«« Itzuli
Dekorazio arteak barrokoan
Rafael Munoa RoizEusko Ikaskuntzari nire esker ona adierazi nahi diot, solasaldi honen bidez ordubetez zuek entretenitzeko eman didan aukeragatik; eta "solasaldi" diot, inondik inora ez baitiet hitzaldi edo mintzaldi deitu nahi nire erara josi ditudan aipamen hauei guztiei; izan ere, nik azaldutakoak ez du inolako zehaztasun zientifikorik eta, egia esateko, antikuarioon esperientzia praktikoaren lekukotasuna baino ez da. Iruditzen zait ezaugarri akademiko urriko ikuspuntu bitxi hori berria eta interesgarria izan daitekeela, agian, gai hau aztertzen dutenentzat; baina, jakina, ez du biribila izan nahi, ez dut inolako polemikarik sortu nahi, ez eta eztabaidagai bihurtu nahi ere.
Antikuariook, duela gutxi arte behinik behin, intuitiboak eta, batez ere, autodidaktak izan gara. Gure gremioko profesionalek ez dute gehiegi irakurtzen, gutxi batzuek izan ezik; baina komunikatu, ahozko tradizioak zabaldu, eta sutsuki eztabaidatu eta pontifikatu oso ondo egiten dute. Gogora itzazue, bestela, inolako oinarririk ez duten aforismo batzuk; esate baterako: "ez dago kobre onik, ez ohol txarrik" ("no hay cobre bueno ni tabla mala") eta "bargeño onenak Bargakoak" ("los mejores bargueños los bargas"). Izan ere, azken esaera horri dagokionez, ez dago izen hori duen egiletasunik, eta ez dago inolako ziurtasunik herri horretan duenik jatorria (Bargas Toledoko herri txiki bat da, eta han ez dago zurik, ez baita zuhaitzik ere). Baina, fundamentalismo horren aurrean, badira zenbait eruditu unibertsitario, erlijio piezei buruzko teorian edo lanean ainguratuta daudenak –izan ere, erlijio pieza horiek ageri dira, batez ere, dokumentuetan–, eta hatu zibilen alor zail eta labainkorrean sartzen direnean nora ezean ibiltzen direnak. Adibide hau argigarria izango zaigu: 1999ko urtarrilean eta otsailean, urregintzari buruzko La Platería bajo los Austrias Mayore s izeneko erakusketa ikusgarria antolatu zuten Valladoliden. Ohi bezala, erlijio ondasun preziatu ugari zeuden (harriak, zurak, oihalak…), oso ondo dokumentatuak eta, asko eta asko, "in situ" kokatuak, enkargatu zituztenetik edo dohaintzan hartu zituztenetik. Baina baziren 1900. urteko bi pitxer zibil ere, ez oso fidagarriak, nire iritziz. Egia esateko, adituak askoz erosoago zebiltzan eta askoz hobeto moldatzen ziren erlijio hatuen artean, erlijio hatua ez baitago laikoa bezainbeste manipulatuta eta faltsifikatuta, eta ez da hura bezain ibiltaria ere. Izan ere, arte laikoarekin era guztietako moldaketak egin izan dira; hala nola, erreprodukzioak, Elkington metodoaren bidezko kopia elektrolitikoak –antz ikaragarria dute eta oso zailak dira identifikatzen– eta hainbat piezatako konposizioak –"ezkontzak", antikuarioon argotean–. Gainera, kopak egin dira kaliza oinak erabilita, edota ispiluak erlikien bidez… Antikuario zaharrak gerenok oso langile iaioak ezagutu ditugu lanbide hauetan; barka bitza Jainkoak haien bekatutxoak. Tolosan (baita Gasteizen ere) Sciortino (?) izeneko pertsona bat izan zen, gai horiei guztiei buruz tratatu bat idazteko adina zekiena. Zilargintza konpontzen, aldatzen eta zaharberritzen zuen, komentuetakoa, batez ere.
Hori guztia dela eta, mundu akademikoaren eta merkataritza pragmatikoaren arteko komunikazioa eta esperientzien trukaketa ezinbestekoa dela iruditzen zait.
Gaurko proposatu didaten edukia lortezina eta onartezina da erabat, gaiaren dimentsioak eta osagaien aniztasunak gainditu egiten gaituzte eta.
DEKORAZIO ARTEAK BARROKOAN, ANTIKUARIO BATEN IRITZIAK ETA ESPERIENTZIAK. Ez gehiago, ez gutxiago. Zer dira Dekorazio Arteak? Arte Txikiak? Objektu miragarrien eta bitxien ganberetan eta kabineteetan gordetzen zituzten bitxikeriak; esate baterako, mezenasek eta zaleek hainbeste maite zituztenak, Felipe II.ak eta haren biloba Felipe IV.ak, kasu. Izan ere, bi errege horiek bildumazale sutsuak ziren eta, besteak beste, txanponak, dominak, erlojuak, tapizak, liburuak, gailu zientifiko eta geografikoak, bitxiak, eskulturak, pinturak eta abar biltzen zituzten. Astrolabioak edo planetarioak askoz ederragoak, erabilgarriagoak eta apaingarriagoak izan daitezke Arte Nagusitzat hartutako zenbait pieza baino; esate baterako, zenbait pintura eta eskultura baino ederragoak (uste dut Felipe II.ak 33 astrolabio zituela).
Fernando Chueca arkitekto eta irakasle handi eta publizista ezin hobeak –Donostiarekin familia harremanen bidez oso lotua– maisu lezio handia eman zidan eliza bat bisitatzen ari ginela: "Erreparatu, Rafael, zer-nolako trazatzaile, mihiztatzaile, zuriaren arotz –horrela deitzen baitzitzaien, bai eta urreztatzaile ere– zoragarriak ziren erretaula hauek egin zituztenak, eta zein eskasak diren, berriz, eskulturak eta pinturak. Askotan, Arte Txikiak Arte Nagusiak baino askoz hobeak dira. Zenbat mihise, zenbat eta zenbat mihise eskas eta txar jarri dituzte moldura zoragarrietan; zenbat eskultura kaskar jarri dituzte horma hobi eta beira arasa zoragarrietan".
