«« Itzuli
Mugimendu erromantikoa
Francisco Javier de la Plaza SantiagoHistorian zehar Mendebaldeko gizakiaren sentsibilitateari eragin dioten asaldura guztien artetik, ez du inork Erromantizismoak bezain ongi asmatu maila soziokulturalik heterogeneoetan hainbesteraino barneratzen; ez eta, denboraren joan-etorrian, harrigarriro hedatutako jarrera eta kontzeptu moduan irauten eta mundu garaikidearen historian barne-barneraino sartzen ere. Pentsa zenbateraino errotu zen, ezen gaur egun ere, ia ohartzeke, Erromantizismotik datozen zenbait irizpide erabiltzen baititugu; batik bat, honako irizpide orokor hauetaz aritzeko: arteaz, sortzailearen jarreraz, askatasun indibidualaz, subjektibotasunaz edo genero orotatik haratago doan eta hori guztia barne hartzen duen artelan oso, integratuaren, ametsaz.
Hein batean, esan liteke Erromantizismoarekin ireki zirela gerora modernitateak zeharkatu zituen hainbat bide.
Izatez, egokiagoa da erromantizismoei buruz –pluralean– hitz egitea, Welleckek 1960an aipatu zuen moduan. Izan ere, garai hartan berezitasun nazionalez betetako sentimendua garatu zen, eta horren eraginez, iraultza erromantikoa sortu zen, hainbat unetan eta ezaugarri desberdinak zituztela, hein batean. Baina, desberdintasun oroz gainetik, mugimendu bakar baten elementu definitzaileak aurki daitezke horiengan.
Oro har ikusita, eta alegoria antropomorfiko bat eginez, Mendebaldeko gizakiaren pubertaro kolektiboaren pareko dela esan liteke. Izan ere, sutsuki guztia desio nahi izatearen pareko da, eta, aldi berean, pubertarora iristean sentitzen diren urduritasun, atsekabe eta kezka guztiak eragiten ditu: absolutu nahia; aurreko belaunaldikoek defenditutako balore guztiekiko ikuspegi kritikoa; ideal lortezinak itsu-itsuan bilatzea; eta, zenbaitetan, ulertezintasunaren eta porrotaren sentsazioa; heriotzarekiko lilura erakargarri berbera; bidaiatzeko irrika, mundu guztia zeharkatzeko irrika, abenturak bizi eta urrutiko herrialdeak ezagutu nahia; melankolian eta ametsetan murgiltzea; guztia berriz sor daitekeela sinestea; eta norberaren gatazkak unibertsoaren erdiguneari berari eragingo dioten katastrofe kosmikotzat bizi izatea.
Egiazki, oso erraza da gerora sinbolismoan, espresionismoan, eta, agian, baita surrealismoan ere aurkituko ditugun hainbat gauzaren abiapuntu historikoa Erromantizismoan dagoela antzematea.
Estiloak edo joerak definitzea beti da zaila, eta estilo edo joera hori goreneko unean dagoen une –inoiz ez luze– horretan soilik defini liteke. Goreneko une hori baino lehenago eta ondoren, ezaugarriak nahastuta azaltzen dira, joera hori baino lehenagoko eta ondorengo mugimenduekin, harrigarri izan daitekeen hibridazioan. Hain zuzen, hibridazio hori askotan bildu nahi izan da eskuliburuetan, eta, horretarako, «pre» edo «proto» eta «post» edo «berant» aurrizkiak erabili dira, bai eta zenbait termino kontraesankorren justaposizioak ere. Kasu horretan, jada gehiegi erabilita dagoen «klasizismo erromantikoa» izango litzateke.
Belaunaldi aldaketa ez da bat-batean gertatzen; uneoro, belaunaldi bat baino gehiago bizi dira elkarrekin, eta horiek unibertsoaren ikuskera eta gustu askotarikoak izaten dituzte. Jarrera aldaketak sortzen dituen alkaloidea saio hodi batean bezala isolatuko bagenu soilik ulertuko genuke errealitatean nahastuta eta lauso ageri dena, izandakoarekin eta izango denarekin nahastuta ageri dena.
