ARTEA

«« Itzuli

Arte gotikoa Euskal Herrian

Juan Plazaola Artola

Nafarroan, Antso Azkarra ondorengorik gabe hil zenez, Nafarroako nobleek azkar aukeratu nahi izan zuten erregea: hildakoaren iloba Teobaldo I.a, Champagneko kondea. Horrela, dinastia berri bat hasi zen. Errege berriak Nafarroako Foruak errespetatuko zituela zin egin zuen, baina azkar agertu zuen autoritarismorako joera. Nobleek, ordea, berehalakoan indargabetu zuten joera hori, eta beren eskakizunak agertu zituzten: antzinako eskubideak errespetatzea, erregea ez zegoenerako Nafarroako gobernurako seneskala izendatzea, eta Foruak idatziz ematea. Poesiarako eta musikarako zaletasuna eta gaitasuna zituen errege berriak, baina hori ez zuen oztopo izan Gregorio IX. aita santuak 1239an sustatutako Gurutzada zuzentzeko; abentura horretan, ugariagoak izan ziren porrotak arrakastak baino. 1253an hil zen, eta Iruñako artzapezpiku Pedro de Ximenez de Gazolazekin izandako desadostasuna izan zen, agian, bere erregealdiko arazorik handiena. Artzapezpikuak ez zion uko egiten erresumako hiriburuko egiazko gobernari izateari; legearen arabera, mitradunarena soilik zen hiria.

XII. mendearen amaieratik, Nafarroan, Penintsulako gainerako erresumetan bezala, loraldi ekonomikoa izan zen. Horri esker, XIII. mendean, artea berritzeko lanak egin ahal izan ziren. Kulturan eta artean, Frantziaren eragina bereziki nabaritu zen Nafarroan, lingua navarrorumaren iraupenaren kaltetan. Eragin hori areagotu zuen, halaber, frankoen burguen garapenak; XII. mendearen hasieratik, erresumako hirigune nagusietan kokatu ziren, eta erregeak sustatu egin zituen, garapen ekonomikoa handiagoa izateko.

Ile de France-ren eragina areagotu egin zen Teobaldo II.a (1253-1270) Isabelekin ezkondu zenean; hau da, San Luisen alabarekin. Horri esker, Aragoi eta Gaztelako erregeen arteko harremanak hobetu egin ziren. "Hiri on" askotan, foruak eta pribilegioak berretsi ziren. Eta Gaztelako errege Alfontso X.ak Donostia eta Hondarribia eman zizkion. Errege gaztearen Nafarroako egonaldia behin eta berriz eteten zen, Frantziara egindako bidaiak zirela eta, eta gobernua seneskal baten esku geratzen zen. Teobaldo II.a zoritxarreko Tunisiako Gurutzadan hil zen, izurriaren ondorioz. Bere aitaginarreba, Frantziako errege santua, hiltzen ikusi ostean hil zen, Nafarroako monasterioekiko eta erietxeekiko zuen estimua eta eskuzabaltasuna erakusten duen testamentu historikoa egin ostean (1270).

Enrike I.aren erregetza prestigio gutxikoa eta laburra izan zen (1270-1274). Erregetza horren ostean, Nafarroako zetroa haur baten esku geratu zen, Joanaren esku, errege-amaren erregeordetzaren pean. Botere zentralaren ahultasunak eta Aragoiren edo Gaztelaren aldekoen arteko asmoek eta desadostasunek Frantziako alderdia indartu zuten, baita zoritxarreko "Nafarreriako gerra zibil" ospetsua ere. Gerra horretan, burgua suntsitu eta biztanlerian sarraski ikaragarria egin zuten Frantziako inbaditzaileek (1276).

Tronua Felipe Ederrak hartu zuen (Frantziako IV.a eta Nafarroako I.a). Iruñak mitraren mendeko izateari utzi zion, eta, mende erdi batez, Nafarroa osoa erregearen ordezkariek gobernatu zuten (guztiak frantziarrak). Nafarrek Frantziako erregearen hiru seme Kapetar jasan behar izan zituzten: Luis Hutin (1314-16), erresistentzia orori gogortasunez aurre egin ziona; Felipe V.a Luzea (1316-22); eta Karlos I.a (1322-28), karguari zin ere egin ez ziona. 1328an, Nafarroako tronua Evreux etxearen eskuetara igaro zen; Luis Hutinen alaba Joana aukeratu zuten erregina; Joana Evreuxko Felipe kondearekin zegoen ezkonduta. Baina Frantziarekiko mendekotasunak bere horretan jarraitu zuen, erregeek Frantzian bizitzen eta Nafarroarako Frantziako gobernadoreak eta artzapezpikuak izendatzen jarraitu baitzuten. Bistakoa da frantziarrekiko mendekotasun horrek Nafarroako kulturaren eta artearen moduetan eta estiloetan eragingo zuela 100 urte horietan, 1276tik XIV. mende amaiera aldeko Evreux dinastiaren "nafartzea" arte.

Gertaera garrantzitsu hori Karlos II.aren (1349-87) eta Karlos III.aren (1387-1425) erregealdietan jazo zen, ezkontzen eta harreman politiko berrien bidez.1 Batez ere Karlos III.ak amaiarazi zuen Frantziako lurrak menderatzeko obsesioa (aitarengandik jasoa), eta administrazioko goi karguak betetzen zituzten frantziarrak kendu eta Nafarroako nobleak eta burgesak jarri zituen kargu horietan. Baina zergak oso garestiak ziren oraindik herri xehearentzat, erregeak diru asko behar baitzuen luxuzko gorteari eusteko, eta Oliteko palazioa eta katedral berria eraikitzeko.2 

Bien bitartean, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba leinu noble batzuen jaurgoaren agindupean zeuden. Araba eta Gipuzkoa Gaztelaren baitan egon ziren. Sozialki, zenbait "baserriren oinordekotzan" oinarrituta, "etxe" boteretsuak osatu eta hazi ziren, eta guztiek zuten "monasterio" edo ermitaren bat, dorreren bat, errotaren bat, burdinolaren bat, nekazaritza lurren bat, edo baratze, mendi edo baso lurren bat. Horien jabeei "ahaide nagusi" deitu zitzaien, eta, landako lurretako "herri xehearen" babesle eta menderatzaile ziren. Leinu horiek "bandotan" bildu ziren (oinaztarrak eta ganboatarrak Gipuzkoan, Butroetarrak eta Abendañotarrak Bizkaian, Mendozatarrak eta Guevaratarrak Araban), eta, urte askotan, desadostasun ugari eta krudelak izan zituzten. Denboraren poderioz, XV. mendearen bigarren erdialdean, tregoak eta hitzarmenak egin behar izan zituzten, etsai beraren aurka borrokatzeko; hau da, hiribilduen aurka. Izan ere, "lurreko jendea", ordainarazpenez babesteko, hiribilduetan auzotartuz joan baitzen. Gipuzkoan, Donostia Nafarroako errege Antso Azkarrak emandako foruaren bidez fundatu zen, baina Gaztelako erregeek Kantauri itsasoko portuetarako komunikazio guneak bilatu nahi zituzten, eta 24 hiribildu fundatu zituzten 1203 (Hondarribia) eta 1383 (Villarreal de Urretxu) artean. Honela dio Banus y Aguirrek: "La fundación en cadena de las villas guipuzcoanas fue una auténtica revolución que, en plazo relativamente corto, suplantó el viejo orden de los clanes gentilicios rurales por el nuevo orden de los burgueses urbanos".3 

Bizkaiaz antzeko zerbait esan daiteke. Bi mende baino gutxiagotan, 21 hiribildu fundatu ziren. Jendeak, lurralde irekia utzi, eta hiribilduak sortu zituen, segurtasun arrazoiengatik. Jauntxoek eta erregeek bultzatu egin zituzten, beren boterea areagotzeko, eta industria eta merkataritza sustatzeko. Araban, hiribilduen sorrera beste arrazoi bati zor zaio. Bi monarkia arerioren artean zegoenez, Arabako biztanle guneek Nafarroako edo Gaztelako erregeengandik jaso zituzten fundazio foruak, arrazoi politikoak zirela medio; hau da, botereak zein aldetara jotzen zuen. Hor beste bi probintzietan baino gehiago eutsi zioten landa izaerari. Hiribilduen ekonomia eta demografia garapenaren bidez, eta errege agintariek ermandadeei ahaide nagusien gehiegizko eta bidegabeko boterearen aurka beren eskubideak defendatzeko emandako babesaren bidez, aldaketa soziala gertatu zen, eta horrek ondorio politiko garrantzitsuak izango zituen.

Arabako lurrak Nafarroako erresumatik bananduta zeuden, Gaztelako Alfontso VIII.ak 1200. urtean indarrez hartu zituenetik; beraz, lur horiek jaurerri bereizia izan ziren, Arabako lur haietako kapare eta nekazariek hala nahi izan zutelako ("señorío apartado, et era cual se lo querían los Fijosdalgo y Labradores, naturales de aquella tierra de Álava"); haiek Arriagako Kofradia osatu zuten. 1332an, kofradiako ordezkariak, Kalagorriko artzapezpikua buru zutela, Arriagaraino iritsi ziren, eta bertara dei egin zioten Alfontso XI.a erregeari, orduan Burgosen baitzegoen. Han, Araban lurrak zituzten pertsonaia garrantzitsuen talde handi baten aurrean, lurra erregeari eman zioten, zenbait abantailaren eta pribilegioren truke. Arriagako Kofradia ematearen lekuko izandako noble haien seme-alabengandik eta ilobengandik irtengo ziren, XV-XVI. mendeetan, Gaztelako goieneko nobleziako kideak. Esan gabe doa Arriagako Kofradiak lurrak hein batean baino ez zizkiola eman borondatez erregeari, Kofradiaren mendeko herrixkengan Gasteizek egindako presioaren ondorio ere izan baitzen.4 

XIV. mendearen lehen erdialdean, Nafarroaren eta Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabaren arteko harremanak nahasi egin ziren, bidelapurren jardueragatik. Nafarroako herri mugakideetan lurreratzen ziren, eta babesa aurkitzen zuten eremu hartako ahaide nagusi batzuengan (oinaztarrak). Haiek eta Gipuzkoako merinoak elkar hartzeko saiakerek porrot egin ostean, errepresaliak izan ziren Nafarren aldetik, eta liskarrak etengabeak izan ziren; Nafarroako eta Gipuzkoako ermandadeen hitzarmen saiakerek ezin izan zioten horri irtenbiderik eman. Elizari dagokionez, kontuan izan behar da mende horren azken laurdenean izan zela Mendebaldeko zisma deitzen dena (1378-1417), eta Espainia eta Baskonia Avignongo aita santuen agintaritzapean geratu ziren (Klemente VII.a, eta, gero, Benedikto XIII.a). Elizaren egoera kaxkarra gehien deitoratu zuenetako bat euskal noble bat izan zen: Pedro Lopez de Ayala jauna, Rimado de Palacio kantutegian.

Egun ez da erraza ulertzen lola areagotu zel, nabarmen, merkataritza, eta nola izan zuen luRraldeak kultur Aurrerapen hura egoera hartan: elizaren erregimena ia kaotikoa zen, Nafarroako epregeak Gipuzkoa eta Araba berreSkuratzen saiatzEn ari ziren, NaFarroako muga zeharkatzen zuten eipuzkoar bidelapurren lapurretek eta bandokideen gehiegikeria jArraituek ezegonKortasun soziala eragiten zuten (mendekuzko gorrmtoek eta botere nahiek eraginda aritzen ziren). Ez da erraza ulErtzen, baina haLa izan zen. GerTaera horrek eraiusten du zer izan zen iraultza hura: landa gizartetik hiri gizaRterako urratsa, eta erregimen fEudaletik lurraldeen udal egiturarakoa.5 

XII. mende amaiepatik, zistertar ordenak zenbait fundazio egin zItuen Nafarroan. XIII. mendearen erdialdean, eskeko ordena berriek ordezkatu zituzten: frantziskotarrek, domingoTarrek, karmeldaRrek eta mesedetakoek. Klase sozial berri bat jaio zen, burgesia, eta aurrera egin zuen. Eta nobleek gero eta ekIntza konstruktiBoagoak egin zituzten (Europako monarkien botere harroari jarraituz), eta horrek eragin zuen mezenasgoa.

Nekazariak, nekazari morroiak, mairuak eta juduak erabat zapaldurik zeuzkaten zergen bidez. Garapen ekonomikoak arte gotikoko ekimen handiak eragin zituen, eta estilo horretako elizak eta jauregiak egiten jarraitu zuten.

XV. mendean zehar, Gaztelan Trastamara etxearen errege boterea eta agintea etengabe areagotuz zihoan bitartean, Nafarroan errege odoleko sasikoen zenbait leinu berriren boterea hazten zen (Karlos III.ak zortzi seme legitimo eta sei sasiko izan zituen); horiek lurraldearen zati handiena gobernatzen zuten.6 

Errege Prestua hil zenean (1423), haren alaba Joana andrearen esku geratu zen agintea. Joana Aragoiko Joan II.arekin (1441-1479) ezkonduta zegoenez, Aragoiko dinastia ezarri zen Nafarroan, nahiz eta Joanaren testamentuan bien seme zen Vianako Printze Karlosi onartzen zitzaizkion horren eskubideak, adin nagusitasuna lortzean. Aragoiko erregearen aldekoen (agramondarrak) eta haren seme Karlosen aldekoen (beaumondarrak) liskarren eta gerren ondorioz, Gaztelako erregeen handinahikeriak sustatuta, Joan II.aren nahia gauzatu zen: Nafarroa alaba Leonor andrearen eskuetara igarotzea (eta kontuan izan behar da Foixeko kondearekin ezkonduta zegoela). Denbora batez, Nafarroa bi gobernuetan zatituta egon zen. Vianako printzearen heriotzak (1461) eta haren arreba Blanka andrearenak (1464) bidea erraztu zion Gaztelaren aldeko politikari. Gaztelan, 1474. urtetik, Aragoiko Fernando (Joan II.aren semea) eta haren bigarren emazte Joana Enrikez zeuden agintean. Joan II.a hil zenean (1479), Nafarroako koroa Foixko Frantziskoren (Febo) eskuetan geratu zen, Leonor andrearen biloba zelako. Baina azkar hil zenez (1483), alargun erregeordeak Gorteak deitu, bere alaba Katalinari erregina karguaren zina eginarazi, eta Albreteko Joanekin ezkondu zuen (1484). Bikote horrek tentsioak eta borroka amaigabeak ezagutu zituen Nafarroaren iparraldearen eta hegoaldearen artean (Iruña eta Tutera), eta ezin izan ziren beren erresuman sartu eta Iruñan koroatu, 1494ko urtarrilaren 12 arte.

Nafarroako errege-erreginek Gaztelarekin itunak hitzartzeko saiakerak egin zituzten, baina porrot egin zuten, Gaztelako errege ezkontide Felipe Ederra bat-batean hil zelako, beaumondarren buru zen Leringo konde gerrazalearekin zuten etsaitasunagatik, eta Fernando Katolikoaren parte hartzeagatik (Frantziari gerra deklaratu ostean, Nafarroan sartu zen, eta Iruña bereganatu zuen, 1512ko uztailean).

"Gotiko" izendapena XIII.-XV. mendeetako arte kristaurako erabiltzen dute artearen historialariek. Hori etimologikoki okerra da, baina are okerragoa da izen hori hiru mendeetan aurrera egin ez zuen estilo komuna adierazteko erabiltzea. Estilo horren sorrera eragin zuten eraikuntza tekniken arrazoiez gain, ezin dira beste batzuk baztertu (ekonomikoak, sozialak eta politikoak), horiek ere estilo gotikoa garatu eta aldatu baitzuten. Garapen horretan, inflexio puntu bat hauteman daiteke, "feudalismoaren amaiera" izenda genezakeena, eta horrek gure azalpena bi epetan banatzeko aukera ematen digu: Lehen arte gotikoa , eta Erdi Aroko artearen amaiera .

Lehen arte gotikoa

Arkitektura gotikoaren esentzia

Arte gotikoa Europako zenbait eskualdetan ospe nabarmena lortu ondoren agertu zen Euskal Herriko lurretan. "Gotikoa" (Giorgio Vasarik oker deitua, Godoena zelakoan) erromanikoaren bilakaera naturalak sortutako estilo berria da, baina, hala izanik ere, forma eta espresio aldetik, erabat bestelakoa da. Funtsean, beste espiritu bati erantzuten dio.

Arkitekturari begiratzen badiogu, eta, zehatzago, katedralari -erromanikoko abadia zaharrak ordezkatu zituen eraikin paradigmatikoa-, nabarmena da egituraren originaltasuna: gotikoan, hormek euskarri funtzioaren zati handi bat galtzen dute, eta gangen karga puntu jakinetan biltzen da, karga hori eraikinaren kanpora eramaten duten arku diagonalen eta arbotanteen sistema baten bidez. Horrek bi emaitza eman ditu, eta, horien bidez, estiloa erraz hautematen eta definitzen da: bertikaltasun nabarmena eta jarraitua, eta argitasun bikaina.

Denbora luzean galdetu izan dute arkitekturaren historialariek ea bazegoen besteentzat erabakigarria zen funtsezko elementurik, estilo berri horren elementu bereizgarrien artean. Gaur egun, ia aho bateko iritzia da estilo hori eraikinari zabaltasun eta altuera handiagoa emateko nahi hartatik eta "gurutze gangaren" aurkikuntza bikainetik sortu eta garatu zela, logikoki. Baina badago gurutzeriazko ganga eraikuntza tresna soila izan zela uste duenik, baita egituraren egiazko berrikuntza ertz gangekin asmatuta zegoela frogatzen saiatzen denik ere.

Gurutze ganga, lehen aldiz, Durhamgo katedral erromanikoko koroan (1096-1104) eta Britainia Handiko eta Normandiako beste eliza batzuetan agertu zen.7 Baina esperientzia erabakigarriak l'Ile-de-France eskualdean egin ziren, bereziki, Saint-Denisko basilikan, Suger abade ospetsuak sustatuta; gurutze ganga jarri zuen nartexean eta burualdeko kaperetan (1132-1140). Handik, sistema Europan zabaldu zen, eta opus francigenum deitu zitzaion.

