. Jatorrizko eraikin hura behin eta berriz suntsitu eta berreraiki zuten. XVII. mendean erromesek Ibañetan ematen zuten gaua artean, eta biharamunean Orreagara jaisten ziren. Gaur egun, monumentu soil bat dago –elementuek zenbait aldiz suntsitua– Pirinioetako ospitalerik zaharrenaren eta leku horretatik hurbil hildako Chanson de Roland abestiko heroiaren oroigarri.
Ibañetaren oinean, mendiaren hegalean, Orreagako Ama Birjinaren Kolegiata dago. 1127. urtean fundatu zuten mendiko lehen ostatua.14 Gero, mendiaren oinera eraman zuten, gaur egun Kolegiata dagoen lekura; urteak igaro ahala, Iruñako Kabildoaren ondasunei eta beste emaitza batzuei esker, ospitale eta ostatu bihurtu zen, aldi berean. Erromesen alde egindako osasuneko, ospitaleko eta ongintzako lanak –Aita Santuaren babes eta eskumen zuzenaren pean– izugarrizko ospea eman zion, ondorengo mendeetan. Pixkanaka, Roldan heroiaren kondaira lan horrekin lotu zen, eta "Erromesaren Gidan" Hospitale Rotolandi deitzen zaio.
Ostatuaren ondoan Sancti Spiritus kapera eraiki zuten, Orreagako eraikinik zaharrena. XII. mendekoa da; diseinu karratukoa da eta forma bereko haitzulo baten gainean dago finkatuta. Haitzuloa ospitalean hiltzen ziren erromesen hezurtegitzat erabiltzen zuten. Kolegiataren hegoaldean, Santiagoren Kapera eraiki zuten, ziur asko 1215 inguruan. Kapera, abandonatuta egon arren, Orreagan ondoen gordetako eraikina da. Txikia eta xumea da, bi ogiba zati ditu, atearen alde bakoitzean hiru pare zutabe daude, loredun kapitelak dituztenak eta krismoi bana tinpanoan. Orreagako eraikinik monumentalena Santa Maria Eliza da, Nafarroako gotikoari buruz hitz egitean kontuan izan beharrekoa.
Orreagatik, Auritz, Aurizberri eta Bizkarreta-Gerendiain igaro, Zubiriko zubitik pasatu eta Larrasoañara iristen ziren erromesak. Han, XI. mendean, Santa Mariari eta San Agustini eskainitako monasterio bat fundatu zuten, bai eta ospitale bat ere. Eraikin luzanga bati eusten zioten kontrahormen hondakinak baino ez dira geratzen. Eraikin horretan, oraindik ere Orreagako gurutzea ikus daiteke, fatxadako harri baten gainean. Hurrengo etapa Iruñan amaitzen zen. Han erromesek, harrera atseginaz eta ostatu erosoaz gainera, guk ikusi ezin dugun mirari bat mirets zezaketen: Katedral erromanikoa.
Nafarroako hiriburuan, ohiko ibilbideak mendebalderantz jarraitzen zuen, Curia eta Mercaderes kaleetatik, San Zernin auzoraino. Han, burguko frankoek zuzendutako ospitale bat zegoen, XIV. mendean bederen. Erromesak, bereziki, hango elizaren –San Saturninoren– zale ziren, leku hartan San Saturninok lehen kristauak bataiatu zituela uste baitzuten. Hor ere eliza erromaniko bat egon zen lehenik, eta XIII. mendean, gaur egun dagoen eraikina jarri zuten haren ordez.
Nafarroako hiriburutik irtetean, agian, erromes batzuk bidetik pare bat kilometro irtengo ziren, Gazolazko eliza bisitatu eta haren atariko kapitel ederrak ikusteko. Gehienek Erreniegako mendikaterako bidea hartzen zuten. Gaur egungo errepidetik ezkerretara joanda, ospitale bat zegoen Cizur Menorren . Gaur egun eliza bat baino ez da geratzen, 1135. urtean Jerusalemeko San Joanen Ordena zelakoari emana. Eliza horrek emari asko jasotzen jarraitu zuen, eta XII. mendean Ordenaren gunerik garrantzitsuenetako bat bihurtu zen. Eliza protogotiko estilokoa zen, lau zatikoa eta abside erdizirkularrekoa. 1835. urteko desamortizazioaren ondoren, abandonatuta geratu zen. Duela gutxi (1989) berritu dute.
Cizur Menorretik, bideak Astrainerantz jarraitzen zuen. Han, ospitale txiki bat zegoen, eta mendiaren tontorrean del Perdón izeneko ermita bat, mendiari izena eman ziona. Beherakoan, erromesek San Joanen Ordenako etxe bat aurkitzen zuten, Garesko Crucifijoren enkomiendaren menpekoa; Legardatik jarraitu eta, agian, Obanosa hurbiltzen ziren, Garesa iritsi aurretik. Garesen, errukirako bizigarri gehiago aurkitzen zituzten, bai eta aberastasun artistiko gehiago ere, berehala ikusiko dugun moduan.
Kale Nagusitik, herriari izena ematen dion zubi ospetsura iristen zen. Gaur egun oinezkoek eta animaliek bakarrik erabiltzen duten zubi hori sei arkuko eraikina da, XI. mendearen hasierakoa. Alde horretatik, Santiago bidean irauten duen zubi erromanikorik garrantzitsuenetariko bat da, eta Garesen, Santiago bide guztien elkargunea zen.
Frantziaren hegoaldetik edo Erromatik zetozen erromesak Somportetik sartzen ziren. Han, Santa Cristina ospitalean egiten zieten harrera. Canfranc herritik barrena Jacara iritsi, eta han, Antso Ramirezek XI. mendean eraikitako katedral erromanikoa bisitatzeko aukera izaten zuten. Santutegi eder horren oroipenak luzaroan irauten zuen erromesen gogoan, Santiagora iritsi arte ez baitzuten horrelako eraikinik aurkitzen. Batzuk San Juan de la Peñako monasterioa ikusteko desbideratzen ziren. Ondoren, Tiermas herria gurutzatuz, Nafarroan sartu eta ordurako ospetsua zen Leyreko monasteriora igotzen ziren. Monasterio horren izen ona Europan zehar zabaltzen ari zen; izan ere, IX. mendean hasi zen ospea hartzen, San Eulogio martiriak bisitatu zuenean.
Leyretik Zangozara igarotzen ziren. Zangoza Rocaforte muinoan fundatu zuten, hasieran. Ondoren, Antso Ramirezek (1076-1094) gaur egun dagoen tokira lekualdatu zuen, Aragoi ibaiaren ertzera, erromesaldiak bultzatzeko eta bere jabetzako lurretan frankoak ezar zitezen errazteko. Santiago eta Santa Maria la Real elizak –azken horretan, eraikuntza eta apainketa figuratiboa XII. mendean zehar osatu ziren– bisitatu ondoren, erromesek San Adriango ermita eta ospitalea bisitatzen zituzten. Ermita horri Vadoluengokoa ere deitzen zaio, hantxe gurutzatu behar baitzuten Aragoi ibaia. Bideak Monreal herrirantz jarraitzen zuen, Erromesaren Gidan Aragoiko Bideko etapa amaieratzat hartutako herrirantz. Galtzada horretako erromesek, Garesa iritsi baino lehen, Eunateko eliza liluragarriaren aurretik igarotzeko zortea izaten zuten.
Garestik aurrera, erromesak Mañeru eta Cirauqui herrietatik igarotzen ziren. Azken horretan, San Roman eliza bisitatu eta haren atariko eskulturei begira geratzen ziren. Jarraian, oraindik ere irauten duen ubide bat pasatuz, San Miguel de Villatuertara iristen ziren. Hango komentu eta ospitaletik arte zakarrez landutako harlandu batzuk baino ez dira salbatu; horiei buruz hitz egin dugu aurreko kapituluan. Urrutira joan gabe ikusten zen etaparen amaiera: Lizarra . Kodize Kalixtotarraren Gidak hiribildu hori Bideko etapa nagusitzat hartzen du: "Erromesak ogi ona, ardo bikaina, okela eta arrain ugari eta mota guztietako zoriona aurki ditzake, bertan". Hiriaren gaineko muinoan, Antso Ramirez "aragoiarrak" (1063-1094), Borrokalariaren aitak, gaztelu bat eraiki zuen (1572. urtean eraitsia), eta XII. mendearen amaieran, berriz, Nafarroako Erregeen Jauregia eraiki zuten. Pixkanaka, hiria kofradiek zaindutako ospitalez bete zen. Santutegiak eta urte haietan eraikitzen hasitako erlijio monumentuak ere ugariak ziren: San Pedro Lizarrakoa, San Migel, San Pedro Ruakoa, San Joan parrokia eta Hilobi Santuaren parrokia.
Logroñorako Bideak XIX. mendeko ibilbideari jarraitzen zion –gaur egungo errepidea–, aldaketak aldaketa. Rocamadorretik –Quercytik etorritako erromes frantsesek beren zaindari zerutarra han ere gurtzea lortu zuten– berehala iristen zen Iratxera , X. mendeko beneditarren monasteriora. Monasterio horretan, sekulako eliza erromanikoa zegoen: zistertar ordenako monjeek zenobioa hartu zutenean eraiki zuten, eta hiru nabekoa zen. Iratxetik aurrera, Bidea Montejurra eta Monjardin artean igarotzen zen. Azken horren gaztelua "Crónica de Turpín" delakoan aipatzen da. Gaur egun, hondakinak baino ez dira geratzen. Mendiaren oinean, berriz, Villamayor de Monjardín dago. Parrokia erromanikoa du, atari ederra bistan duela, eta kapiteletan, gurutzadako heroien gerrako eszenak ditu ikusgai.
Los Arcos –XIII. mendetik aurrera garatutako hirigunea– eta Sansol –ostatu bat zegoen– igaro ondoren, Torres del Río herrira iristen ziren erromesak. Herri hori Santiago bideko "eliza-faro" deiturikoetako bat zen, hilobi tenplu izandakoa, Eunatekoa bezala. Gurutzatutako nerbiodun kalifa ganga bitxiak erromesari Pirinioak gurutzatu aurretik Oloroen eta Ospitalepean ikusitakoak ekarriko zizkion gogora. Torres del Ríotik, Nuestra Señora del Poyo ermitaren ondotik igaroz, erromesak Vianara iristen ziren. Antso Azkarrak fundatu zuen Nafarroaren defentsarako, Gaztelaren balizko erasoei aurre egiteko. Berehala egin zuten, eta gaur egun jada ez dauden zenbait eliza eraiki zituzten. Erromesek zenbait aterpe zituzten bertan; indarberritu ondoren, baratze eta zelai berdeen artean Logroñorako bideari jarraitzen zioten.
Ebroren gaineko zubia igaro eta Errioxan sartzea beste erresuma batean sartu izanaren ezaugarria zen erromesentzat. Izan ere, Nafarroako kornaduak Gaztelako marabediez trukatu behar zituzten. Une hartan korritzen hasten ziren lur eta bide haiek Gaztelarenak ziren 1076. urteaz geroztik. Baionan Gipuzkoako bidea aukeratzen zutenek igarotako lurrak eta bideak ere Gaztelarenak ziren. Erlijioaren eta estetikaren ikuspegitik, bide horrek ez zuen interes handirik. Gainera, Beasaindik aurrera bidea oso bihurria eta zaila bihurtzen zen. Izan ere, Aizkorri mendilerroa zeharkatu behar zuten erromesek, San Adrian tunel ospetsutik. San Adriandik Araiara jaitsi eta Zalduondon (Erdi Aroko "Saldodón") Aistra (San Joan eta Santa Basilisa) eta San Juan de Amiamo ermitak bisitatu ondoren, Arabako lautadara iristen ziren: Aguraina eta Gasteiza . Han, paisaia aldaketa nabarmena zen. Gasteiztik aurrera bidea laua zen (Gasteiz, 1200. urteaz geroztik, Gaztelan sartuta zegoen), eta ez zen lan neketsua Armentia –eliza ederreko gotzain hiria– igaro, antzinako Iruña (Veleia) saihestu eta La Puebla de Arganzón eta Lacorzana gurutzatuz Mirandara iristea.
Arabako ia herri horiek guztiek –erromesen kroniketan askotan ageri dira, izena desitxuratuta badute ere– duela oso gutxi arte gorde dute "Jainkoaren ibiltari" haiek ikusten zutena. Gainera, zenbait lekutan gordetakoa ez da, hain zuzen ere, balio artistikorik handienekoa. Oso zaila da garai haietan leku horiek erromesentzat zein garrantzitsuak ziren ulertzea. Izan ere, atsedenaldirako aukera emateaz gainera, aterpe atsegina zen Santiago apostoluaren hilobiari musu emateko irrikaz zeuden milaka erromesentzat. Santiago bidearen eskema labur honetan adierazitako izenak berriro ere agertuko zaizkigu arte erromanikoari eta gotikoari buruz hitz egitean. Baina ez da ahaztu behar bigarren mailako beste bide batzuk ere bazeudela; esate baterako, Baionatik Iruñara Baztanen barrena zihoana, Iruñatik Gasteiza Huarte-Arakildik eta Aralartik barrena zihoana eta Ebroren erriberara jaisten zena, Tafalla, Olite, Valtierra eta Tudela lotuz.
Zalantzarik gabe, erromes bideak oso garrantzitsuak izan ziren Baskonia zaharreko artearen garapenerako; horrez gainera, Antso Nagusiak Europara irekitzeko egindako ahaleginak ere kontuan hartu behar dira arte garapen horretan. Iñiguez Almechek dioenez, agerian dago Antso Nagusiak Frantzian zehar egindako ibilerek eta klunitarren aldeko haren proiektuek eragina izan zutela hark bultzatutako artelanen berritasunean.15 Dena den, zabaltze hori gertatu arren, Nafarroak bere eraikuntza tradizioaren eta tradizio artistikoaren zati handi bati eutsi zion.
Erromesen galtzada zabaletatik eta bide estuetatik ibili behar da, Nafarroako eta Arabako izugarrizko ondare artistikoaz jabetzeko. Ez da ahaztu behar, "bide guztiek Erromara daramate" esaera egia den modu berean, egia dela gure Euskal Herrian, "bide guztiek Santiagora daramatela" ere.
Lehen euskal erromanikoa
Puig i Cadafalch-i zor zaio "lehen arte erromaniko" kontzeptu hori. Hark emandako zentzu murriztuan, penintsulan, arkitektura erromanikoa zer izango zen erakusten hasitako Kataluniako zenbait elizari bakarrik aplika dakioke. Bestalde, kontuan izan behar da " iparraldeko lehen arte erromaniko" bat dagoela esan daitekeela, "otonida" dei genezakeena, lonbardiarraren oso desberdina.16 Puig i Cadafalchek katalanez argitaratu zituen bere ideiak, lau liburukitan, L'Arquitectura romànica a Catalunya izeneko lanean, 1911 eta 1918 urteen artean. Geroago, gai berari buruz gaztelaniaz idatzitako beste bi lan agertu ziren, El Primer Arte Románico eta Geografía del Primer Arte Románico (1929-1932) izenburupean. Kataluniako eraikitzaileek zenbait herrialde eta eskualdetatik –Ekialdea, Italia, Languedoc eta Provenza, Cluny, Hispania musulmana eta abar– jasotako eraginak banan-banan aipatu eta aztertzen zituen egileak. Ondoren, Kataluniako kristau elizen agerpena diakronikoki ordenatu zuen, eta zer motatakoak ziren xehetasunez deskribatu.