Denboraren joanean zenbait errepikapen ikusteak, historiaren ibilbidean elkarrengandik urrun dauden garaietan antzeko ezaugarriak ikusteak (pendulu mugimendu batez edo ibilbide helikoidal batean bertikal beraren gainetik aldizka-aldizka igaroko balira bezala) «konstante historiko» izenekoei buruzko teoriak ekarri ditu –hain zuzen, teoria horiek Giambattista Vico eta haren «ricorsi» delakotik datozela esan daiteke–, eta «eonaren» antzinako mito gnostikoa berreskuratzen du. Eonak garai desberdinetan nagusitasunez azaltzen diren jainkotasunezko inteligentziatik sortutako indar espiritualak dira, eta horiek denboran elkarrengandik bereizitako garai historikoei antzeko tonalitatea ematen diete. Eugenio D’Orsek erreferentzia hori erabili zuen Barrokoari buruzko saiakeretan Mendebaldeko kulturako hainbat une bateratzeko: arauen aurkako askatasun nahiaz gain, gure izaera kontraesankorraren ezkutuko alderdiak, alderdi ez arrazionalak, adierazteko gustua nagusi diren garaiak.
Campos de Castilla liburuaren (1912) hasierako «Retrato» poeman, Antonio Machadok zera galdetzen dio bere buruari: «¿Soy clásico o romántico?» (Zer ote naiz, klasikoa ala erromantikoa?). Garbi dago bertan erabilitako hitza zeharkako aipamen bat egiteko dela; hots, ez dio hemeretzigarren mendeko mugimendu hari erreferentzia egiten, baizik eta edonolako erreferentzia historikotatik at dagoen jarrera orokorrari.
Terminoa
Badirudi «erromantizismo» hitza frantseseko «roman» hitzetik –erromantzearen edo nobelaren adierazpidea– datorrela, eta, hitz horrek, aldi berean, «erromantze» hizkuntza edo hizkuntza arrunta ematen duela aditzera; hau da, latinetik eratorritako hizkuntza. Beraz, adiera hau du: hitz neurtuko edo hitz lauko kontakizuna –gehienentzat ulergarria, bai erabilitako hizkuntzagatik, bai narratiboa delako (eta ez diskurtsiboa)–; nahiko sentimendu, borroka eta abentura sinesgarriz gainezka dagoena, eta, oro har, herritar orok, ez erudituek bakarrik, gozatzeko moduko irakurketa eskaintzen duena.
Hein batean hitzaren zentzua murriztu arren, gutxi gorabeherako erreferentzia bat izateko, euskarazko pareko itzulpena «nobelesko» izango litzateke. Gainera, aipatutako kontzeptua arrazionalismoarekin eta materialismoarekin aurkakotasunean dago eta hori bat dator kontaketa askearekin, kontaketa horietan gehiegikeria oro eta amets oro bete baitaitezke.
Beste estilo edo joera batzuen adierazleak ez bezala, «erromantiko» adierazpidea lan erromantikoen garai berekoa da. Beste joeren izendapenak fenomenoak berak baino geroagokoak dira, eta, hain zuzen, katalogazio taxonomikoaren etiketa edo mesprezuzko ñabardura kalifikatzailea dira, gerora sortutako beste zenbait joeraren aurrean autoafirmatzeko beharrak eraginak. «Erromantiko» adierazpideak, hasieran, ironia edo satira apur bat zuen. Bestela, gogoratu besterik ez dago Mesonero Romanosek 1837an idatzitako artikulua. Bertan, balizko iloba arketipikoki erromantikoa nahiko modu barregarrian deskribatzen du, alienatu, xelebre, zoro, edo atzerriko moda gutiziatsu eta burugabeaz liluratuta dagoen eta bertako berezko tradiziotik urrun dagoen inozotzat.
Hitz hori erabili zuten lehenengo liburuen artean, Rousseauren Julie ou La nouvelle Héloïse dago. 1761. urtean argitaratu zen, eta garai hartarako dagoeneko, lauso eta zehaztugabetzat hartzen zen erromantiko hitza, bai eta magia eta naturaz gaindiko zerbait zuen elementutzat ere.