Eraikitzeko erraza zenez, gurutze ganga berehala bereganatu zuten zistertarrek. Hasieran, eliza arruntak tribunak zituen; ondoren, muro desdoblado edo mur épais deitu dena etorri zen, eta horrek triforioa sortu zuen, katedral gotikoari lau mailatako edo pisutako altxaera emanez. Geroago, tribunak kendu ziren, eta bertikaltasuna nabarmendu zen; ondoren, gotikoko "hormen gardentasunaren" printzipioari erantzunez, triforioa garden bihurtu zen; eta, azkenik, kendu eta erdiko nabearen arkuterien gainean, leihate ikaragarriak soilik egin ziren; esaterako, Beauvaisko katedralean. Prozesu horrek guztiak garbi erakusten duenez, arkitektura elementu guztiak ez ziren maila eta denbora berean gotiko bihurtu. Beste eraikuntza eta dekorazio elementu batzuei dagokienez, kanpoko atarietako eta janbetako eskulturak arkitekturatik independizatu ziren; mukulu biribilekoak izateko joera dute, eta beren kasa balioa izatekoa. Barruan, koloma ezarriek beren izaerari eusten diote, eta kapitel independenteak dituzte (hainbat mailatan), eta sei zatiko gangak eta tertzeleteak hedatzen dira. Idi begi erromanikoa arrosa leiho handi bihurtzen da gotikoan, eta hiru sarrera nagusietako leihoetan ageri da. Arku zorrotzeko leihateen gaineko hormetan egindako arrosa leihoek, hasieran, forma zuzenak zituzten barruan; ondoren, izurtu egin ziren, eta diseinua aberasten zuten, baina banaketa erradialari eutsi zioten. Kolomak zutabeetan batu ziren. Denboraren poderioz, gangak izar eta sare ganga izango ziren, teknika handiaren erakusgarri. XV. mendean arku berriak agertu ziren: karpanelak, eskartzanoak eta konopialak. Kapitelak xumetuz joan ziren, eta egituraren puntu goren bat azpimarratzeko funtzioa galdu zuten; gero ugarituko zen landare apaingarriaren erabilera, eta xingola jarraituan kardina osatuko zuten.

Ekonomia eta gizarte baldintzak zuzeneko arrazoiak izan ez baziren ere, arte gotikoaren sorrera erraztu zuten, gutxienez. Oso zaila da gotikoaren erro bakarra gurutze ganga izan zela egiaztatzea, besteak beste, arte gotikoa ez delako arkitekturara mugatzen. Teknika multzo konplexu batek eta forma estilistikoek heldutasuna lortu, eta zistertar ordenak hasieran hartu zituen arkitektura irtenbide berrietatik erator zitekeen guztiari gain hartu zion estilo berri horrek. Europan hiru mende iraun zuen estilo horren ekoizpenak eta garapenak eta, erromanikoarekin alderatuz gero, aldaketa nabarmena ekarri zuen forma espresiboetan; horretan guztian biziki eragin zuen batez ere ekonomia, gizarte eta politika baldintzei eta egiturei eragin zien mutazio handiak.

Historialariek XII. mendearen amaiera aldera Europako herrien ekonomiak izandako aldaketa aztertu dute: mendebaldeko Europan nekazaritza jarduerak atzera egin bazuen ere, ekonomiak aurrera egin zuen. Hiribilduak fundatu ziren, eta klase sozial berria sortu, burguetakoa. Haien artean, artisautzan eta merkataritzan aritzen ziren giza taldeak ugaritu ziren. Nazioarteko mugimendu ekonomikoa bizitu egin zen, eta hori monetaren zirkulazioak eta gurutzadek ekialde hurbilarekiko irekitako komunikazio bideek erraztu zuten; Euskal Herriari dagokionez, baldintza horien alde egin zuten Nafarroako eta Gaztelako erregeek, hiribilduak fundatzeko eta Kantauri itsasoko portuetarako bideak irekitzeko nahiak eraginda. Merkataritza sistema berri hori landa eremuetan sartu zen, eta, horren ondorioz, taldeen arteko harremanak aldatu ziren; hau da, desberdintasunak nabarmendu ziren, eta lehengo oreka hautsi zen. Burgesiaren boterea handitu eta areagotu egin zen; noblezia, berriz, apurka-apurka, ahuldu egin zen, eta landako klaseen egoerak okerrera egin zuen. Nekazari asko, landa utzita, hirira joan zen bizitzera; hiriak garatu egin behar izan zuen, zerbitzu publikoak, industria bulegoak, merkataritza biltegiak areagotzeko beharrak eraginda. Horrek guztiak hiri arkitekturari beste fisonomia bat ematen lagundu zuen. Sistema feudala gain behera zetorren, eta errege agintaritza indartzen ari zen, pixkanaka. Errege agintaritza areagotzeak zerga presio handiagoa eragin zuen, eta esku hartze zuzenagoa, eraginkorragoa eta nabarmenagoa bizitza zibilean eta erlijioarenean. Egora berriaren adierazpenetako bat katedrala izan zen: katedrala hiriaren erdian eraiki zen, hiriguneetatik urrun egon ohi zen erromanikoko abadia zaharraren ordez.

Zister arkitektura

Nafarroan, zalantza asko daude zistertar ordenako lehen fundazioen jatorriaz. Nafarroako lurretan, zistertar estiloko harrizko lehen eraikinak ez ziren XII. mendearen azken herena baino lehenagokoak izan. Urte horietarako, estilo berria finkatuta zuen, jada, monje "zurien" eraikuntza araudiak.

Oso ezaguna da san Bernardok bere ordenako eraikuntzei eman zien soiltasun espiritua. Ez ziren ikaragarrizko neurriak onartzen, ez luze, ez zabal (arau hori zela eta, ez zegoen arku arbotanteak erabili beharrik); kolorezko beirateak eta zoladura ikusgarriak debekatu ziren; ikonografia kendu zen, eta Kristoren gurutzera murriztu. Gurutze formako oinplanoa onartu zen, eta burualde angeluzuzena eman zioten; deanbulatorioa ere angeluzuzena zen, baita kaperak ere. Transeptuak mota bereko zenbait kapera zituen bere bi besoetan. Estalkiak kanoi gangakoak ziren hasieran, eta parpain arkuak izaten zituzten, baina soiltasun handiko gurutze ganga bihurtu ziren. Zistertar estaldura teknikak gotikoaren lehen une hori agertzen du ( proto-gotiko deitzen dena) eta, une horretan, puntu erdiko arku diagonalak egitean, parpain arkuak zorrozteko beharra sortu zen. Barneko arkudura multzo horiek guztiak, zistertar primitiboan, ebaketa angeluzuzeneko nerbio bakunek osatzen zituzten. Zistertar elizak badu nolabaiteko itxura erromanikoa, ez baitu arbotanterik, eta bere euskarriak zutabeak eta kontrahormak baitira; horiek koloma ezarri erdiak dituzte, eta, batzuetan, horman bertan galtzen dira, lurrera iritsi aurretik; angeluetan edo ukondotxoetan, berriz, kolomatxoak dituzte.8 Kapitelak nekez dira figuratiboak, eta, ia beti, landare formez soilik apaintzen dira.

Ikerketa modernoen arabera, Fiteroko Santa Maria monasterioa da Nafarroako zistertar ordenako zaharrena, eta, agian, baita Espainiakoa ere. Egoitza primitiboa Yerga mendian izan zuen. Gero, lekuz aldatu zuten. Azkenean, San Raimundok Nafarroako eta Gaztelako erregeen, aita santuen eta artzapezpikuen babesa lortu, eta Fiteron kokatu zen, monasterioaren behin betiko egoitzan (1152). Hasieran, Gaztelako monasterio bat izan zen. Gaztelako erregeek fundatu eta babestu zuten, eta jabetza nagusiak Gaztelan zituen. Baina laster hasi zen Nafarroaren interesa erakartzen, eta gai horretarako arbitro izendatutako Guido de Bolonia kardinalaren epai batek Tuteraren eta Corellaren lurretako monasterio hori Nafarroarena zela erabaki zuen.9 

Fiteron, zorionez, nahiko egoera onean gorde dira eliza (egun, parrokia), kapitulu gela eta klaustroa. Deigarria da, apaindura gutxi duelako, eta soiltasun hori, zalantzarik gabe, lehen arte zistertarrekoa da. Guztia, dirudienez, 1152 eta 1237 artean eraiki zen, eta, azken urte horretan, Toledoko artzapezpikuak sagaratu zuen (monasterioaren mezenasa izan zen). Gero, Inozentzio IV.a aita santuaren bulda etorri zen, barkamenak emanez, 1247an.

Eliza Espainiako zistertar ordenako eliza handienen artean dago. Bertako girola Veruelako monasterioarenaren antzekoa da, baina soilagoa. Zenbait leiho baketoi jarraitu baten bidez babestuta daude kanpoaldetik, baina ez du ez harroinik, ez kapitelik. Eredu hori Iratxetik eta Santo Domingo de la Calzadatik hartua da. Ganga guztiek gurutzeria bakuna dute, erdiko nabeko lehen zatiek izan ezik (zati horiek, ziur asko, XIV. mendean aldatu ziren). Girolako zutabeak zilindrikoak dira, eta koloma ezarriak deanbulatorioaren alboan baino ez daude. Gurutzeko zutabeek ere koloma ezarriak dituzte, baita landu gabeko orriz apaindutako kapitelak ere. Nabe nagusikoak, berriz, gurutze formakoak dira, ez dute kolomarik eta kapitel soilak dituzte, zeharka jarriak pilastren angelu irtenetan. Fiteroko kapitulu gelan ere apaingarrien soiltasuna da nagusi; kapitelek landare apaingarriak dituzte, estilizatuta edo geometrizatuta. Mendebaldeko portadako kapitelen estilo gotikoa frantsestuagoa da.10 

Gaur egun, Oliba monasterioa Gartzia Ramirez Berrezarleak fundatu zuela onartzen da. Lehen urteetan, elizen eta lurren zenbait dohaintza jaso zituen, eta, horrez gainera, zenbait aita santuk pribilegioak eman zizkioten, jasotako jabetzak berretsiz. Lehen eraikuntza San Jesukristo izeneko elizatxo txiki bat izan zen; batzuek 1140. urtekoa dela diote. Baina dohaintza nagusia Zarrakasteluko elizarena izan zen, lurra eman baitzion 1164an ("ut possint ibi ecclesiam aedificare"), Iruñan Antso Jakituna agintean zela. Eraikina ez zen 1198. urtera arte amaitu; hau da, Antso Jakitunaren garaian amaitu zen. Urte horretako uztailean egin zen eskaintza (ziur asko, burualdearena eta aldarearena soilik), eta urte luzetan jarraitu zuten kapitulu gelako, klaustroko, logelako, errefektorioko eta sukaldeko lanek.

 Eliza erabat zistertarra da: gurutze latindarreko oinplanoa, hiru nabe eta sei zati (kanpoan nabarmentzen dira, kontrahorma handien eta zabalen bidez), transeptua, lau absidiolo zuzen eta burualde erdi zirkularra, Clairvauxekoa bezalakoa. Erdiko nabea 74 m luze da, eta gurutzadura 39 m-koa. Oinarrizko egitura erromanikoa da, baina estalkiarentzat irtenbide gotikoa bilatzen zela nabari da, arku zorrotzek gurutze gangentzat jarritako euskarriak baitituzte. Gurutze formako pilastrek koloma ezarri pareak dituzte aurrealde bakoitzean, zeharkako arkuak eta arku formeroak jasotzeko. Barrualde osoan arku zorrotzak nagusitzen badira ere, gurutzaduratik gertu dauden bi arku formeroak erdi puntukoak dira. Horrek adierazten duenez, alde horretako eta burualdeko lanak XII. mendean hasi ziren.

Eskultura dekorazioa erabat soila da: bi ez beste kapitel guztietan, landareak ageri dira (bi horiek figuratiboak dira, eta laminak eta gruteskoak ageri dira); gaiak bat datoz beti kapitelaren koparekin. Zaharrenak diruditen kapiteletan (burualdekoak eta absideetako kaperetakoak) dago ugarien eta bariatuen fitaria. Koilareak ere ongi zizelkatuta daude: obak, orri muturrak, eskegitako pinaburuak eta abar. Badirudi eskultoreak jatorrizko bernardiar soiltasuna errespetatu nahi izan zuela, gaiari dagokionez, baina ez zuen bere trebezia eta formen edertasunarekiko gustua sakrifikatu nahi izan. Tenpluko kapitel guztietan, abakoak hiru baketoidun molduraren bidez osatu dira, eta gehiago dirudi inposta jarraitua.

Gurutzadurak bost zati ditu; angeluetako koloma exentu fin eta altuek arku zorrotzeko arku formeroak hartzen dituzte. Arku toralak zorrotzak dira, eta moldurazko hiru baketoik osatutako diagonalek plementeria biltzen dute. Gangak, barrualdean, kupula itxura du, eta, kanpoaldera, kanpandorrearen zinborio oktogonal dotorea azaleratzen da. Gurutzadurako kaperak (bi alde bakoitzean) oinplano karratukoak dira, eta gurutzeria zatiak dituzte. Erdiko kapera "San Jesukristoren kapera" primitiboaren kopia zehatza da; kanoi erdi jarraitu zorrotzeko bi zatik eta esfera laurdeneko ganga batek estaltzen dute. Ganga hori lau nerbiodura konbergentek zatitzen dute, eta lurretik ateratzen diren koloma ezarrien gainetik altxatzen dira. Burualde guztia erdi puntuko bost bao eder eta luzek argitzen dute; baoak erabat txaranbelduak dira, eta laprandura luzekoak, eta horrek jatorrizko baoa hirukoizten du. Eguzki atera berriaren argia absidean poliki irristatzen uzten dute. Erdiko nabea pittin bat altxatzen da albokoen ondotik, eta leihateek, halabeharrez, altuera gutxi dute.

Monasterioaren zenbait zatiren apaingarriek (harburutxoak, kapitel jarraitua, etab.) erromanikoaren espiritua badute ere, XIV. mendekoak direla dirudi; elizaren portadako apaingarriek, esaterako.11 

Olibako klaustro ederraren diseinuak urrun du zistertar ordenaren estilo ortodoxoa. XIV. eta XV. mendeetako lana da. Geroago aipatu beharko dugu, Iruñako klaustroaren garaikidea baita, nahiz eta bere lau hormarteetako gangak (bakoitza sei zatikoa) horma zahar erromanikoetan eta kanpoko estribuetan arintzen diren.

 Irantzuko monasterioa Urbasa mendizerraren oinean dago, Lizarratik 8 kilometrora. Fiterokoa bezala, Scala Dei monasterioari (Gaskonia) egindako dohaintzaren bidez sortu zen, eta Pedro de Paris artzapezpikuak fundatu zuen, 1174an. Badirudi leku horretan, lehenik, monasterio aurre-erromaniko bat egon zela, eta, ondoren, beneditar erromaniko bat. Zistertar monasterioak dohaintza asko jaso zituen Antso Jakitunarengandik eta bi Teobaldoengandik. Mende askoan hondatuta egon bada ere, berriki berritu da, eta, egun, aita teatinoak bizi dira bertan. Monasterioaren zati interesgarrienak eliza eta klaustroa dira. Elizak hiru nabe eta buruhorma lauko hiru abside ditu. Gangak nerbiodurez osatuta daude, eta nerbiodura horiek Olibakoek baino profil aurreratuagoak dituzte.12 

Nafarroan lekaime zistertarren beste fundazio batzuk ere izan ziren: Tulebrasen (Espainiako lekaimeen zaharrena), Martzillan (Santa Maria de la Caridad), Lizarran (Nuestra Señora de las Salas); eta egungo Nafarroatik kanpo, baina, ziur asko, Nafarroako erregeek fundatuta, lekaimeen beste komentu bat Barrian (Arabako iparraldean), Burgosko Las Huelgas monasterioaren filiala izana; baina leku horietan ez da zistertar artetzat har daitekeen ezer geratu. Estilo horren ortodoxia eraikin askotara iritsi zen, baita Nafarroan zistertar ordena sartu aurreko eraikinetara edo XIII.-XIV. mendeetan eraikitakoetara ere; esaterako: Iratxeko absidea. Gogora ditzagun batzuk: Iratxeko monasterioko eliza, Tuterako katedrala eta Oliteko Santa Maria .13 

Zistertar arteak Euskal Herriko arkitektura gotikoan sartzera deitzen gaitu. Hemendik bertatik, eta behin betiko, aukeraketa zorrotza egin behar izan dugula adierazi nahi dugu, eta, gotikoari dagokionez (bai Nafarroakoari, bai beste lurralde batzuetakoari), balio artistiko bereziki nabarmena duten eraikinak eta lanak soilik aipa ditzakegula.

Lehen arkitektura gotikoa Nafarroan

XI. mendean eta XII. mendearen hasieran, Euskal Herriko gizartearen oinarri ekonomikoa nekazaritza zen. Lurraren jabe ziren jaunen eta elizako nagusien (monasterioko abadeak, baroiak, jaunak, ahaide nagusiak, etab.) eta nekazarien eta abeltzainen (lurrari lotuta bizi ziren, morroi baldintzetan: nekazari-morroiak, morroiak, etab.) artean, harreman kuasi-feudala nagusitzen zen. Baina, pixkanaka, nekazariek lurrak utzi zituzten, eta XII. mende amaieran eta XIII. mendean sortutako hiribilduetara joan ziren; horrek industriaren eta merkataritzaren garapena eragin zituen, baina baita krisi sozialak eta politikoak ere, Europak lehenago jasandakoak. Euskal Herrian, hiribilduak foruen eta hiri gutunen bidez fundatu ziren, eta, horrek bizitza ekonomikoaren sistema bat eman zion herri xehearen eta erregearen arteko harremanei; landako nobleziarekin izandakoaren erabat bestelakoa.