Puig i Cadafalchen ustez, hauek dira "lehen arte erromanikoko" eraikuntza elementuak: harri landugabeak erabiltzen ziren, kolpeka moztuak, sarritan opus spicatum teknika erabiliz; baoak oso estuak dira, barruko espazioa kanoi erdiko ganga batek estaltzen du; eta ez du eskulturarik. Erromaniko zakar eta oinarrizko hori modu autonomoan sortu eta garatu zen hasieran. Baina, handik gutxira, X. mendearen erdialdean,17 Italiaren iparraldeko eragina izan zuen eta "lonbardiar estiloarekin" bat egin zuen. Estilo horren ezaugarriak kanpoko egiturako zerrendak eta arkuteria dira. XI. mendean, kanoi gangen gainean zinborioa edo tronpen gainean finkatutako kupula agertu zen, Italiako elizetan bezala. Gainera, eliza haietan bezalaxe, alboetan dorre garaiak zituen, leiho askokoak, eta arkuterien bidez apainduak (Ripoll, Cardona, Cuixá eta abar).
Lonbardiako eraginaren ondorioz, XI. mendearen bukaera aldean, Euskal Herriko monumentuetan elementu mozarabiarrak alde batera utzi ziren. Elementu horiek agertu izanaren ondorioz, monumentu horietako batzuk (Aragoiko Serrabloko elizak) "prerromanikotzat" jo izan ditugu, bai eta, irizpide kronologikoak aintzat hartu gabe, aurreko kapituluan sartu ere. Hala eta guztiz ere, kultur ikuspegitik, kontuan hartu behar da kristauen errekonkistaren bultzadak ez zuela islamiar kultura ezeztatzea eragin, beti eta leku guztietan; eta, XI. mendeaz geroztik, Ebro bailarako juduen kokalekuetan, kultura arabiarraren eta kristauaren arteko transmisio bideak ezarri zituzten.
"Lehen arte erromanikoari" buruz hitz egiten duten egileetatik, ez dute guztiek bat egiten historialari katalanaren kontzeptu hertsi horrekin. Egia esan, hitz horien bidez estilo erromanikoaren lehen zatia izendatu nahi izan da normalean; egile bakoitza bere gisara saiatzen da zati hori definitzen.
"Lehen arte erromanikoa" terminoari esanahi kronologikoa ematen saiatuko gara, batez ere. Hala ere, ohartu beharrean gara ez dela egon herrialdeen arteko aldiberekotasunik, Europako estilo artistikoen bilakaera osoan gertatu den moduan. Guretzat, "lehen arte erromanikoa" arkitekturari baino aplikatzen ez zaion kontzeptu bat da. Eraikin mota berri bat da: tarteak betetzeko harrizko gangak erabiltzen dira eta egitura berriak bilatzen dira, zenbait nabe elkarlotzeko edo erdiko nabea eta gurutzadura elkarlotzeko. Egitura ia beti zakarra da; eta, oro har, ez du eskulturarik izaten. Eskulturarik badago, ateburuen edo kapitelen ebakiguneak apaintzeko izaten dira; horiek izugarri sinpleak diren erliebe apaingarritzat baino ezin dira hartu, ez baitute esanahi berezirik. Espainiaren iparraldeko erromanikoari dagokionez, Raymond Ourselek (Kataluniakoak gogoan zituela, batik bat) azpimarratu zuen sistema berriak hizkuntza formal berri bat sortu zuela, eta hizkuntza formal berri horrek bertan behera utzi zituela ordura arte erabilitako formula mozarabiarrak –esate baterako, ferra arkuen profil gainditua–, eta "izugarrizko parekotasunez bereganatu zituela garai hartan Italiako aintziretan zeuden egiturazko eta dekoraziozko elementu guztiak –hau da, mailuz ebakitako egitura txiki horizontala, banda eta arkuteria beheratuak, absideko horma hobiak eta elementu apaingarriak sigi-sagan–".18 "Lonbardiarra" deituriko arkitektura hori Italia, Dalmazia, Mediterraneoko Frantzia, Katalunia, Suitza, Renania, Borgoina eta Herbehereetan zehar zabaldu zen (geografia guztian zehar etenune bitxiak izanik).
Antso Nagusiak nabarmen bultzatu zituen bere garaian Nafarroako monasterioen garapen materiala eta espirituala. Monasterio asko ziren arren, kultura eta erlijio kontuetan oso motel zebiltzan, loturarik ez baitzuten beren artean. Errege handiari erreforma politika argi bat egitea sartu zitzaion buruan. Beraz, beneditarren erregela ezarri eta jabe pribatu eta laikoen eskuetatik askatu zituen monasterioak; horretarako, Clunytik zenbait monje etorrarazi zituen, Paterno buru zutela, eta San Juan de la Peñako monasterioan eman zien ostatu. Agian Antso Nagusiari esker berritu zen Iruñako eliza 1022. urtean; handik gutxira bota egin zuten. Antso Nagusiaren ondoren, Nafarroako erregeek politika berari eutsi zioten; hau da, monasterioei dohaintzak egiten jarraitu zuten etengabe, eta, horrela, LEYREko monasterioa erresumako erlijio gunerik garrantzitsuena bihurtu zen. Kulturgune garrantzitsua ez izan arren –Goñi Gaztambidek frogatu bezala–, aurrerapen materialetan maila altua lortu zuen, bertan monasterio asko integratu baitziren.19 Bere jurisdikziopean 72 monasterio eta zazpi hiribildu izatera iritsi zen.20 "La abadía de Leyre fue reuniendo todos los monasterios que aseguraban las comunicaciones de Navarra con Francia".21 Antzeko zerbait esan daiteke Iratxeri buruz. Han, santu baten (San Veremundo) ahalmenak izugarrizko erakarpena eragiten zuen. Dena den, monasterio horri buruz XI. mendearen hamarkada horietako informazioa oso urria da. Iratxeren ondasunak handituz joan ziren pixkanaka, eta XII. mendean eliza erromaniko ederra eraiki zuten.
Leyreren aurrerapen materialari esker, monasterioa berreraikitzea errazagoa izan zen. Leyreko San Salbador elizak, 1057. urtean sagaratua, monasterioaren une gorena erakusten zuen, Sancho (1024-1055) eta Juan (1055-1067) abade ziren garaia –Iruñako apezpiku ere izan ziren–. Agian Antso Nagusiak eman zien lehen laguntza, eta ondoren haren seme Gartzia Santxezek lagundu zien. Leyreko eliza erromanikoak bakearen goxotasunera baino gerrara ohituagoak zeuden gizonen espiritua erakusten zuen. Lana kriptatik hasi zen eta aurrealdetik jarraitu. Biak batera egitea pentsatu zuten, Lamperezen ustez, bai eta pentsatutako modu berean egin ere. Horregatik geratzen ziren hain ongi elkarrekin. Horma lau eta biluziak, profil garbiak eta hareharriaren kolore beroak eta tonuak gustuko dituenarentzat, Leyreko abside hirukoitzaren kanpotiko ikuspegiaren edertasuna zeharo erakargarria da.
Kriptak –lurraren malda gainditzeko pentsatua– aurrealdearen pisu izugarriari eutsi behar zion. Hori zela eta, sekulako harri pila biltzen zen, fusteak altuera txikikoak ziren eta kapitel izugarriak oso sendoak (ustez, antzinako erromatar harroinak, berrerabiliak). Erdiko nabearen zabalera zela eta, goiko tenpluaren zamari eutsiko zion harrizko gangaren beldur ziren. Horren ondorioz, arriskuak alde batera uztea erabaki zuten. Horretarako, espazioaren ikuspegi estetikoaz baliatu ziren: erdiko nabearen ardatzean euskarrien beste ilara bat jarri zuten. Kontraesan arkitektoniko hori izan arren, eta multzo osoaren zakartasuna basati samarra bada ere, oroipen ezabaezina uzten du bisitariarengan.
Goiko tenpluaren aurrealdea , oinarri hain sendoen gainean ezarria, gorantz jasoa zegoen oldartsu. Hiru abside bikain zituen, oinplano erdizirkularrekoak, nolabaiteko kutsu mozarabiarrekoak. Nabeen zabalera eta altuera berekoak ziren, eta hori berritasuna zen hispaniar artean. Hiru nabeak, bi zatikoak (ez dakigu gehiago eraiki zituzten), kriptaren nabeei zegozkien; lerdenak ziren eta kanoi jarraituko gangek estaltzen zituzten. Harlanduen tamaina ohiz kanpokoa zen. Arrazoi osoz idatzi zuen Luis M. Lojendiok aurrealde erromanikoa funtsezko pieza zela Leyreko San Salbador elizan, eta haren garrantzia antzinatasunean zetzala. Lehendabizi, 1057. urtean sagaratu zuten, eta, ondoren, 1090. urtean.22 Esan izan denez: "es el primero de los grandes monumentos románicos de España, con excepción de algunas iglesias catalanas de influencia preferentemente lombarda. Es anterior a la catedral de Jaca, a San Isidoro de León, a San Martín de Frómista y desde luego a la catedral de Santiago. La precisión de sus líneas, su monumentalidad, lo original de sus capiteles y su reconocida antigüedad hacen de la cabecera de Leyre una construcción única".23 Hona hemen zer dioten J. Gudiol eta J. A. Gaya Nuñok lan horri buruz: "obra cumbre del primer románico navarro"; gainera, honen erakusgarri ere ba omen da: "posibilidades de una escuela de constructores indígenas cuya existencia queda perfectamente definida con este monumento real y la serie de iglesias del valle del Aragón".24 Jatorrizko portada gaur egun dagoen tokira eraman zuten geroago –gaur egun, Porta Speciosa deitzen zaio–, eta XIV. mendean zabaldutako multzo gotikoaren atea izatera pasatu zen. Horregatik ageri dira zati eskultorikoak marko askoz ere handiagoetan enkistatuta.
Ramiro I.ak, Aragoiko konderria oinordetzan hartu eta dinastia bat sortu zuen Antso Nagusiaren semeak, kontzilio bat bildu zuen JACA hirian, 1063. urtean. Zenbait autorek diotenez, errege hori edo haren seme eta ondorengo Antso Ramirez izan zen eraikuntzari hasiera eta bultzada eman ziona (1076-1082): baina iritzi berrienen arabera, eraikuntza 1094-1098 urteen artean hasi zen. Jacako estiloak hurrengo euskal arkitekturan eragina izan zuenez, merezi du arreta eraikin horretan jartzea. Eraikina Leyreko eliza baino geroagokoa da, ez baitzuten 1130. urtera arte amaitu; haren handitasunak ordura arte Pirinioen alde honetan egindako guztiarena gainditzen zuen. Hiru nabe, gurutzadura eta absideak zituen. Horma lodi eta trinkoek eta bao urriek garai hartako gotorleku oldarkor gogorren espiritua islatzen zuten. Zutabeak eta kolomak txandaka ageri ziren. Hiru absideek begiratu berezia merezi dute; dena den, bakar batek eusten dio jatorrizko itxurari: altueran hiru gune horizontal ditu, tako edo billete klasikoen bidez apaindutako inposten bidez bereiziak; inposta horietatik dator, hain zuzen ere, "Jacako xakeztatua" ("ajedrezado jaqués") izena eta geroagoko eraikin erromanikoetan ikus daiteke. Gurutzadaren besoak kanoi gangek estaltzen dituzte, eta erdiko zatia, ganga nerbiodun batek, kanpotik ikusten ez den tronpen gainean ezarritako kupula itsu bat balitz bezala. Nabeetako gangak gotikoak dira eta oso berandu egin zituzten.
Elizak bi sarbide ditu. Mendebaldekoa portada eder bat da; arkiboltak eta kolomak ditu. Kolometan kapitel landuak ageri dira, bai eta tinpano bat ere, bi lehoiren artean kokatutako krismoia duela. Sarritan, latinezko bertso lerroak dituzten inskripzioetan markoztatuta ageri dira erliebe eskultorikoak. Bertso lerroen eduki teologiko eta moral sakonak erromanikoaren garaiko kristauen espiritualtasuna islatzen du.
Dudarik gabe, eliza horren egitura berriak askoren lilura eragingo zuen, eta berehala hasi ziren asmakizun haren imitazioak egiten. Iguacelgo elizak, Carcipollera bailaran, Jacaren eragina izan zuela uste izan da; baina dena zalantzan jartzen da, Jacako katedrala noizkoa den zehatz-mehatz argitzen ez den bitartean. Izan ere, Iguacelgo portadaren gaineko epigrafeak adierazten duenez, eraikina Antso Ramirez eta haren emazte Urrakari zor zaie, eta 1072. urtean egin zuten, Antso Ramirez errege zela.
Jacako eredua UJUÉRA eraman zuten, Gartzia Berrezarlea erregeak erabakita, zalantzarik gabe. Dena den, 1089. urtean eraikitzen hasitako eliza bisitatzeko Ujuéra doanak ez du esperotakoa ikusiko. Nabeak geroago bota eta absideak estali zituzten. Absideak gotikoan eraikitako eliza-gazteluak xurgatu zituen, eta han geratu ziren deanbulatorio moduan. Hala eta guztiz ere, oraindik ere ikusgai daude zirien ilarak eta Jacako artean inspiratutako apainketa landugabea. Nolanahi ere, Dulce Ocon Alonsok idatzi berri duen moduan, Leyreren eta Ujuéren kasuan, "Nafarroa korronte arkitektoniko europartzailean integratu izana" da garrantzitsua ("Navarra se integraba en las corrientes arquitectónicas europeizantes").
ARALARKO SAN MIGEL jatorriz karolinjioa dela adierazi genuen. Iruñako elizarena zen eta, hasieran, Zamartzeko monasterioaren menpe zegoen arren, bere ondarea oso azkar aberastu zuen, ustez Pedro I.a mirariz sendatu ondoren dohaintza asko egiten hasi baitzitzaizkion monasterioari. Eta abadia bihurtu zen.
Lehen eliza erromanikoa, nabe bakarrekoa eta abside erdizirkularregikoa, agian 1074. urtean sagaratua, bukatu gabe geratu zela dirudi; eliza hari dagokio absideen beheko zatia. Geroago, aurrealdea berriro eraiki zuten, eta, horren ondorioz, absideak gorago geratu ziren; harburuen erlaitz bat gehitu zitzaien, eta tronpen gaineko kupula egin edo berreraiki zuten. Hiru nabeak eta nartexa ere eraiki zituzten. Agian Alfontso Borrokalariaren garaian hasitako lan horiek XII. mendean zehar luzatu ziren, baina ez dago sagarapenaren data ziurrik.
Azkenean, elizaren barruan kapera bat egin zuten, monjeek erreza zezaten. Gerta daiteke hori egin zuen arkitektoa Zamartzeko lana egin zuen bera izatea. Izan ere, oinplanoen ideia berdina zen, bai eta inposten diseinua, erroseta eta billeteen bidezko apainketa, eta baoen diseinu soila ere.
Ikonografia erromanikoa
Eskultura erromanikoaren analisia, euskal lurrean eta hortik kanpo, izugarri garrantzitsua da kristauen artearen historian. Ikonoetan zenbait mendetako isilaldia izan ondoren, Europa berriko kristau komunitateak fedea adierazteko beharra izan zuen, eta, horretarako, geroago "Salbazioaren historia" deituko zena erakusteko forma plastikoak sortu zituzten. Goi Erdi Aroko plastikaren hutsunea gainditu ondoren, arte erromanikoa izan zen fedearen misterioak erakusten saiatu zena, XI. mendearen bigarren erdialdean. Arte erromanikoa erabili zuten kristauen elizak apaindu eta edertzeko.