Askotan, habitat berean garai luzez era guztietako objektu ugari bildu eta metatu dituzten inbentario eta testamentu ondasunen ardura hartu behar izan dugu antikuariook eta bitxigileok. Zein pieza sailkatuko dugu Dekorazio Arteen baitan eta zein bitxitasunen eta "objektu deigarrien" bildumetan? Zenbait objektu kontrajarri aipatzearren, armak, erremintak, lanabesak, botoiak, gerriko belarriak eta abar estetikoagoak, finagoak eta iradokitzaileagoak izan daitezke portzelanak, brontzeak eta haizemaileak baino.
Gaur egun, Guggenheim euskal-iparramerikarrean, moto bilduma ikusgarria ikusteko aukera izan dugu, XX. mendeko eskultura plastikoak bailiran. Teknika? Dekorazio Arteak? Populismoa eta aisialdia?...
Dekorazio arteak barrokoan
Noiztik norako edota noren eta noren arteko epetzat hartu behar dugu barrokoa? Espainian, batzuetan, joerak eta estiloak beste leku batzuetan baino geroago heldu izan dira. Zenbait tokitan, XVI. mendera arte iraun zuen gotikoak. Nire iritziz, eta eskuzabal jokatuz, Felipe IV.aren eta Carlos III.aren arteko epetzat har genezake Barrokoa. Felipe IV.ak 44 urte luzez gobernatu zuen, eta Karlos III.ak 29 bat urtez; erregealdi luzea izan zuten biek.
Duela gutxi, honako lantxo hau argitaratu nuen: "Cantarilla de plata para elecciones". Pedro Ramon de Eguiarte (XVIII. mendeko bigarren erdialdea) zilargile bizkaitarraren lana zen, eta Enciclopedia de la Plata Española y Virreinal Americana argitalpenean argitaratuta dago. Bada, egileak antzinako diseinua errepikatu zuen bere lanean, XVII. mendeko bigarren laurdeneko diseinuak, hain zuzen ere. Gero, beste izendapenetarako kutxa bat egin zuen, Bilbaoko Santiago Katedralerako, baina estilo neoklasiko abangoardistan.
"Michelangelo Merisi ditto il Caravaggio" erakusketa ikusi berri dut Madrilgo Prado Museoan. Aldi berean, Santiago Bideko herrietako ohol pinturen bilduma bat zegoen ikusgai Central Hispano fundazioan. Horrenbestez, lan ia garaikideak aldera zitezkeen: estetika "retro" flandestar eta preziosistadunak, eta Caravaggioren lanak. Lehenbizikoek argiaren erreferentzia ahalik eta txikiena zuten; Caravaggioren lanak, aldiz, modernista naturalistak ziren eta argiztapen proiektatuan eta planoen sinplifikazioan oinarrituta zeuden. Garai berekoak izan arren, alde handia zegoen batzuen eta besteen bilakaera estetikoan.
Revivalsak edo revivals zaharrak eta abangoardiak elkarrekin bizi daitezke; horren adibide garbiak dira XIX. eta XX. mendeak. Esaterako, hor daude Jean Dunand-en holtz tolesgarri lakatua eta koromandel berantiarra, edota Karlos V.aren edo Felipe II.aren estiloko pitxerrak, azpilak eta erretiluak, batetik, eta modernismo katalanez edo paristarrez egindakoak, bestetik.
Dena dela, hel diezaiogun berriro Dekorazio Arteen gaiari: Felipe II.a eta IV.a bildumazale handiak izan zirela aipatu dut lehenago. Felipe II.ak eskema jakin batzuk ekarri zituen Herbehereetatik eta eskema haiek eta erromanistak nahastearen ondorioz, estilo eskurialense soila sortu zen; estilo horrek zilargintzan, esate baterako, Felipe IV.aren erregealdira arte iraun zuen, bai eta Karlos II.aren erregealdira arte ere. Garai hartan, Austria espainiarren erregetza zen nagusi Europan, eta, denborarekin, Europan boterea galdu ahala, kanon zorrotzeko dekorazio abstraktu hori ere ahulduz joan zen, jauregiko etiketa zorrotz eta zurruna bezala. "Zut ibiltzen dira, estatua animatuen antzera mugitzen dira", zioten, Real Alcázar-en inguruan zebiltzan gortesauei eta "izen eta ospe handiko pertsonaiei" buruz.
Barka diezadazuen eskatzen dizuet Habsburgotarrei buruz behin eta berriro hitz egiteagatik eta haiei diedan debozioagatik, beti aipatzen baititut, nahi gabe edo, eta Borboien kalterako, azken horiek gutxiago interesatzen baitzaizkit. Mundu horrek musulmanen ohituren eragina zuen oraindik, eta horrek originaltasun handiagoa ematen zion, baita Indietako edo urrutiagoko haize gozoaz nahastuta ere –esate baterako, Manilako Galeoiak (San Lazaro uharteak, Filipinak geroago) ekarritakoez nahastuta–. Izan ere, Manilako Galeoia Acapulcon lehorreratzen zen lehenbizi, eta gero, Nueva Españan zehar, Nuestra Sra. de la Vera Cruz de la Mar Océanatik atera eta Andaluziara heltzen zen.
Hori guztia, Alkazarreko Arragoan urtu eta nahastu zen; izan ere, Alkazarra malkarrez eta pasabidez beteta zegoen, eta gela "erreserbatuak" eta sarbide mugatukoak ere ugari zituen; haietan gozatzen zuen eta erlaxatzen zen errege elizkoi eta hipokrita hura, Tizianoren eta beste artista bikain batzuen biluzi erotikoak ikusten. Margolan haiek oihalez estaltzen zituzten, lotsaz, erregina handik igarotzen zenean, eta pribilegiatuek baino ezin zituzten ikusi, koroak zorroztasun handiz betetzen baitzituen Trentoko aginduak, eta, haien arabera, herritarrengan sentimendu elizkoiak sortzea eta inspiratzea zen pinturaren xedea eta arrazoia.