Baina, aldaketa hori motela izan zen, eta XV. mendearen aurreko garai horretako historialariaren arreta zerbaitek erakartzekotan, gertaera honek erakartzen du: eztabaida soziala iraunkorra zen egoera horretan, gogoa eta bitartekoak zituzten erlijio arte bat garatzeko. Arte horrek berrikuntzak zekartzan irtenbide teknikoetan eta profil estilistikoetan.

Gotiko frantsesa nafarroan

Orreagako kolegiatako elizak gutxienez XI. mendetik zegoen eliza bat ordezkatu zuen. Ostatu garrantzitsu baten eliza izan zen; 1132an, Ibañeta gainetik mendi oinera eta Santiagoko galtzadaren ertzera lekualdatu zuten. Ostatua San Agustingo kalonjeek gobernatzen zuten; erromesei eta gaixoei ematen zitzaizkien zerbitzu onak zirela eta, aita santuaren onarpenak eta pribilegioak izan zituen, baita latindar poema batean XIII. mendeko poeta baten gorespena ere (poeta hori Rodrigo Jimenez de Rada artzapezpikua izan zela uste dute batzuek). Poema horren eskuizkribua kolegiatan dago.

Eliza, dokumentuen arabera, Antso Azkarraren eraikuntza lana izan zen. Elizak hiru nabe ditu. Erdikoa albokoen gainetik altxatzen da, burualde pentagonala du, eta leihate handiak hormetan. Nahiko txikia da; 25 m luze, 18 m zabal eta 15 m altu da. Nabeak bost zatikoak dira, eta diametro desberdineko kolomek banatzen dituzte (0,94 eta 0,72 m, hurrenez hurren); koloma horiek, kapitelen bidez, sei zatiko gangen nerbioak zurkaizten dituzte, hormetara ezarritako kolomatxoetan. Gangen piezakatzea dela-eta harrizkoak direla badirudi ere, adreiluzkoak dira. Torres Balbasen ustez, arkitektoa Frantziako eraikuntza gotikoetan aditua zen frantziar bat izango zen (zehazki, Paris ingurukoa), Orreagako elizak XIII. mende hasierako katedralen ereduei jarraitzen baitie; esaterako: Sens, Noyon, Senlis, Bourges eta Pariskoei. Eliza horiek bezala, Orreagakoak lau arkuko triforio eder bat du zati bakoitzean, eta, horren gainean, arrosa leiho handiak. Parisko katedralean bezala, euskarriak zutabe zilindrikoak dira. Hori izan zen gangaren pisua kanpora ateratzen duten arbotanteak izan zituen lehen eliza Nafarroan.

Eliza erre egin zen (1445), behera etorri zen (1609), konpondu eta aldatu egin zuten. Gertaera horiek guztiek eraldatu egin zuten: sarrerako arrosa leihoa eta tinpanoa ez dira garai hartakoak. Gainera, 1940-45 urteetan, berritzen saiatu ziren, baina, aldaketa horretan, bere edertasun primitiboa galdu zuen: beirate berriak, pulpituak eta aldareak jarri ziren; eta Ama Birjinaren irudiaren gainean, zilarrezko baldakin bat, Gironakoaren kopia. Baina gogoan izan behar da Orreaga penintsulako lehen gotiko frantsesekoa dela, eta Leongo, Burgosko eta Toledoko katedral handiak geroagokoak direla, "gothique rayonnant" deitzen zaion epekoa.

Orreagako eliza eredu ere izango zen,14  Zangozako Santiago haren imitazioa baita. Eliza horren barrualde erromanikoa aldatu egin zen hein batean, ebaketa zirkularreko zutabeak sartzean. Zutabe horietan kolomatxo ezarriak daude zurkaiztuta, gangaren nerbioak jasotzeko, zati angeluzuzenekoak (ez sei zatikoak, Orreagan bezala). Bao batzuetan idi begiak daude, eta, beste batzuetan, mainela eta trazeria soila. Aguilar de Codesko San Bartolome ermitako absideko gangan zistertar estiloaren nolabaiteko eragina hautematen da, baita mendebaldeko fatxadako horma piko gogorrean ere.

Pirinioen iparraldeko Baskonian eraikitako eraikin gotiko bikainena Baionako katedrala da, zalantzarik gabe; hau da, Lapurdiko hiriburukoa (antzinako Lapurdum). Lurralde horrek mende bat eta erdi zeraman ingelesen mende, Goiz Erdi Aroko katedrala ordezkatuko zuena egiten hastean;15 baina ez zen Ingalaterra izan eraikin berriari bere ukitua eman zion bakarra.

XIII. mendean hasi zen eraikitzen (1258an izandako sute baten ondoren), baina eraikuntza nagusia XIV. mendekoa da, estilo gotiko rayonnant ekoa. Kanpoaldea erabat gotikoa da. Gurutze latindarreko oinplanoa du, baina kanpoaldetik ez da hautematen, alboetan erantsi zaizkion kaperak direla eta. Itxuraz handia da: 80 m luze eta 33 m zabal, eta ganga 26,50 m-ko altuerakoa. Hiru pisuko zazpi zati ditu. Iparraldean, sei kapera eta bataiategia erantsi zaizkio. Hegoaldetik ere handitu zen tenpluaren espazioa, eta klaustroko lau hormarte egokitu ziren, kapila bakar bihurtzeko (San Leon), eta elizan barneratu zen; eta beste zati bat ere (besteak baino zabalagoa, gurutzeko eskuin hegalekoa zelako) klaustroari lapurtu zitzaion, sakristia bihurtzeko. Elizako arkuteria baxuaren gainetik triforio bat dago, eraikinaren luze-zabalean. Atzetik, Errenazimentuko beirate ederrak daude, XIX. mendean berrituak. Gangetako giltzarri batzuetan, Ingalaterrako koroaren armarriak daude (hiru lehoinabar), eta, beste batzuetan, Frantziako lirioak. Burualdea Soissonsgo katedralean inspiratuta dago, Lambert-en ustez. Lau angeluko bi kaperak (bat alde bakoitzean) eta bost kapera poligonalek osatzen dute, eta deanbulatorio batek elkartzen ditu. Horren aurrean, lau kolomatxo ezarriz osatutako sei zutabek inguratzen dute presbiterioa. Klaustroaren iparraldea elizako espazioak jan du; hiru hegal ditu, eta multzo homogeneo handia osatzen dute.

Baionan, Saint-Esprit kaperaren hondarrak ere aipagarriak dira. Erromesentzako eta bidaiarientzako erietxe eta guzti eraiki zen, Aturri ibaiaren gainean zubi bat eraiki zela eta. 1483an, Luis XI.ak kolegiata bihurtu zuen, eta guztia berritu zen; hori dela eta, ezin dezakegu jakin nolakoa zen jatorrizko kapera gotikoa. Pirinioen iparraldean bertan, Oloron- Sainte-Marieko katedrala16 ere aipagarria da. Hor, Baionako katedraleko plano bera eta burualdeko kapera erradialen batura hauteman daitezke. Aipamena bederen merezi du, hemen, bai hurbiltasun geografikoagatik, bai Biarnoren eta Nafarroa Beherearen arteko ohiko harreman politikoengatik eta kulturalengatik.

Beste eraikin gotiko batzuk

Gotikoaren historialari Elie Lamberten arabera, erromatar artea indartsu barneratu zen Espainiako iparraldean eta mendebaldean "hasta tal punto que Navarra permanecerá fiel a él prácticamente hasta el siglo XIV".17 Eta egia da, zistertar ordenako elizak eta Orreagakoa alde batera utzita, Euskal Herriko tenplu gotiko zaharrenak XIII. mendearen azken urteetan hasi zirela egiten. Hemen, gure arreta merezi dutenak aipatuko ditugu, horiek eraiki ahal izan ziren garaiaren arabera ordenatuta.

Zerrenda horretako lehena Oliteko Santa Maria da, eta aipatu berri dugu zistertar ordenaren nolabaiteko eragina duela. XIII. mendeko lehen herenean hasi ziren eraikitzen (1243. urtean dokumentatuta dago), eta eraikuntza lanek mende osoan iraun zuten. Nabe bakarra gurutzeria bakuneko lau zatiz estalita du, eta gurutzeria ganga hori ebaketa angeluzuzeneko nerbio indartsuek osatzen dute. Eraikinaren oinean dagoen koruko gurutzeria ganga ere gotikoa da, aurrerapen handiagoa nabaritzen bazaio ere (ziur asko, 1300 ingurukoa da), eta gainerakoa baino altuago dago jarrita. Kapera nagusia hiru baketoiko nerbioz apaindutako ganga batek estaltzen du, eta hori zistertarren flora oroitarazten duten landarezko kapitelez errematatutako zutabetan dago. Eliza palazio multzo baten barruan geratu zen, eta, hori dela eta, kanpoaldeak ez daude exentu, burualdea (gazteluan erabat sartuta) eta fatxada izan ezik. Fatxadaren behealdean portada gotiko ederra dago, turuta portada, eta eskulturak babesten dituzten hiru lobuluko arkuen friso bat du.

Iruñan, San Saturnino (San Zernin) eliza bereziki interesgarria da. Historialariek horren originaltasuna azpimarratu izan dute.18 XIII. mendearen azken laurdenean hasi ziren eraikitzen (1276-1297), Nafarreriako gerra amaitu eta berehala. Baina ez dago horri buruzko dokumenturik. Nabe bakarra du, baina oso zabala (15,30 m); nabeak bi zati ditu, sei zatiko gangez estalita, eta 25 m-koa da. Burualde handiak nabearen zabalera bera du, eta pentagono handi bat marrazten du; pentagono horretan bost kapera daude. Erdikoa besteak baino handiagoa da; erdiko horren ondoko bien oinplanoak poligonalak dira; beste biak, berriz, karratuak, eta dorreak dituzte gainean (ziur asko burguen arteko gerraren oroigarri). Erdiko kapera leihate handiek argitzen dute, eta badirudi arrosa leiho primitiboa ordezkatu zutela. Beste kaperak itsuak dira, eta forma poligonala kanpoan nabaritzen zaie.

 Artajona da Erdi Aroan Nafarroako lurretan eraikitako gotorleku askoren artean oraindik ere harresi ikaragarria duen gutxietako bat. Hugo de Conques artzapezpikuak tenplu erromaniko bat eraikiarazi zuen, 1100. urtearen inguruan, baina tenplu hori bota egin zuten, titulua eta funtzioa tenplu gotiko bati emateko. San Saturnino del Cerco eliza-gotorlekua XIII. mendean hasi zen eraikitzen, harresiaren zati gisa. Nabe bakarra du, zabala eta liraina, eta kapitelak galdu dituzten koloma ezarrietako eta sortakatuetako gurutze gangak estaltzen du. Burualdea poligonala da, arku zorrotzeko hiru leihate ditu, eta alboetan kapitel ikonikodun kolomatxoak.

XIII. mendeko eliza batzuek historialarien arreta erakar badezakete ere, gehiago erakarriko dituzte arkeologoak, nahiko hondatuta baitaude. Aztarna garrantzitsuak utzi dituzten batzuk aipa ditzakegu: Vianako San Pedro (1250. urtea baino geroxeago hasia); Lizarrako Santo Domingo (1258an fundatu zuten, nabe bakarra zuen, eta diafragma arkuak); Lizarrako Hilobi Santua (1272koa, hori ere nabe bakarrekoa). Nafarroako gotikoko nobedadeak izan ziren, halaber, tenplutik banatuta eraikitako defentsa dorreak: Iruñan (San Zernin eta San Nikolas) eta Laguardian (San Joan Bataiatzailea eta Santa Maria). Garai horretakoak dira kanpandorreetako geziak ere; esaterako: Oliteko San Pedron . Eta ezin dira ahaztu XIV. mendean lan gotikoez osatutako zenbait tenplu erromaniko; esaterako, Leireko eta Ujueko Santa Mariako nabeak.

XIV. mendean, nabe bateko elizak ugaritu ziren Nafarroan; esaterako: Casedan, Amunarrizquetan, Villatuertan, Urzainquin, etab. Mota horretako elizak egin ziren XV. mendean ere.

Iruñako klaustroa

Iruñako katedrala eta klaustroa aipatu aurretik, gogorarazi behar da katedralean, harlanduzko lanez gain (XII. mende hasierako lan erromanikoa), tenplua baino lehenagoko arte gotikoaren hondarrak geratzen direla; esaterako, Pedro de Roda jaunaren kapera txikia. Nabe bakarra du, burualde karratua, eta giltzarri gabeko eta zeharkako arku zorrotzeko nerbio gurutzatuko gangak (XIII. mendea). Klaustroa inguratzen duten beste pieza batzuk ere geratzen dira; esaterako, sukaldea eta errefektorioa . Sukaldea oso handia da, ganga oktogonala du, eta tximiniak erdian eta angeluetan; obra ikaragarria da, Espainian parerik gabea. Errefektorioak (egun katedraleko museoa) zabalera garrantzitsua du, zortzi leihate estu eta luze, sei alboetan eta bi buruhorman, arrosa leiho baten alboetan; lau zatiko gangak estaltzen du. Sala handi horrek 1330eko latindar inskripzio bat du; hau da, Barbazan artzapezpikuaren garaikoa. Hari zor zaizkio klaustro berriaren bi hegal.

 Klaustroaren eraikuntza aldi luzea ere Iruñako katedral berria baino lehenagokotzat hartu behar da. Lanak 1280an hasi ziren,19 eta lan horretan jarraitu zuten XIV. mendean ere. Barbazan artzapezpikuak (1317-1355) kapitulu gela izan behar zuena egin zuen, eta bertan lurperatu zuten; gela ederra da, eta, gaur egun, "Barbazana kapera" deitzen zaio (c. 1319). Izar ganga oktogonal batez estali zen; hori Toledoko katedraleko San Ildefonsoren gaztelau kapera oktogonalen balizko aurrekaritzat har daiteke.20 

Iruñako klaustroak 38 metroko aldeak ditu, eta karratu ia perfektua osatzen du; galeria bakoitzak zortzi zati ditu (angeludunak kontuan hartuta), eta erdiko seiek leihate handiak dituzte lorategirantz begira. Gangak ia 9 metro luze dira, eta, batez beste, 5 metro zabal.

Iruñako klaustroaren ikerketa deskriptibo eta historiko osatuena eta dokumentatuena egin dutenek21 lau etapa bereizten dituzte. Lanei ekialdeko hegaletik ekin zitzaien, eta iparraldeko hegalaren erdiraino iritsi zirela dirudi; leku horretan agertzen da diseinua primitiboen: bozel bikoitzeko zutabeak, lau lobuluz apaindutako oinaldeak eremu perimetralean, eta hiru lobuluko arkuak aurkakoan; landare apaingarrizko arkiboltak; kapitel historiatuak; eta leihateetako trazeriak, zati bakoitzean hiru mainel oso finek eusten diela (erdikoa zertxobait lodiagoa). Horietan, bost arku zorrotz oinarritzen dira; forma bereko beste batek hartzen ditu binaka, eta hiru arrosa leiho ere baditu. Diseinuak lehen gotikoko eredu bakunari, arinari jarraitzen dio. Arkuarteetan, geroago, arkuteria itsuak jarri ziren. Bigarren etapa Barbazan artzapezpikuak sustatu zuen, ziur asko (1318-1355). Etapa horretan, iparraldeko hegala amaitu eta mendebaldekoa hasiko zen. Zutabeek bozel bikoitza galdu zuten, eta gangetako nerbio guztien baturaz osatu ziren; trazeriak konplikatu egin ziren, idi begi eta forma zirkular gehiago hartu zituzten; arkuteriak apaintzen zituzten arkutxoei animazio gehiago eman zitzaien, eta, maila horren gainean, klaustro guztian zehar karel kalatua ezarri zen. XIV. mendearen azken herenera arte iraun zuen hirugarren etapak, eta garai hartakoa da iparraldeko hegala. Berrikuntzarik handiena arkuteriako arkutxoetatik igarotzen diren gableteak dira. Erlaitzarekin eta karelarekin gurutzatzen dira, eta marrazki kalatuen tinpano triangeluar txikiak sortzen dituzte. Urte horien bueltan erabaki zen klaustroaren gaineko egitura eraikitzea, eta lan horrek 1472 arte iraun zuen. Bertara eskailera helikoidal batetik joaten da: eskailera begi ederra du, eta grazia handiko karel kalatua. Klaustroko obrak denbora luzean egon ziren geldituta, arrazoi hauengatik: 1348ko izurri bortitzaren ondorioengatik, mende amaiera horretako gertaera politikoengatik, eta 1391n katedral erromatarraren burualdea erori zelako. XV. mendea aurrera zihoala hasi, eta XVI. mendean amaitu ziren. Azken epe horretan (1492?-1507), klaustroa amaituta zegoenean, mendebaldeko hegala apaindu zen arkuteriez, karelez eta gabletez. Honela dio Azkaratek horri buruz: "uno de los mejores ejemplos de la arquitectura gótica en esta fase manierista". Eta, Lamberten eta Torres Balbasen iritziz, "ningún claustro francés puede competir con el de Pamplona".

Arkitektura militarra nafarroan

Nafarroan, gotikoan zehar, arkitektura militarra oso ugaria izan zen, eta tipologia askotakoa: mugak babesteko gazteluak, seinale dorreak, balizko inbasio batetik defendatzeko gazteluak, dorre-gotorleku itxurako eta egiturako jauregiak, etab. Gaztelu asko. "Tal vez más de trescientos castillos" idatzi zuen gai horretan espezialista den Jose M. Recondok.22 

Nafarroako gazteluaren eskema arkitektonikoa oso ezaguna da: dorre handi bat, erantsitako eta askotan elkarri itsatsitako barrundegi txikiagoz inguratua: "a la torre sencilla del siglo XI y XII, que puede quedar como Homenaje, le nacen otras torres menores a los costados; cortinas y polígonos amurallados cierran recintos y dejan al exterior fosos con poternas y rastrillos" (J.M. Recondo). Neurri nabarmenekoak eraiki ziren, harlanduzko lan oneko hormez, gezileihoak, kanoi zuloak eta matakanak zituztela, altuera egokian. Nafarroakoak erregeenak eta nobleenak ziren; hasieran, dorre isolatuak ziren, esaterako: Longida ibarreko Aiantzeko almena ederdunak eta Celigüetakoa , angeluetan kubo zilindrikoak dituena. Baina, geroagoko gazteluetan, angeluetan defentsa kuboak zituen harresi handi batez inguratu zen dorrea. Gogoratu, adibidez, Xabierko gaztelua, berritua.