Ikonografia erromanikoaren hastapenak
Artearen edozein historialarirentzat, Iparraldeko herriek Mediterraneoko eskualdeak inbaditu zituzten bizpahiru mendeetan antzinako kulturak izandako kolapsoa oso nabarmena da ikonografiari dagokionez. Esan daiteke, mendebaldeko gizakiak galdu egin zuela, zenbait mendetan zehar, inguruko mundu naturalaren irudia erreproduzituta ikusteko jakin-mina. Axolagabetasun horrek sentikortasun berri bat islatzen zuen, eta grekolatindar artistek arte klasikoaren mirariak egiteko erabilitako teknikak ahaztea ekarri zuen. Herri horiek kristautuz eta nolabait "erromanizatuz" joan zirenean, pinturaren eta eskulturaren teknikak berreskuratzeak geldoa eta pixkanakakoa izan behar zuen; besteak beste, judu-kristautasuna ez zelako fio mundu sentikorraren irudikapenaz.
Gizakundearen misterioaren ondorio logikoak asimilatuz mesfidantza hori desagertzen hasi zenean (eta, aldi berean, antzinako arte klasikoaren mirariak ezagutzen eta miresten ari ziren), artistak arte figuratiboaren eremua berreskuratzen hasi ziren, eta Europa prest zegoen estilo berri baten sorrerarako. Orduan, ikonografia erromanikoa –pintura eta eskultura– sortu zen, zenbait iturritatik ateratako elementuen sintesi moduan: Jainkoaren gizakundearen dogma, ekialdeko irudi bitxi eta fantastikoak, islamiarren geometria zaletasuna, iparraldeko herrien apaindura sena, eta paganotasun sakoneneko herrien "genius loci" delakoa. Beraz, arte erromanikoko ikonoen estilistika sintesi batetik sortu zen: errealismo mediterraneoa eta ekialdeko abstrakzioa sintetizatzetik, imitaziozko irudia eta ikur adierazgarriak sintetizatzetik, eta forma naturalaren edertasunerako helenistikoek zuten gustua eta zeltek eta anglosaxoiek lehenesten zituzten dekorazio atseginak eta haien apaingarrien edertasuna sintetizatzetik.
Antzinako Baskonian, denbora luzez kristautasuna sartu gabe egon ondoren, eskultura herabeki agertu zen, prerromanikoa deitu dugun arkitekturan aplikatuta. Leyreko kriptako kapiteletako ebakidurak eta Villatuertako harlanduen forma lau eta eskematikoak ezin ziren hauteman jaiotzen saiatzen ari zen arte baten hastapeneko bultzada gisa baino.
Euskal artearen historialariak arte txikien edo luxuzkoen alor teknikoan jarri behar du arreta. Alor horretan, iparraldetik etorritako herrietan tradizio handia zuen apaindurarako irrikatik abiatuta, artistari forma naturalen figurazioa hasi zitzaion interesatzen. Gainera, kristauen ikuspegitik, erakarpen hori erraztu egiten zen, jarrera idolatrak bultzatzen ez zituzten objektu txikiak zirelako (kutxak, erlikia ontziak, antipendioak, liturgi hornidura). Hortik dator artearen historiaren behatzaile soila nahasten duen kontraesan moduko hori: batetik, konkor biribileko eskulturen bitxitasuna (bolumen handikoa eta beti akastuna edo izugarria, fideltasun anatomikoak exijitzen dituenarentzat), eta, bestetik, arte txiki ugaria –marfilak, metalak, esmalteak eta abar–. Azken horretan, teknika menperatzeaz gain, errealismorako joera nabarmentzen da morfologia naturalean, narrazioan eta adierazi nahi den horretan.
Kapitulu honetan, San Millángo monasterioan gordetako marfilezko kutxak ekarri behar dira gogora. San Millanena deituriko kutxak ez du metal preziaturik gaur egun, soldadu inbaditzaileek ostu baitzituzten. Zorionez, marfilezko lauki txikiak geratu dira. Lauki horietan, monasterioa fundatu zuen ermitauaren bizitza eta mirariak kontatzen dira. Naiarako Gartziaren garaikoak dira, 1053. urtekoak, eta Leongo San Isidoron San Joan eta San Pelaioren kutxa osatzen dutenen oso antzekoak. Geroagoko datazio bat –XI. mendearen amaiera aldekoa– San Millán de Yuson gordetako beste kutxa batena da: San Felices kutxarena.
Eskultura monumentalaren sorrerari dagokionez –arte erromaniko handiaren ezaugarri bihurtuko zena–, erabilgarria izan daiteke Henri Focillon-ek adierazitako etapak gogora ekartzea: lehen zatia hark "estilo tubularra" deiturikoak osatzen du; izan ere, forma naturalek eskema bati jarraitzen diote, eta eskema horretan, gizakiak tutu formetan geometrizatuta aurkezten dira. Bigarren zatia definitzeko, aldareen aurrealdeetan eta ateburu zaharrenetan ageri den "arkupeko pertsonaia" har daiteke aintzat; horietan, gizakiaren irudia forma oso berdinduetan ageri da, arkuak eta haren euskarriek eskainitako tartean hertsiki azpiratua. Hirugarren zatia "frisoen arteak" osatuko luke; horretan, gizakiaren irudiak bere egitura anatomikoaren antz handiagoa du, eta bere dinamismo naturala erakusten du, arkitekturari egokitzeko arau orokorra hautsi gabe. Eskultura erromanikoak osotasun klasikoan (XII. mendearen bigarren erdialdea) berea zuen "markoari men egite" horrekin batera, hauek ere adieraz litezke ezaugarri orokortzat: sinbolismorako joera, eta "horror vacui" bat, apainketa eta ornamentazio zainduan oinarritua. Ezaugarri horiek ukitu komun eta berezia ematen diote arte erromanikoaren eskulturari. Dena den, horrek ez du eragozten Europako eskualde bakoitzean "genius loci" agertzea.
Kapitulu honen hasieran, arte erromanikoaren sorrerari buruz hitz egin dugu: datazioa eta lekua. Auzi horrek zenbait historialariren espiritu nazionalista sutan jarri zuen. Auzia eskulturan oinarritu zen, batik bat, eta genero artistiko horretako adituak izan ziren eztabaida horretako parte hartzailerik sutsuenak.
Eskultura erromanikoaren jatorria Frantzian (Toulouse eta Moissaceko monasterioak) ala Espainian (Jaca, Silos eta Santiago) ezarri behar da? Auzia ez zen konpondu eta elkarrenganako eraginen interpretazio bat bilatu zuten. Interpretazio hori sinesgarria izan ez bazen ere, bakea ezartzeko balio izan zuen, bederen.
Auzi hori bereziki interesgarria da Euskal Herriko artearen historialarientzat, herrialde hori –Nafarroa, zehazki– Bidearen erdian baitzegoen, Pirinioen bi aldeen balizko eraginetatik distantzia berera. Gure eskualdeko lehen lan eskultorikoak aztertzean, Arte Medieval Navarro lanaren egileek Iguacel, Ujué eta Naiarako lanetan Jacako eraginak nolakoak ziren idatzi zuten.
Aitzindari handiak
Bi mendeen abagunean, agerian geratu zen zenbait maisuren talentua. Izan ere, maisu horien lanek plastika erromanikoaren geroko garapen bikaina markatu zuten. Nafarroako erromanikoko maisu bikainen lana 1100. urtearen aurreko hamarkadan kokatu behar dela uste da; mende haren amaieran, Nafarroako tenplurik garrantzitsuenak eraiki eta apaintzeko aukeratu zituzten maisuen lanak, hain zuzen ere: Iruñako katedrala eta bertako klaustroa, eta Leyreko eliza. Zoritxarrez, handik gutxira bota zutenetik hasiko gara: katedraletik.
Euskal arte erromanikoaren historiak gorde beharreko izenetako lehenengoa Magister Stephanus da. Nafar batekin ezkonduta zegoen, eta haren izena –Marina– agirietan gordeta geratu da, bai eta maisuaren etxeak, lursailak eta errentak ere.25 Oso ibiltaria izan behar zuen. Benetakotzat jo daiteke Leonen (Puerta del Perdón), Santiagon (Puerta de las Platerías) eta Iruñako katedralean lanak egin zituela; horrek argumentu sendoak ematen dizkie "arte de las Peregrinaciones" izena justifikatuta dagoela uste dutenei (Durliat-i, esate baterako).
Iruñako katedrala 1100. urtean sagaratu zuten (eta 1391. urtean suntsitu), eta 1101. eta 1127. urteen artean landutako nahikoa harri geratu dira. Harri horiek Esteban maisuaren (edo haren tailerraren) kalitate estetikoaren lekuko dira: atarietatik zetozen bi inposta eta zazpi kapitel handi. Horietako bat, "de los pájaros" izenekoa (hankak mokokatzen ari ziren eta, batzuetan, haien lepo luzeak gurutzatuta zituztelako deitzen zitzaion horrela), Nafarroako beste tenplu batzuek eta Aragoiko mugako gunekoek imitatu izan zuten. Nahikoa ongi gordetako zenbait zatitatik hiru oso bikainak dira, eta horietako batek zapatari bat irudikatzen du.
Leyreko elizako eskultura erromanikoari ekitean, imitazioaz baino gehiago Esteban maisuaren beraren autoretzaz hitz egin behar da. Kripta eta aurrealdea egin zutenek leundu zuten bidea. Gogora dezagun kripta zirraragarri horretan hauteman zirela nolabaiteko zantzu figuratiboak zituen eskultura apaingarria bilatzeko lehen ahaleginak. Harrigarria da XI. mendearen erdialdeko hango kapitelen tailugile batzuen lan bakuna; lan horietan, erraboilak edo fruituak irudikatzen zituzten bolekin konbinatzen ziren ildaskak eta bolutak. Oso funtsezko lana, elizaren aurrealdeko beste kapitel batzuetakoen oso antzekoa. Kripta amaitu orduko hasi ziren eliza eraikitzen. Elizan, Kataluniako eta Frantziaren hegoaldeko garai hartako lanekiko kidetasuna aurki dezake historialariak. Baina, Leyreko elizako kapiteletan, erroleoen, erronboen eta marradura geometrikoen eskema lineal jakinez gain, gizakien aurpegiak ere ageri dira, oso oinarrizko tankera dutela, ferra arkuetan markoztatuta –desagertzeko asmorik ez zuen mozarabismoaren isla, zalantzarik gabe–. Aurkako noranzkoan, elizaren hegoaldeko hegalean, XIV. mendean zistertarrek handitze lanak egin zituzten lekuan, XII. mendeko arte erromanikoko zenbait leiho eta portada bat bere horretan utzi zituzten: tinpanoaren erdian, krismoi bat; eta kapiteletan, erromesen bideetako estilorik onenaz estilizatutako landareak.
Elizaren ate nagusian eskultura erromaniko garatu bat dago, bi mendeetako abaguneari dagokiona. Baina ate hori izugarrizko enigma da, ez baitago hari buruzko agiri zehatzik. Haren itxura dotorea hunkigarria da. Izan ere, alde bakoitzean fuste leuneko hiru koloma ditu, eta ertz biribilduz ukondotuta daudenez, badirudi sei direla. Alboetako janbetan, zizelkatutako irudiak zeuden, itxura denez, eta horietako bakar bat geratu da, ezkerrean. Erdian, tinpano bitxi bat dago lehoi eta zezen banaren buruen gainean; tinpano hori kanpai formako jantziak dituzten irudi arkaikoz osatuta dago, eta irudi horiek erroseten zirkuluerdi batez inguraturik daude. Erdian, mainel koloma bat dago, kapitel eta harroin oso apainduak dituena. Tinpanoaren gainean eta arkuarteetan, irudi eta talde isolatu asko daude, elkarren artean inolako koordinaziorik gabe itxuraz, eta ausaz jarriak, libre geratutako tarteak betetzeko, soil-soilik.
Portada horren harriaren irudien arteko koordinazio falta horrek (dena den, Porta Speciosa deitzen zaio) ez du inola ere bermatzen Mendebaldeko Atea maisu bakar batek egin zuenik. Badirudi analisi formalak aurkakoa frogatzen duela; hau da, multzo osoa eraikitzeko denbora asko behar izan zuten, eta bertako eskulturak hiru unetakoak dira. Tinpanoko tailuak dira zaharrenak. Jatorriz zazpi irudi zeuden, egungoa baino tinpano txikiago baterako eginak. Irudi horietako bat desagertu egin da, eta beste biri burua moztu zaie. Lau irudi geratzen dira nahikoa ongi kontserbatuta: Salbatzailea erdian dago; haren eskuinean Ama Birjina, eta, jarraian, San Pedro eta bere giltza; beste aldean, San Joan Bataiatzailea izan daitekeen apostolu gazte bat, eta, jarraian, beste apostolu bat. Kontrako aldeko bururik gabeko irudia ebanjelari bat izan liteke. Egileak zenbait xehetasun esanguratsu errealismo handiz erreproduzitzeko arreta izan zuela erakusten dute eskulturek. Kristok oso bizar apaindua dauka, nahiko ondo landua. Ama Birjinaren jantziaren –perla ilaren bidez apaindua– oparotasuna ere nabarmentzeko modukoa da. Harria okreagoa da, portadako beste irudiekin alderatuz gero; eta horrek beste garai batekoa izan daitekeela berresten du. Ziur asko tinpano hori lehenagoko portada txikiago batekoa izango zen, 1098. urtean sagaratutako elizarako sarbidekoa, hain zuzen ere. Une hartan, tamainen arteko inkongruentziari irtenbide bat emateko, errosetaz osatutako zerrenda apaingarri bat jarri zuten.
Leyreko bigarren eskultura multzoa kapitelek eta kolomek osatutakoa da. Ezkerretik eskuinera, lehenak Jacako estiloaren eragina duten lauoineko batzuk irudikatzen ditu. Bigarrena –zenbait irudi pikotxean– erromesen bideetako tipikoa da. Hirugarrena lepoak gurutzatutako txoriena da, jada aipatutako Iruñako katedralekoa gogorarazten diguna. Gainerako kapiteletan landareen geometrizazioa da nagusi. Tinpanoaren gainean lau arkibolta irauli zituzten, eta haietan mota guztietako animalien irudiak landu zituzten azkenik, balio sinboliko moralekoak, zalantzarik gabe. Horietan, bizi poza, maltzurkeria eta moralizatzeko asmoa nahasten dira, beste hainbat multzo erromanikotan bezalaxe.
Horrez gain, ateko arkuteriaren gainean hormatal bat eta bi arkuarte daude; hor, irudi multzorik bitxiena eta heteroklitoena dago: Kristo Pantokrator eta santuak –San Pedro eta San Migel–, Ebanjelioko pasarteak (Deikundea eta Bisitaldia), infernuko irudiak eta abar. Horrek guztiak, Gudiolek eta Gaya Nuñok diotenez, Santiagoko "puerta de las Platerías" delakoa oroitarazten du ("reflejo lejano de la puerta de las Platerías, de Santiago").26
Esteban maisuak katedralean egindako lanak eta Leyreko portadako maisuarenak, edozein dela ere, Nafarroan XII. mendeko eskultura erromaniko handiaren osotasun miresgarrirako bidea zabalduta utzi zutela esan daiteke. Berehala sartu zen bide horretatik klaustroko maisua deituko duguna.