Zenbaitek erromantizismoa gaixotasun antzeko zerbait, alienazio kolektiboa, zela esan zuen, eta akademiak ezarritako balio sistema guztia hankaz gora jartzeko arriskua eragiten zuela.
Sorrera lekua eta data
XVIII. mendearen azken hamarkadetan, pentsamolde kolektiboaren errotiko aldaketa agerian utzi zuten aztarna ugari azaldu ziren, Frantzian, Alemanian, Ingalaterran, Italian eta Espainian.
Horretarako, nahikoa da Goya eta hark 1799an egindako Los Caprichos grabatu multzoa (ikuspegi subjektibo oinazetsuak) gogora ekartzea, edo, bestela, Jose Cadalsoren Noches Lugubres liburua (1789an argitaratua). Liburu horretan, autobiografikotzat hartutako pasarte batean, herdoildutako ate baten karranka entzuten dugu, ekaitz handiko gau batean, linterna baten argi itsuaren pean, lapurtzera joan den batean; hain zuzen ere, hark maite izandako emakumearen gorpua, gazterik hildako Maria Ignacia Ibañez aktorearena, lapurtzera joatean. Adibide horien bidez, iruditzen zaigu nahiko agerikoa dela Espainia nahiko goiz sartu zela joera horren (Erromantizismoaren) barruan, nahiz eta izatez, geroago sartu zela esan izan den beti.
Antzekoa pentsa dezakegu Rousseau gogora ekartzen badugu, bai eta haren Julie ou La nouvelle Héloïse (1761) liburua ere; izan ere, bertan, justifikatutako pasiozko maitasunaren adibidea erakutsi zuen. Gainera, bertan Rousseauk izadiarekiko harremanari buruz agertutako ikuspegia Ermenonvilleko estali gabeko lorategi handietan gauzatzea lortu zuen; izan ere, haren dizipulu Girardinek Rousseauk nahi bezala antolatu zuen guztia, eta lorategi hartako Iîle des Peupliers (Makalen uhartea) izeneko lekuan, aintziraren ertz batean, lurperatu zuten 1778ko uztailaren 4an, gauez.
Erromantizismoa pixkanaka taxutzen ari zela ikusteko, hainbat adibide aipa daitezke; esaterako, hauek: Alfieri eta Foscoloren poemak eta dramak, Italian; James McPhersonek Britainia Handian 1760tik aurrera argitaratutako Ossiar poemak (faltsutzeagatik izandako eskandalu eta guzti); Blakeren abentura sortzailea, testuetan nahiz margolanetan unibertso ameslari bat sortu baitzuen, bai eta mitologia espiritual bat ere, imajinazioaren bidez Danteren testuetan oinarrituta (hain zuzen, Danteren Divina Commedia liburuak oso ongi islatu zituen Füssliren irudipen beldurgarria eta Palmerren ametsak); Cotman eta Girtinek egindako paisaia akuarelak –Constable eta Turnerren "wildlife art" izenekoaren aurrekariak–; John Ruskinek azaldutako gotikoaren aldeko jarrera; eta Prerrafaelistek Rafael baino lehenagoko pinturarekiko eta sinbolismoz eta zeharkako aipamen narratiboz (literarioak nahiz poetikoak) jositako gaiekiko zuten mirespena.