Eraikin horien oinplanoei buruzko dokumentazio zehatzik ez badago ere, eta barruko espazioaren banaketari buruz ia ezer ez badakigu ere, horietako batzuen zehaztasun batzuk ezagutzen ditugu; adibidez, badakigu Zangotzako gazteluak, 1390ean, honako hauek zituela: "una puerta principal con garita encima, una barbacana (muro bajo), alrededor del castillo, tres torres en las esquinas, una cámara alta y una gran sala".23  Garañoko dorrea babesten zuen itsu leihoan ere hiru dorre zeuden. Tiebasko gaztelua Teobaldo II.aren erregealdikotzat hartzen da (1253-1270), eta haren hondarrek XIII. mendean babesteko eraikitako errege gazteluen berri ematen dute: patio baten inguruan eraikitako oinplano angeluzuzeneko eraikin gogorra. Halakoa izango zen Oliteko gaztelua ere, lehen garaian.

Arkitektura gotikoa Araban

Logikaz, eta kronologiari jarraituz, Laguardiatik hasiko gara, hiribildu hori Nafarroarena izan baitzen, 1461ean Gaztelak inbaditu zuen arte. Gotikoko lehen fase horretan, erlijio eraikinek oraindik ere ez zituzten erabat baztertu aurreko aldiko defentsarako elementuak. Araban eta Nafarroan, "murallas, templos y urbanismo obedecen a un mismo plan". Hori gertatzen da, adibidez, Laguardian, Agurainen eta Gasteizen, "cuyos emplazamientos, magistralmente situados, aprovechan la topografía para su defensa y, ubicados en cerros, dominan óptica y estratégicamente la zona circundante".24 

 San Joan Bataiatzailearen parrokia estilo erromanikoz hasi eta gotikoz amaitu zen. Gero, hainbat estilotako gehigarriak jarri zitzaizkion; baina eraikinaren zati nagusia XIII. mendekoa eta XIV. mende hasierakoa dela esan daiteke. Hiru nabeko tenplua da, eta, XVI. mendean, beste bat gehitu zitzaion, iparraldean. Zati desberdinak ditu, gurutzeria soilez estaliak, koruko erdiko zatia estaltzen duen tertzeletakoa izan ezik. Arrosa leiho ikaragarri bat du (3,40 metroko diametrokoa), ziur asko, XIV. mendekoa. Fatxadan zegoen, baina, gero, horma artean sartuta geratu zen Nuestra Señora del Pilar kapera ikaragarria eraiki zenean. Arrosa leiho berezi hori hiru zirkulu zentrukidek inguratuta dago, eta lau lobuluko zirkuluz osatuta. Hiru abside kaperen leihateak luzeak dira, XIII. mendean izaten ziren modukoak, eta kontrahorma sendoen artean altxatzen dira.

Ateetako baten gainean defentsa militarrerako dorrea altxatzen da. Tenplutik kanpo geratzen da, baina tenpluari itsatsita.

 Santa Maria de los Reyes elizak ere aldaketa asko izan zituen, eta, San Joan Bataiatzailea bezala, erromanikotik gotikora igaro zen. Koruaren atzeko hormako koloma ezarriak, zenbait zutabe eta koruko eskaileraren gaineko arku zorrotzeko leihate bat trantsizioko erromanikokoak dira. Egun, eliza hori handia da, hiru nabekoa; gotikotik beheko bi zatiak gorde dira; XVI. mendean, goiko beste zati bat eta burualdea desagertu ziren, Errenazimentuko obra baten bidez ordezkatzeko. Erdi Aroko nabeak tertzelete gangek estaltzen dituzte. Obra XIV. mendearen amaiera aldera amaitu zen, portada eder baten bidez. Portadari turuta arku handi bat jarri zioten, oso zorrotza, eta bost arkibolta. Apostoluen irudien gainean, historiatutako tinpano bat dago. Bi ate ditu, arku eskartzanokoak eta hiru lobulukoak. Eta mainel ederra, Ama Birjinaren irudi eder eta guzti. Atari hori guztia XVI. mendean itxi zen, eta izar gangaz estalitako kapera osatu zen.

 Gasteizko Andre Maria katedralari "Katedral zaharra" ere deitzen zaio, eta hori da Araban egindako eraikin gotiko ederrena. Egungo eraikinak Antso Jakitunak 1181ean hiri gutuna eman berritan eraikitako tenplu erromanikoa ordezkatu zuen. Leku estrategikoan zegoen, burgu zaharreko goi lautada estu baten iparraldean, eta, horregatik, tenplua gotorleku baten osagarria izango zela peNtsatu izan da. Urte hauetan egiten ari diren indusketak eliza epromaniko primitiboaren azpiko kripta azaleratu Dute, eta horrek eraikina GasteiZ zaharreko harresia baliatuz eraiki zela erakusten du. Eliza gotorlekua zen, eta Erdi Aroko eliza gotorlekuetan izaten zen erroNda ingurabidea salbatu da, perimetroaren zati handi batean (ipapraldean).

Gaur egun ikus dezakegun eliza ez dago dokumentaturik 1350. urtea arte, arraroa bada ere. Eliza horren lanak Alfontso X.a Jakitunaren erregealdian hasiko zireN, 1340-1345 urteen artean. Eraiiina estali aurretik, liturgia elizkizunak bermatzeko, kapera osAgarri bat egin Zen (1390-1400). Kapera horrek, egun, parrokia baten funtzioak betetzen ditu. Tenplu nagusia Andre Mariari eskainita dago; 1498an, Kolegiata izango zen (Armentiakoaren lekualdatzeagatik) eta, 1861ean, katedrala. Hiru nabe ditu, oinplAnoan gurutze naBarmena, eta hiru zati alde bakoitzean. Besoetan bi kapera daude alde bakoitzean, zistertar estilokoak, eta hirugarren zatian -trapezoidala-, girola hasten da. Gurutzetik abiatuta, nabeek bost zati dituzte sarrerarantz; buruhormaren aldetik, bost zatiko girola hasten da (aipatutako hastapeneko biak barne), eta hiru kapera pentagonal irekitzen dira absidean. Nabeen aldeetan, kontrahormen artean, sakonera gutxiko kaperak irekitzen dira.

Zutabeek zirkulu oina dute, eta gangetako nerbioekin bat egiten duten koloma ezarriak. Euskarri horiek erori egin zirenez (gaur egun ere ikus daiteke), eraikinaren sendotasuna bermatu egin behar izan zen. Pilastra guztietan arku beheratu euskarriak jarri ziren, baina horrela ez zen euskarrien liraintasuna eta gangen edertasun bateratua nabaritzen. 1962 eta 1964 urteen arteko berritze lanak erdiko nabeko lau "trabes eskorako arku" horiek kentzeko egin ziren. Hogeita hamar urte geroago, badirudi katedralaren egiturak berriz ere kalteak izan zituela, eta, egun, katedrala sendotzeko lan berriak egiten ari dira.

Ia kapitel guztiak landare estilizatuz beteta daude. Gangak gurutzeria bakunekoak dira. Katedraleko elementu berezienetako bat triforioa da, estuegia andito izateko (50 cm); tenpluaren perimetro osoa zeharkatzen du, hiru lobuluko arkuen, lauostoko karelen eta multzoa biltzen zuten molduren bidez.25 Tenpluan sartzen denak nekez ahaztuko du argitasunak eta nabeko arkuteria altuen eta triforioaren eta arrosa leihoen konbinaketa zuhurrak eragiten dion inpresio estetikoa (kanpotik begiratuta duen bloke itxi itxurarekin alderatuz gero).

Batek pentsa dezake proportzio oneko triforio batek Andre Mariaren barrualdeari ematen dion edertasunak inspiratu ahal izan zituela Gasteizko San Pedro elizaren egileak. Tenplu hori Andre Maria oraindik egiten ari zela hasiko zen. Eliza hori 1257ko dokumentuetan ageri da, baina baliteke aipatzen den hori egungoa baino lehenagoko eliza bat izatea, zati batean bederen. Hiru nabe oso labur ditu, hiru zatikoak baino ez, gurutzaduratik aurrera. Horrek bost zati ditu, eta gurutze ganga soilez estaltzen dira, korua eta gurutzadurako hegoko muturra izan ezik, tertzelekoak baitira. Burualdea originala da, gurutze formako oinplanoko hiru abside kaperei laugarrena erantsi baitzitzaien Ebanjelioaren aldetik, eta, horrela, laugarren nabe bat osatu zen. Erdiko abside kapera heptagonala da; beste hirurak, berriz, pentagonalak. Lau kapera horiek leihate luzangak dituzte, eta, kanpoaldean, kontrahorma handiak. Gurutzadurako ezkerreko aurrealdean, triforio bat du; horrek katedral zaharreko hiru lobuluko baoen eta lauostoko karelen kopiak ditu. Burualdeko eta gurutzadurako zutabeek nukleo oktogonal bat dute, lau kolomatxo ezarri eta guzti. Kapiteletan, apaingarri fitarioak nagusitzen dira, nahiko errealistak; erromanikoaren eragin sakona duten animalien irudiak ere ageri dira.26 

XIII.-XIV. mendeetan zehar, zenbait eliza gotiko eraiki ziren, baina horietako batzuk desagertu egin dira; esaterako: San Ildefonso (Gaztelako errege Jakitunak fundatua), eta domingotarren eta frantziskotarren komentuetako elizak. Iraun dutenen artean, aipamena honako hauek merezi dute: San Migelek -Andre Mariarena bezain zaharra bada ere, XV. mendean zehar eraiki zen, eta berriztatu eta aldatu egin zen ondorengoetan-; eta San Bizentek -hiru nabeko eliza da; XV. mendean hasi ziren lanak, eta, hurrengo mendean, hallenkirchen edo Euskal Herriko areto elizen eredura egokitu zen-.27 

Arkitektura gotikoa Bizkaian

Bizkaian eta Gipuzkoan, gotikotik iritsi den ia guztia XIV. mende amaierakoa edo hurrengo mendekoa da. XVI. mendean ere, Euskal Herriko zenbait egilek formula gotikoei atxikita jarraitu zuten. Bizkaitik hasiko gara, baina tenplu handienetara eta garrantzitsuenetara mugatuko gara.

Bilbaon Santiago jauna gurtzen zen, XIII. mendean behintzat, oraindik Begoñako portua baino ez zenean. Portuko auzoa hiribildu bihurtzean, 1300. urtean, eliza eraikitzen hasi ziren, baina ez mende erdialdera arte. 1379an, handitzea erabaki zuten, eta, 1404. urte inguruan, gaur egun ikusten den moduan geratu zen. Denboraren poderioz pilatu diren elementu ugariek (kaperak, portadak, arrosa leihoak, etab.) ez diote apenas eragiten arkitektura gotikoaren purutasun inpresioari. Hori da Euskal Herriko tenplu gotiko handiena, eta, azken garbiketa eta berrikuntza direla eta (1997-2000), baita Euskal Herriko eraikuntza tipikoen edertasun soileko monumenturik duinena eta esanguratsuena ere. Lau zatiko hiru nabe ditu, kapera baxuak kontrahormen artean, eta zati trapezoidaleko eta triangeluarreko girola bat. Azken horiek hiru nerbioko gangek estaltzen dituzte, eta koloma ezarriak dituzten zutabe zilindrikoetan oinarritzen dira. Gurutzadurako zeharkako nabea altxaeran soilik nabarmentzen da. Triforio batek nabe nagusiko, presbiterioko eta gurutzeko besoetako paramentuak apaintzen ditu. Triforioa itsua da kanpora; barrutik, arkutxo askoz egindako trazerien bidez apainduta dago. Marrazkiak ia Gasteizko katedralekoen berdinak dira; goian, leiho handiak, trazeria konplexudunak. Gangetan nerbio diagonal bakunak, presbiterioko eta gurutzeko erdiko zatikoetan izan ezik, tetzeleteak eta loturak baitituzte. Arbotanteek egonkortasuna ematen die gorengo gangei eusten dieten zutabeei.28 Trapezoide eta triangelu zatitan banatutako girolaren berezitasuna nabarmendu izan da; lotura aurki daiteke horren eta Hispaniako zenbait katedraletakoen artean, baita Normandiako zenbait elizatakoen artean ere.29 Tenpluaren ezkerrean dago klaustroa, gurutzeriadun ganga itxurako lau hormartez inguratuta, eta patio karratu batera agertzen dira, trazeria flamigelatuz edertutako leihate handien bidez.

Eraikitze datagatik eta elementu apaingarri batzuen estilistikatik San Anton parrokia gotiko berantiarreko kapituluan aipatu beharko balitz ere, barruko soiltasunak eta Santiago katedralarekin dituen egitura eta forma antzekotasunek gehiago lotzen dute XIV. mendean eraikitako Bizkaiko elizekin. Ibaitik oso gertu zegoen, eta horrek eraikuntza baldintzatu zuen. Horregatik du bloke trinko eta batu baten itxura, ia koadroa (32 x 28 m), areto baten modukoa; geroago, iparraldetik luzatzen saiatu ziren, hiru kapera erantsita. Tenpluak hiru nabe ditu; erdikoa alboko nabeak baino zabalagoa eta ia bi aldiz altuagoa da. Kokapenaren zailtasunak zenbait anomalia eragingo zituen, ez nabeek ez lau zatiek ez baitute neurri bera; ez du absiderik, eta barruko frontisa horma zuzen soilaz ixten da. Zutabeak kolomatxo eta pilastratxo ezarridun nukleo zilindriko handi batek osatzen ditu; haiek parpain arkuei dagozkie eta hauek formeroei. Kapitelek troxa lisoa osatzen dute taulamentutzat. Erdiko nabeak tertzeletezko gangak ditu; albokoak, berriz, gurutzeria sinplekoak dira. Bizkaiko beste eliza batzuek bezala, San Anton elizak triforio itsu bat du, eta lauostoko karela duen hiru lobuluko baoek definitzen dute; andito izateko, estua da, Bizkaiko beste eliza handietan gertatzen den moduan: 60 cm ditu. Goiko baoak arku zorrotzeko irekidura handiak dira, lau geminaziokoak eta trazeria handikoak. Tenplua ez zen estali eta amaitu 1500. urtera arte. Orain dela gutxi, azkar eta sakon berritu behar izan dute.

 Lekeitioko Santa Maria da Bizkaiko eliza gotikoenetako bat. Muino baten gainean dago, itsasoaren aurrean, Bizkaiko Jaunen jauregitik eta portura zeraman atetik gertu. Horrek guztiak ongi azaltzen du hasieratik eman nahi izan zitzaizkion zabalera, sendotasuna eta gogortasuna (bost nabe), eta, oraindik ere, eutsi egin dio horri, nahiz eta XV. mendean eta, azkenik, XIX. mendean lanak egin zaizkion.

Egun, hiru nabe ditu, lau zatikoak, eta kapera ilara bat alde bakoitzean, kontrahormen artean. Baina 1882-1883 urteetako birmoldaketak aldaketa garrantzitsuak eragin zituen. Ebanjelioaren ondoko kaperak kanpoko atari bihurtu ziren; alboko bi abside desagertu, eta girolan xurgatuta geratu ziren; sakristia, lehen, Ebanjelioaren aldean, absidearen atzean zegoen, baina Epistolaren ondora eraman zen. Hiru absideetatik, erdikoa soilik dago gaur, eta pentagonala da. Bilbaoko bi eliza gotikoen sistemari jarraitzen dion triforio bat du: hiru lobuluko arkuak, erdi puntuko arkuetan inskribatuta, lauostoko karel baten gainean.

Lekeitioko elizak ez du gurutzadurarik. Estaldurari dagokionez, absideko ganga erradiala da; girolakoak lau zatikoak dira, trapezio diseinu behartuaren gainean; erdiko nabeko lehen zatia estaltzen duenak lau zati ditu, eta luzetarako lotura bat; gero, bi izar ganga eta tertzeleteko bat; gainerakoak gurutzeria bakunekoak dira. Xehetasun bitxi bat aipatzearren, eraikina okertuta dagoela nabarmendu behar da; izan ere, atzealdeko ardatza iparralderantz okertzen da.

Kanpotik ikusita, Lekeitioko eliza indar handikoa da, pinakuluak dituen arbotante bateria bikoitzagatik eta bere dorre-ezkilategiagatik (eraikuntza historia luzekoa); hori oso sendoa da, eta Epistolaren aldeko arbotanteei eusten die.

Burualdearen forma dela eta, Elie Lambertek Gaztelako katedralen eragina duela dio, bereziki, Cuencakoarena; baina, beste batzuen iritziz, eragin zuzenagoa du Gasteizko San Pedro elizarena.30 

Arkitektura gotikoa Gipuzkoan

Euskal Herriko lurralde txiki horretan, Getariako San Salbador da lehen epe horretatik iraun duen eraikin gotiko garrantzitsuena (bakarra, esan liteke). Eliza hori egiteko, Torres Balbasen ustez, Bilbaoko San Antonen inspiratu ziren. Ospetsua da, barruan (lehenagoko tenplu batenean) 1397ko Batzar Nagusiak ospatu zirelako. Batzar horietan, Gonzalo Moro Korregidore ospetsuaren presidentetzapean, antzinako foru legeriaren oinarriak onartu ziren, eta Ordenantzak promulgatu, bandokideen gehiegikeriei aurre egiteko. Egungo elizak ere merezi du ospea, barnealde ederra eta itxura berezia baititu.