Klaustroa egiten 1112. urte inguruan hasi ziren. 1122. urtean, artean klaustroan lanean ari ziren, agirietan idatzita baitago garai hartan limosna eskatzen zutela lanak bukatzeko. Iraun duten kapitelak 1120-1140 bitartekoak direla uste da, eta batzuek –Melero Moneok, esate baterako– Moissacen tailerraren eragina ikusten dute horietan. Bederatzi kapitel bikoitz dira (gaur egun Nafarroako Museoan daude), horietako sei landareen bidez daude apainduta eta gainerako hirurak tailu historiatuen bidez. Landareen bidez apaindutakoek hostoak, zurtoinak eta gurutzatuak dituzte (horietako batzuetan, animalien irudi txikiak ere ageri dira), eta tailuaren lan ederra maisulantzat jo daiteke. Nahikoa da lan horren fintasunari erreparatzea, egilearen edo egileen (dirudien moduan, tailer baten lana izan bazen) kalitate artistikoaz jabetzeko.
Hiru kapitel historiatuek bikain eginda daudela erakusten dute. Gaiak Joben historia biblikoa, Kristoren Nekaldia eta Pizkundea dira. Hiru kapiteletan, miresteko modukoak dira imajinazio bizia, konposizio plastikoaren zentzu estetikoa –simetrien eta asimetrien konbinazio burutsua– eta harria eskuz lantzeko segurtasuna.
Jobena harrigarria da, hizkuntza adierazkorraren indarra eta trinkotasunagatik: Jainkoaren probaren aurretiko Joben bizimodu zoriontsua; deabrua Jainkoarekin hizketan; animali taldeen hilketa; etxearen hondamena (deabru izugarri batek erdiko ardatzetik gogor astintzen duen kanpin denda baten bidez irudikatua); Joben elkarrizketa emaztearekin eta lagunekin; Job zauriak eginda; Job zauriak sendatuta... Nola esan daitezke hainbeste gauza hain espazio murritzean? Arrazoi osoz hartu izan dira pieza horiek "Nafarroako erromanikoaren gailurtzat". Harrigarria da ikustea nola egiten dituen eskultore horrek aldi berean trepano lan bat, puntu jakin batzuetan itzal sakonak sortuz, eta arreta handiko lan bat, puntzoiaren bidez drapeatu finak iradokitzeko. "Ez dakigu ezer egileari buruz –idatzi zuen Lojendiok–, baina nafarra da, zalantzarik gabe, Aragoiko eraginak ditu eta Uncastillo, San Martín de Unx eta beste tailer frantses batzuen ahaide artistikoa da. Gaiari heltzeko modu frantsesa dei genezakeenarekiko izugarrizko aldea. Izan ere, badago beste kapitel bat ere Joben gainean Toulouseko Agustinoen Museoan , La Dauradeko monasteriotik eramana. Kapitel frantsesa urregintza hutsa da, izugarri ederra, gainera. Iruñakoa eskultore handi eta monumental baten lana da, eta, gainera, duen indarra eta adierazkortasuna direla eta, hispaniar artearen historiako ezaugarri tipikoak nabarmentzen dira".27
Nekaldia oroitzeko, eskultoreak nahiago izan zuen gai nagusiak kapitelaren aurpegi estuetan irudikatu, eta gainerakoak kontakizuna osatzeko utzi, eta hori bitxia da. Judaren saldukeriaren pasartea indar handienez deskribatutako bat da. Musuan, Kristoren ezpainak eta apostolu traidorearenak nola elkartzen diren erreparatuz gero, ikusiko dugu pertsonaia bakar baten ezpainak diruditela. Salbatzailearen buru ederra, argi koroa gurutzedun batez inguratua, konposizioaren erdia da, eta alde bakoitzean hiru pertsonaia dituela osatuta dago, simetrikoki. Horietako bat Juda bera da. Beste bostak Jesusen bila joandako borreroak dira. Batek esku bat Jesusen gainean dauka. Gainerakoek laneko tresnak astintzen dituzte, armak bailiran. Pasarteak beste aurpegietan jarraitzen du. Alde batean, hiru pertsonaia (horietako bat eskuetan ezpatatzar bat duela) eskribek eta fariseuek osatutako segizioan daude. Deabru itxurako izaki makur bat ere ikusten da, bai eta San Pedro ere (zoritxarrez ez da osorik gorde), beso bat kementsu altxatzen duela, defendatu nahian, eta beste besoaren bidez pertsonaia txiki bati eusten, belarria moztu zion morroiari, hain zuzen ere. Kapitelaren aurpegi bikoitzaren eskuinaldean, Kristo ikusten da Anasen edo Sanedrinaren etxetik irteten, handik bota balute bezala. Irudi horrek eztitasuna eta zintzotasuna erakusten ditu. Bigarren erdialdean, kapitelak Gurutziltzaketaren gaiari heltzen dio: alde estuan Kristo gurutzean dagoen pasarte klasikoa dago, eta horren bi aldeetan, lapur onaren eta gaiztoaren oinazeak daude irudikatuta.
Pizkundearen kapitelaren lau aurrealdeetan, oinarrizko hiru uneak garatzen dira: eraistea, hilobiratzea eta pizkundea. Eraistean, gurutzearen besoak behar bezain altu daude, Kristoren gorputzari tamaina berezia emateko. Nicodemo eta Arimatearen irudiak bizitasunez beteta daude. Baina hilobiratzearen pasartea da, batez ere, edertasun plastiko paregabea duena. Sarkofagoa luzanga da eta kolomen bi segidek eusten duten aldare bat dirudi. Estalkia arku baten formakoa da, eta erdian, Kristoren gorputza ageri da hil oihalean erabat bilduta, bi pertsonaiak eusten diotela. Hil oihalari esker, gorpu santuaren bolumena fintasunez nabarmentzen da. Hil oihalaren tolesen eta mihiseen errealismoa eta antolaketa asimetrikoa praktikan aurki daitekeen erliebe erromanikorik perfektuena da. Kristoren irudiari buruzko misterioz beteta dago konposizioa.
Kapitel beraren beste aurpegi bikoitzak Pizkundearen pasartea gogoratzen du. Erdian, hilobi hutsa dago, eta aingeru bat eta emakumeetako bat estalkia jasotzen ari dira; eta behean, soldaduak eta mota guztietako armak pilatzen dira. Pasarteko pertsonaia guztien artean, deigarriena aingerua da: eserita dago, eta pizkundea iragartzen ari zaie kapitelaren muturrean baztertuta dauden emakumeei; emakume horietako batek lurrin flaskoa alde batera utzi du, hilobiaren estalkia altxatzeko. Kapitelaren aurpegi estuetako beste batean, artistak sentikortasun handiz zizelkatu zuen Magdalena, Pedrori mirarizko gertaera kontatzen. Buru ederra emakume horrena, buruko zapitzat fin landutako bonete bat duela, esku batean lurrin ontzia daramala eta beste eskuaz zerura seinalatzen duela. Gorputza inklinatuta, jantzien eta hankaren mugimendua, mantua sorbaldan behera; horrek guztiak indar handia ematen dio pasarteari.
Aldi horretan kokatu behar da San Juan de la Peñako maisua , monasterio ospetsu horretako klaustroko eskulturen egilea. Iruñako katedraleko kapiteletan ikusitakoaren oroitzapena argi eta garbi gordetzen zuela esan da hari buruz.28 Maisu horrek 1145 eta 1175 urteen artean jardun zuen, eta Aragoin lan asko egin zuen. Haren lanik nabarmenena Huescako San Pedro el Viejon ikus daiteke. Han, badirudi Ramiro Monjearen hilobiko kapera egiteko agindua eman ziotela (1147); kapera horren hilobiko inskripzioak baino ez dira geratu. Gerta daiteke Iruñako klaustroko maisuarengandik ikasi izana multzoak sendo muntatzen. Baina, bestalde, haren lana nahastezina da. Lehenik eta behin, irudien kanona oso motza da: ez da lau burutik gorakoa. Gainera, begi erraldoiak jartzen zizkien, profilak basakeriaz nabarmenduz. Pertsonaia guztien aurpegiak eta jarrerak hotzak dira. Lanketarako nahiago zituen leunki izurtutako gainazalak. Irudien drapeatua marra txikien bidez egindako ildaska linealek zehazten dute.
Maisu horren eskua beste leku batzuetan ere ikusi nahi izan da: Zangozako Santa Maria la Realeko portada konplexuaren goiko aldean, Santiago de Agüeroko (Huescako probintzian) eskulturetan eta (agian, azken denboraldian) Egea de los Caballeroseko portadan.29 Ez dirudi Nafarroan lan egiteko kontraturik izan zuenik.
Aragoiko maisuaren garaiko beste artista bat –nafarra, agian– Gudiol eta Gaya Nuñok Uncastilloko maisua deitu zutena izan zen. Izan ere, herri horretan egin zuen bere lanik bikainenetako bat: Santa Marta eta San Miguel elizetako tinpanoak eta kapitelak (gaur egun Bostonen). Leyreko maisuaren eragina izan zezakeela eta Artaizko erlaitzeko harburuekiko antza aipatu diren arren, Uncastilloko maisuaren hizkuntza plastikoa oso pertsonala da. Hona hemen bi bereizgarri: jantzi handi eta zabalak, eta aurpegietako bibote luzeak, ezpain oso lodiak libre uzten dituztenak. Irudiek arkiboltetako gune ahurrak betetzen dituzte, eta baketoi irtenen bidez zanpatuta daudela ematen du. Egileak atsegin zituen begizta sare apetatsuak, orbel leunak edo perlen bidez beteak, eta tximino buru exotikoak. Irudi horiei eman beharreko esanahia aintzat hartuta, badirudi satirikoaren eta groteskoaren zale zela.
Mende haietako euskal artisten bizitzari eta jarduerei buruzko zuzeneko agiririk ez dugunez, behartuta gaude analisi estilistikora jotzera, hori baita gure eliza erromanikoetan egindako lan handia nolabaiteko ordenaz erakusteko aukera ematen duen bidea. J.E. Urangak dioenez,30 XII. mendearen erdialdean, bultzada artistiko berria sortu zen Nafarroan, mende horren hasieran Iruñan sortutakoaren antzekoa. Portadan esku nafarren trebetasun plastikoa eta zentzu artistikoa duten elizen zerrenda luzea aurkezten du egileak. Hona hemen: Iratxe, Artajona, Gazolaz, Orisoain, Zariquiegui, Cirauqui eta abar. Adibide gisa, artista nafar filobizantziar batek Oliteko San Pedro elizako kapiteletan eta zimazioetan egindako lan fina nabarmenduko dugu. Geroago, beste artista batek apaindu zuen, tinpano eta ateburu gotiko banaren bidez. Iñíguezek susmatu zuenez, sorrera horren faktore determinatzailea Silosko bigarren maisuaren lana izan zen.
Oro har, XII. mendeko elizetako maisu arkitektoa apainketa lan guztia zuzentzen zuen eskultore nagusiarekin identifikatzen zen, sarritan. Hori dela eta, XII. mendearen erdialdeko euskal eskultura erromanikoari buruz hitz egitean, arkitekturari buruz ere hitz egin beharko dugu. Erromanikoa kristau plastika figuratiboan –kristautasunaren arkitektura sakratuaren baitan– berpiztu zela dakiena ez da harrituko ikuspegi horrekin.
Erromanikoaren zabalkundea
Alfontso Borrokalaria Fragako hondamendian hil zen (1134). Ondorengorik ez zuenez, errege ondare guztia (Nafarroa eta Aragoi) Ordena Militarrei eman zien oinordetzan; baina Nafarroako nobleak Iruñan bildu ziren, eta Gartzia Ramirezi eskaini zioten koroa, Antso Nagusiaren ondorengo zuzena zen aldetik. Erresumak XI. mendeko mugak berreskuratu zituen. Gartzia Ramirez "Berrezarleak", horrela deitzen zion bere buruari: "regnante in Navarra, et in Álava et in Bizcaya". Azken lurralde horretan, Lopez de Haro familiaren konde aginpidea indarrik gabe uzteko, Gartzia Ramirezek konde aginpidea Ladron Iñiguez de Guevarari eman zion. Baina, praktikan, XII. mende osoan zehar, familia horren politika aldakorra izan zen; unean uneko baldintzak eta interesak aintzat hartuta, Nafarroaren alde edo Gaztelaren alde egiten zuten.
Antso Jakitunaren (1150-1194) erregealdiaren hasiera zaila izan zen. Izan ere, haren legitimitatearen kontra agertu zen Erromako kuria. Hala ere, bere erresuma indartzea eta egonkortzea lortu zuen. Haren kantzelaritzak "Pampilonensium Rex" titulua alde batera utzi eta "Rex Navarrorum" titulua hartu zuen. Alfontso VII.a Gaztelakoa adingabea zela aprobetxatuz, Errioxa berreskuratzen ahalegindu zen, Gaztelaren babespean baitzegoen 1076. urtean Peñalengoa hil zenetik. Baina Antso Jakitunaren arrakastak gutxi iraun zuen, eta 1176. urtean tregoa sinatu behar izan zuen, eta, gero, 1179. urtean bakea. Izan ere, 1174. urtean Alfontso VII.ak Bizkaia berreskuratu zuen, denbora luzerako berreskuratu ere.
Antso Jakitunak ondo asmatu zuen bere politikarekin: bere alaba Berengela Ingalaterrako errege Rikardo Lehoibihotzarekin ezkontzeaz gainera, hirigune berriak sortu zituen Gipuzkoan eta Araban: Donostia, Laguardia, La Puebla de Arganzón, Antoñana, Bernedo eta abar. Horrela, mugak indartu zituen, herrien eta merkataritzaren garapena bultzatu, eta gune sozio-politiko berri baten erregulatzaile bihurtu zen, jaunen eta baroien eraginaren kalterako. Iruñako Santa Maria elizan lurperatu zuten. Antso Jakitunarengan errege onaren irudia ikusi zuten kronistek: "homme de gran savoir, bon catholique et hijo obediente de la Iglesia de Dios, muy querido y amado".7
Antso Azkarraren (1194-1234) erregealdian, Gaztelak Nafarroaren jabetzako lurren aurkako operazio maltzurrarekin jarraitu zuen. Kronisten arteko kontraesanak direla eta, historialariak ez dira iritzi berekoak Nafarroako erregearen enpresa "afrikarra" deiturikoaren arrazoiari eta zentzuari buruz. Ez dirudi kristau Errekonkistaren idealak uka dakizkiokeenik Navas de Tolosako (1212) heroitzat jo zutenari. Baina kontua da Gaztelako erregea Nafarroako erregea ez egoteaz baliatu zela (eta, agian, batzuek diotenez, haren gaixotasunaz) Gasteiz eta Treviño bereganatzeko, eta horrela Araba eta Gipuzkoa bereganatu zituzten ("fue tomada la tierra de Álava y de Ypuscoa").