Gertakari horiek guztiak adierazgarriak izan arren, Erromantizismoa Alemanian sortu zela esaten da; izan ere, herrialde hartan egin zen kontzeptualizazio teorikorik zehatzena, «Athenaeum» aldizkariko kolaboratzaileei esker. Horien artean, Schlegel anaiak nabarmentzen dira, Friedrich bereziki, «Fragmente» idatziarekin. Horiez gain, badira nabarmendu ziren beste pertsona batzuk ere. Horietako bat Novalis izan zen; hark, Heinrich von Ofterdingen amaitu gabeko liburuan, Bildungsroman edo nobela erromantiko arketipikoaren eredua eman zuen, Erdi Aroan girotuta, poesia eta kontaketa elkartuta, eta lortezinezko idealaren formulazio sinbolikoa eginez, «Blaue Blume» edo «Lore Urdina» delako gaian –hain zuzen, denborarekin «topos» kultural utziezina bihurtu den horretan–. Tieck, Schumacher eta Schelling filosofoa (mugimendu horren izugarrizko pentsalari organikoa) ere nabarmendu ziren. Halaber, Alemanian, jada aurrekari garrantzitsu bat bazegoen: Sturm und Drang (Ekaitza eta Bulkada). Izenburu hori 1776an estreinatutako Friedrich Maximilian Klingerren antzerki drama ilun batetik sortu zen. Antzerki lan hark aparteko bi gizon elkartzeko balio izan zuen: Johann Wolfgang Goethe eta Friedrich Schiller. Goethek Goetz von Berlinchingen liburua idaztean, Erdi Aroko abenturen genero germaniar bat sortu zuen; eta Die Leiden des jungen Werther (1774) liburuarekin, berriz, zorigaiztoko maitalearen arketipoa sortu zuen, burutu gabeko buru hilketa saiakera goraipatzean –hain zuzen, literaturan eta bizitzan aspertu arte imitatuko den arketipoa–. Friedrich Schillerrek, aldiz, Gottfried von Herderren eraginpean, Ilustrazioak ezarritako arrazoiaren diktaduraren lokarrietatik askatzeko saioa egin zuen, eta subjektibotasunari eta emozioei ateratzen utzi zien (hain zuzen, erromantizismoaren oinarri direnak). Horrez gain, Heinrich von Kleistek Hans Sachsen Erdi Aroko poemak irakurri zituen. Caspar David Friedrich izan zen Alemaniako pinturaren paisajista mistikorik apartena. Rungek oso erretratu indartsuak eta izadiaren alegoria apartak egin zituen. Overbeck eta Nazarenoek Italiako hasierako erlijio pinturaren goxotasuna samintasunez oroitu zuten; batik bat, Pietro Peruginoren margotzeko modua. Alemanen testuinguru hartaz nahiko azkar interesatu zen Madame de Stäel frantsesa.
Ezaugarri bereizgarriak
Erromantizismoaren oinarrizko muina definitzean, klasikoaren aurkako erreakzioz sortu zela esaten da, eta tentagarria da neoklasizismoa eta erromantizismoa denboraren joan-etorrian batzea. Azterketa zehatz batek, ordea, bi mugimenduak banaezinak direla azaldu du, eta agian, gauza beraren bi aldetzat uler litezkeela.
Dena den, erromantizismoaren ezaugarri hauek aipa ditzakegu: subjektibotasuna berresten duen guztiari kultua egitea; arrazoiaren pean ez dauden norberaren sentimenduei garrantzia ematea; espiritualarekiko, zerutarrarekiko edo deabruzkoarekiko mirespen grinatsua; bai eta mistikoki bizitako erlijioaren misterioarekiko, magiarekiko ere; eta lapurtutako maitasunarekiko eta zenbaitetan suntsigarriarekiko. Hain zuzen, maitasun hori bere egoera nahiz mailagatik inoiz lortu ezingo den ametsezko emakume irreal, idealizatu, urrun, galdu, erdeinagarri edo hildako batenganakoa izango da, maitalearen etsipenerako. Hala ere, maitalea bizia arriskuan jartzeko prest egongo da, ezkontza etxeetara, monasterioetako geletara nahiz panteoietara –heriotzatik haratago ere elkarketa gauzatzeko– joateko prest; hots, lurtarra ez den eremuetara joateko, zoriona (ez inork, ez ezerk ebatsiko ez diona) lortzera.
Baudelairek erromantizismoari buruz hitz egitean, hitz hauek erabili zituen: «intimitatea, espiritualtasuna, kolorea, infiniturako bidea».
Era berean, «Weltgefühl» izenekoari buruz ere hitz egin da. Hitz horrek norberaren gogo aldartea unibertsoan proiektatzen duen sentimendu kosmikoa adierazten du, eta izadi osoaren kontenplazioan (enpatiaz gainezka) oinarritzen da. Friedrichen margolanik ezagunetako asko dira ikusten ez den hori irudikatzeko nahiaren adibiderik onena; hots, kanpoko munduaren eta kontenplatzailearen arteko afektu trukearena –kontenplatzailearen subjektibotasunaren hedapena–.