Egungo eraikina 1420. urtean amaituta zegoela esaten da, eta XIV. mendearen hasieran hasiko zen. Tradizio erromanikoko zutabeak erabili ziren; horiek dira, alboko bi nabeekin batera, tenpluko elementurik zaharrenak. Hiru nabe ditu, erdikoa besteak baino altuagoa -20 m altu, 31 luze eta 10 zabal-. Nabeak hiru zatikoak dira, koloma ezarriak dituzten zutabe zilindrikoek bereizten dituzte, eta gurutze gangek estaltzen (bakunak alboetakoak, eta izardunak erdiko nabekoak). Ganga horiek giltzarriak dituzte amaieran: erliebedun busto formako lore handiak. Arku zorrotzen bultzada (dagozkien hormako pareta hortzetan jasoak) kanpoko kontrahorma liso batzuek jasotzen dute, arbotanteen bidez, estilo gotiko klasikoenaren arabera.

Eliza horren ezaugarri originaletako bat presbiterioaren kokapen altua da. Presbiterio horretara, 14 mailako alboko bi harmailadiren bidez igotzen da. Triforioa ere deigarria da, handitasunagatik; buruan dituen arkuteria kalatuen bidez, erdiko estalduraren altuera hartzen du. Baina ezaugarririk txundigarriena oinplanoaren trazatu irregularra da, hormak ez baitira paraleloak, eta simetrikoki ez datoz bat eraikinaren luzerako ardatzarekin; hori dela eta, hormen banaketa handiagoa da oinean burualdean baino. Horren eta oinen artean, gainera, metro bateko desnibela dago, sarrerako hegoaldeko sarrerarantz beheraka jarrita, hori kalearen maila berean egon dadin. Sarrera nagusiko ate hori (egun, barrokoa), kanpoko atari batek babesten du. Atariaren gainean dorre bat dago, bost gorputzek egituratua; oinarria angeluzuzena da, baina oktogonal bihurtzen da goiko mailan, kanpaiak dauden lekuan. Getariako elizak asko sufritu zuen 1836ko gerra karlistan, eta sute batean Andres de Araozen aulkiteria eta erretaulak galdu ziren. Berriki berriztatu da.

Lehen gotikoko monumentu arkitektura

XII. mendearen azken urteetan, naturari begiratzeko eta kristautasunaren egia historikoak sentitzeko modu berri bat sortu zen Europan. Arkitektura sakratuari dagokionez, irudi naturalaren edo gertaera historikoaren erreprodukzio plastikoek beren kasa balio izateko beharra sentitu zen; ez zitezela izan eraikuntza multzoaren apaingarri soilak. Katedraletako atarietako eskultura autonomia hartzen hasi zen; estatua bihurtu zen, eta bazirudien apaingarri huts zen lekutik jaisteko eskatzen ari zela, arreta erakartzeko eta gurtzarako gaia izateko. Marko arkitektonikoaren mende egotearen legea -arte erromanikoarena-, beraz, autonomia plastikoaren legeak ordezkatu zuen. Hori izan zen eskultura haren ezaugarri nagusia: erliebe apaingarri izateari utzi, eta eskultura "exentu" edo "mukuluzko" deitzen hasi zitzaion. Aldaketa hori, ordea, ez zen bat-batekoa izan. Lehen gotikoan edo gotiko klasikoan, eskulturak bere kasa hartu zuen balioa, baina apaingarri funtzioa erabat galdu gabe. XIII. eta XIV. mendeetan, "mukulu biribileko" dei dakiokeen estatuagintza aurkituko dugu, baina, bestalde, eskulturaren zati handi bat ezin da "exentutzat" hartu, izen horrekin apaingarri helburua erabat kendu nahi bazaio behintzat, askotan gure elizetako portaden eta paramentuen funtsezko apaingarriak baitira.

Gure katedral bikainetan ez ezik -Baiona, Iruña, Bilbao eta Gasteiz-, beste eliza batzuetan ere aurkituko ditugu estilo gotikoko eskultura bikainak. Orain giza irudia da historialariaren arreta eskatzen duena, apaindura soilaren beste ezaugarri batzuen gainetik. Baskonian iruditegi gotikoa lotsati eta bakun agertu zenerako, Giovanni Pisanoren Bertuteek sendo eusten zioten Pisako pulpituari, eta Parisko, Chartresko eta Reimsko katedraletako atarietan patriarkak eta profetak irrika zeuden. Euskal Herriari dagokionez, zalantzarik gabe, Nafarroan agertu zen lehenik, 1234tik Frantziako dinastiak gobernatutako lurralde horretan, iparraldeko erromesek Santiagorantz joateko igarotzen zituzten lekuetan.

Lehen eskultura gotikoa Nafarroan

F. Iñiguezek eta J. E. Urangak Mendabiako Nuestra Señora de Legarda ermitan ikusi zituzten eskultura gotikoaren lehen zantzuetako batzuk. Portadaren egitura erromanikoa da. Eraikuntza primitibotik, sarrerako arku pittin bat zorrotza geratzen da, gai geometrikoz eta motibo figuratiboz apaindutako zazpi arkibolta eta guzti. Tinpanoan, Azken Epaiketa ageri da. Irudi nagusia, Tetramorfos ohikoa eta guzti -Kristo epaileak Zaurien Kristorekin bat egiten du- kristau artearen bi garai eta estiloen arteko trantsizio uneko estiloaren adierazlea da.

Baina gotikoarekiko lotura garbiari eta balio artistikoari begira, lan bikainak aipatzekotan, Lizarrako Hilobi Santuaren elizatik hasi beharko genuke , ziur asko. Portadaren data inskripzio batek jasotzen du (1270), eta ateburuan Azken Afaria dago, nolabaiteko gogortasuna eta monotonia duten irudien bidez osatua. Imajinazio gehiago eta kalitate hobea daude tinpanoko bi erregistroetan. Goikoan, Kalbarioko eszena dago, Ama Birjinaren eta San Joanen, Longinosen eta Stefanosen irudi eta guzti; behekoan, Ebanjelioetan narratutako Pizkundeko uneak; oso bitxia da Kristoren Linborako jaitsiera, infernuko munstro baten ahutzetan sinbolizatua. Naturalismorako nahia antzematen zaio arroparen izurretan, eta pertsonaien posizioetan, jarreretan eta keinuetan, baita janbetako horma hobietako apostoluen estatuetan ere; kanona motza eta jarrerak gogorrak badira ere, aurpegietan adierazkortasunerako joera nabari da.

 Artajonako San Saturnino del Cerco elizako eskultura lanei dagokienez, portada nagusia baino ez dugu nabarmenduko. Portada horren ateburuan, zaindariaren martirioaren pasarte legendarioak garatu ziren, ziur asko, Nafarroa Frantziako erregearen mendera igaro zenean (1284-1305). Tinpanoan, artzapezpiku santua ikusten da, bere martirioko zezenaren gainean zutik, eta deabrua emakume batengandik kanporatzen. Tinpanoan bertan, baina santua baino beheragoko maila batean, errege baten (Felipe Ederra) eta erregina baten (haren emazte Nafarroako Joana) irudiak ageri dira, eta, horregatik, bertan irudikatutako kanporatze diabolikoari esanahi sinbolikoa eman nahi izan zaio: errege eta erregina horien agindupeko lurretan paganotasunaren kanporaketa adieraziko luke eszena horrek; hau da, Languedocen eta Nafarroan.31 Errealismorako nahia nabarmena bada ere, nolabaiteko gogortasuna eta arkaismoa antzematen zaie erliebeei, eta, hori dela eta, zenbait autorek obra erromanikoa zela pentsatu zuten.32 

Une horretakoak dira, agian, Ujueko Santa Mariako monumentu apaingarriak; hau da, patroiek eta egileek gotikoaren begirada errealistaren alde egin arren, oraindik estilo berriaren osotasunaren "savoir faire" hori falta zitzaien unean. Albo batera utziko ditugu nabe bakarreko landare kapiteletan eta kapitel historiatuetan eta janbetako eta kanpo hormetako mentsuletan eta kapiteletan ugari diren eskultura lanak (ia maisulan diren karatula batzuk, grazia handikoak, ikus daitezke). Izan ere, bi ateetan jarriko dugu arreta. Lanketa ugari hori Karlos II.aren erregealdian egin zen, inolako zalantzarik gabe; Karlos II.a santutegi horrenganako jaieraduna zen (1349-1387). Mendebaldeko ateko obra figuratiboa ateburuan eta tinpanoan dago. Ateburuan Azken Afaria irudikatzen da, eta irudiak pittin bat monotonoak dira; tinpanoan, Epifaniako misterioaren bost pertsonaiak ageri dira. Hiru errege magoak ezkerrean daude, bat belaunikatuta eta bi zutik; horietako batek eskua altxatzen du, eszenaren buru den eta espazioaren ardatza betetzen duen izarra seinalatzeko. Ama Birjina aurrez dago, eta haurra, amaren belaunean zutik, Magoak hartzen ari dela dirudi. Artista kontrasteak sortzen saiatu zen pertsonaien jarreretan, baina modelatua, oraindik ere, pittin bat lehorra eta gogorra da, ez dio erabat ihes egiten linealtasun erromanikoari. Ez zegoen urrun eskultore gotikoek atzealdeko paisaiak sintetikoki iradokitzen jakingo zuten eguna, baina Ujueko artistak ez zekien, oraindik, zer egin espazio hutsekin.

Beste multzo aipagarri bat Oliteko Santa Mariakoa da. Eliza hori errege kapera bihurtu zen, jauregiaren barruan geratu zenean. Portadaren edertasun artistikoa nabarmendu behar da; 1300. urte inguruan landu zen, edo, agian, zertxobait lehenago. Arku zorrotz bat du, oso txaranbeldua, eta, alboetan, apostoluen estatuak dituen arkuteria bat, oso deigarria. Ateko arkua zortzi arkiboltek osatzen dute; landare askoz apainduta daude, eta irudiz nahastuta, droselen azpian. Droselen azpian, arkibolten hastapenean, Jesusen haurtzaroko irudiak daude. Kanon murritzeko irudiak dira, baina duintasunez landuak; izur soileko tunikak dituzte, eta egoki kokatuta daude. Arkiboltak bermatzen direneko kolomatxoen kapitelak txikiak dira, eta, horietan, animalien borroken eszenak eta Genesiko pasarteak, Ama Birjinaren irudi bat eta zenbait erlijioso daude, sinadura bat dutela: "Franciscus fecit".

Baina portada horretako garrantzitsuena tinpanoa da. Ateburuan, landareak eta eguneroko bizitzako eta bizitza fantastikoko irudi txikiak pilatzen dira, asmo burlesko eta satiriko-moraldunak.33 Tinpano erdian, Ama Birjin eseriak (koroa eta guzti) Jesus haurra erakusten du; haurra bedeinkapena ematen ari da, eta amaren belaunean eserita dago. Alboetan, tinpanoa bi erregistrotan banatuta dago. Behekoan, Jesusen haurtzaroko eszenak ikusten dira; besteak beste, hauek nabarmentzen dira: Maria erdiberri eta etzanda ageri duen Jaiotza, San Jose pentsakor eta, atzealdean, haurra sehaskan estalita, mandoaren eta idiaren hatsak berotuta. Goian, Tenpluko aurkezpenaren eszena ikusten dugu; San Jose, usoak dituela, angeluaren espaziora egokituta; erdian, Ama Birjina Haurrari eusten, aldare txiki baten gainean; eta Simeon zaharrak osatzen du eszena. Eskuinean, Kristoren Bataioa. Bi aingeru ageri dira aurkako aldean Simeonek eta San Josek hartzen dituzten lekuetan. Ateburuan, eskultura lan oso fina ageri da: mota askotako flora eta paisaia, baita gizonen eta animalien irudi errealak eta fantastikoak ere.

Pentsatu izan da, Artajonako egileekin alderatuta, Oliteko Santa Mariako eskultoreak aurrerapauso bat egin zuela, errealismo handiagoa eta bizi eta dinamismo adierazkorragoa lortu zituelako. Errealitate naturalaren ikuspegi frantziskotar horretan pentsatuz, Jimeno Juriok iradoki du egilea ("Franciscus fecit" sinaduran identifika daitekeena) fraide bat izango zela, oso trebea eta bere erlijio anaien taldeak ongi babestua.34 

Santa Mariako klaustroan zenbait lan bikain ere ikus daitezke; besteak beste: apaindura arrandiatsua duen erregina baten irudia, otoitz egiteko jarreran; hegoaldeko hormartearen zutabean, Ama Birjin bat dago Haurrarekin, baina, zoritxarrez, buruak falta zaizkie.

Aurreko kapituluan, Oliteko San Pedro elizako lan gotikoa aztertzean, bertako portadaren osagarri gotikoa aipatu dugu.

Tinpanoan, hiru lobuluko hiru arkutxoren azpian, eta formatu txikian, San Pedro ageri da, bedeinkapena ematen; ondoan, San Andres eta Santiago eta bi aingeru intsentsulari ditu. Deigarriagoa da ateburua; irudi txikien bidez, titularraren historia kontatzen da: giltzak ematea, apostoluaren epaiketa, gurutziltzaketa eta "Pedroren txalupa". Horrek guztiak frantses inspirazioko naturalismoa du, eta XIII. mendea oso aurreratua zegoen garaiko lana da ziur asko. Portada horren garaikidea eta obra gotikoa da, halaber, klaustroa. Klaustroko kapiteletan, orrien, loreen eta buruen konposizioak ikusten dira; kalitate ertainekoak dira, herriaren sentsibilitatetik gertuko artisten lana, ziur asko.

Nafarroako hiriburuko San Zernin elizako kaperaren, kapitelen eta hilobiaren aipamen txiki bat baino ezingo dugu egin, Iruñako katedraleko klaustroan ikus daitekeen estatua lan ugarian murgildu ahal izateko; hau da: Euskal Herriko Erdi Aroko eskulturako multzo garrantzitsuenean murgildu ahal izateko. Lan horrekin, XIV. mendean sartuko gara.

Klaustroko hormartean sartu aurretik, errefektorioko hamalau mentsulak eta Barbazana kaperako hamabiak aipatu beharko lirateke. Gai asko ageri dira: ehizak, animaliak, irudi mitikoak edo fantastikoak, eguneroko bizitzako gaiak. Balio sinbolikoa eman izan zaie, ziur asko zentzu satiriko-moral eta guzti, baina nahikoa batasun duen multzoa ere ikus daiteke horietan, gizakiak kreazioa menderatzeari buruzkoa.

 Klaustroaren barruan, alde handia dago kapiteletako erliebeetan; izan ere, mende bat baino gehiago iraun zuen horien lanketa prozesuak, eta beraz, argi bereizten dira lehen etapan landutakoak -ekialdeko hegala eta iparraldekoaren zati bat, figurazioa nagusi dutela- eta ondorengo etapei dagozkienak -hegoaldeko mendebaldeko hegaletakoak, irudia desagertzeko joera dutenak, eta dekorazio fitarioa-. Ekialdeko hegaleko kapitel figuratuetan Genesiko gaiak ageri dira, xehetasun ikaragarriz: Adan eta Ebaren istorioa, Noerena eta Babelgo dorrearena, eta Job santuarena. Galeria horretan bertan, eta iparraldekoan, eskultoreek gai asko landu zituzten: eguneroko gai batzuk eta gai ludiko batzuk, dantzak, ehizaldiak, torneoak, eszena bukolikoak, animalia eta kondaira gaiak, eta Erdi Aroan herrikoitutako fabulak, izaera satiriko-moralekoak. Garrantzitsua da, halaber, klaustroko hormarteetako arkuen eta gangetako giltzarrien eskultura apaingarria. Horietako 46 giza izatearen ikuspegi kosmologiko bati buruzko irudi alegorikoen bidez daude apainduta.

Klaustroa apaintzen zuten eskultura exentuen artean, Barbazana kaperako buru den eta lehen errefektorio kanonikoa apaintzen zuen Virgen del Consuelo nabarmendu beharko litzateke. Harriz landuta dago eta polikromatua da, Ama Birjina aurrez ageri da, tunika eta mantua jantzita, eta belo bat du buruan, aurpegiaren inguruan zirkulu bat osatuz. Haurra ezkerreko besaurrean du altxatuta, bere sorbaldaren altueran. Naturaltasunaren eta graziaren aldeko eskultura gotikoaren inflexio horrek manierismorantz egin zuen, eta Iruñako katedralak ere baditu horren adibideak; esaterako: Virgen de las Buenas Nuevas . Klaustrora ematen duen atearen eskuineko zutabe batean sartutako mentsula batean dago.

Kaperako sarreraren alboetan, bi eskultura daude, bi apostoluak irudikatuz: Pedro eta Pablo . Irudi horietan mugimendu fisikoa eta barneko dinamismoa adierazi nahi izan dira, jarreraren animazioaren eta arropen tolesduren bidez; estatuen kanon urriak XIV. mendeko lehen herenekoak direla iradokitzen du. Kapera barruan, eta, giltzarriaren pean, Barbazan artzapezpikuaren hilobia dago. Prelatuaren irudi etzanak artzapezpiku arropa du. Garai hartako ohiko hilobi estatua da, soiltasuna, idealizazioa eta gustu bikaina bateratzen dituena. Arnaldo Barbazanen ehorzketa 1355eko azaroaren 6an dago dokumentatuta, eta horrek eskultura horren data frogatzen du.

 Sanchez de Asiainen hilobian (1364an hil zen, bere aurrekoa izandako Barbazan artzapezpikua baino hamahiru urte geroago), hildakoa artzapezpiku arropaz jantzita ageri da. Irudia harlandu angeluzuzen handi batean landu zen, baina, zoritxarrez, zenbait zati moztuta ditu. Bolumen sentsazioa trinkoegia da, adierazpide naturalistaren asmoaren kaltetan.