Berengela Rikardo Lehoibihotzarekin ezkondu ondoren, Nafarroak gainerako europar erresumen konbultsio politikoak nabaritu zituen; zehazki, Rikardo ondorengorik gabe hil zenean, haren anaia eta oinordeko zen Joan Lurgabearen eta Arturo de Bretañaren –Felipe Augusto de Franciak babestua (1180-1223)– artean sortutakoak. Alfontso VIII.ak, Gaztelako erregeak (1158-1214), Rikardoren arreba Leonorrekin ezkondua, ondorengotza lortzeko ahaleginak egin zitzakeen. Antso Azkarrak auzotar suntsikorrez inguratuta zegoela uste izango zuen, eta agian beldur horrek bultzatu zuen musulmanen artean ere laguntza bilatzera. Gaztelako erregeak Erromako kuriaren aurrean salatu zituen amarru horiek. Eta Zelestino III.a aita santuak politika aldatzera bultzatu zuen Antso Azkarra; dena den, Nafarroako Errege titulua onartu zion (1134tik ukatua) eta Nafarroaren subiranotasuna errespetatzeko eskatu zion Gaztelari. "Sancho el Fuerte persistió en su actitud, y por eso fue objeto de una excomunión fabricada de hecho por la chancillería de Alfonso VIII".8 Bestalde, Alfontso VIII.ak atseginez eta konplizitatez ikusiko zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kondeek Nafarroako erregeen politika –hiribilduak fundatzekoa– gaitzetsi izana; politika horri 1180. urtean ekin zioten Nafarroako erregeek, eta nobleziaren pribilegio politiko eta ekonomikoen aurkakoa zen.
Konkistatutako lurraldeen gobernua Diego Lopez de Haroren (1170-1214) esku utzi zuten. Diego Lopez de Harok zenbait gaztelu zituen Gaztelan eta Errioxan, eta, Navas de Tolosako garaipenean lagundu zuenez, Durango, Enkarterri, Balmaseda eta Urduñako gobernua eman zioten. Feudalizazio prozesu baten ondoren, Bizkaia sortu zen Diego Lopez de Haro –Gaztelaren aldekoa– agintari zuela.
Gaztelaren aldeko historialariek (Garibayk, besteak beste) ukatu egiten dute gertaera horiek inbasio militarrak izan zirenik. Gasteiz anexionatzeak garrantzi handia zuen ekonomiarako, ozeanotik Burgosa bitarteko gune ekonomikoa osatzea errazten baitzuen. Anexio horrek eliz administrazioan ere izan zuen isla, eta, horren ondorioz, garapen kulturalarekin eta artistikoarekin lotura zuzena zuten elizaren guneak eta eraikinak ezartzean ere bai. Esate baterako, XI. mendean, Armentiako apezpiku hiria desagertu eta Kalagorrikoak hartu zuen haren tokia. Jaun nobleak –Lopez de Haro V.a, besteak beste– horretaz baliatuz, elizez jabetu ziren aldi baterako, Gaztelako errege Fernando Santuaren laguntzaz. Horrela, patronatu sistema eskuratutako eskubide bihurtu zen, nobleen familientzat.
Gertaera politiko eta militarretan, euskaldunek bat egin zuten Pirinioen iparraldeko botereekin. Gertaera horien guztien ondorioz, Baskonia zaharra europar estatuetako mugimendu kultural handian sartu zen; hori da, hain zuzen ere, azpimarratu beharrekoa. XI. mendean, Nafarroa Europara zabaldu zen, zenbait ezkontzaren bidez. Gainera, Antso Nagusiak erromes bideak egin zituen, bere lurretan zehar. Europaren eragin hori nabarmenagoa izan zen Alfontso Borrokalariaren garaian. Hark sortu zuen Baionatik Iruñarako ibilbidea eta haren Gurutzada politikaren ondorioz, Pirinioen bi aldeen arteko komunikazioak hobetu egin ziren. 1108. urtean, Bertranek, Toulouseko kondeak, bisitatu zuen, Gurutzadarako bidean, bere mendeko zenbait hiri Aragoiko erregearen babespean jartzeko. Antzeko arrazoiengatik, Béziers bizkondeak ere Alfontsoren babespean utzi zituen zenbait hiri. Eta, adierazi dugun moduan, asko eta asko izan ziren Zaragozaren setioan eta hartzean parte hartu zuten Akitaniako eta Normandiako nobleak.
Gartzia Berrezarleak bere lurrak defendatzen buru-belarri aritu behar izan zuen bezala, haren seme Antso Jakituna –bere alaba Ingalaterrako errege Rikardo Lehoibihotzarekin ezkontzean– are gehiago sartu zen Frantziako eta Ingalaterrako arazo dinastikoetan eta politikoetan. Pirinioen iparraldeko Baskoniaren zati bat ingelesen eskuetan egon zen 1451. urtera arte, eta Iruñako erresuma dinastia frantses batek gobernatu zuen 1234. urtetik aurrera.
Erromanikoaren zabalkuntza Nafarroan
Hasteko, erromanikoaren herentzia ospetsuak Nafarroan, eta, oro har, Euskal Herri osoan –beste eskualde batzuetan bezala–, izandako patu tragikoa ekarriko dugu gogora.
Nafarroaren eta bere erresumaren europartzea –hau da, Pirinioen iparraldeko ideiak, erritu liturgikoak eta eredu kulturalak bereganatzea– Antso Nagusiaren garaian hasi zen. Baina Aragoiko eta Nafarroako errege Antso Ramirezen erregealdian (1076-1094) azkartu zen mugimendu hori. Errege hori bigarren aldiz ezkondu zen, Roucyko kondearen alaba Felicia emaztetzat hartuta. Erroman gatazka bat gainditu ondoren (bere anaia Iruñako apezpiku hirian ezartzen ausartu zelako), Antso Ramirezek onartu egin zuen Frotardok, Saint-Pons de Tomières-eko abade eta eskualdeko eliz kontuetarako Gregorio VII.a aita santuaren ordezkari zenak, nahi zuen apezpikua izendatzea. Izendatutakoa Pedro de Rodez (edo Pedro Andouque) izan zen, monje frantsesa, jantzia, azkarra eta dinamikoa, Conqueseko Sainte-Foy monasteriokoa, eta elizbarrutiko historiografian Pedro de Roda deitua. Hark sartu zuen San Agustinen erregelaren araberako ordena kanonikoa Iruñako elizan, eta Goñi Gaztambidek "invasión eclesiástica franca" izendatutakoa ere hark bultzatu zuen. Alde batetik, badirudi neurria gainditu zuela, Nafarroako errentak eman baitzizkien eliza eta monasterio frankoei; eta, bestalde, ez zuen inolako eragozpenik izan monje frantsesei dei egiteko, bere elizbarrutiko karguak bete zitzaten. Deyoko San Esteban monasterioan monje frantsesak indarrez kokatu ziren, nafarrak handik bidali ondoren. Pedro apezpikuak Aymon frantsesa izendatu zuen bere katedraleko priore. Ez zen kasu bakarra izan. Hugo de Conquesek dignitate bera lortu zuen. Eta Iruñako katedraleko artxiboan kabildoko kalonjeen artean izen frantses ugari daude.31
"Inbasio" frantses hori ez zen elizan bakarrik gertatu. Nafarroako erregeen birpopulaketa politika frankoen burguak erraztean oinarritu zen. Prozesu hori modu harrigarrian gertatu zen, Iruñan, Zangozan, Garesen eta Lizarran, batez ere.
Zalantzarik gabe, Iruñako apezpiku hiriak alor guztietan izandako aurrerakada eta Alfontso Borrokalaria (1104-1134) espantsionistaren laguntza izan ziren arte erromanikoaren zabalkundea eta garapena bultzatu zuten faktoreak, erresuma nafar-aragoiarraren lurraldeetan, Iruñako katedraletik hasita. Arkitekturaren loraldiak Raul Glaber monjearen esaldi ospetsu hau mereziko zuen: "la Cristiandad se cubrió del blanco manto de las iglesias". Baina historialariaren mirespen leherketa horren ondoren, jaraunspen aberats hori hurrengo urteetan desagerrarazi zuen suntsiketa hondatzailea etorri zen. Nafarroari dagokionez, J.E. Urangak zenbaketa hori egin zuen, partzialki bada ere; datu horiek gogoeta egitea eskatzen dute, eta arte ederrak maite dituen edonor ikaratzeko modukoak dira:
"Del siglo XI perdió la Cristiandad monumentos capitales como el de Nájera y San Millán de Yuso. El siglo XII continuó la misma racha y fueron arrasados la catedral, los claustros y todas las iglesias de los burgos de Pamplona, Santa María de Sangüesa, Santiago de Puente la Reina. Todas las iglesias primitivas de Estella corrieron igual suerte, dejando en pie los ábsides de algunas de ellas. Si añadimos los mil monasterios y monasteriolos, las fundaciones de los Templarios y Hospitalarios de San Juan de Jerusalén, el resultado es que de aquellos grandes centros del arte románico falta todo lo fundamental y sólo parcialmente podemos imaginar lo que sería la gran arquitectura procedente de León y desarrollada en Nájera; o la jaquesa, continuada en Sangüesa, culminada en la cabecera de Irache; ni tampoco la compostelana, inspiradora de la catedral de Pamplona".32
Eta antzeko zerbait esan daiteke gainerako euskal lurraldeei buruz ere; hona hemen, Barrio Loza irakasleak idatzitakoa, gure lurrean gerrek eta gizarte gatazkek sortutako hondamendiei buruz: "Invasión francesa de 1794, Guerra de la Independencia, Guerras Civiles Carlistas, y Guerra Civil Española. Si a esto añadimos los conflictos sociales y las interminables Guerras de Bandos, será fácil comprender que el arte vasco y, más el medieval, es de los más castigados de la Península".33
Hondatutako asko izan den arren, Nafarroako arkitektura erromanikoa aberatsa da, gainerako euskal probintzietakoa baino askoz ere aberatsagoa. Beraz, ezaugarri komunak dituzten taldetan deskribatzeko modukoa da.
Eliza-faroak
Zenbait elizari izen berezi hori eman zieten, dorre ireki eta argiztatu bat izaten zutelako. Horrela, badirudi Santiagorako galtzadaren ertzean erromesen bidea argitzen zutela eta haien pauso gartsuak bizitu.
Vadoluengoko San Adrian Zangozaren kanpoaldean dago, Nafarroako eta Aragoiko mendi adarrak atzean utzi eta erromesek Aragon ibaia ibitik igarotzen zuten lekuan, ondoren Ebroren erriberarantz doan bidea hartzeko.
1141. urtean sagaratu ondoren, Alfontso Borrokalariak Clunyko abadiari eman zion. Oinplanoa laukizuzen soil bat da, bi zatikoa eta aurrealde erdizirkularrekoa. Garaipen arkua, erdi puntuko arku tolestua, zutabeen gainean dago. Zimazioen altueran, inposta batek perimetro guztia zeharkatzen du. Barruko elementu apaingarri guztiak Jacako estilokoak dira. Estalkia parpain arkuen gaineko kanoi erdikoa da; absidearena labe estalkia da. Kanpora irteteko portada Epistolaren aldetik zabaltzen da; bi arkibolta lau ditu; barrukoa fuste motzeko bi kolomaren gainean dago. Ateburua eta tinpanoa duela gutxi berritu zituzten; dena den, krismoi bat badago oraindik. Teilatu hegalean, harburuen erlaitz batean motibo apaingarriak eta animaliak daude. Nabearen azken zatian, dorre karratu bat dago, gezi leihoa duela behealdean, eta goialdean leiho geminatu bana alde bakoitzean, profil lerdenekoa; hortik datorkio, hain zuzen, eliza-faro izena.
Garestik ez oso urrun, landaren erdian bakar-bakarrik, Eunate dago, 1175. urte inguruan eraikitako erromanikoko eraikin erakargarria, erromesaren zain. Oinplanoaren originaltasuna bisitaria harritzeko modukoa da: oktogonala da, Torres del Ríokoa bezalakoa. Gainera, ermita alde guztietatik inguratzen duen atariak arkuteria oktogonal irregularra du, eta ez egiturak ez eraikuntzak ez dute inolako loturarik kaperarekin. Jakina da eraikin hori hilerri gisa erabiltzen zela 1520. urtean. Baina ez dakigu ezer horren jatorriari buruz. Duela zenbait urte, Tenpleko Ordenak fundatutakoa izan zitekeela adierazi zen. Ordena horren zeregin nagusia erromesak babestea zen. Gaur egun, Jerusalemeko San Joanen Ordenak sortu ahal izan zuela uste da, beste batzuk ere sortu baitzituen eskualde horretan.
Ermitak bi ataleko abside txiki bat du: beheko atalak arkuteria itsua du, eta goikoak, erdi puntuko arkuak. Ermita horren originaltasunetako bat hau da: sarrerako atea eta absidea elkarren artean zutak diren ardatzen gainean daude. Aurretiko bistan, bi pisu daude, inposta lau baten bidez bereizita. Goiko pisuan, leihoak daude baoetan, fuste oso motzeko euskarriek inguratuta. Gangako nerbioak kolomatxo horietatik abiatzen dira, eta ganga bera kutsu musulmaneko kupula goratua da. Ganga eratzen duten nerbioak kurbatzen hasten dira, nerbio horien euskarri den horma beste inposta leun bateraino zuzen igotzen den arren. Multzoaren bolumetria oktogonalak ez du baliorik galtzen prisma formako dorrea izateagatik. Dorre horretatik teilatura igo daiteke eta, gainera, dorre hori dela eta, Valdizarbeko lautadako ermita erakargarri horrek faro funtzioa zuela ere esan daiteke.
Multzoko elementu apaingarri bakarra kolomen kapitelak dira. Batzuetan landareak dira; beste batzuetan, benetako animalien eta animalia itsusien irudiak, bai eta gizakien irudiak ere: dantzarien eta musikarien eszena bitxiren bat, besteak beste. Baina argi dago eraikin horren balio estetikoa eta erakargarritasuna arkitekturaren edertasun sinple eta originalean –apartean ere esan genezake– datzala. Gauza bera esan daiteke Torres del Ríoko eliza-faroari buruz ere.
Torres del Río Santiagoko Galtzada zaharraren ertzean –Los Arcos eta Viana artean– dagoen herri harrigarri bat da. Jakina da ospitale bat egon zela bertan; baina oraindik ez dago argi Hilobi Santuko Zaldunen eliza zen ala Iratxeko monasterioaren menpe zegoen. Oinplano erdiratuak –Jerusalemeko basilikaren oroipena– lehen hipotesia iradokitzen du, baina berez eliza horren oinplanoa ez da zirkularra, hertsiki oktogonala baizik. Benetako "faroa" izateko, eta eraikinaren goialdeko linterna lerdenaren argia piztuta edukitzeko, eskailera kiribildun dorrea eraikitzean eraikin nagusiari itsatsi behar izan zitzaion mendebaldeko aldean; aurkako aldean, abside txiki bat zabaltzen da, eta aurrealdearena egiten du. Elizako sarrera hegoaldean dago; eta aurretiko bistan bi atal ditu, gero eta altuera txikiagokoak, Jacako tradizioari jarraituz, takoez osatutako inposten bidez bereizita. Horren ondorioz, barruko espazioa oso trinkoa da eta edertasun plastiko ahaztezinekoa. 1170. urte inguruan eraikiko zuten. Garai hartan eraikia izan arren, egileek mozarabiar kutsua gorde nahi izan zuten. Espazioa betetzeko, kalifa ganga bat jarri zuten, gurutzatzen diren eta giltzarrian bat egiten ez duten arkuak zituela.