Subjektibotasun hori norbanakoaz haratago doanean, «Volkgeist» bilatzeko nahia bihurtzen da; hau da, herrien espiritua, identitate kolektiboa eta patu komuna, aberriaren aldeko gogo biziaren bidez eta sugar nazionalisten bidez adieraziak. Hain zuzen ere, XIX. mendearen azken herenean, sugar nazionalista horrek jarraitzaile ugari izan zituen, eta Alemaniaren eta Italiaren sorrera eragin zuen. Gogo bizi horrek tradizio herrikoiekin, folklorearekin, asaben kontaketak jasotzearekin, janzkerarekin eta bertako ohiturekin lotutako ikasketak egiteko gogoa piztu zuen; hain zuzen ere, horiek guztiak, Frantziako Iraultzak eragindako aldaketa kulturalen eta sozialen eraginez, desagertzeko zorian baitzeuden. Ilustrazio garaian azaldutako populismoa etnologia, kostunbrismo bihurtu zen, herrien idiosinkrasiaren ezaugarri diren balizko sustraiekin lotutako guztiarekiko liluramendu; batik bat, sustrai horiek bereziak, harrigarriak, koloristak eta arraroak badira eta pintoreskoarekiko gozamenarekin lotzen bagaituzte.
Bidaiari erromantikoek bereziki balioesten dituzte alderdi exotiko horiek: gizaki harrigarriak, dantzak, festak, errituak… Azken batean, senez, herrien antzinako sentimendu kolektiboaren adierazpentzat dugun horrekin lotutako guztia balioesten dute; hots, gero eta teknifikatuago dagoen hiri handietako (Paris litzateke goieneko eredua) giroaren bide alternatiboa.
Zurean egindako grabatu zehatzek askotan islatu zituzten errepertorio horiek aldizkari irudidunetan nahiz liburuetan, gero eta arrakasta handiagoa izaten hasi ziren haietan, hain zuzen. Grabatu horiek, ikuspuntu teknikotik, harrigarriro perfekzionatu ziren, argazkien gris gama delikatuak (oraindik hastapenean zeudenak) erreproduzitzeko. Aipatutako argitalpenetako biñetak, testuen inguruko orlak eta elkarren gainean jarritako irudiak ere garai hartako sentipenaren agerpen herrikoia ziren.
Arbasoen ezaugarri zehatzak bilatu nahiak eta Industria Iraultzaren hasierako ondorioak onartu nahi ez izateak Erdi Aroaren ikuspegi idealizatua sustatu zuten. Haientzat, Erdi Aroan espirituala materialari gailentzen zitzaion; guztiek gizabidetsu, eskuzabal eta zintzo jokatzen zuten eta kutsatu gabeko airea arnasten zen; soroak oraindik garbi zeuden eta katedral zuriak eraikitzen ziren. Arkitektura gotikoak, gardentasunari eta gorantz igotzeko gogoari esker, iraganeko beste estiloek baino hobeto adieraz zezakeen kristauen espiritu hori; eta tenpluak –eta zenbaitetan, jauregiak eta monumentu publikoak ere bai– eraikitzeko eredu gaindiezintzat azaldu zen. Horietan, nostalgiaz, sarritan sartzen zituzten beste estilo batzuen erreferentziak; esaterako, estilo bizantziarra, erromanikoa, arabiarra edo Inperio Britainiarrean berriz interpretatutako mogol-indiarra.
Amaitu gabeko Fonthilleko abadia –artisten biografia faltsuak asmatzen zituen William Beckford asmatzaile bitxiak bikaintasunez eraikia, bere finka pribatuan– arkitektura mediebalistaren goreneko aldiaren aurrekari izan zen. Gainera, Beckfordek, ekialdean inspiratutako Vatek kontakizun fantastikoan (ingelesera 1786an itzulia), infernutarraren interpretazio harrigarria egin zuen.
Beste hainbeste esan daiteke Horace Walpoleri buruz. Izan ere, gotikoarekiko zuen sentsibilitatea agerian gelditu zen berriz eraikiarazi zuen Strawberry Hill gazteluan, bai eta The Castle of Otranto izeneko bere literatur lanik onenean ere.