Gorteak eta Madrilek gero eta gehiago monopolizatu zuten sormena, garai hartan garrantzitsuak ziren hirien kaltetan; Burgosek, esaterako, 4.280 biztanle zituen 1560. urtean, eta 1618an 915 baino ez zituen –ondasun iturri gutxikoa zela ageri da–. Toledok, berriz, 57.760 biztanle zituen 1561. urtean, eta 1640an, 24.445.
Garai hartan oraindik ere indarrean zeuden tradizio musulmanek eman zioten ukitu berezi hori Espainiako Dekorazio Arteari: trazeria geometrikodun kasetoidurak –polikromatuak batzuetan–, "zuriaren arotzek" eginak, "estuaren arotzek" egindako egituretan, ekialdeko itxurako gelak estaltzeko –estraduak, esaterako–. Arkitektura zibilak ukitu intimista horri eusten zion oraindik: gizonen eta emakumeen gelak zeuden; etxekoandreak estraduan egiten zien harrera adiskideei; "konplitze estradua" "izen handiko pertsonentzat eta dama dotoreentzat" erabiltzen zuen; "errespetuaren estradua" hurbileko ezagunentzat, eta bere kabinetearen edo logelaren alboko "maitasun estradua", berriz, adiskide minentzat eta senide maiteentzat. Madrilgo Dekorazio Arteen Museoan adibide interesgarria ikus daiteke. Lurzorua Alcarazko eta Cuencako alfonbrez estalita egoten zen (alfonbra horiek 1.400-1.500 korapilo inguru dituzte dezimetro koadroko), bai eta Veneziatik eta Napoliko erregeorderritik inportatutako ekialdeko alfonbrez ere; gainean, hamabost edo hogei zentimetro inguruko oholtza bat izaten zen, eta horren gainean, oihal berezitako kuxin eta burkoak, damak moriskoen erara esertzeko. Kaxetaren bat ere bazen, erdialdean "ese" itxurako zulotxoduna, eta kutxa larruztatuak edo belusez estalitako eta burdinaz hesitako kutxak, eskuz erraz lekualdatzeko modukoak. Kutxa larruztatuak bidaiarako ziren, batik bat –gure gorteak oso ibiltariak eta bidaiariak ziren eta–; barrualdean tarte bakarra zuten, tapizatua, eta alboetan bi helduleku. Galantagoak ziren Italian inspiratutako eta Katalunian egindako "Emaztegaien kutxak". XVI. eta XVII. mendeetan batez ere, goiko tapa eraisgarria pinturaz apainduta izaten zuten, erlijio gaiez, agian: Deikundearen irudiak nahiko ohikoak ziren. Aurrealdearen eskuinean, erdialde inguruan edo, atexka bat irekitzen zen eta, normalean, hiru graveta ikusten ziren; ezkerrean, tarte garbi bat zegoen. Zokalo garaietan muntatuta zeuden. Eta baziren tamaina eta itxura askotako kutxatilak apaingarrien aldagarritarako –emakume espainiarrei izugarri gustatzen zitzaizkienak–, bitxiak gordetzeko kutxak, ebanoz, marfilez eta beste hainbat materialez eginak, inkrustaziodunak, oihalez estaliak, iztukatuak, zilarrezkoak edo gainurreztatuak, intxaur zurezkoak… Eta baziren bufetilloak (antikuariook "urdaitarako mahai" deitu izan duguna), eta erakusleiho edo sapaldaren bat (txikikeria garestiak gordetzeko), bai eta goruak edo musika tresnak ere, eta, jakina, sutontziak, kriseiluak, zutargiak, josteko tresnak eta kirten luzeko letoizko edo kobrezko ohe berogailuak ere bai. Oheak, batzuetan, torneatuak izaten zituen oheburuan eta ohearen oinean (Portugalen bezala), eta errezelak, ohe zeruak eta gortinak, Erdi Aroan baino arinagoak. Torneatu horiek oso zailak ziren egiten, eta makila santuz egiten zituztenean oso-oso leunak izaten ziren. Garai hartan, 1640. urtera arte, Portugal zen hornitzaile eta kontsumitzaile nagusia. Ohearen alboetako gau mahaiak geroago etorri ziren.
Etxejabearen langelan, oholtza antzeko baten gainean, idazmahaia egoten zen; idazmahaiaren taula intxaurrezkoa, pieza bakarrekoa eta bi zentimetro edo gehiagokoa izaten zen; hegalean tiraderak zituen eta lira hankak edo hanka torneatuak, eta burdinazko txanbranak edo segurtagailuak, "ese" itxurakoak, askotan. Beti galdetu izan diot neure buruari zergatik ditugun hain kaoba gutxi (gure Mendebaldeko Indietatik zetorkiguna eta ingelesek edo frantsesek hainbatetan erabili dutena), edota makila santu gutxi (aurrerago aipatu dugu Portugaldik heltzen zitzaigula). Aitzitik, zur eskasa, intxaur biguna eta pinuzko barrualdeak dituzten altzari asko egin zuten Espainian, xilofagoen gozamenerako. Argi dago erdi basamortu itxurako Espainian maila handiko zur gutxi zegoela; izan ere, itsasontzigintza iparraldean edo Mendebaldeko Indietan egitea hobesten zuten. Baina hori baino are harrigarriagoa da armagintza eta burdingintza lantegiak Frantziako muga inguruko herrietan egotea (hala nola: Soraluzen, Eugin eta Ripoll-en), mugan egoteak leku arriskutsu bihurtzen baitzituen.