Iñíguezek dioenez,34 eskulturak Iruñako oroitzapenak eta San Vicentejo (Araba) eta Santo Domingo de la Calzadako ekarpenak biltzen ditu. Zenbait kapitel oso ongi landuta daude. Garaipen arkuaren kolometako kapitelak oso interesgarriak dira, horien ikonografia dela eta; horietan, Pizkundearen eszenak ageri dira, sirobizantziar tradizioaren araberakoak. Absidearen leiho txaranbelduak markoztatzen dituzten kolomatxoetan kapitel apaingarriak dira nagusi, hostotzenak edo animalienak (gameluak), batzuek Santo Domingo de la Calzadako eragin garbia dutela. Zistertar tradiziokoak ere badaude.
Zenbait eliza berezi
Eliza berezi gisa nolabaiteko monumentaltasuna dutenak nabarmendu beharko genituzke lehendabizi (horietako batzuk landa eremuetan daude); hau da, hiru nabe eta apaindura ugari dutenak.
Oibarko San Pedro 1146. urtekoa da: Bideko elizetako arte erromaniko tipikoa ikus daiteke bertan. Hiru zatiko hiru nabe izatea da haren berezitasuna, eta hiru abside erdizirkularreko aurrealdea izango zuela uste da, eliza handitzean –XVI. mendean– desagertuak. Aurretiko bistan, nabeak bereizteko, gurutze formako sei zutabe daude, aurrealdean koloma erdiak itsatsita dituztela kapitelen bidez. Oibarko San Pedro elizaren altxor artistikoa 23 kapitelen aberastasunean eta aniztasunean datza.
Ezin ditugu deskribatu. Baina haietan erromaniko helduko apainketa monumentalaren errepertorio aberatseko erakusgarri asko aurki daitezke: landareak, boluten eta kaulikuluen bidez koroatutako geometrizatuak, eta lehoien eta lauoindunen, arranoen, sirenen eta beste izaki fantastiko batzuen geometrizatuak. Multzo eskultoriko aberats hori Leongo erromanikoarekin lotu bada ere, beste batzuen ustez lotura hori hurbilagokoa da, Loarreko gazteluarekikoa, hain zuzen ere; hortik etor litezke txorien eta arranoen motiboak. Baina aho batez uste da Oibarko maisua buru-belarri sartuta zegoela Galtzadako erromanikoaren gaietan eta estilistikan.
Oibartik kilometro gutxira, Zangozako Santa Maria la Real dago, multzo arkitektoniko oso interesgarria, modu interesgarrian eraberritua. Bertan, seguru asko mende bat iraungo zuen lanaren ondorio konplexua ikus daiteke, erromanikoa eta forma protogotikoak barne hartzen dituela. Hertsiki erromanikoa den eraikinetik hiru abside geratzen dira (erdikoa alboetako biak baino altuagoa), hiru pisutan antolatuta. Pisu horiek inposten bi lerrok definitzen dituzte, eta, barruan bezala, agerian uzten dute Jacako estiloaren eragina. Baina berehala ikusiko dugun moduan, Santa Maria la Real elizan, eskulturak erakartzen du erromesaren eta bisitariaren arreta eta igarkizunak sortzen dizkio historialariari.
Arkitekturari buruz hitz egitean adierazi dugun moduan, Zangozako Santa Maria la Real mendearen bigarren herenean eraikitzen hasi zirela onar daiteke, Alfontso Borrokalariak 1131. urtean Caballeros de San Juanen mesederako fundatu eta denbora gutxira.
Miresgarria da apainketa monumental ugari eta askotarikoa; batez ere, portada estaltzen duena, espainiar erromanikoen artean oparoen zizelkatuetako bat.35 Zalantzarik gabe, zenbait eskuk landu zuten, eta bi maisuk gidatu zuten, gutxienez; izan ere, argi dago ondoz ondoko portadetako eskulturak –bata XII. mendearen azken laurdenekoa, eta bestea, XIII. mendearen hasierakoa– berrerabili egin zituztela. Une hartan jarriko zuten portada gaur egun dagoen moduan; ardura handirik gabe, gainera, bi zatiak mugituta geratu baitziren. Goiko aldea lehenengo egileak, San Juan de la Peñako maisua k, egin zuela uste da; hau da, Pantokratorra buru duen apostolutzari aterpea ematen dioten gailurreko bi arkuteriak. Irudi hieratikoak dira, toles ebakidun sinplekoak, eta begi handiko aurpegi karratuak dituzte. Beste maisua Leodegario da, ezkerreko janbako estatua-koloma batean haren izena ageri baita. Maisu horren lana bestearena baino garatuagoa da; agian frantsesa zen, edo, gutxienez, Chartreseko Portail Royaleko maisutasunezko eskulturak ongi ezagutzen zituen, beste batzuek Borgoinako artearekin lotzen duten arren.36 Zangozako atea txaranbeldua da, eta 1200. urtea baino lehenagokoak ez diren estatua-kolomen (hiru alde bakoitzean) gainean dauden bost arkibolta zorrotzek osatzen dute egitura. Estatua-koloma horietan, hieratismo monumentala eta erritmoaren eta kontrastearen sena –adierazpenerako baliabide plastiko gisa– ezin hobeto elkartzen dira. Ezkerreko janbako hirurek hiru Mariak irudikatzen dituzte –Magdalena, Jesusen ama, eta Santiagoren eta Joanen ama–. Ama Birjinak eusten zuen liburuan utzi nahi izan zuen idatzita egileak bere izena: LEODEGARIUS ME FECIT. Eskuineko janbako hirurek San Pedro, San Paulo eta apostolu traidorea irudikatzen dituzte. Azken horretan egileak JUDAS MERCATOR inskripzioa landu zuen; agian, erromesekin batera ibiltzen ziren merkatari lukurariei ohartarazteko eta mehatxatzeko.37
Kanpoko arkibolten eta kanpoko eta barruko kapitelen lanketa finaren aberastasun artistikoa alde batera utzi (batzuek Iruñako Klaustroko maisuarekiko eta Naiarako zenotafioaren egileekiko lotura ikusi dute) eta portadaren erdiko zatian jarriko dugu arreta. Ateburuan, hamabi apostoluak ikus daitezke, Madonna buru dutela. Apostoluak identifikatzeko, nahikoa da dagozkien inskripzioei erreparatzea; gainera, toles mehe eta linealeko arropak dituzte soinean. Tinpanoan, Azken Judizioa dago irudikatuta, eta bertan, Kristo oso gizatiar eta bedeinkatuz ageri da, sorbalda biluzik eta belaun baten gainean liburu bat duela. Badirudi epaile sakratuak gehiago pentsatzen duela salbatu behar dutenengan kondenatuengan baino (bere ezkerrean); kondenatuak galbiderantz desorekatzen diren ilara estuetan pilatuta daude. Portadaren arkuarteetan, askotariko edukiko eta tamaina askotako erliebeak egin ziren, zenbait multzotatik aterata, zalantzarik gabe. Ikonoen nahaspila hori, portadaren funtsezko bi zatien proportzio handiarekiko inkongruentea, erromanikoaren sentikortasunaren "horror vacui" delakoari dagokio, baina bertan kategoria gutxiagoko maisuek parte hartu zutela ere susmarazten du.
Nafarroako zenbait elizaren egitura bitxia ere arte erromanikoaren aniztasun aberatsaren erakusgarri da. Egitura horiek ikertzearen ondorioz, erromanikoari buruzko kontzeptua ez genuke itxurazko uniformetasunaren bidez definituko. Nafarroan badira nabe bakar bateko eliza txiki batzuk, gurutzadurarik gabeak; hala ere, bitxia da erdiko puntua tronpen kupula batek estaltzea. Susma liteke eliza horietan Loarreko elizaren kupula egin zuten maisuek edo haien dizipuluek jardun zutela lanean.
Azueloko San Jorge. Leku horretan monasterio beneditar bat egon zen, eta badirudi berehala desagertu zela. 1054. urtean, Naiarako Santa María la Realen menpeko prioretza bihurtu zen. Gaur egungo eraikina XII. mendearen lehen laurdenekoa da. Baina berrikuntza asko egin dizkiote zenbait garaitan. Esate baterako, ganga XVI. mendeko berrikuntza batekoa da.
Lehen aldiz erromanikoan eraiki zuten, eredutzat Loarreko gaztelua hartuta. Nabe bakarrean, bi zati karratu zabal ditu, gurutzadura du horma hobien artean, eta kanoi erdiko zati batek eta esfera laurdenak estalitako abside erdizirkular batek osatzen dute aurrealdea. Gurutzaduraren erdiko zatia lau tronpa txaranbeldutan dago finkatuta. Tronpa horiek karratua oktogono bihurtzen zuten, eta oktogono hori gaur egun jadanik ez dagoen zinborio baten bidez estaliko zuten antzina. Aurretiko bista harroin poligonal bikoitzen gaineko koloma lerdenek eta mota askotako kapitelek osatzen dute. Kanpotik ikusita, ongi eskuairatutako harlanduzko horma sendoak ditu, eta aurrealdean, bolumen sorta ederra eskaintzen du: gurutzaduraren gorputz kubikoa, bere estalkiko gorputz poligonalak errematatuta, eta absidearen gorputz erdizirkularra.
Gurutzaduraren barruan, kapitelak historiatuak dira eta Loarrekoak ekartzen dituzte gogora: lehoiak eta beste irudi sinboliko batzuk dituzte, eta bat nabarmentzekotan, Cristo en majestad nabarmendu beharko litzateke. Absideak kolomatxoak eta mota askotako kapitelak dituzten hiru leiho ditu, eta landareen motiboak dira nagusi.
Katalaingo Kristo Orreagako kolegiatari emandako antzinako monasterio bat izan zen. Erromesen ospitale izan zen Santiago bidean. Eta denbora pasatu ahala garrantzia galduz joan bazen ere, Katalaingo Kristorekiko debozioak gaur egun arte iraun du.
Erromaniko itxurako santutegia oso eraldatuta dago gaur egun, XVIII. mendeko lanak eta duela gutxiko berritze bat direla eta. XII. mendetik, aurretiko bista, absidea eta horren estalkia, nabe bakarraren inguruko horma –lau zati dituela– eta aurrealdea kontserbatu dira. Multzoari batasuna eta izaera ematen dion zinborioa eta aurrealdea koroatzen duen kanpai horma, berriz, geroagoko berrikuntzei dagozkie.
Apainketa monumentala –agian, hori da gehien interesatzen zaiguna– Jacako estiloan inspiratuta dago, eskualdeko beste eliza batzuetakoa bezala (Baldorba). Absidearen masa bi inpostaren bidez bereizitako bi erregistrotan banatuta dago, behekoa takoz osatuta eta goikoa bolaz. Beheko atalean, erdi puntuko zazpi arkuko galeria bat dago, Loarren bezala, hosto eskematikoen bidez apaindutako kapitelak dituzten kolomen gainean; zimazioa horien gainetik iragaten da. Bigarren erregistroan, hiru leiho txaranbeldu daude labe gangaren azpian.
Portadaren goiko aldean, hiru leiho daude hormatalean. Azpian, erdi puntuko ateak bi arkibolta lau ditu; gainera, kanpoan, erroleoen bidez apaindutako arku bat du, eta, barruan, hostotza eskematikoz apaindutako arku bat. Alde bakoitzean bi koloma daude, mota askotako kapitelen bidez apainduak: harpiak eta identifikatzeko zailak diren pertsonaiak irudikatzen dituzte. Tinpanoan, krismoi bat dago. Jacako estiloaren eragina argi eta garbi ikus daiteke, baina estiloa zakarragoa da.
Olletako Asuncion parrokia XII. mendearen bigarren erdian egingo zuten, estiloari erreparatuz gero, aurreko bi elizen eragina duela ikus baitaiteke; eta, beste eliza horietan bezala, berrikuntza asko egin zituzten.
Oinplanoa angeluzuzena da, hiru zati ditu, abside erdizirkular sakona, kapitel gogorrak eta tronpen gaineko kupula handi bat, egitura karratuko dorre batean kokatua. Azuelon bezala, tronpak baino beherago dauden alboko bi horma hobik (iparraldean eta hegoaldean) zinborioaren pisuari eusten laguntzen dute. Euskarriek horman sartutako kolomaerdiak dituzte, kapitelak eta zimazioak dituztela. Barruko kapitel ugarien artean, batzuk figuratiboak dira (irudi eseriak, animalia itsusiak), eta beste batzuk, berriz, landarez eta apaingarriz osatuak. Absidearen estalkitzat, hostotzaz apaindutako inpostaren gaineko labe ganga du, eta inpostaren azpian erdi puntuko arkuak dituzten hiru leiho txaranbeldu daude.
Inguruko horman, mota guztietako harburuek apaintzen dute teilatu hegala, eta lau kontrahorma lerdenek sendotzen dute inguruko horma hori. Sarrerako atea erdi puntuko arkukoa da, eta bi arkibolta zirkular lodi ditu –kanpokoa erroseten eta bolen artean–, fuste leuneko kolomatxo ukondotuen gainean. Kapiteletan buruak ikusten dira boluten eta kaulikuluen artean; horietan ere, zimazioetan bezala, Jacako estiloaren eragina nabaritzen da.
Eta beste mila eliza landatar
Deskribatutako hiru eliza horien tamaina eta topografia dela eta, badirudi herri guneetatik urrun daudela (Gudiol eta Gayak hau diote Azuelokoari buruz: "la mejor construcción rural de la primera mitad del siglo XII"). Gainera, Nafarroako landan zehar horrelako elizatxo landatar erromaniko asko dago, eta egituran eta apainketan dotorezia berezirik gabeko horrelako eraikinen grazia naturala eta sinplea gustuko dutenentzat merezi du bisita bat egitea. Dena den, horrek ez du esan nahi elizatxo horietakoren batean ezin daitekeenik apainketa eskultorikoaren kalitatean ustekabe atsegin bat aurkitu.
Adituek atsegin handiz adierazten dute antzekotasunak daudela lehen aipatutako maisu handien lanen eta Nafarroako landako beste eliza askotako lanen artean –azken horiek inor bizi ez den lekuetan gordetako ermitak dira, monumentaltasun berezirik gabeak–. Horietako batzuk azpimarratuko ditugu: Artaizko San Martinen ate ederrean, Lumbier eta Iruñaren arteko erdibidean, Iruñako Klaustroko maisuaren marka ikusi nahi izan da. Atearen inguruan dauden lehoi sinbolikoak alde batera utziz gero, egia da alde bakoitzeko kolomek eta arkiboltek eta kapitelek dohain bereziko artista bat ezagutarazten dutela. Sei kapiteletatik, bi finki egindako landareenak dira, beste bik harpiak irudikatzen dituzte, eta gainerakoak historiatuak dira. Harburuetan, interpretatzen zailak diren irudiak ikusten dira; eta metopetan, eszena zakarragoak ageri dira (arimen pisaketa, meza bat, Epulon aberatsa eta abar).
Zamartzen , Uharte-Arakildik hurbil, X. mendeaz geroztik Iruñako apezpiku hiriari elkartutako antzinako monasterio bat zegoela dioen agiri bat dago. Hurrengo mendean, San Miguel in Excelsis santutegia Zamartzeko monasterioaren dekania gisa ageri zen; baina ondorengo urteetan, San Miguel in Excelsis santutegiak hartutako garrantziaren ondorioz, jatorrizko monasterioa bigarren mailan geratu zen. Gaur egun ikus daitekeen Zamartzeko Santa Maria eliza txikia Aralarko eliza baino geroago egingo zuten. Arkitektoak ongi ezagutzen zuen Jacako erromanikoa eta zorioneko konponbidea aurkitu zuen baoen inguruko arkuterietarako, Zangozako ereduei jarraituz. Apainketa eskultorikoa landareen formetan oinarritzen da. Zartailuak eta gurutzatuak sentikortasun bikainekoak dira, eta nolabaiteko lotura dute Artaizko elizakoekin.