Neomediebalismo erromantikoaren bertsiorik hedatuena «trobalari» estilokoa da. Joera horrek dekorazio arteak bideratzen zituen.
Erromantizismoan exotikoari ere egiten zaio kultua, espazioan edo denboran urrun dagoenari, bidaia luzeei, berezkotasunari eta jatorriarekiko loturari eusten dioten ekialdeko kulturei –hain zuzen, Mendebaldean, jakinduriaren eta erudizio fosilizatuaren eta bizitzarik gabekoaren eraginpean desagertu zen lotura hori–. Horrela, bada, orientalismo literario eta piktorikoa sortu zen, eta primitibo eta ezohikoarekiko neurrigabeko zaletasuna edo interesa.
Eguneroko errealitate hurbilak, prosaikoa denez, arbuioa eragiten du; hori dela eta, beste mundu batzuetara ihes egitea desiratzen zuten (ametsezko ihesa nahiz egingarria), mundu horietan fantasia edo ametsa ihesbide poetiko bihur baitzitekeen. Gizaki erromantikoarentzat izadia zen inspirazio iturririk apartekoena eta erabiliena. Jada izadian ez zuten atseden hartzearen plazera bilatzen, ez eta edertasunaren atsegina edo hiri handiko bizioen, azpijokoen eta presaren konpentsazioa landan bilatzen duen haren lasaitasun virgiliarra nahiz horaziarra ere; hau da, ez zituzten bilatzen greziarren eta erromatarren poesia idilikoaren oinarri izandako balore haiek, ez eta bidaiari ilustratuek hain gogoko zuten ordena, administrazio egokia, ugalkortasuna eta emankortasuna ere.
Aitzitik, haientzat izadia izugarrizko indarrak hedatzen diren eta gogo aldarte gatazkatsuenak adierazten eta oroitzen diren lekua da. Besteak beste, gogo aldarte edo indar hauek zeuden izadiaren baitan: gizakiaren babesik eza; gizakiaren hutsaltasuna, erupzioan dauden sumendien leherketa magmatiko handien aldean nahiz ekaitz handien aldean –tximistargi liluragarriak, jainkoen haserrearen lekuko diruditen tximistak–; zurrunbilodun tornadoak eta instant batean desagerraraz gaitzaketen zurrunbiloak; urakanak edo itsasoko enbatak, olatu marrumatiak ikaragarrizko zalapartaz apurtu eta haien gondor apartsuak zeru beltzerantz igo eta ontziak urperatzen dituztenak; edo zeharkatu ezineko oihan ilunak, piztiaz, zingira mefitikoz eta harea mugikorrez beteak –horiei erreparatzen ez dien edonor irensten dutenak–; ur-jauzi ikaragarriak; lainoz estalitako tontorrak; estalaktiten magiaz betetako haitzuloak eta antzina ahantzitako altxorrak topatzeko esperantza pizten duten uhar misteriotsu ezkutuak; goi mendian ikaragarrizko amildegi arakatu ezinek sortutako lilura; lainoak zulatzen dituzten arroka zorrotzak; glaziarretako izotz pitzadura ezegonkorrak; udaberrian iparralderanzko emaria duten ibaiek askatzen dituzten bloke zuri-urdinak; eta Ilargiak argitutako aintzirak.
Denboran nahiz espazioan urrun dagoenarekiko jakin-minak ekoizpen artistikoa sustatzen zuen, eta bertan, harritzeko eta imajinazioa bizkortzeko gaitasuna zuen orori zabaltzen zitzaion atea, bai eta arreta urruneko lurralde zehaztugabeko eta bukatugabekorantz zuzentzeko gaitasuna zuen orori ere. Hain zuzen ere, gramatikalki, hiru puntuekiko zaletasuna ekarri zuen horrek –gaur egungo hainbat poema eta kontaketatako kapituluren amaieran oso ohikoak–.
Katastrofikoarekiko zaletasun horrez gain, garai hartan sinesmen panteista bat zegoen, eta haren arabera, gizakiaren ezagutzatik haratago dagoen (baina, aldi berean, balio etiko bati lotuta dagoela uste den) helburu bat lortzeko antolatzen zen guztia.