Gure solasaldiaren hariari helduz, idazteko mandatua dugu idazmahaiaren gainean. Zilarrezko, brontzezko, letoizko eta zeramikazko eskribana izaten ziren, bai eta labana ere, eskribanaren punta tintaren ondorioz biguntzen zenean zorrozteko. Kriseilua, eta, batzuetan, mahai azpiko sutontzia edo kutxatila formako burdin saredun sutontzia eta zursaredun sutontzia, burdinazko tapaduna. Baina benetako sutontzia familiarra izaten zen, lurrean jartzen zen eta burdinazko egitura zuen; baina baziren brontzezkoak eta zilarrezko aplikazioak zituztenak ere, bai eta oso-osorik zilarrezkoak zirenak ere. Bufetearen atzean –belusez estaltzen zen askotan, "Austrien erako" erretratu ugaritan bezala– besaulkia egoten zen. Belusezko edo aker larruzko hornigaia izaten zuen, eta aker larrua erliebean landutako kolorebakarreko larrua izaten zen, "guadamecid" delakoa ez bezala, horrek polikromiak izaten baitzituen behiaren larruan; eta hormak, aldareetako aurrealdeak, holtz tolestagarriak, heraldika eta erretratuak tapizatzeko erabiltzen zen, batez ere. Aulkiak ere baziren, bizkarraldean torneatutako balaustre mehe ugarikoak; txanbrana zuzenek edo formadunek profil trauskileko eta itxura pisutsuko altzari horiek indartzen zituzten. Komenigarria da, mahaietan bezala, egituraren atalak lotzen dituzten zurezko ziriei erreparatzea.
Dena dela, oinarri-oinarrizko altzaria eta altzaririk enblematikoena idazmahaia da; gaur egun inolako arrazoirik gabe "bargueño" deitzen dutena, Bargas izeneko herriaren edo egilearen omenez. Gaur egun, oso hedatuta dago Salamancan egiten zituztelako ustea ere, baina horrek ez du inolako oinarririk. Litekeena da jatorria ekialdean izatea, baina argi dago ohitura transhumanteetako kulturek sortu zutela, eta denborarekin aldatuz joan dela. Zaharrenek bi tapa edo bi estalki zituzten, goian bata eta aurrealdean bestea, idaztokitzat erabiltzeko, baina ez dut hori oso argi, sarrailaren azpialdea taularen alde leunean irteten baita. Denborarekin, gabetadun kutxa bihurtu zen; hau da, goiko tapa mugiezin bihurtu eta finkatu egin zuten, eta, batzuetan, ez dute aurrealdekorik, edo armairuaren bi hegal bihurtuta dute (flandestarrak, esaterako, pinturez apainduta). Euskarri ireki nahiz itxi batean sostengatzen dira; irekiek arkuteria italianizatzailea daramate, eta XIX. eta XX. mendeetan asko egin zituzten, baita antzinako arkimesa delakoen oinarri gisa ere. Idazmahai itxiek Salamancako kutxak dituzte, eta marrazki geometrikoko takiloiak bi tiradera berdin dituzte goiko aldean eta bi armairu behekoan. Badira mahaietan oinarritzen diren idazmahaiak ere.
Inkrustazioko eta hezur enbutituko (arroz aleak) lanak egiten ziren oraindik ere. Badira karez estalitakoak eta beltzez estalitako zurezkoak; horiek ate nagusi bat dute, eta ateak "trompe l’oeil" edo begi engainagarri edo perspektiba faltsu batez "aretotxo" batera ematen du; batzuetan, atzealde poligonala ispiluz apaintzen da; atean, aldamenean, zutabe salomonikoak edo zuzenak egon daitezke eta, erdialdean, brontzezko Minerva, Herkules edo Zoriaren Jainkosa baxuerliebean, Habsburgotarren bi buruko arranoa duen plinto poliedrikoz etendako metalezko mendelean. Kutxa mota horiek "bermatzeko mahaietan" edo kontsolen gainean egoten ziren, eta hankak torneatu salomonikoak izan zitezkeen. Jatorriz italiarrak direla diruditen lan mota horiek Herbeheretan ere egiten zituzten, gai askotako pintura miniatuak zituztela (mitologikoak, biblikoak, gerra eszenak…); kalitate handiko kasu batzuetan, baita kobrean ere, baina, normalean, beiran. Kasu askotan, argi dago Herbeheretako irudien inspirazioa dutela.
Intxaurrezko idazmahaiak, itxura arkitektonikokoak eta Escorialean inspiratutakoak, edo tiraderak markoztatzeko moldura kizkur bakundunak; edo, beste batzuk, tindatutako zurean hezurrezko edo marfilezko inkrustazioak dituztenak, erlijio eszenak, zinegetikoak, belikoak eta abar grabatuta dituztela… Napoliko artistek eginak edo haien lanetan inspiratuak dirudite. Ez ahaztu Napoliko erregeorderria –han jardun zuten lanean Carabaggiok eta Riberak– Austriatarren koroaren bigarren hiriburutzat har daitekeela.
Paperetarako idazmahaien kopia ugari egin izan dira intxaurrez: dekorazio tailatu eta urreztatuko polikromiadunak, hezurrezko zutabetxodunak, tiradera higigarridunak eta armairu zentraldunak; izan ere, "estilo espainiarrak" XX. mendearen hasieran izan zuen garai gorena. Nahiko klasikoa da sekretuen egoera, tiraderen atzean, eta, batzuek, baita XVIII. mendekoek ere, tapa eta sarraila izaten zuten aurrealdean, bai eta bi kisketa eta takiloia ere. Burdinak kolore naturalekoak eta urreztatuak izan zitezkeen, belusezko oihalen gainean edo oihal gabeak. Tiraderen barrualdeak pinuzkoak izaten ziren batzuetan, eta intxaurrezkoak beste batzuetan, bertako zurezkoak, alegia. Inoiz ez dut kaobazko idazmahairik ikusi. Europan ugari daude; Frantzian "cabinet" deitzen zaie, eta Ingalaterran "tall boy" –horiek ere departamendu sekretudunak dira–.