Muino baten gainean, Ujuétik hurbil, San Martin eliza dago, San Martin de Unx etxaldeari izena eman ziona; etxalde hori gaur egun jadanik desagertuta dagoen gaztelu baten inguruan eratu zen pixkanaka. Elizak lau zatiko nabe bat eta kripta baten gaineko abside erdizirkular bat du, bai eta koru altu bat ere arku zorrotz baten gainean, atzealdean (XIV. mendeko lana). Absidea eta kripta zatirik zaharrenari dagozkie. Absideak erdi puntuko arku okertuko hiru leiho ditu, eta errematetzat, inposta leun bat, zakarki landutako munstro buruak dituzten harburuen gainean. XVIII. mendean, beste nabe bat erantsi zitzaion eraikinari, Epistolaren alboan. Portada nagusia (iparraldean beste bat dago) erromanikoaren garaikoa da. Arkupe moderno batek babesten du, eta horren lanketa eskultorikoak erakartzen du bisitariaren arreta. Txaranbeldua da, zimaziodun kapiteletan amaitzen diren koloma ukondotuen gaineko hiru arkiboltaren bidez. Kapitel horiek Uncastilloko maisuarekin lotu izan dituzte. Horietako bat apaingarria da, nagusiki; beste hirurak figuratuak dira. Horietako batean lekuko zaindari santua ikus daiteke, San Martin, kapa eskale batekin banatzen. Janbetan, buru arraroak daude begizta sareekin batera; arkibolten apaingarriak oso sinpleak dira, eta harburutxoetan musikarien eta bihurrikarien irudiak daude, Artaizen ikus daitezkeenen estilo berekoak.
Kodes mendizerraren oinean, Azuelotik hurbil, Aguilar de Codésko San Bartolome ermita dago. Bi zatiko nabe bakar bat eta abside erdizirkularra ditu, bai eta XII. mendeko hormak ere, baina zenbait aldiz berritu dute; estalkia sei zatiko gangek osatzen dute, estilo protogotikokoa nabeetan eta galloiduna absidean. Lehen eraikuntzatik portada da azpimarragarriena; batzuek diotenez, kolometako kapitel figuratuek (harpiak, hegazti harrapariak, arrano buruak eta abar) Esteban maisua ekartzen diete gogora.38 Tinpanoan –lehoien eta ahuntzen buruak dituzten mentsulen gainean finkatuta dago–, Bibliako inskripzioak dituen ateburu estu baten gainean, Bildots Mistikoaren erliebe bat dago, belaunikatutako bi aingeruk eutsitako krismoi baten barruan; Armentiako lan garaikidearekin lot daitekeen gai bat, hain zuzen ere.
Navascuésetik distantzia jakin batera, errepidearen alboan, Santa Maria del Campo eliza erromanikoa dago, gaur egun hilerriko kapera dena. Oso xumea da; XI. mendearen amaierakoa edo XII. mendearen lehen urteetakoa dela dirudi. Nabe bakarra du, angeluzuzena, bereizitako zatirik gabea, eta esfera laurden baten bidez estalia. Nabearen gainean, ganga zorrotz bat dago, perimetro guztia zeharkatzen duen inposta lau batetik hasita. Barruko kapiteletan eta harburutxoetan, lumaje indartsuko eta moko gogorreko txoriak ikusten dira, batez ere, bai eta XII. mendearen lehen hamarkadetan oso herrikoia zen bestiarioko beste irudi batzuk ere. Giza irudiak ere ikusten dira pikotxean, ilea laztantzen, bai eta eskatologia musulmaneko arima torturatuak eta abar ere.
Berrioplanoko gaur egungo Purificacion parrokian 1200. urtearen inguruko eraikin protogotiko bat gordetzen da, hiru zatiko oinplano angeluzuzeneko nabe batekoa eta labe ganga duen aurrealde erdizirkularrekoa. Nabearen estalkia kanoizkoa da, eta horren euskarriak erdi puntuko parpain arkuak dira; arku horiek zintzilikatutako pilastren eta korurako arkuan itsatsitako zutabe bikoitzen gainean daude. Eliza, zenbait berrikuntzaren ondorioz, asko transformatu da. Portada da eliza horren berezitasun bat: hiru arkibolta baketoidun ditu kolomen gainean, eta kapitel apainduak. Kapiteletan, zentauroen borroken irudikapenak daude, bai eta San Migelen irudia ere, arkanjeluaren Baskoniako irudikapenik zaharrenetakoa. Sarrerako arku zorrotzaren goreneko puntuan krismoi bat dago. Lan eskultoriko horrek guztiak kutsu arkaikoa eta herrikoia du.
Artze bailaran eliza erromaniko txiki asko egon ziren. Eliza horien aztarnen artean, eta oraindik inor bizi ez den lekuetan aurki daitezkeenen artean, Artzeko Santa Mariaren eliza nabarmendu behar da. Oinplano angeluzuzena du, hiru zati desberdinekoa, eta aurrealde erdizirkularra, aurretik zati zuzen bat duela. Estalkitzat kanoi erdiko ganga du, parpain arkuen artean, eta garaipen arkuaren estalkia, berriz, gainerakoak baino pixka bat baxuagoa. Parpain arkuen euskarriak inposta leun bat duten pilastrak dira; inposta horrek perimetro guztia zeharkatzen du. Inposta hori baino beherago inposta takeatu bat dago. Absidean hiru leiho daude, eta nabearen alde banatan, beste bina. Erdi puntukoak dira, eta landare kapitelak dituzte, edo errosetak eta zartailuak. Kanpoan, teilatu hegalaren azpiko harburuek, nahikoa higatuta egon arren, Artaizko harburuak gogorarazten dituzten giza aurpegiak eta giza irudiak bereizteko aukera ematen dute. Kanpoko baoen arkuetako kapiteletan ere landare eta eskema berak erabiltzen dira. Portada hegoaldean dago, eta, teilatu hegalaren azpian, erdi puntuko arku bat du, hiru arkiboltakoa; arkiboltak bola, burutxo eta pinaburuen bidez daude apainduta. Arku horien euskarri diren kolomek kapitel apainduak dituzte, kanpoko biak landare eta gurutzatu bidezkoak, eta barrukoak, irudi bidezkoak; eskuinekoan, Kristo mandorlan ageri da, bost pertsonaiaz inguraturik, eta ezkerrekoan, sei irudi. Nahikoa hondatuta egon arren, haietan Igokundearen pasartea irudikatzen dela uste da.
Eraginei buruz hitz egiten ari garela, erromesen galtzadako eliza askotan bada ikurren gramatika bat, zalantzarik gabe. Nafarroako leku askotan, Jacako estiloko apainketa nagusitu zen, aipatu ditugun eliza batzuetan, zehatz-mehatz; esate baterako, Vadoluengoko San Adrianen, Oibarko San Pedron, Cataláinen eta Azuelon. Nahiko zaharrak diren batzuk gogoratu ditugu jadanik. Nafarroako landako beste eliza asko –txikiak, betiere– geroagokoak dira, eta sarritan, protogotikoko elizatzat jotzen dira, hertsiki erromanikoak gutxi batzuk bakarrik baitira. Esate baterako, Aberingo San Joan Bataiatzailea, Badostáingo San Migel, Cirauquiko San Roman, Lergako San Martin, Echanoko San Pedro ad Vincula (Olóriz), Eusako San Esteban, Orisoaingo San Martin eta Eguiarteko Santa Maria.
Bideko gune handiak
Santiagora zihoazen erromesen bide nagusiek Garesen bat egiten zuten. Gares zubi erromanikoaren inguruan hasi zen finkatzen, eta hiribilduaren jatorria horri hertsiki lotuta dago. Zubia XI. mendean eraiki zuten, hiribildua bera fundatu aurretik. Izan ere, zubia ezinbestekoa zen erromesak Arga ibaiaren beste ertzera pasatzeko.
Kale nagusian, Santiago elizaren aurrealdeak Santiago bidera ematen du zuzenean. Badirudi 1142. urterako bazegoela. Baina jatorrizko elizatik zabalera handiko nabe bat osatzen duten inguruko hormak baino ez dira geratzen gaur egun; hala ere, baliteke XII. mendean hiru nabe izatea.
Eliza horren erromanikoena eta nabarmenena hegoaldeko portada da. Tinpanorik gabeko eta gingil arkudun atearen gainean, San Pedro Ruakoan (Lizarra) eta Cirauquin bezala, lan eskultorikoz betetako bost arkiboltetako erdi puntuko arkuak txaranbelduta daude, ez modu erradialean, arkibolta bakoitzaren marrari jarraituz elkarren ondoan dauden eskulturen bidez baizik. Arkiboltak kapitel txikiko koloma ukondotuen gainean daude; kapiteletan, giza buruak eta beste zenbait gai daude ikusgai, eta guztia oso hondatuta dago. Alboetako paramentuak apaintzeko, harpien troxa bat dago –hobeto kontserbatuta–, eta badirudi San Juan de la Peñako maisua Garesen egon izana iradokitzen duela horrek. Arkibolten apaindurari dagokionez, 79 erliebeak behar bezala kontserbatu izan balira, arreta handiz aztertu beharko ziren, argi eta garbi baitago multzo osoa bat datorrela ongi pentsatutako programa batekin. Hori bistakoa da, esate baterako, arkibolta bakoitzaren giltzarriak non dauden erreparatuz gero. Lehenengoan, Ama Birjina dago; bigarrenean, aingeru bat; hirugarrenean, Espiritu Santua: "Eroskundearen historian" funtsezko pasartea gogoratzen duen Deikundea . Lehen arkiboltaren biribilean, aingeruak bereizten dira; bigarrenarenean, San Jorge eta zentauroak; hirugarrenarenean, haurtzaroaren zikloa; azken arkiboltaren biribilean, Kreazioaren segida.
Crucifijoaren kapera ere, Murugarren auzokoa (Garesko Hiribildu Zaharra deitua), hiribildu historikoan gaur egun kontserbatzen diren elizen arteko zaharrenetakoa da. Jatorrizko eliza XII. mendearen amaierakoa da. Tenpleko Ordenak fundatu zuen, eta Nafarroako eliza erromanikoetan askotan ageri den eskemari jarraituz eraiki zuten: lau zatiko nabe bakarra, zati zuzen batek eta abside erdizirkular batek osatutako aurrealdea, eta parpain arku arinki zorrotzak dituen kanoi ganga batez estalia. Eraikin erromanikoari nabe gotiko bat gehitu zioten iparraldean, XIV. mendean.
Absideko apainketa monumental erromanikoko beste elementu batzuez gain, Crucifijo kaperaren nabarmenena hegoaldeko portada da. Hiru arkibolta ditu, eta horien artean bi baketoi. Portada horretan, lantze oso fineko moldurek atentzioa ematen dute. Portada inguratzen duen azken moldurak hosto bizantziarrak ditu. Arkiboltetan pilatutako gai figuratibo ugariek bisitariaren begirada bereganatzen dute. Hostotza eta gurutzatu asko daude, bai eta hegaztiak eta lauoindunak ere; baina harrigarriena giza bizioak gogora ekarri nahi dituen irudien errepertorio zabala da: gutizia, lizunkeria, amorrua, sabelkeria, emakume tentatzailea... Moralezko katekesi osoa erromesentzat.
Erromesaldiari jarraituz, Garestik laster iritsiko gara Lizarrara . Lizarra izeneko lehen herrigunetik (gaur egun auzoa) eta ondoren fundatutako zenbait burgotatik abiatuta (hasierako burgo haiek frankoenak eta nafarrenak ziren –hasieran ongi bereizita zeuden– eta Antso Ramirez erregeak XI. mendearen amaieran bultzatu zituen), hiria garatzen hasi zen eta garrantzi handiagoa hartzen, erromesak igaro ahala. Bertan, erromesek, ospitale batez gain, arte eta pietate zentroak ere aurkitzen zituzten.
San Pedro Ruakoa XII. mendearen azken laurdenekoa da. Muino batean eraiki zuten, eta hasieratik San Juan de la Peñako monasterioarena izan zen, Iruñako apezpiku hiriarekin luzaroan liskarretan ibili arren. Bertako hiru nabeen zabalera desberdina da. Hiru abside ditu, eta erdikoak hiru absidiolo ditu. Arkuak zorrotzak dira, zistertar eraginekoak. XIV. mendean, alboetako nabeetako gangak aldatu egin zituzten, eta geroago, XVI. mendean, beste berrikuntza lan bat behar izan zuen.
Agian, San Pedro Ruakoaren xarmarik handiena klaustro erromaniko handian datza, Nafarroako ondare eskultorikorik aberatsenetakoa den horretan. Zoritxarrez, gaur egun, bi hegal baino ezin ditugu miretsi, beste biak 1572. urtean suntsitu baitzituzten, elizaren gaineko gaztelua trakeski eraitsi ondoren. 1170. urte inguruan landu zutela uste da. Zalantzarik gabe, egileak Iruñako klaustroa ezagutzen zuen, eta, seguru asko, San Juan de la Peñako maisuaren lanak ere bai. Kapiteletan ageri diren gaiak oso aberatsak eta denetarikoak dira. Batzuk landareei buruzkoak dira, eta beste batzuk, animaliei eta harpiei buruzkoak. Azken horien sinbolismoa ez da erraz argitzeko modukoa. Kristoren bizitzako pasarteak Ebanjelioen arabera kontatzen dira, eta apostolu eta martiri santuenak, haien martirioen akten arabera. Horietako batzuetan, pasarteak badu azalpen epigrafiko bat; San Lorenzorena: " Hic tradit Laurencius tesauros "; eta San Andresena: " Hic iubet eum Egeas incarcerari ". Ikonoak oso bitxiak direla kontuan hartuta eta gainazal oker ia lauetan grabatuen tolesak nola moldatu ziren ikusita, J.E. Urangaren ustez, artistak Aragoiko erromanikoan izan zituen ereduak, eta ez hainbeste Silosko klaustroan.39
San Migel eliza erromaniko berantiarrekoa da. Esan daiteke 1187. urtean bazegoela, ezaguna baita auzo berria eta merkatua populatzeko Antso Jakitunak emandako agindua. Elizak hiru nabe zistertar ditu. Aurrealdea bakarrik da arte erromanikokoa. Bi sarreretatik (hegoaldekoa eta iparraldekoa), interesgarriena iparraldeko portada da, garai modernoan berrarmatua –eta, beraz, nahikoa nahasgarria–. Portada horretan, beste ate batetik ekarritako apostoluek –batzuk kolomei itsatsiak eta beste batzuk paramentu lauei– Zangozako portada gogorarazten dute. Analisi estilistikoak zenbait maisuren lana izan zitekeela adierazten du.