Izadiak bi alde zituen: batetik, gizakiari onura egiten zion, baina, bestetik, suntsitu egiten zuen. Badirudi bere akaberarantz doala, eta akabera hori, batzuetan, gizakiarentzat mesedegarritzat hartzen zen, eta beste batzuetan, haren existentziatik kanpo dagoen zerbait zela interpretatzen zen. Hori gertatzen zen Historiarekin ere, bi zentzu ematen baitzitzaizkion: erlijioaren ortodoxia ikuspuntutik begiratuta, zorionekoa, eta ikuspuntu agnostiko edo ateotik begiratuta, eboluzionista.
Historiari eta historiaren ikerketei buruzko interesa gero eta handiagoa zen, baina jakin-min hori, sarritan, politikari edo unean uneko talde baten interesei justifikazioak bilatzeko izaten zen.
Gero eta gehiago balioesten zen garai primitiboa, orduan mundua kutsatu gabe zegoela sentitzen baitzuten, purua zela, alegia. Batez ere, Erdi Aroa idealizatu zuten eta nahiko ikuspegi zehaztugabea zuten hari buruz; hori guztia hainbat kontaketaren bidez hedatu zen –garai hartan oso ezagun egin ziren–. Hauek dira kontaketa horietako batzuk: Walter Scotten nobelak; Victor Hugo deskribatzaile apartarenak –batik bat, Notre-Dame du Paris , 1831koa; bertan, Parisko monumentu gotiko hari buruzko deskribapen bizi liluragarria egin zuen, eta oso ongi karakterizatutako pertsonaiak–; McPhersonen poema epikoak; eta gesta kanta nazionalak, orduan suspertuak –besteak beste Chanson de Roland , Die Nibelungen eta kontakizun arturikoak–; eta ipuin herrikoiak –gaur egun, erudituak ahalegin berezia egiten ari dira kontakizun horiek biltzeko eta sistematizatzeko–.
Aipatu dugun joera hori (antzinako garaia balioestea) Ameriketako Estatu Batuetan ere hasi zen gertatzen; eta han, herritar indiarrak ziren antzinako garai haren ordezkariak. Izan ere, indiarren usadioa oso lotuta zegoen indar telurikoen kultuari; indar teluriko horiek espiritutzat hartzen zituzten, gurtu beharreko eta errespetatu beharreko espiritutzat. Kolonizatzen hasi ziren lurraldeen paregabeko edertasunak (arroila, geyser, ibai eta ur-jauziak), espazio handiekiko eta horien edertasunarekiko lilura eragin zuten. Hain zuzen, handitasun eta edertasun horiek askotan islatu ziren literaturan eta pinturan (nahiz eta horiek, oraindik, Europako ereduen mende egon).
Era berean, iraganari buruz gehiago jakiteko interes horri loturik, hondakinekiko zaletasuna piztu zen. Hondakin horiek landarez, antzinako erlijio monumentuen edo monumentu profanoen hondakinez eta monasterioen edo gazteluen zati arkitektonikoz beteta egoten ziren. Gaztelu horietan gainera, fantasma ospetsuak bizi izaten ziren, eta haien urtemugan, berriz itzultzen ziren kexatzera, gauean galdutako oinezkoen harridurarako. Nostalgikoki gogoratutako iraganaren goreneko distira horren ondorioz, askoz ere mingarriagoa zitzaien garai hura betiko galdu eta narriatu zela jabetzea, baina sentipen horiek baliotzat hartzen zituzten. Orain arte aipatu dugun plazer estetiko horretan, bazegoen gaixotasun kutsu bat; izan ere, sen ona duen edonork endekapen eta heriotza zantzuak baino ez ditu ikusten plazer estetiko horretan. Haatik, erromantikoen garaiko jarrera horiek guk geuk ere barrenean bizirik ditugu. Guztiok sentitzen gara erromantiko, ilunabarrean hilerrian paseatzean, edo desagertutako hiri handi eta zahar baten hondakinak ikustean. Bai eta denboraren joan-etorriaren eraginez apurtuta eta higatuta dagoen eskultura bati liluraz begiratzean (artelan horren egilea berpiztuko balitz, bere obra suntsitua izan dela sentituko luke) nahiz bukatu gabekoaren misterioa sentitzean ere –hots, «Preludioak», existitzen ez den obra baten adierazleak (esaterako, Franz Liszten poema sinfonikoan)–.