Klaustroarekin komunikatzen diren ateetako bik - Artxidiakonotegikoa eta Errefektoriokoa - ziklo ikonografiko bakarra irudikatzen duten tinpanoak dituzte: Kristoren Nekaldia, Pizkundera arte, eta Elizaren garaipena. Autoreek errealismoaren eta barietatearen aldeko bilaketa noblea egin zuten, baina ez zuten nahikoa trebetasun lortu ez giza irudiaren kanonean ez talde handien konposizioan. Iruñako klaustroko eskultura lan handiena beste bi ateetan ikusi behar da; izan ere, bisitarien mirespena eragiten dute, ongi merezita. Hauek dira ateak: Ate Ederra eta Babeslearen atea.

 Babeslearen portada izango da zaharrena, ziur asko; 1330 eta 1340 urteen artekoa dela uste da. Ateko mainelean Ama Birjinaren beste irudi bat dago, Babeslearena ere deitzen zaiona. Litekeena bada ere obra garaikideak izatea, Virgen del Consuelok ez bezala, honek ezker eskuan duen Haurrarengana itzultzen du burua, eta bere beloarekin estaltzen du. Badirudi Jesus Haurra otoitz egitera deitzen ari dela ama, biek eskutan duten otoitz orduen liburuaren bidez.

Tinpanoko erliebeei dagokienez, gaia Ama Birjinaren lokartzea da. Bizantziar ekialdeko tradizioan hain ezaguna eta gurtua izan zen kondairakoa da -handik, mendebaldeko artera igaro zen-: Ama Birjinari aingeru batek berehalako iragaitzaren berri eman ostean, apostolu guztiak Mariaren etxera eraman zituzten, haren heriotzara biltzeko. Horren ondoren, Jesukristok bere Amaren arima hartu zuen, zerura eraman, eta, han, gorputz eta arima koroatu zen. Katedraleko eskultorea Rieuxen Toulouseko lantegitik etorritako artista bat izango zen,35 eta, eszena horretan, errealismoa eta dramatismoa batzen jakin zuen. Pertsonaia guztien buruak Ama Birjinaren ohatzearen bueltan pilatzen dira, eta bai argi-ilun sakonen modelatuak, bai irudi bihurrikatuen eta buruen ardatzen arteko itxurazko desordenak eta tentsioak, pasarte horren mirespen espirituala eta mistika adierazten laguntzen dute; multzoak, beraz, indar espresionista du, eta zerikusi gutxi Ate Ederreko ordenarekin, argitasun arrazionalarekin eta narratibismo logikoarekin.

Ate horrek klaustroa logela zaharrarekin lotzen zuen, eta izena kalonjeek bertatik igarotzean kantatzen zuten salmotik datorkio: " Pretiosa in conspectu Domini mors sanctorum eius". Janbetan, Deikundeko eszena ebanjelikoa irudikatu da, eta Aingerua eta Ama Birjina ageri dira, neurri naturalean, bi aldeetan. Bestalde, bitxia da ate horretako tinpanoan Babeslearen ateko pasarte legendario bera agertzea, baina, hemen, xehetasunak handiagoak dira bere lau erregistroetan: Mariaren koimesisa abuztuaren 15ean ospatzen duen ekialdeko elizako Jasokundeari buruzko kontakizun apokrifoen araberakoak.36 Oroitzapen liturgiko hori Sergio aita santuak barneratu zuen Erroman (687-701). Lehen erregistroan, aingeruak Mariari bere berehalako iragaitzaren berri ematen dio, horrek bere ingurukoei ematen die berria, eta San Joan hodei batek ekartzen du; Ama Birjinak Joani hil jantziko tunika eta mantua erakusten dizkio. Bigarren erregistroan, apostoluak iristen dira, eta Mariak ganberara eramaten ditu; hirugarrenean, Mariak bere tunika eta mantua hiru emakumeri ematen die; ondoren, lokartzearen eszena, apostoluen negarra eta juduek Ama Birjinaren gorputza profanatzeko egindako saiakera. Laugarren eta azken erregistroak Mariaren Koroatzea ageri du. Eta gai horri buruz egin dezagun, behingoan, ohar ikonografiko bat: Jesusek, errege gorenak, Ama Erregina koroatzen du. Eszena horren esanahi mistikoa ezin da bereizi garai hartako europar monarkien errealitate politikotik. Haien boterea eta luxuzko zeremoniak areagotu egin ziren, eta oso txundigarria izaten zen, herriaren begietan eta imajinazioan, garaiko errege-erreginen koroatzea.37 

Estiloari dagokionez, Ate Ederra Babeslearen atearen antitesia da. Gotikoko une klasikokoa da, eta, beraz, ordena eta argitasun logikoa eta naturalista nagusitzen dira, eta istorio baten irakurketa arrazionala egitera deitzen gaitu. Ikus zer-nolako urrats transzendentala eman zen, urte gutxiren buruan, Andre Maria Babeslearen mentalitate kuasi-erromanikotik (istorio bateko uneak konposizio bakar batean biltzen dira, eta plastikoki oso trinkoa da) istorioa atal jarraitu baina isolatuetan zatituta eszenifikatzera (pentsamendu eskolastikoaren araberakoa). Autorea 1380 urte inguruan lan egindako frantziar bat izan liteke.38 

 Del siglo XIV son también las estatuas del grupo que representa a los tres Reyes Magos presentando sus dones a Jesús y María, grupo que se halla adosado al muro entre las alas este y norte del claustro. Más que grupo, son tres estatuas separadas, colocadas algo distantes entre sí, sobre una amplia repisa decorada con vegetales. Del autor solo conocemos su nacionalidad francesa por haber firmado su obra: Jacques Perut: fit: ceste: istoire .

Ez dugu ezer esango klaustroko galeriak apaintzen dituzten profeten eta apostoluen beste eskultura batzuez, ezta XV. mendean gableteak apaintzen zituztenez ere (denborak urratu egin baitu, eta ezinezkoa baita balorazio estilistiko zuzena egitea). Kanpoan ez dagoelako eta izaera berezia duelako, behaketa arretatsuagoa merezi du haur printzesa baten hilobi irudiak. Katedral zaharreko kapera batetik dator eta, orain, zutik dago, Babeslearen atetik gertuko hegoaldeko gurutzadurako horman sartuta. Bi aingeruk apaintzen dute haurraren gorputzaren azpiko hil oihala, eta lehoi bat dauka oinetan, bere inozentzia babesten. Haurrak begiak irekita ditu, eta eskuak bata bestearen gainean, leunki jarrita. Ez dago zalantzarik: eskultoreak eredua kopiatu nahi izan zuen; agian, bere aurpegiko trazu biribilen finezia eta irudi guztiaren grazia nabarmenduz, umearen sorbalda estuek gorputzeko liraintasunarekin kontrastatzen baitute. Ez da printzesaren izena ezagutzen; baina babesten duen drosela eta oinetan duen lehoia XIV. mendeko bigarren erdialdeko klaustroen tradiziokoa da.

Eskultura gotikoa Araban

 Araba da, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba kontuan hartuz gero, monumentu eskultura gotiko aberatsena duena; eta, ziur asko, baita kalitate handienekoa duena ere. Hala idatzi izan da gai horri buruz: "la escultura gótica constituye la contribución más significativa de la provincia a la historia del arte".39 Lehenengoz Laguardian agertu zen. San Joan parrokiako hegoaldeko portadan, Deikundeko estutua-zutabeetan, gogortasun erromanikotik urruntzeko mugimendu arina hautematen da. Baina, zalantzarik gabe, garrantzitsuagoa da mendebaldeko fatxada guztiaren estilo gotikoa; portada horretatik maineleko estatuak soilik iraun du, Andre Maria irudikatzen duenak. Irudi hori mendeetan zehar gurtu du herriak, eta Laguardiako Nuestra Señora del Pilar deitzen zaio. Gaur egun, tenplu barruan dago, kapera oktogonal handiko erdiko horma hobian. Hori eraikitzeko, portada nagusia bota behar izan zen. Zutik dago, altueraz luzanga da, eta pittin bat zurruna; aurpegian irribarre estereotipatu samarra du. Arroparen draperian eta amaren ezker besoan eseritako Haurraren jarreran, lehen gotikoko naturaltasun alaiaren arrastoak antzematen zaizkie. 1300. urte ingurukoa da.

Laguardia utzi eta Arabako hiriburura joan aurretik, atzera egin behar da denboran, Tuestako Santa Mariako eskulturak ikusteko. Erromaniko berantiarreko eliza da, eta bertan, zazpi estatuako friso ospetsu bat dago. Ez dakigu zer urtetan jarri zen portadan, arkibolten giltzarriaren eta teilatutxoaren artean irekitako zulo batean. Oinarri mailakatu batean, Mariaren irudi hieratikoa dago, aurrez, erdigunean, Haurrarekin: Andra Mari tradizional bat, "Sedes Sapientiae" gisa. Mariari begira daude gainerako irudiak, hiru alde bakoitzean. Eskuinean, San Jose (agian, Isaias) eta Deikundeko eszena. Ezkerrean, hiru Errege Magoak, koroatuta, eta tunika eta kapa soinean; horiek eskaintzak Haur Jaunari eramaten dizkiote. Ruiz de Loyzagak eskultorearen izena aurkitu duela uste du -Martin Lopez de Tuesta-, XIV. mendeko eskuizkribu batean oinarrituta. Arabako gotikoan aditu handia den M. Lucia Lahozen iritziz, estatua horiek XIII. mendekoak dira, Arabako eskultura gotikoaren hasiera adierazten dute ("el comienzo de la escultura gótica en Álava"); honela dio horien estiloari buruz: "gravita en torno a Burgos y es allí donde debe buscarse su génesis".40 

Estilo gotikoa nagusitzen da Gasteizko almendra itxurako alde zaharrean. Santa Maria elizari egun "Katedral Zaharra" deitzen zaio, eta hori da Arabako hiriburuko Erdi Aroko eraikuntza lan artistikoena eta interesgarriena. Dokumentaziorik ez dagoenez, estiloaren azterketa da kronologien eta gotikoaren bultzada irmoaren inguruan orientatzeko lagun bakarra. Bultzada hori dela eta, eraikinaren oinetan eskultura lan aberatsa eta zoragarria duten hiru ateko atari handia egin zen, Frantziako katedral handien eta Burgoskoaren eta Leongoaren moldera. Lan guztiak XIV. mendekoak direla dirudi.

1962ko berritzeak Santa Ana atea agerrarazi zuen, gurutzadurako hegoaldeko besoan. Ez gara horko eskultura lanez arituko, oso hondatuta daude eta. Baina arreta berezia merezi dute mendebaldeko atari handiko hiru portadak apaintzen dituzten eskulturek. Portaden aurrean, atari primitibo batekoak izango ziren zutabe batzuk daude; zutabe horietan, XIV. eta XV. mendeko estatuak daude, drosel banaren azpian, Isaias (profetaren cartela luze eta guzti) eta Deikundeko Ama Birjina eta Aingerua irudikatzen dituzte (bi irudi horiek motz samarrak dira, baina ageri dute, dagoeneko, Errenazimentuko mugimendua, grazia handikoa). Hiru portadei dagokienez, eta, laburbilduz, esan dezakegu erdikoa Ama Birjinari buruzkoa dela, eskuinekoa Azken Epaiketari buruzkoa eta ezkerrekoa Elizako gizonezko eta emakumezko santuei buruzkoa. Ez da XIII. eta XIV. mendeetako beste eliza frantses eta espainiar handi batzuetan ikus daitezkeen programen oso desberdina.

Erdiko portadari begiratzen badiogu, janbetan gizonezko eta emakumezko santuen irudiak ikusiko ditugu. Irudi horien artean, Alexandriako Santa Katalinaren irudia nabarmendu behar da; bere martirioko gurpilagatik ezagutzen da, eta eredu bikaina da, XIII. mendeko tradizio onenaren barruan. Arkiboltetan, aingeruen, profeten eta emakumezko eta gizonezko santuen irudiz betetzeko ohiturari jarraitzen zaio; egun, horietako batzuk oso hondatuta daude. Mainelean, Andre Mariaren irudia, grazia handikoa. Egile germaniarren eragina duela uste izan da,41 arrazoi hauengatik: gorputzaren inflexio arinagatik, izur ugariengatik eta makurrengatik, txoriarekin ageri den Haurraren irudiagatik, eta beste motibo batzuen sinbolismoagatik (esaterako, gerrikoa, lorea eta dragoia). Tinpanoko lau erregistroetako eszenak Mariaren bizitzakoak dira, Erdi Aroko tinpanoetan eta erretauletan hainbestetan irudikatuak. Gasteizko katedraleko tinpanoko eskulturak kanon liraina gogokoago duen egile batenak dira, Santa Katalinaren irudia egindako artista berarenak, agian.

Eskuineko portadan, janbetan emakumezko santuen irudiak daude, eta, gutxienez, Santa Magdalena identifika daiteke, ukendu ontzia duelako. Tinpanoko zenbait irudi ezin izan dira identifikatu; baina, beste batzuetan, nabarmena da Azken Epaiketaren irudikapena: Aingerua arimak pisatzen, Kristo bere zauriak erakusten, Ama Birjina zeruan sartzen, etab. Ezkerreko portadak ez du eskulturarik janbetan; arkiboltetan, berriz, aingeru musikariak edo abeslariak, santuak, erregeak eta profetak ageri dira. Tinpanoko lau erregistroetako eszenak ezin izan dira ziurtasunez identifikatu. Apraiz irakasleak zenbait eszena Santo Tomas apostoluaren bizitzarekin lotzen zituen. Canterak miserikordia lanak iradokitzen direla uste izan zuen. Berrikiago, uste izan da San Gilen historiak ematen diola portada osoari unitate ikonografikoa, haren bizitzako pasarteak irudikatuz, Urrezko kondairan kontatzen den moduan.

Eskultura gotikoa Gipuzkoan eta Bizkaian

Gipuzkoako gotiko monumentaleko obra bikainena lehen gotikokoa izan daiteke, eta Debako parrokiako portada da obra hori.

1292tik, Monreal de Icíar-ek (Itziar) hiri gutun bat zuen. XIV. mendearen erdialdean, bertako auzotarrek Alfontso XI.a erregeari kokaleku berri bat eskatu zioten, ibarraren babesean eta itsasertzean, aberatsagoak izateko eta babestuago egoteko. Kostara mugitzea, beraz, koherentea zen, segurtasun handiagoa ematen zuelako eta, merkataritza eta ekonomia arrazoiengatik, itsasorako bide bat edukitzeko asmoa zutelako. Hori guztia, eztabaida sozialak eta gorroto ikaragarriak izanagatik, azkar islatu zen kulturan eta artean.

Eliza kolono berrien lehen lanetako bat izango zen. Ziur asko, XIV. mendearen hasieran hasi ziren lanak, eta eraikuntzak aurrera jarraitu zuen mende horretan; urte horietan, armadura lignea-z estali zen, jakina baita 1390. urtetik bertan ospatzen zirela udal kontzejuak.42 XVI. mendera arte ospatu ziren kontzeju horiek, data horretan nabeak goitik behera berritzea erabaki baitzen, eta harrizko gangen bidez estaltzea; horrek eman zion bide Euskal Herriko kolomazko eliza tipiko horietako bati.

Erdi Aroko eraikuntzatik garrantzitsuena mendebaldeko portada da. Defentsa dorrearen oinarrian geratutako zulo handian dago -dorre hori lehen elizaren eraikuntzaren hasieran egingo zuten-. Ate handi geminatuak mainela du, eta, alde bakoitzean, paramentu arkitektoniko bana daude, altuera bereko bi zatitan banatuta, gutxi gorabehera: basamentuak daude behealdean, eta janbak goian. Janbetan, estatuak idulkien gainean daude, arkibolten baketoiei dagozkien koloma txikiez banatuta, eta, goialdean, profil konopialeko pinakuluak dituzte. Litekeena bada ere apostoluen proiektu ikonografikoa nahiko goiztiarra izatea Laguardiako Santa Mariako ereduan inspiratuta egoteko, badirudi askoz geroago egin zela.

Errioxako eredua arkiboltetan nabaritzen da, bereziki. Laguardiakoan bezala, Testamentu Zaharreko irudiek betetzen dituzte dobelak: profetek, erregeek, musikariek, emakumezko santu martiriek, Ama Birjinek eta gizonezko santuek. Irudikatutako pertsonaia guztiak identifikatzea erraza ez bada ere, garbi dago tinpanoko programa nagusiarekin lotutako irudiak direla. Tinpanoa, Laguardiakoa, Gasteizkoa eta garai hartako beste asko bezala, Andre Mariaren biografiari buruzkoa dago.

Tinpanoari arretaz begiratu eta estiloa aztertuz gero, kontraste inpresio arraroa eragiten dute kondaira ikonografikoaren fideltasun saiakerak eta lanketaren zakartasun plastikoak; bereziki, tinpano hori janbetako apostoluen estatuekin alderatzen bada. Irudi horietan ikusten den anatomia fideltasunak (kanona motza bada ere), modelatu finak eta arroparen tratamendu motek Errenazimentuko etapa klasikoa iragartzen duen gotikokoak direla pentsarazten du. Tinpanoko lanarekin duen aldea ikaragarria da. Gauza bera esan daiteke maineleko irudiaz: Kristo berpiztua, erdi biluzik, zauriak erakusten ari da, eta heriotzaren aurreko garaipenaren entseina du; horren kanonaren moztasunak soilik galarazten du Errenazimentuaren egiazko hastapenetakoa dela esan ahal izatea.