Maisu batek tinpanoa landu zuen (Kristo Pantokrator eta tetramorfosa, eta Mariaren eta San Joanen irudiak muturretan), bai eta arkiboltak (aingeru intsentsulariekin, profetekin eta abarrekin), kapitelak eta apostoluen bi erliebe handiak ere. Maisu horren ezaugarriak buru bizartsuetan eta oihaletan ikus daitezke. Oso artista fina zen; puntzoi kaligrafiko bihurria erabili zuen jantziak zizelkatzeko, eta, aldi berean, aurpegiak nolabait idealizatu egiten zituen –gotikoa iragarriz–. Estiloa Silosko Deikundearen maisuaren estiloarekin lotzea –iruzkingile batek egin zuen moduan– gehiegizkoa iruditzen zaigu.
Lau arkiboltetan gai biblikoak eta ebanjelioko pasarteak ageri dira. Kanpoko eraztuna, bosgarren arkiboltaren baliokidea, santuei buruzkoa da: San Pedrori, San Joan Ebanjelariari, San Lorenzori eta abarri. Ezkerraldeko kolomen kapiteletan, Haurtzaroko zikloa eta beste gai batzuk daude. Janben erliebeetan, San Migel herensugea lantzaz zauritzen eta arimak pisatzen; hilobia hutsik, eta emakume santuak. Guztia fin landuta, oihalak mota askotan jarrita, eta antolaketarako sen egokia erabiliz.
Estatua-kolomak beste maisu batenak dira: apostoluen eta profeten irudi handiak, aurpegi eskematikoak eta gehiegi modelatu gabeak, eta linealtasun handiagoko tolestaketak dituztela.40 Portadaren eskuinaldeko bi kapitelek erromesaldiarekin lotutako gaiak dituzte; horiek hirugarren artista batek zizelkatuko zituen. Izan ere, antolaketaren beste kontzeptu bat adierazten du; gainera, teknika sakonagoa da, eta argilun efektuak bilatzen ditu. San Migel elizako portada Nafarroako eskultura erromanikoaren sinkretismoaren adibide da, estilistika protogotikoaren barruan; estilistika protogotiko horrek era askotako eraginak biltzen ditu, eta horren hurrengo urratsa Tudelako Judizioaren Atea41 eta geroagoko beste multzo batzuk izan ziren.
Ez gara hasiko Lizarrako San Pedro parrokia –Lizarrako zaharrena, zalantzarik gabe, baina geroago gotikoan eraldatua– deskribatzen; ez eta Hilobi Santua deskribatzen ere. Azken horretan, erromaniko berantiarreko eliza primitibo baten eskema errepikatzen da, hiru aurrealdekoa eta jarraian zistertar estiloko hiru nabe dituena. Agian, balio handiko lan eskultorikoak izango zituen, baina ez da ia ezer geratzen. Hurrengo mendeetan guztia eraldatu zuten.
Errege Jauregiak , aldiz, merezi du bisitatzea, hori baita erromaniko zibilak utzitako hondar urrietako bat. San Martin plazan dago, eta XII. mendearen azken herenekoa izan daitekeen eraikin erromaniko kolosala da. Harlanduzko lan ederreko bi atal ditu, inposta molduratuaren bidez markatua –fatxada bakoitzean altuera desberdinean–. Paramentuen apainketan, ikusten da hasita zeudela erromanikoko apainketa gai gizatiarrak eta adierazkorrak zistertar arteko gai geometrikoez eta loreez ordezkatzen. Arkuen eta zimazioen apainketa guztia zerra hortzek eta moldura soilek osatzen dute. Leihoetako kapitel txikietan, betiko harpiak eta animalia fantastikoak ageri dira, San Pedro Ruakoaren klaustrokoen ahaideak. Roldanen eta Ferraguten arteko borroka irudikatzen duen kapitel bat nabarmentzen da; Orreagako gesta abestian dago inspiratuta eta hau ageri da bertan idatzita: MARTINUS DE LOCRONIO ME FECIT . Borroka mitiko baten historia da, eta ikusgarria da zenbateko errealismoz gogorarazten diren borrokako uneak eta armen eta jantzien egiak.
Ezer gutxi dakigu IRATXEKO ANDRE MARIAren antzinako jatorriari buruz. Monasterio horren kokagune pribilegiatuari esker –Nafarroaren eta Errioxaren arteko pasagunean dago–, handitu egin zen XI. mendean zehar. Dohaintza asko jaso zituen. Santu batek –San Veremundok– gidatu zuen, mende horren bigarren erdian. Hurrengo mendearen erdialdean, oraindik ere zutik dagoen eliza monumentala eraiki zuten, zenbait etapatan. Zistertarrek monasterioa okupatu zuten aldian osatu zuten eraikuntza. XIII. mendean, gain behera hasi zen, diziplina lasaitu eta eraikina hondatzen hasi zen. Azkenik, XVI. mendean, berreskuratze lanak egin zituzten maila guztietan, bai eta klaustro plateresko ederra eraiki ere.
XII. mendearen erdialdera hasi ziren monasterioko eliza egiten; seguru asko, eliza prerromaniko baten ordez. Aurrealdea eta bertako abside hirukoitza eta gurutzadura lehen garai hartakoak dira. Geroagoko etapetan –XIII. mendera arte–, gurutzadura eta hiru nabeak zistertar estiloan estali zituzten, gurutze gangen bidez. Aurretiko bistan, erdiko absidea hiru ataletan banatuta dago, gurutzaduraren besoetan zehar luzatzen diren inposten bidez. Inpostek takoak, landare motiboak eta diamante puntak dituzte. Erdiko absidearen beheko atala itsua da; horren gaineko atalean, erdi puntuko arkuak daude kolomatxoen gainean, eta arkuen artean, hiru leiho txaranbeldu. Hirugarren ataleko errematea okulu eta arkutxo itsu batzuek ezartzen dute. Multzo harmoniatsua eta originala.
Apainketa monumentalari dagokionez, lehenik, Ebanjelarien lau irudi antropomorfoak aipatu behar dira; animalia sinbolikoen buruak dituzte, gurutzaduraren tronpen azpian daude, eta, agian, XIII. mendearen hasieran landu ziren. Portada XII. mendekoa da, eta horrek ere zistertar estiloaren eragina du. Baina apainketa eskultorikoa kapiteletan nabarmentzen da gehien. Koloma handien gaineko kapitelak bikainak dira, bai eta leihoetakoak ere. Nabean eta gurutzaduran, kapitel zistertar tipiko ugari daude; hau da, landaredunak eta geometrizatuak. Absideetakoak erromaniko hertsiagokoak dira, eta historiatuak eta landaredunak txandakatzen dira kapitel horietan. Ederrenak garaipen arkukoak dira: ezkerreko koloman zaldunen arteko borroka bat ageri da, eta eskuinekoan, Epifania. Bietan, irudi estilizatuak ageri dira, sekulako marrazketa lerromakurrekoak eta xehetasun gutxikoak. San Martinen irudia interesgarria da; kapa erdibitzen ari da, eta Jesus ametsetan agertzen zaiola ikusten du. Gainerako kapiteletan, hauek daude ikusgai: gerlariak borrokan, arkulari bat, zurtoinen bidez elkartutako zomorroak (Lizarran bezala). Arkiboltak desagertu egin ziren, eta haien ordez moldura gotikoak jarri zituzten.
Tudela: mugako erromanikoa
Garai hartan, Ebro bailarako hiriburua zen Tudela –islamiarrek fundatu zuten, eta mende askotan musulmanak, mozarabiarrak eta juduak bizi izan ziren bertan, Alfontso Borrokalariak 1119an berreskuratu zuen arte–. Bertan, erromanikoa muga kronologiko eta geografiko batean garatu zen, eta ez da harritzekoa erromaniko berantiarreko eta protogotikoko ezaugarriak agertzea.
Kontserbatutakoaren artean, elizarik zaharrena Magdalenarena da. Dirudienez, XII. mendearen lehen urteetan, bazen han eliza bat, mozarabiarra, agian. Gaur egungoa mende horren bigarren erdikoa da. Nabe bakarrekoa da, trazatu irregularrekoa eta ardatz desbideratukoa, zazpi zatitan banatua. Kanoi erdiko ganga zorrotz batek –kolomaerdien gaineko parpain arku sendoek zuinkatua– estaltzen du. Denboraren poderioz, eliza horri kaperak atxiki zitzaizkion; horietako baten portadak kanpora ematen zuen, arkiboltak –zenbait apaingarridunak– eta kapitel historiatuak zituen, baina gaur egun erabat hondatuta daude.
Eliza horren gauzarik deigarriena portada nagusi aparta da, erdi puntukoa. Portada hori Nafarroako portada erromanikoen artean bitxia da; horren berezitasuna lau arkiboltetako irudi landuak erradialki ezarrita egotea da. Barruko arkiboltan Deikundearen pasartea landu zuten. Diseinua oso originala zen: Ama Birjina eserita, aingeru belaunikatuaren mezua entzuten. Beraz, urruntzen ari ziren antzinako mezutik, lehen Ama Birjina gizakioi Jainkoaren Hitza ematen ziguna baitzen, eta hor, berriz, Ama Birjinak berak erakartzen du arreta eta errespetua, Erregina koroatua den aldetik. Eta hor bertan, aingeruaren ondoan, aureoladun usoa dago, Espiritu Santuaren sinboloa, Ama Birjinaren bularra sakratu egiten. Bigarren arkiboltan, zenbait harpia eta animalia sinboliko daude: egiazko eta fantasiazko piztien benetako bilduma. Tinpanoan Kristo ageri da, tetramorfosek inguratuta, lau lobuluko mandorla baten barruan; eta bi emakume (zalantzarik gabe, Marta eta Maria, orduan Magdalena zeritzana). Tinpanoa mentsulen gainean dago finkatuta, eta mentsuletan aingeruak tronpeta jotzen ikusten dira, Azken Judizioa gogora ekartzeko.
Kanpoko portadako kapiteletan (oso hondatuak) eta barruko portadakoetan, Kristoren bizitzako gai ebanjelikoak ageri dira; haurtzarokoak, batez ere. Landareei buruzko gaiak ere badaude, eta, estilistikoki, katedraleko kapitel zaharrenekin lot daitezke. Harburu batzuek osatzen dute lana, Iratxen edo Santo Domingo de la Calzadan ikus daitezkeenen modukoek.
Datazioari dagokionez, badirudi Magdalenaren eliza hori Tudelako katedraleko klaustroko obrak baino pixka bat lehenagokoa dela.
Izan ziren beste eliza erromaniko batzuk ere Tudelan, baina haien zatiak baino ez dira geratzen. Aipa dezagun San Nikolas eliza, 1131. urtean eraikia eta Oñako monasterioari emana. Geroago bota egin zuten, eta eraikin barroko bat jaso zuten haren lekuan. Eliza erromaniko zaharretik tinpanoa geratu da. Tinpanoa gaur egungo elizaren alboko ate bateko arkuan jarri zuten. XII. mendearen amaierakoa da. Erdi puntua hostotza mardulez eta pinaburuez osatutako zerrenda aberats batek apaintzen du. Bertan ageri den gaia Hirutasun Santua da, eta bertikalean aurkeztuta dago: Usoa zerrendaren giltzarrian, eta azpian Aita, belaunetan Semea duela –Jesus Haurra–; Semeak ezkerreko eskuan Ebanjelioa dauka. Aita eta Semea barne hartzen dituen mandorla mistikoa, tetramorfosek eta Daviden eta Eliasen irudi profetikoek –beheko izkinetan kikilduta– inguratuta. Kontuan izateko modukoa da Silosko talde hirukoiztarra (1160-70), aurrekoaren eredu izan zitekeena, bertikalean egituratuta dago Jeseren Kimuaren erremate gisa; baina, Tudelako Trinitatea ez bezala, Aitaren esku bedeinkatzailea ez dago konposizioaren ardatzean. Eredu bizantziarrak izan zitzakeela esan izan da. Nolanahi ere, molduren, zurtoinen eta profeten lanketak San Nikolasko lana Magdalenakoarekin eta Lizarrako San Migelekoarekin parekatzen du. Hirutasunaren gaiaren antzeko garapen bat Santiagoko Pórtico de la Glorian bakarrik aurki daiteke. Gainerakoak gotikoak dira.
Goazen, orain, Katedraleko lanetara. Katedrala eraiki baino lehen, Santa Maria la Blanca izeneko eliza bat zegoen. Eta hari atxikita hasi ziren eraikitzen gaur egungo klaustroa . Ondoren, eliza erabat berritu eta katedral bihurtu zuten.
Beraz, normala da deskribapenaren hasieran klaustroa aipatzea. Jakina da klaustro barrundegi batzuk bazirela 1160. urte inguruan. Hormako hilarri batean, data bat ageri da: 1174. Eta dokumentuetan idatzita dago 1186. urtean limosnak ematen zirela "klaustroko lanetarako". Beraz, kronologikoki, mendeko azken hereneko lantzat har daiteke.
Bi hegal ditu (iparraldekoa eta hegoaldekoa), 9 arkuz osatuak, eta beste bi (ekialdekoa eta mendebaldekoa) 12 arkuz osatuak, guztiak bi eta hiru –txandaka– kolomako multzoen gainean finkatuta, hegal bakoitzeko erdiko zutabe bat izan ezik. Kapitel bat edo beste hondatuta daude, baina, oro har, gaia identifikatzeko eta tailuaren kalitateari hautemateko moduan kontserbatzen dira. Iparraldeko galeriako kapiteletan, Kristoren bizitza ageri da –Ebanjelioko kontakizunen arabera–, Nekaldiaren pasarteak falta badira ere. Hegoaldeko galerian, apostoluen eta santuen historiak daude ikusgai. Mendebaldeko galerian, mota guztietako animaliei eta piztiei buruzko gai asko ageri dira.
Estilistikari dagokionez, anatomia nabarmentzeko, toles ugari eta pisutsuz jantzitako irudi trinkoak nagusitzen dira. Dirudienez, klaustroko maisuei buruak interesatzen zitzaizkien gehien, begiak nabarmen markatuta dituzten buru handiak, arima begiradan islatzeko behar protogotikoa sentitzen hasi balira bezala. Ilajeak eta bizarrak ildo soilen bidez daude zirriborratuta batzuetan, eta beste batzuetan, xehetasun gehiagoz landuak, kizkur eta txirikorda mardulen bidez. Irudiak atzealde arkitektonikoetan edo begetaletan proiektatzen dira batzuetan: estilo berri bat iragartzen duen paisai garapena. De Egryk –hari zor zaio Tudelako klaustroaren azterketarik osoena–, estilistikari eta ikonografiari dagokienez, lan bikain horren berezitasun "nafarra"42 azpimarratu zuen, eta bere ustez kapitel horiek hiru pertsonak landu zituzten: iparraldeko eta ekialdeko kapitelak pertsona batek eginak dira; bigarren batek –aurrekoaren antzeko estilokoa, baino askeagoa– hegoaldeko hormartea egin zuen, eta hirugarren batek, mendebaldeko arkuteria, estiloz aurreratuagoa eta naturalistagoa.
Klaustrotik katedralera pasatuz gero, garai berri batera ere pasatu garela ohartuko gara. Tamaina handiko eliza protogotikoa da, kolegiata bati dagokiona (XIX. mendera arte ez zuen katedral titulurik lortu), antzinako meskita zegoen orubean eraikia –XII. mendearen amaieran eta hurrengoaren hasieran, Antso Jakitunaren eta Antso Azkarraren erregealdietan–, harlanduzko lan egokia duela. Zistertar arkitekturaren eskemei jarraituz, lau zatiko hiru nabe ditu. Horien artan, nabe nagusia da altuena eta ha