Bargueño izeneko idazmahaian, zeramikak jartzen ziren, "albareloak" (Albarelli italiarraren botika potoak), esaterako; bai eta platerak eta tailuak ere.
Bureau izeneko XVII. mendeko idazmahai oso gutxi ikusi ditut, ale bat edo beste Madrilgo Dekorazio Arteen Museo Nazionalean. Baina, esate baterako, paperetarako idazmahaiak, bufete idazmahaiak, aulkiak, kutxak eta antzekoak enkanteetan azaltzen badira ere, armairuak eta buro idazmahaiak ezezagunak dira ia, eta hori arraroa da, altzari zibila baita eta oso erabilia. Altzari horretan erloju bat jar zitekeen, eta pieza bikaina zen hori, oso bitxiak eta garestiak zirelako eta arazo handiak zituztelako behar bezala funtzionatzeko; hori dela eta, ezinbestekoa zen erlojugilea gertu izatea. Aretoko erlojuak pendulu bidez funtzionatzen hasi zirenean (1656), asko hobetu zen erlojuaren mugimenduaren zehaztasuna; batez ere, Christian Huygens fisikari holandarrak malguki kiribil-ibiltaria asmatu ondoren (1674). Espainian ia ez zen erlojugintzarik izan; Karlos II.aren erlojugilea italiarra zen: Francesco Filippini, alegia.
Velazquezek hiru erloju utzi zituen bere testamentuan: bat, txikia, kaxan diamantetxoak zituena; beste bat, "Relox", portzelanazkoa (azpialdeak, esmalte zurikoa edo beste kolore batekoa izaki, portzelana itxura zuelako deitzen zitzaien horrela), turkesa kolorekoa; eta bestea, zilarrezko kaxaduna, ertaina.
Ordua arrazionalki neurtzeko ordu zientifikoa ordu kanonikoari gailendu zitzaionean, Erdi Aroko ordenaren eta kontzeptuaren bidez neurtutako denborak eta jarduerak behin betiko amaitu ziren. Ordura arte, kanpandorreetako erlojuen arabera antolatzen zen bizimodua; hala nola, matutiak, primak, tertziak, sestak, nonak, bezperak eta konpletak adierazten zituzten ezkila hotsen bidez. Jantoki konbentzionala XVIII. mendean sortu zen. Aretoak erabiltzen zituzten ordura arte; haietan, taulak jartzen zituzten astoen edo euskarrien gainean, eta hortik dator "mahaia jartzea" esaera. Aurkezpen altzariak erabili zituzten, apal mailakatudunak, haietan jartzen baitzituzten etxeko hatuak ikusgai; "credenza" deitzen zitzaien, eta altzari horietan eta "erakusleiho" edo beira arasa delakoetan, ondare altxorrak erakusten zituzten, bai eta huskeriak ere, aurrerago esan dugun bezala. Karei beira arasak dira gehien kontserbatu direnak, XIX. mendera arte egin zituztelako: paperetarako idazmahaien estilokoak, beltzez tindatutako zurezkoak, hegal bakarreko atea aurrealdean, arrano koroatuko mendela, eta azpiko erremateak boladun erpedunak; mahaiaren hankak torneatuta, eta segurtagailuak "ese" formako burdinazkoak.
Baziren taulan kareia, hezurra edo beste zur mota batzuk txertatuta dituzten bufetillo batzuk, baita eragin musulmanekoak ere, baina urteen poderioz desagertuz joan ziren, eta behin betiko desagertu ziren Borboiak eta haien jokabide eta estilo frantsestua eta italianizatzaileak nagusitutakoan. Hasieran esan dut ez zaizkidala hain interesgarriak iruditzen. Aulkiaren bilakaera da horren erakusgarri argia: Luisen eragin frantsesak izatean, XIV. mendean batez ere, bizkarraldea handitu egin zitzaien, eta pixkanaka-pixkanaka, lerro zuzenak alde batera utzi eta oinak torneatzen hasi ziren, torneatutako indartze txanbranak eta guzti; horrez gain, aker larrua eta belusa erabiltzen jarraitu zuten, baina, zalantzarik gabe, beste diseinu batekoak. Ordutik aurrera, ez ziren zilarrezko tapadun bufete idazmahai gehiago egin, ezta marmoleztatzeko lanik ere (harri gogor eta erdibitxiak enbutitzen zituzten, Napoliko tailerrek egiten zuten bezala). Austria Handien tradizioak desagertuz joan ziren, Borboiek ekarritako Europako korronteen ondorioz, baina, nire aburuz, diseinu eta produkzio hobe eta handiagoko beste herrialde europar batzuek kolonizatu gintuzten artean. Espainiako dekorazio talentuaren Urrezko Aldiak ez zuen distira bera izan hurrengo urteetan.
Nire iritziz, zeramika da kasu zehatz eta argi bat. XVII. mendean ondo sartu arte, iradokizun sinbolikoko irudi plastiko ugariri eutsi zion, baita musulmanei ere, eta horiek geroago etorriko ziren irudikapen nolabait italianizatzaileak baino askoz interesgarriagoak ziren (biluziak eta europar eragineko mitologiak baino interesgarriagoak, alegia).
Paterna, Manises, Granada eta Malagako ereduek jarraitu egingo dute Teruel, Muel eta Villafeliche, Talavera (labe ugari), Puente del Arzobispo, Sevilla, Triana, Bartzelona eta abarretan.
Eltzegile izatetik (buztina egostea) zeramista izatera (bi egoste; batean, buztina, eta bestean, estalkiko oxidoak) dagoen urratsa musulmanen eskutik egin zen Espainian. Haiek, urre koloreko erreflexuen errezetak gauzatzearekin batera, hainbat irudi-iradokizun utzi zizkiguten, txertatuz joan zirenak.