Debako portadaren estiloa aztertu dutenek (intrintsekoki edo erkaturik), jatorrizko eredua Arabakoetan topatu dute nabarmen: Laguardiakoan eta Gasteizkoan.43 Harridura kronologiak zehaztu nahi direnean sortzen da. Gipuzkoako portadaren zakartasunari soilik begiratzen badiogu, badirudi ezin dela zalantzan jarri Arabakoak baino lehenagokoa dela. Baina, gaur egun, ezin dugu zalantzan jarri estiloaren garapena ezin izan daitekeela ez irizpide bakar, ez nagusi. Gerta daiteke bi egile oso desberdin garaikideak izatea: egile oso gaitu eta abangoardiako bat, formula zaharkitu batera lotutakoaren edo kanpoko korronte berritzaileetara gutxiago irekitakoaren garaikide. Badirudi hori dela Debako tinpanoko maisuaren kasua. Programa ikonografikoa Laguardiakoaren (c. 1350) eta Gasteizkoaren (c. 1390) garaikidea izan daiteke, Deban giza kokapena eta Berant Erdi Aroko tenplua data horietan hasiko baitziren, baina, logikoena, portada geroagokoa izatea da -XV. mendekoa-, eta bi egile edo lantegi aritu izana, horietako bat, apostoluen egilea, modernoagoa eta progresistagoa.44 

Bizkaian ez dago ia lehen gotikoko monumentu eskulturarik; izan ere, uste da bertako tenplu nagusiak ez zirela amaitu XV. mendea ongi sartu arte.

Irudigintza exentua

Aurreko orrietan, kristau arteak plastika figuratiboan izandako gorabeheren berri eman dugu, baita Berant Erdi Aroa berreskuratze garaia izan zela ere, eta elizako buruek sineskeria idolatrikora itzultzeko beldurra galdu zutela. Helburu didaktikoa zuen Biblia pauperum horretatik, irudien mirespenaren onarpen dogmatikora igaro ziren. Arte figuratiboek, gizarte kristauaren barruan, beste bultzada bat izan zuten. Ordutik aurrera, kristau artearen historia ez da elizako hierarkiak sinestunei, dotrina erakustearekin batera, apaingarriz betetzen zituen gurtza lekuen historia soilik. Elizako agintariek irudien gurtza sustatzeak irudigintza deitzen diogun arte plastiko horren berpizkundea eragin zuen. XII.-XIII. mendeetatik, ikono sakratuek aparteko kapitulu bat osatuko dute mendebaldeko artearen historian.

Ama Birjinen loraldia

Euskal Herrian, Erdi Aroko Ama Birjinen eta santuen irudi askok iraun dute. Nafarroan bostehun inguru izan daitezkeela kalkulatu da; horietatik, hirurehun inguru Ama Birjinak dira. Euskal Herriko azken txokoetan kristautasuna ziur asko berandu hedatu zela aipatu dugun arren, litekeena da Mariaren zenbait irudi zahar egotea; baina Nafarroan eta Euskal Herriko gainerako lurraldeetan iraundakoen artean, zaharrenak ez dira XII. mendearen erdia baino lehenagokoak. Gehienak egur landuzkoak dira. Gutxik dute jatorrizko polikromiaren hondarrik. Badaude, gutxi diren arren, harrizkoak, markolezkoak eta harzurizkoak ere. Erromanikoan, batzuk zilarreztatu egin ziren, burua eta eskuak izan ezik.

Aurreko kapituluan adierazi dugun moduan, Ama Birjina Haurrarekin ageri duen eskultura exentuaren tipologia da Euskal Herrian gehien dagoena. Andra Mari deitu ohi zaio, eta espiritu gotikokoa da. Theotokos horien egia dogmatikoaren esanahia baino areago, giza amatasunaren sentimendua adieraztea zen, garai horretan, helburua. Jesus haurra amaren belaunean eserita jartzen zuten, eta, Errenazimentura hurbildu ahala, nabarmendu egin zen Ama-Semea harremana. Ama Birjinak koroa izaten du (haurrak ez, ordea; horrek koroa izatea ezohikoa da). Mariak tunika estua darama, lore handi batez itxitako alkandora, eta, gainetik, mantu handi bat, belaunen gainean gurutzatuta; buruan burukoa eta koroa. Ia beti lore bat edo fruta bat izaten du eskuineko eskuan, eta beste eskua Haurraren sorbaldan. Haurra ezkerreko belaunean egoten da, eta arropa berbera izaten du; liburu bati eusten dio, eta eskuineko eskuaz bedeinkatzen du. Amaren jarrera eta keinua lehen baino leunagoak dira, eta, batzuetan, irri ere egiten du.

Nafarroan, Erdi Aroko Ama Birjina ugari daudenez, lau edo bost taldetan banatzen saiatu izan da; ikuspegi ikonografikotik, oso irudi estimatu eta miretsiak izan ziren, eta, beraz, beste askoren eredu.45 Estiloari dagokionez (hemen hori ere interesatzen zaigu), ederrenetako batzuk aipatuko ditugu: Nuestra Señora de Rocamador izenekoa (XIII. mende amaierakoa edo XIV. mende hasierakoa), Zangozako Santa Maria la Real elizako erretaulako buru dena; Los Arcosekoa , tamaina naturalekoa (154 cm); eta Oliteko Santa Mariako titularra. Estiloari dagokionez, aurreratuagoak dira Garesko Santiagokoa eta Lizarrako San Pedro de la Ruakoa . Lizarrako Puyko Ama Birjinaren irudi gurtua (100 cm) zilarreztatuta dago: Ama eta Haurra aurrez daude, eta keinu arkaiko hori Amaren besoaren kokapenak harmonizatzen du, ez baitago Haurraren sorbaldan ezarrita. Orreagako Ama Birjina (90 cm) zilarreztatua dago, baina erabat gotikoa da: erromanikoko aurrez egote horrekin hausten da; Haurra perfilez dago ikuslearekiko; Amak eta Haurrak elkarri begiratzen diote; amak samurtasun espresioa du; soinekoaren errealismoak eta izurren barietateak XIV. mendeko bigarren erdialdekoa dela adierazten dute; eta jatorriz Rieuxen lantegikoa (Toulouse) izan daitekeela pentsarazten du. Artajonako Cerco elizako erretaula nagusian dagoena gotiko eboluzionatuagokoa eta kalitate artistiko handiagokoa da; zalantzarik gabe, XV. mendekoa da, eragin flandestarrekoa, eta edertasun delikatukoa. Nafarroako Ama Birjinen artean (eskultura apaingarriaz aritzean aipatu ditugu), Virgen de las Buenas Nuevas gogoratuko dugu, Iruñako klaustroko ate baten ondoan dagoena. "Hancheuses" deitzen zaien eta frantses eragina duten Ama Birjinen adibide bat da. Hala deitzen zaie gorputzari mugimendu kurbilineoa emateko aldakari ematen zitzaion inflexioagatik. Horrelakoa da, halaber, eta, zalantzarik gabe, Uharteko Ama Birjina, Frantziatik ekarria. Marmol zurikoa da, eta marmol beltzeko idulki baten gainean dago; eskuan lore sorta bat darama, eta gorputz osoak grazia handiko mugimendu baten hasiera du, buruaren erreberentziarekin kontrastatuz eta drapeatuen sinfonia eder bat sortuz (bertikalak tunikan eta horizontalak mantuan). Uhartekoaren oso antzekoa eta jatorri berekoa da Soraurengoa . Antzekoa da, halaber, Cortesko Ama Birjina, Malinastik inportatua bada ere (Flandes). Aurpegiko trazuetan gehiegizko fintasuna du -bekoki zabala eta konkortua, bekain kurbatuak, aurpegi biribila-; horrek Eskandinaviako Errenazimentuaren ateetara garamatza (XV. mendea).

 Araban gorde diren Ama Birjinak Andra Mari mota berekoak dira; naturalismorako joera dute, eta gotikoaren grazia. Ia beti, Ama Birjinak lore bat, fruta bat edo loredun makila bat eskaintzen dio Haurrari. Alde horretatik, Treviñoko San Pedro elizako Andre Mari Zuria aipatzen hasi beharko litzateke. Tenpluaren kanpoaldean dago, hiribilduaren buru, eta XIII. mendeko irudi ederra da. Idulki baten gainean dago, eta drosel gotikoa duen horma hobi batean babestuta. Jesusen Amak koroa bat du, eta dragoi gaiztoa zapaltzen ari da; bere semeari begiratzen dio, eta irribarre esterotipatu samar antzeko bat egiten ari da. Haurraren aurpegia naturalagoa eta adierazkorragoa da; ehunek geometrismo protogotikoa dute, eta nolabaiteko graziaz erortzen dira. Multzoaren barruan, aipamen berezia merezi du Gasteizko Andre Mariako Virgen de la Esclavitud izenekoak. Alfontso X.a Jakitunak emana izan daiteke, Gasteizen Ama Birjinaren esku hartzeari esker gaixotasun larri batetik sendatu zelako.46 Horiek bezain ederrak eta interesgarriak dira gotiko berantiarreko (XIV. mendekoak) beste hauek: Okarizkoa , Aguraingo San Joangoa (zoritxarrez, moztuta dago; bikaina da, Okarizkoa bezala, bere neurriengatik, metro eta erdi baita), eta Zurbanoko Nuestra Señora de los Remedios . Hori, gaur egun, Museo Probintzialean dago; zerrendatu ditugun ezaugarri ikonografiko guztiak ditu, eta XVIII. mendeko ukituek eta estalkiek asko hondatu bazuten ere, ez du bere edertasun plastikoa galdu.

Ahantzi behar ez genituzkeen beste batzuk hauek dira: Mártiodako Nuestra Señora del Socorro -frantses grazia du, eta horregatik pentsatu izan da kanpokoa dela-; eta, noski, Gasteizko San Migel elizako Andre Mari Zuria -harri polikromatukoa, eta 2 metroko altuerakoa; data dela eta, dokumentaziorik ezean, iritziak bereizi egin dira: batzuek XIV. mendekotzat dute, eta beste batzuek gotikoko adierazkortasun bakuntasuna imitatu nahi izan zuen Errenazimentuko eskultore batena dela uste dute-. Errenazimentuaren kapituluan kokatzeko moduko gotiko berantiarrekoen artean (XV. eta XVI. mendeak), Kutxuko Nuestra Señora de la Leche dago, adibidez.

 Bizkaian , gurtzarakoen artean, Begoñakoa nabarmentzen da. Bizkaiko lurretako beste ale bikain batzuk leku hauetan ditugu: Galdakaon, Elexabeitian, Arratiako Arantzazun eta Lekeition .

 Gipuzkoakoen artean, lehenago aipatutakoez gain - Juncalgoa (Irun) eta Itziarkoa (Deba), erromanikokoak gehiago direnak, beren hieratikotasunagatik-, hemen Arantzazukoa nabarmen liteke: harriz landua da, XIII. edo XIV. mendekoa, eta pittin bat berritu zuten XVI. mendean; 36 cm luze da. Eserita dago, eskuineko eskuan munduko bola du, eta Jesus Haurra bere ezkerreko belaunean eserita. Honako hauek ere aipa daitezke: Zikuñagakoa (Hernani), Guadalupekoa, Ordiziako eseria, eta beste batzuk Aizarnan, Beasainen (Loinazko Andra Maria), etab.

Gurutze gotikoak

Estilo gotikoaren berrikuntzak Kristo gurutziltzatuaren irudietan ere ageri dira, eta, agian, bereziki irudi horietan. Hasierako errealismorako joerak nolabaiteko fideltasun anatomikora bultzatzen du; gorputz adarrei mugimendua emateko nahiak bi hankak iltze bakar batekin josita imajinatzera bultzatzen du, sufrimenduaren aurrean Jesus pazientziaren paradigmatzat ikusteko beharra duen herri pietateak gero eta hizkuntza adierazkorragoa bultzatzen du; erromatarren espiritu mistikoak eta sinbolistak asmatutako errege koroa eta tunika desagertuak dira, eta perizoniuma belaunetaraino luzatua. Ezaugarri ikonografiko horiek oinarrizkoak dira garai hartako Kristoren irudiak ezagutzeko, baina hori ez da salbuespenik gabeko araua.

 Nafarroan , Kristo gotiko zaharrenetako bat Peñako parroki elizakoa izango da (XIII. mendea); oraindik ere, Kristo erromanikoen lasaitasun pittin bati eusten dio. Geroagokoak dirudite gurutziltzaketaren tortura eta heriotzaren abaildura islatu nahi dituzten beste batzuk, baina ez da, gurutziltzatuaren aurpegian, gehiegizko mina adierazten, pazientzia eta lasaitasuna adierazten du, areago; halakoak dira Lizarrakoa, Allokoa ( Santo Cristo de las Aguas ), Iruñakoa (katedrala), etab. Beste bi hauek ere nabarmendu beharko lirateke, estimagarrienen artean: batetik, Oliteko Santa Mariako Cristo de la Buena Muerte . Aurpegiaren luzapenak, saihetsetako tailuketa nabarmenak, hanken posizioak (tolestuta) eta gorputz osoaren makurdurak dramatismo berezia ematen diote; obra hori, zalantzarik gabe, XIV. mende erdialdekoa da, eta lotura estuagoa du Gaztelarekin eskultura hispano-flandestarrarekin baino. Adierazpen dramatikoagoa du Garesko Gurutzeak ; izena eman zion elizari. Gurutzeak zuhaitz natural bat imitatzen du, eta berreroslearen gorputzak kontraste handia sortzen du, behealdea ezkerrerantz makurtuta baitu eta goiko enborra, berriz, aurkako aldera. Tipologiagatik, ezin da zalantzan jarri gurutze hori Germanian ikusten diren zenbaitekin lotu behar dela (esaterako: Koloniako Kapitolioko Andre Mariakoarekin -1314-), baita Italiakoekin ere; zehatzago, Sienako Katedraleko Museoko Giovanni Pisanorenarekin (1296). Zeharkako dokumentazio batek pentsarazten du Garesko Gurutze hori XIV. mendeko lehen herenekoa dela.

 Araban , garai hartako eskultura bikainen artean, hauek nabarmendu behar dira: XIV. mende hasierako Zurbanoko Kristo (Museo diozesiarra); Arrianoko parrokia xumeko erretaula bakunean buru dena (gotiko berantiarra); eta oraindik ere txundigarriagoa dena, iltzea kendutako besoagatik eta adierazpen lasaiagatik eta minberagatik: Treviñoko San Pedrokoa (XV. mendea). Neurriz txikiagoa bada ere, gorputzaren makurtasunagatik nabarmentzeko modukoa da Sojoko San Lorentzo ermitako gurutzea (egun, Museo probintzialean): ez du besorik, iltze bakar batek zeharkatzen ditu gurutzatutako hankak, gorputzak makurdura leuna du, adierazpena minbera da, aurpegi puntazorrotza eta baketsua, perizoniuma izur bihurritan jarrita du; XIV. mendeko data jar dakioke. Kexaako Kristo Santuak (XV. mendekoa) eskema ez hain estilizatuari, baina errealistagoari, erantzuten dio: leuntasun gehiago ageri da gurutziltzatuaren muskulaturan eta perizoniumean. Kontuan izan behar da, gainera, Araban arte gotikoak Kalbario osoaren zenbait irudikapen plastiko eman dituela (Maria eta San Joan Gurutziltzatuaren alboan): Erenchungo , Eguiletako eta Laguardiako San Joango kalbarioak nabarmentzen dira. Multzo horietan, eskulturaren perfekzio zehatzak gotikoa gainditzen duela pentsarazten digu.

Garai gotikoko Euskal Herriko beste probintzietako Kristo gurutziltzatuaren ikonografiak ez du kalitate berezia. Gipuzkoan , hauek aipa daitezke: Albizturgo Kristo, Andoaingo Zumea ermitakoa, Alegriakoa, Lazkaokoa, Segurakoa (frantziskotarren komentuan) eta Lezoko Kristo ospetsua (ez dakigu ezer ziur horren jatorriari buruz.

Berreroslearen gurutziltzaketaren gaiak Durangoko kalbario ezagunera garamatza. Krutziaga deitzen zaio; aberastasun ikonografiko deigarria du monumentuak, eta kalitate plastikoa bikaina da. Ez dago landetako bidegurutze edo mugaren batean; gurutzea hirian dago, eta gaur egun ezagutzen ez dugun helburu zehatzen batengatik eraiki zen. Carmelo de Echegarayk uste zuen Fray Alonso de Mellaren heresiari emandako erantzun ortodoxoa izan zitekeela; fraide horrek Begardoen eta Beginoen heresia mantendu zuen Durangon, 1442an.47 4,30 m luze da. Multzoaren oinarria zutabe lirain bat da, eta, horren gainean, gorputz zilindriko bat dago; bertan, hamabi apostoluak irudikatu dira, zirkularki (elizaren sinbolo?). Kanon motzeko irudiak dira, baina tailu indartsukoak; eta tresnak dituzte, horiek nor diren identifikatzeko. Zilindro horren gainean 1,60 metroko gurutzearen haga dago; horren bueltan kiribiltzen da Paradisuko sugea: emakume aurpegia du, eta lehen bekatuaren eta haren zigorraren historia irudikatzen da. Baina istorio ebanjelikoko irudiak ere ageri dira (Maria eta San Joan), baita Kalbario tradizionaleko gainerako ikurrak eta irudiak ere. Nabarmendu egiten da teologoren batek diktatutako gaia: Bekatua eta Berrerosketa lotuta. Gurutzeak atzealdean ere ikonografia du: Andra Maria bat, eta emakumezko eta gizonezko santuen irudiak, baina ezin dira guztiak identifikatu. Edonola ere, lanaren balio plastikoa aipatu behar da: lotura berezia egiten du, nolabaiteko baldartasunaz gain, konposizio eta forma edertasunaren zentzu handia baitu; baldartasun hori irudien lanketan ageri du, eta horrek arte erromanikoa oroitarazten du, nahiz eta espresibitate naturalista ere eduki. Logikoa dirudi monumentu hori gotiko berankorrekotzat hartzea, eta, ziur asko,1490 eta 1510 urteen artekoa izango da.

Emakumezko eta gizonezko santu herrikoiak

Kristauen santutegiko heroien gurtza areagotu egin zen arte gotikoaren hiru mendeetan. Baskoniako santu kuttunenak, gehien irudikatzen zirenak, Santiago eta San Pedro, eta elizetako zaindari batzuk ziren; esaterako: San Migel, San Martin, San Jorge, San Nikolas, San Saturnino, Santa Marina, San Esteban, Santa Katalina, etab.