Honelako elementuak:
Espainiako zeramikaren iraunkortasuna ez zen etxeko hatuan soilik izan, baita arkitekturan ere: erantzun naturala, bertako elementu eta teknikekin nahastea, adreilu eta zeramikazko nahaste liluragarri hori –Teruel, Zaragoza– eta "neoekin" XIX. mendean errepikatuko zena; nahikoa da Madrilgo Salamancako auzoko kaleetan ibiltzea. Zeramikaren erabilera hura –adreiluarekin nahastua– da Espainiako arkitekturaren lorpenik handienetakoa. Beti izan naiz naturak gure ingurunean eskaintzen dizkigun elementuak erabiltzearen eta aprobetxatzearen aldekoa. Merkeagoak, bertokoagoak.
Hogei urte inguru izango nituen Talavera de la Reinan lanean aritu nintzenean, Ruiz de Luna anaien buztinolan, iraganeko lanbideen lurrin sano eta zaharkitzaile hori gordetzen zuen lantokian. Han ikasi nuen zeramikazko frisoak ikusten, bai eta popularretik errenazentismo landurako urratsa ere, eta eragin italiarra lehenik eta frantsesa gero, XVIII. mendean Alcoran indar handiz uztartu zena.
Zeramista handien eta portzelana eskasen lurraldea omen da Espainia. Hori ez dut axiomatzat hartzen, baina Espainiako zeramiken aberastasuna eta aniztasuna da horren adierazpen artistikorik liluragarrienetakoa.
Anekdota txiki bat kontatzearren, Velazquezen lanak modan dauden une honetan, lur gorriztako ("sigilatta", agian) ontzia dut gogoan, Nueva Españatik inportatua, seguru asko; izan ere, zilarrezko oindun salba batean eskaintzen dio infantari Menina batek, izen bereko koadroan. Ontzi horiek, garaikideen iritziz, urez betetzean giroa lurrintzen zuten, eta emakumeak beti zeuden pusketa batzuk mastekatu nahian, larruazalerako eta edertasunerako dohainak omen zituztelako, zurbiltasuna ematen baitzien. Baina, egia esateko, hortzetako esmaltea suntsitzen zuten.
Aurrerago, aipatu dut Habsburgotarren gorteko zeremonialak biziki liluratzen nauela. Oso estetika hotz eta hieratikoa zuten, Espainiako gai eta elementu herrikoi guztiek izandako bizitasunarekin eta zalutasunarekin alderatuta.
Izen handiko pertsonaiei egindako gorteko erretratuei erreparatuta, jabetuko gara askotan bitxi ikusgarriak eransten zizkietela jantziei. Bada liburu bat, ezinbestekoa bitxigintza aztertzeko: "JEWELS IN SPAIN" 1500 – 1800 , Hispaniae Society of America-ko Priscilla E. Müller Curator-ena. Hori da Espainiako bitxigintzari buruzko ikerketa sakon bakarretakoa. Liburu horri esker, ikus daiteke bitxiak nola joan ziren jantzietan gero eta gehiago eransten eta bateratzen, ia batasun absolutua izateraino. Oihalean egindako aplikazioak; mokorreko zintak, gerriari "v" itxura emateko; bandak eta beso euskarriak; arrosak eta bularreko bitxi txikiak –"Bitxi txiki aberatsa", esaterako (bitxi hori taulan moztutako "Urmaela" diamante famatuaz eta "Pelegrina" perlaz osatuta zegoen, Isla Margaritatik zetorren, eta Pantoja de la Cruzen Margarita de Austriaren erretratuan ikus dezakegu)–. Bitxien hatu handi hori guztia oinetakoen belarriekin, txanoen apaingarriekin, aurpegiko eta ileko edergailuekin, ezpatekin eta abarrekin osatzen zen; hau da, apaingarri sofistikatuen zerrenda amaiezina zuten gorteko jantziek.
Beti galdetu izan diot neure buruari nola esertzen ote ziren eta nola altxatzen ziren lurreko kuxinetatik, halako guardainfanteak eta armazoiak soinean izanda.
Bitxigintza lana –xehetasun gehiago emango ditugu gero, elementu batzuei buruz– forjaketaren edo galdaketaren bidez egiten zuten, eta gero burilez errepasatzen, filigranan, esmaltatuta edo harribitxiak erantsita. Espainiako bitxigintzaren zati bat urregin txinatarrek egiten zuten Filipinetan, eta hori izango da bertako bitxigintzaren ezaugarrietako bat; halaber, Mundu Berritik heltzen zenak ere bere ezaugarriak zituen. Virgen de Atocha eta Santa Margarita galeoiak aurkitu zituztela-eta Floridako Key Westera joan aurretik, sekula ez zitzaidan burutik pasa XVII. mendearen hasieran harri bitxiak tailatzen eta mozten zuen aditurik egon zitekeenik Ameriketan. Esmeralda ilarek leunduta zituzten aldeak; horrek esan nahi du han bazegoela talde profesional gaitu bat, lan horretaz arduratzen zena.
Harribitxi horiek hondo itxiko pitetan kokatzen ziren, ia XIX. mendera arte. Horren ondorioz, harribitxi eskasagoei kolorezko atzealdea jartzen zitzaien, kalitatea areagotzeko. XX. mendean, bitxigile ugarik, harribitxia airean muntatuta ikusten ez bazuten, mesfidantzaz, harribitxiaren kalitatea ez zuten aintzat hartzen; izan ere, niri ere gertatu zait hori, XVIII. mendearen hasierako esmeraldaz hornitutako bularreko gurutze zoragarri batekin: deskalifikatuta zegoen, nahiz eta Kolonbiako Muzo esmeralda ikusgarriak zituen.
Bitxi multzo zabal hura bi sexuetakoek erabiltzen zuten: bai gizonezkoek, bai emakumezkoek. Gizonezkoek elementu hauetan erabiltzen zituzten: sonbreiruetan, kapeletako apaingarrietan, erlijio ordenatako abituetan, gurutzeetan, txirletan, sorbaldako banda edo kateetan, bizkarrari eusteko uhal eta pretinetan eta abarretan. Erregetzako pertsonaiek, berriz, "toison d’or", Argonauten Jasonen ardi larrua (ordena hori Felipe Ona Borgoñakoak fundatu zuen) erabiltzen zuten, bular ohoragarrietatik zintzilik, bai soka batean, bai lepoko ikusgarri batean.
Emakumezkoen orrazkeran ikaragarrizko aukera zegoen: elkarren segidako zintzilikariak, pinjanteak, bularreko arrosak, destainak, triangelu formako fede irmotasunak, pasioaren estigmak, erretaulatxoak, erlikia ontziak (asko eta asko deboziozko irudiez esmaltatuak; barruan sinadura edo erlikia bat egon zitekeen), petoak, gainpetoak, sortak, koilareak eta lepoko gurutzeak, belarritakoak, belarritakoartekoak, orejerak, paparreko orratzak (malgukien gaineko zurtoin finetan kokatutako harribitxidunak, ibiltzean dar-dar egiten zutenak) eta abar. Bitxigintzako teknika eta material ugari azken mendeetan oso gutxi aldatu direnez, antzinako originalak eta XIX. mendean egindako imitazio perfektu ugariak bereiztea da profesionalen arazorik handienetako bat. Etxeko hatuetako eta erlijio hatuetako zilarrak –elementu organikoak ez bezala– karbono 13arekiko erreakzionatzen ez duenez, oso zaila da pieza horiek behar bezala identifikatzea. Gainera, oso txikiak eta egitura arinekoak direnez, oso marka gutxi egin zaizkie (ia ez dut urrezko zilargilearen edo herriaren marka duen bitxirik ikusi, eta horiek XVIII. eta XIX. mendekoak ziren beti). Balearretako Gobernuak 1990. urtean egindako erakusketan, Bitxigintzari buruzko Katalogoan, gai horri buruzko artikulu bat argitaratu nuen.
Babeserako bitxien edo apaingarrien multzoak ere oso interesgarriak dira: zinginarridun gerrikoak eta dijeroak, atxabitxizko higodunak edo koraldunak (Gorgonaren harri bihurtutako odola irudikatzen zuten); kuartzo hialinoak edo izotz gogortuak; untxien hankak; eskuak, Mediterraneoko sartzearen ikur zaharra eginez; Maltzurra uxatzeko kanpaitxoak; sirena itxurako txilibituak eta infanteak gordetzen zituen Aingeru Santua.
Deboziozko elementuen eta elementu santuez gain (Jaengo Kristoaren Aurpegi Santua), fantasiazko animaliak eta animalia sinbolikoak izaten ziren; horiek, normalean, kateetatik zintzilikatzen ziren, eta metalari esmaltezko gorputzak, perla barrokoak, harribitxiak, harri erdibitxiak, eta kristala eransten zizkioten. Sugeak, zentauroak, tritoiak, tritoi hegaldunak, arranoak, papagaiak, lehoiak, itsasontziak, sirenak…
Velazquez, Juan Carreño de Miranda, Palomino, Van Loo eta beste batzuen erretratuetan eta Passanties eta Exámenes Gremiales liburuetako marrazkietan, aldagarri, eredu eta konposizio ugari eskaintzen zaizkigu ikertzaileoi. Normalean, urrea 20 kilatekoa izaten da, eta zilarra 12 dineros eta 4 alekoa, 925 milaren, baina pieza txikietan legezko lagapena zegoen.
Ikusi duzuen bezala, elementu zibilez aritu naiz batez ere. Eta haietan sakontzen jarraitzen dut, erlijio ondarea oso handia denez eta zibila baino askoz hobeto kontserbatuta dagoenez, hobeto ikertuta dagoelako, hasierako lerroetan aipatu dudan bezala.
Adibide argigarri bat eman behar dizuet: XVIII. mendea baino lehenagoko bi mahai tresna sorta (koilara eta sardexka edo aiztoa) baino ez ditut ikusi; bata, Armada Garaiezinaren galeoi batekoa zen; eta, bestea, San Diego galeoikoa (Filipinetako badian hondoratua). Koilarek zaliak zabal eta sakonak zituzten, eta kirtenak estuak eta muturrean kurbatuak; sardexkek bi hortz luze zituzten, eta aiztoen xafla luzea zen, mozteko egokiak. Mahai tresna gutxi egoteak ondo erakusten du zein zaila den hatu zibila aurkitzea; gainera, kontuan hartu behar da garai hartako gizartean ordezkaritza laikoa goi mailakoa zela, ez zegoela tarteko klaserik. Erlijio gizartea, berriz, ahaltsua eta ugaria zen, eta, hori dela eta, nahiz eta elementu asko saldu edo lapurtu egin diren, askoz hobeto jakin izan du bere ondare historikoa gordetzen: esate baterako, jabea hiltzean, ez zen banatzen herentzia edo enkanteetan, ez eta galdatu eta txanpon edo beste objekturen bat bihurtzen ere.
Felipe II.aren zilargintza tardomanierista da azpimarragarriena eta estilorik interesgarriena duena, nire ustez, behinik behin. XVII. mendeko lehen erdialdekoa da. Estilo zolia eta trinkoa du, eta, askotan, elementu arkitektonikoetan inspiratuta dago, zilargintza gotikoaren antzera, hori beste irizpide batean inspiratu baitzen, eta maisutasunez. Escorialaren eraikuntzak, erromatarraren azterketak eta hedapenak –Joan de Arferen bidez– eta dekorazio ezak (landare dekorazioa, batez ere) handitasun ikusgarria ematen die piezei, bai eta biribiltasun ikaragarria ere, niri iritziz. Asko eta asko zilar urreztatudunak dira, eta hori da teknikarik zailenetakoa imitatzen. Urreztatzea amalgama bidez egiten zen; hau da, ia hauts bihurtutako urrea eta zilarbizia nahasten zen, pieza estali, berotu eta urrea gainazalean itsasten zen. Merkurio lurrun oso toxikoak askatzen zituen. Gaur egun, merkurio urreztatzea –Parisen egiten da– oso arina da, eta elektrolisi bidezko hauspeakina mikra batzuk baino ez dira. Frantzian eta Ingalaterran, "Ormoulu", "Dorure d’or Moulu" esamoldea erabiltzen da.