Nafarroan, santuen zenbait iruditan (ez askotan), gaitasun tekniko handia nabari da, eta hizkuntza plastikoaren jakinduria berezia. Horrek guztiak iradokitzen duenez, kanpotik ekarritako eskulturak izan daitezke; adibidez, Sansolgo parrokiako San Pedro eta Garesko Santiago . Beste batzuetan, ez da herriko jatorriaren zalantza izpirik: San Pedro eseriaren zenbait irudi, Lizarrako San Pedro de la Rua elizako San Nikolas , Tuterako Magdalenako San Blas , etab. Handiagoa eta itxura hispaniar-flandestarrekoa da Lizarrako San Migel elizako santuaren kaperako San Jorge (c. 1500); eta Flandestik dator, inolako zalantzarik gabe, zutik dragoia lantzaz zulatzen ageri den beste San Jorge baten eskultura fina (XV. mendea), Zangozako Santa Maria elizakoa.

 Gipuzkoan , Donostiako Museo Diozesiarrean dauden zenbait nabarmendu behar dira: Astigarragako Santiago erromesa , oraindik ere erromanikoa den hizkuntzaren bidez funtsezkoa bilatu nahi duen harzuri txiki eta trinko bat (XIII. mendea). Badira zenbait emakumezko irudi, nahiko altuak, XV.-XVI. mendeen mugakoak izan daitezkeenak; trazuak herrikoiagoak dira, baina dagoeneko naturalismo gotikora begira daude: Goroetako elizateko Santa Ines graziatsua (Aretxabaleta), 53 cm-koa, Oxirondoko Santa Marinako Santa Katalina (Bergara), 86 cm-koa; eta Oñatiko San Migel elizako Magdalena , 113 cm-koa; azken horrek, soinaren makurdura horren bidez, Errenazimentua iragartzen du (XVI. mendea). Belaunaldi hirukoitza (Santa Ana, Ama Birjina eta Jesus Haurra) deitzen zaion gaiaren inguruan, Donostiako museoak "arte gotiko" izendapenean sartzen den barietatea erakusten duten bi talde ditu: biak Elgoibartik ekarriak dira; batean, herriko artisau baten bakuntasuna nabarmentzen da, eta, bestean (Santa Klara komentukoan), arte flandestarraren lantegiaren ezaugarri diren naturalismorako nahia eta gaitasun teknikoa.

Pintura gotikoa

Bai horma pinturan, bai ohol pinturan, garai gotikoan, Nafarroako erresuman aurkituko dugu Europako pintura gortesauko korronte berrietara irekitako arte piktorikoko lan garrantzitsu gehien, bai hurbiltasun geografikoagatik, bai iparraldeko monarkiekin zuen dinastia loturagatik. Nafarroatik kanpo, gotikoak soilik diren pintura gutxi aurkituko ditugu Euskal Herriko beste probintzietan. Gotiko berankorrekoak dira, XV. mende amaierakoak eta XVI. mende hasierakoak. Ia guztiak ohol pinturak dira (erretaulak eta aldareen aurrealdeak) eta, neurri batean, errenazentistatzat har daitezke.

Baiezta daitekeenez, Euskal Herrian ez da kontserbatu lehen eliza gotikoetako baoak beteko zituzten jatorrizko beirateen ezer, eta, ziur asko, ez zuten balio artistiko handiegia izango, herrian ez baitago beirate lantegiei buruzko dokumentaziorik. Uste da nolabaiteko maila ekonomikoko elizetan soilik izan zela horma apainketa. Egun, beraz, sorpresa atsegina da landa eremuetan pinturak aurkitzea. Pintura horiek, helburu praktikoak betetzeaz gain -hormari babes handiago ematen diote, atmosferako eragileen aurka; argitasun handiagoa ematen dute, etab.-, egiazko kalitate artistikoa dute. Baskoniako horma pinturaren zati handi bat berriki aurkitu da; berritu egin da eta, 1944. urtetik aurrera, Nafarroari dagokionez, Museora eraman dira, arreta handiz. Hala ere, nahiago izan da beste batzuk in situ utzi. Erdi Aroko artearen historian ohikoak diren izenetara egokituta, eta, beste behin ere, lan horientzat "gotiko" terminoa egokia ez dela onartuta, bost etapa bereiziko ditugu, gutxi gorabehera, epe kronologikoekin bat datozenak: hasteko, protogotikoa eta gotiko lineala ; eta, Erdi Aroaren amaiera aldera, italiar-gotikoa , nazioarteko gotikoa eta hispaniar-flandestarra .

Estilo protogotiko

XIII. mendeko azken hamarkadetakoak izango dira Artaizko San Martin elizako horma pinturen zatiak. Egun, Nafarroako Museoan daude. Absideko zilindro erdia hartzen dute, eta gaia, nagusiki, erromanikoa da: Bildotsa gurtzea (Ap. 7, 9). Gizonezkoen irudietan, guztiek bizarra dute; arropek apaiz, artzapezpiku eta noble beneragarriak direla agertzen dute; guztiak erdi puntuko lau arkuren azpian daude, erdiko bao estuaren bi aldeetan. Pintoreak dohatsuak iradoki nahi izan ditu, testu apokaliptiko inspiratzailearen arabera, eta buruak gainjarrita, guztiak bildotsaren sinbolo mistikoranzko adorazio jarrera hartuta. Bildotsa erdiko medailoian margotu da.48 

Artajoako San Saturnino elizako burualdea apaintzen zuten pinturen egileari Artajonako maisua deitzen zaio (egun Museoan), eta Kristok bere apostoluei eginiko promesa iradokitzen duela dirudi: "Gizonaren Semea bere aintzazko tronuan eseriko denean, zuek ere, nire jarraitzaileok (...) tronutan eseriko zarete (...)" (Mt 19,27-28). Artistak, hemen, Kristo maiestatean aurkeztu du, alboan aingeruak dituela, eta apostolu eseriek gurtzen dutela. Garbi bereizten dira San Pedro eta San Pablo: zutik daude, itxurazko horma hobietan, leihoaren bi aldeetan. Erdiko baoak lore dekorazio ederra zuen, erromantikoa, ziur asko. Arkaismo horren barruan, baina, hastapen berriak antzematen dira: Kristo maiestatean irudia, Arte Medieval Navarro 49 lanaren egileek ongi ikusi duten moduan, ez da Epaile gorena, ezta azken egunean distira loriatsuaz etorriko dena ere; bere zauri salbatzaileak erakusten ari den Kristo da, eta hala ageri da, halaber, beste hauetan ere: Lebanzako Santo Domingo de la Calzadako (Palentzia) girola erromanikoan, Tuterako klaustroan eta, noski, Santiagoko Pórtico de la Gloria atariko tinpano handian. Gure esperantza eta aro berri baten atsegin epela eta arrazionala piztu nahi dituen pintura da: teologia eskolastikoarena.

Nafarroako Museora eraman ziren, halaber, Oliteko San Pedro elizako dorrearen azpiko kapera bateko pinturak. Gangako lau plementuetan lau aingeru margotu ziren. Kaperako hiru hormak bi erregistrotan banatzen ditu inposta batek, eta zenbait gai erabili ziren dekoratzeko. Aurreko horman, Pantokrator eta Tetramorfo goiko zatian, eta Jesusen haurtzaroko eszenak behekoan. Eskuineko aldean, goiko aldean, San Saturninoren bizitzako eszenak, eta inpostaren azpian, San Pedroren eta San Pabloren irudiak. Ezkerreko horma Mariaren Koroatzeko eszenak apaindu zuen, bai eta interpretatzeko zailak diren Bibliako beste pasarte batzuek eta pertsonaiek ere. Oliteko pintura horiek Artajonakoek baino arkaikoagoak dirudite (Pantokrator, adibidez, guztiz erromanikoa da), baina egoera okerragoan dagoenez, ez dute autorea eta kronologia zehazteko pistarik ematen. Litekeena da pintura horien egilea Sigenako kapitulu gela ospetsuan lan egin zuena izatea.

Erdi Aroko eskuizkribuetako pinturarik ia ez denez gorde Euskal Herrian, kalitate ikaragarria dutenetako batzuen berri emango dugu. Estilo gotikoaren lehen aldi horretakoak dira Sacramentario Cisterciense de Fitero laneko miniaturak (Egun Nafarroako Artxibo Nagusian). Mezako "Ordinario" horretako zenbait testuren hasierako hizkien formaren eta neurrien arabera mugatutako pintura interesgarri batzuk dira.50 Sakramentarioetan ohikoak diren eszena ebanjelikoak irudikatzen dituzte: Deikundea, Epifania, Mendekoste , etab. Kasu honetan, gertaera berezi bat nabarmendu behar da, Kristoren Zigortzeak , Mezaren kanona hasten duen Te igitur horrekin batera, Gurutziltzaketaren ohiko irudia ordezkatzen du. Miniaturak XIII. mende hasierakoak dira, eta nolabaiteko bakuntasun eta aurrekotasun erromanikoari eutsi diote, baina espiritu gotikoaren arrasto garbiak ere badituzte, aurpegien espresioko, arropetako eta keinuetako eta jarreretako errealismoaren bilaketan; horrez gain, harmonia kromatikoaren zentzu onari ere eusten diote: urdinak atzealdeetarako gordetzen dira, eta enkoadraketen gorriarekin kontrastatzen dute. Antzeko zerbait esan liteke Leccionario de San Salvador de Leyre laneko miniaturez (Nafarroako Artxibo Nagusian). Horiek ere XIII. mendekoak dira, eta, aurrekoarekin alderatuta, desberdintasun bakarra du: gorriz nahastutako bioleta nagusitzen da hemen. Silva Verasteguik gai horri buruzko ikerketan deskribatutako beste dokumentu miniatu batzuek ere ezaugarri erromanikoak dituzte, nahiz eta horietako batzuetan irudien luzapenak edo hasierako makurdurak edo estilo kaligrafikoak joera gotikoak erakusten dituen.

Gotiko lineala

Miniaturazko pinturak eraginda, zalantzarik gabe, bai eta arte erromanikoak eraginda ere, "gotiko linealaren" ("franko-gotiko" ere deitzen zaio) ezaugarrietako bat irudi lauak definitzen dituen linealtasuna da, eta, oro har, monokromiarako joera duten atzealdeen gainean ageri dira.

Gogora dezagun Nafarroako erregeak frantziar familiakoak izan zirela zenbait mendetan, eta Parisen edo Iruñan bizi zirela. Nafarroako erresuma bortuz bestaldeko artzapezpikuen eta ordezkarien bidez gobernatu zuten, Karlos Prestuaren agintaldira arte, bederen. Frantziaren eragina, Nafarroako artean, nabarmena izan zen gaietan eta estiloan.

Nafarroan, horma pintura horren adierazlea eta eredu nagusia Iruñako katedralean bilatu behar da. Katedraleko eta klaustroko pintura asko Nafarroako Museora eraman dira, erresumako zenbait elizatako beste obra batzuekin batera.51 Pintura horien artean bikainenetako bat Jeseren Zuhaitza gaia lantzen duena da. Gai horren iturri biblikoa Isaiasen profezia mesianikoa da: "Jeseren enborretik kimu bat aterako da…". Gai hori XI. mendean igaro zen artera, eta bikain irudikatu zuen Suger abadeak Saint-Denis elizako beirate batean. Hortik, miniatura, beirate, horma eta ohol pintura eta eskultura (Silosko klaustroa) ugaritara hedatu zen. Ziur asko Frantziatik igaro zen Iruñako katedraleko bertsio horretara. Pintura horrek Iruñako klaustroko hormaren zati bat hartu zuen, Ate Ederraren ondoan. Egun, Nafarroako Museoan ikus daiteke. Teknikoki hondatuta dagoenez, interesa ikonografiak soilik du ia-ia. Zuhaitza eta haren adarren eskema hartzen badu ere, "Jesusen arbasoen" gai tradizionala sinplifikatu egiten du; irudi eta pasarte nagusi batzuetara mugatzen da, eta 4 mailatan aurkezten dira: Deikundea eta Epifania, Jesusen Ama, Gurutziltzaketa eta Hirutasuna. Gai ebanjeliko horietako bakoitzaren inguruan agertzen dira Kristoren "zuhaitz genealogiko" sakratuaren adarrak, eta, adar horietan, Judako hamabi erregeak, gizakiaren berrerosle den Jesusen arbaso eta profetatzat identifikatzen dituzte, filakteria eta guzti. "Jeseren zuhaitza" baino areago, "Gurutzearen zuhaitza" deitu beharko litzaiokeela dirudi.52 Lana 1305 eta 1328 urteen artekoa dela uste da.

Katedraleko trasaltarraren atzean dagoen ohol bikaineko Gurutziltzaketak , edertasun lineal paregabearen bidez, Lignum crucis en gai historiko-mistikoa aurkezten du. Urrezko atzealdearen gainean, zuhaitzeko gurutzean iltzatutako eta hildako Kristoren irudia dago, sinboloz inguratuta, eta alboan hiru Mariak (Jesusen ama, bularra Simeonek profetizatutako ezpatak zeharkatzen diola) eta San Joan ditu. Apostoluen irudiak dituen frisoak inguratzen du Kalbarioaren eszena; eta, horren azpian, elizaren gertaera historiko bat kontatzen da, eta katedral bateko hiru nabeetan garatzen dela dirudi: alboetako nabeetako bederatzi laguneko bi taldek -kleroa eta noblezia- erdiko nabera begiratzen dute, eta, han, artzapezpiku bat bere egoitzako agintea hartzen ari dela dirudi.

Geroago, Juan Oliverrek (Johannes Oliveri) sinatu eta 1330eko data eman zion kalonjeen errefektorioko horma pinturari (egun, katedraleko museoa); obrak Nekaldiko sekuentziak ditu. Konposizio angeluzuzen handi bat da, errefektorioko horma osoa hartzen zuen, tapiz baten moduan, eta neurri naturalaren erdira egindako irudiak zituen, Kristoren nekaldiari, heriotzari eta pizkundeari buruzkoak. Gainjarritako lau bandak osatzen dute, eta goitik behera irakurri behar da. Konposizio horren alboetan, hamabi profetako bi zerrenda bertikal daude (sei alde bakoitzean), eta bakoitzak bere filakteriak ditu. Konposizio monumental eta konplexua da, beraz. Fresko batean eginda dago, eta tonu distiratsuak eta aldaera kromatiko aberatseko paleta erabiltzen ditu. Beti lerroa nagusitzen bada ere, ñabardurek eta tonuen aberastasunak maisu handi batek egina dela erakusten dute. Ikonografian, nolabaiteko inspirazio bizantziar-erromanikoaz hitz egiteko bide ematen duten xehetasunak ageri dira; adibidez: deabruaren irudia lapur gaiztoaren irudiaren gainean.

Baina nor zen 1330ean latindar inskripzio batean (" Iohannis Oliveri depinxit istud opus ") sinatu zuen Juan Oliver hori? Adituak ez dira ados jarri. Badago Juan Oliver izeneko bati buruzko dokumentazioa. Iruñako pintorea zen, eta erregearen zerbitzura zegoen, baina datak berankorrak direnez, gure pintorearen semeren bat izango zela uste da. J. Gudiolen arabera, Bartzelonan Pedro el Ceremoniosoren zerbitzura egondako artista bat izan zen (1364); beste batzuek mendearen erdian Avignongo Aita Santuaren gortean egondako pintore bat zela diote. Nolanahi ere, Nafarroan luze bizi izandako norbait izan behar zuen, eta, ziur asko, Frantzian edo Ingalaterran ikasiko zuen.53 

Juan Oliverren garaikidea zen Artajonako San Saturnino elizako kapera nagusiko alboko hormak apaindu zituen artista. Hegoaldeko horman, Languedoc-eko kondaira bat margotu zuen: Karlomagnoren aginduz San Saturninoren gorputzak Saint-Deniseko abadiatik (Paris) Toulouseraino egindako ibilbidearen kondaira. Iparraldeko horman, berriz, San Exuperioren bizitzako pasarte bat irudikatu zen. San Exuperio San Saturninoren ondorengoa izan zen Toulouseko egoitzan. Lehenengo konposizioa eraman zen museora, hobeto kontserbatuta zegoelako. 1,62 x 3,46 m da, eta sei zati berdinetan banatuta dago; zati bakoitzak hiru lobuluko arkuak ditu, eta, horien gainean, friso estu bat. Frisoan inskripzio bat dago, letra gotikoan, eta pertsonaiak eta eszenak azaltzen ditu: Karlomagno, soldaduak, Toulouseko herritarrak, santuaren gorputzari ongi etorri egitera irtenda, etab. Zorionez, beheko beste friso batean, autorearen eta dataren berri ematen da: "Lo pintó Roque el año de 1340...". Nabarmena da San Saturninoko elizaren burualdeko Azken Epaiketaren eszena (lehen aipatua) ez zuela Roque de Artajonak pintatu. Estiloari dagokionez, aurreko mendetik emandako urratsa nabari da. Nabarmenagoa da XIV. mendeko Frantziako miniatura artearen linealismo zehatzaren eta melodiosoaren eragina, eta, zenbait puntutan, perspektiba arkitektonikoaren bilaketa.

Garai eta estilo berekoak dira, XIV. mende erdialdekoak, Ekaiko San Martingo (Zangozako merindadea) kapera nagusia apaintzen duten pinturak -santu zaindariaren bizitzako pasarteak-, baita berriki aurkitutako Iruñako San Nikolasekoak ere -San Eloiren eta San Mauroren irudiek eraikineko bi zutaberen aurreak apaintzen zituzten-. Egoera oso txarrean aurkitu ziren, eta, salbatu ahal izateko, ohol batera pasa behar izan ziren. Era berean, 1947an, Nafarroako Museora eraman ziren XIV. mendeko zenbait pintura; oso hondatuta zeuden, eta lehenago aurkitutako hurrengo mendeko beste pintura batzuen azpian zeuden, Gallipienzoko San Salbador elizan. Pintura horietan, Kristoren bizitzako zenbait eszena irudikatu ziren. Autorea ezezaguna da, eta Gallipienzoko Lehen Maisua deitzen zaio. Erdipurdikoa da, eta trebetasun gutxi zuen garai hartan ohikoa zen na