Fustedun piezak, abalustratuak, torneatuta daude. Mahaien tailerrak eta azpildun pitxerrak pieza enblematikoak dira, betiere zilargintza zibilaren baitan. Mahaien tailerrei dagokienez, horien garrantzia hitz batez adieraziko dizuet: zuek badakizue espeziak oso merkantzia gai garestiak eta desiragarriak zirela Europan. Portugesek Veneziako merkataritza gaineztatu zuten, Moluketako ibilbidea aurkitu baitzuten, Afrikaren itsasbazterrari jarraituz eta Esperantza Oneko Lurmuturretik gora eginez. Elkanok bere zeharkaldi luzea (hiru urte) amortizatzea lortu zuen, sentinan gordetako espeziei esker. Bada, espezien eta beste substantzia batzuen eskaintzari esaten zitzaion mahaien tailerra: bi pitxertxo (oliotarako eta ozpinetarako); kupuladun ontzi zilindrikoak, azukretarako eta piperbeltzetarako; gatzontzirako goporra, oholtxo baten gainean edo hankadun plataforma batean, eta haren fuste nagusia helduleku zuloduna (zotzetarako). Izan ere, mahaien tailerra ahaltsuen prestigioaren adierazgarri zen, horrela eskaintzen baitzizkieten gonbidatuei fintasun gastronomikoak. Nik hiru baino ez ditut ezagutu: bat, XVII. mendekoa, blasonatua eta markarik gabea, Santo Domingoko Markesarena; beste bat, Palmako marka ugariduna eta Gaztelakoaren oso antzekoa –harrigarria, beraz–; hirugarrena, Valladolidekoa, XVIII. mendekoa.
Testamentu egikaritzeetan eta inbentarioetan irakur daitekeenez, horrelako pieza ugari zeuden, credenzak eta nobleen mahaiak apaintzeko; gaur egun desagertuta daude.
Beste pieza enblematiko bat mokodun pitxerra da, bere azpila eta guzti. Bi ale baino ez ditut ezagutzen: bata, Valentziako On Juan de Becerril Institutukoa (zilarrezkoa eta bere kolorean); bestea, Vienakoa, urrezkoa. Gainerako pitxer eta azpilak ez dira beren sortako elementuekin batera aurkitu. Pitxerren ezaugarriei, tipologiari eta kokapenari dagokionez, ezinbestekoa da Jose Manuel Cruz Valdovinosek Antiquaria aldizkarirako idatzi zituen bi artikuluak irakurtzea eta kontsultatzea, horixe baita zilargintza azterketei buruzko aditurik handiena. Ezinezkoa zaigu, hain denbora laburrean, pieza horren bilakaeraren nondik norakoak zein izan diren azaltzea; Burgos inguruetan sortu zen seguru asko, baina Euskadira, Sevillara eta Mendebaldeko Indietara hedatu zen, bai eta urrutiagoko beste latitude batzuetara ere, baina haietan ez zen markatu. Edariak hornitzeko –eta, platera eta guzti, eskuak garbitzeko– balio zuen pieza horrek modalitate ugari izan zituen: leuna eta dekoratu abstraktu urrikoa, edo edergarri ugarikoa. Borboien garaian, baina, desagertu egin zen. Bitxia da pieza mota hori XVII. mendeko zeramikan nola errepikatzen den ikustea.
Felipe II.aren garai berantiar eta luxurik gabean, azpilek pitxerren antzeko dekorazioa zuten, eta ispiluz eta esmaltezko medailoiz irudiztatzen ziren. Medailoi ia opalo, urdin, zuri, berde, anbar koloreko eta gorri zeharrargien nahaste edo kontraste hori estilistikoki erabakigarria da niretzat.
Beste pieza askori buruz hitz egin genezake: azafateak; bernegalak eta kopak; salvillak; sutontzitxoak edo galdarrazkailuak; mukaderak; ozpin ontzietarako arkutxak; ertz leuneko platerak, erdian tornuaren marka ageri dutela; eta Frantziatik iritsitako diseinu izurrekoez ere hitz egin genezake: zutargiak, kriseiluak… baina denborak ez digu uzten.
Zer esan burdinei buruz? Armak, liburuak, oihalak, ehoziriak, dominak, paperak, haizemaileak, marfilak, beira eta kristala, jostailuak, musika tresnak... Dekorazio Arteek, hasieran aipatu dudan bezala, askoz bizitza handiagoa dute, askotan, komentu ugaritako eta museo batzuetako hormak estaltzen dituzten margolan ankilosatuek baino.
Bibliografia
- Lihazkitutako hostoak
- Krabelina
- Lumazko izarrak
- Iratze hostoak
- Pinaburuak
- Betikotasunaren zuhaitza
- Abaritza edo txaparroa.
- Ehoziri lana
- Beste sinbolo batzuk; Fatimaren eskua, esaterako.
- Paradisuko giltzak
- Txoria arrainaren aurka borrokan, Ongia gaizkiaren aurkako borrokaren sinboloa .
- Aurrez aurreko paumak, Mundu islamiarraren sinbolo kosmikoak .
- Eguzkiaren oroitzapena, urrutiko jatorrikoa, dekorazio erradialean.
- Ikur korporatiboak; eskudel lantegiaren gremioa, esaterako.