Lorategietan gezurrezko hondakinak jartzen zituzten eta, beraz, jolasa absurduaren mugaraino eraman zuten. Jolas hori, ordea, oso fintzat hartzen zen, ondorengo eskultore batek –Rodinek– nahita hautsitako eskulturak egitea ere fintzat hartzen zuen bezalaxe. Guztiek sentitzen zuten inpotentzia eta pesimismoa, eta horrek azaltzen du endekapenaren, gaixotasunaren eta heriotzaren aurrean nolabaiteko plazer morbosoa sentitzea. Literatura, teatro eta pintura erromantikoan askotan azaltzen dira hilerriak, kriptak, hilobiak, eskeletoak, lurperatu gabeko hilotzak, suizidak, maitearen maitasunik gabe tristeziaz hildako nahiz gaztetan tisiak jotako emakume gazteak, bai eta mamuak bezain zurbilak diren eta heriotzatik urrats batera baino ez dauden maitaleak ere. Gizaki erromantikoa gatazkan bizi da bere inguruko munduarekin, eta hark bizi duen atsekabezko existentzia materialaren eraginez, haren ametsak eta desioak mugatuta geratzen dira. Gizaki erromantikoak amaigabetasuna eta betierekotasuna desio ditu, baina ezin ditu desio horiek aurrera eraman, bere ingurunea mugatuta eta pobretuta baldin badago.
Azken batean, zentzumenen bidez hautemandako errealitatea itxurazkoa baino ez da, eta horren atzean ezkutatzen dira benetan garrantzia duten baloreak. Kanpoko itxura horren baitan, sinboloen jolas bat dago, eta horren bidez, senez, igar dezakegu zer dagoen atzean; hots, erlijioek arakatzen duten misterioa, eta pentsamendu filosofiko bidez nahiz artelan bidez ere uler daitekeena. Izan ere, kanpoko itxura baino harago dagoena ezagutzeko bidetzat hartzen da artelana. Alde horretatik, arteak badu erlijio kutsu bat. Artistak bitartekari lana egiten du gizakiaren eta misterioaren artean, ikusezina den hori ikustarazteko ahalmena baitu, bere sentiberatasun minberari eta teknikari esker.
Ni erromantikoaren pasiorik obsesiboenetako bat askatasuna da. Askatasuna, ordea, gure askatasuna eragozten duten indar guztien aurkako etengabeko borroka aldarrikatzeko eskubidetzat hartzen da. Indar horietako bat, artearen esparruan, erakundeen iritzia da, horiek baitira arauaren eta erreakzioaren ordezkari. Horixe da benetako artistak kontra egin beharreko «filistearren» mundua, nahiz eta, Sanson heroi hebrearrari gertatu zitzaion bezala, tenpluaren hondakinen azpian bizia galtzeko arriskua izan. Gai hori, artista librearen arauen aurkako etengabeko borroka, sarritan adierazi da artean. Horrelako artistaren adierazlerik argiena, berantiarra izan arren, Meistersinger obrako Walter von Vogelweiden dugu (obra hori 1867an amaitu zuen Wagnerrek). Pertsonaia hark bere kabuz ikasi zuen kantatzen, Rousseauren Emile liburuko pertsonaiak bezala, basoan txorien kantuak entzunez, eta, azkenean, Beckmesser akademikoaren aurkaritzaren gainetik nagusitu zen haren talentua Nürembergeko lehiaketan.
Edertasuna ezingo da lortu arrazoiak emandako kodeak perfektuki aplikatuz, baizik eta sen eta intuizio bidez; hau da, azken batean, gizakiaren alderdi sentiberaren bidez. Edertasuna edozein leku eta garaitan topa daiteke, edozein kulturaren baitan (dela mendebaldekoa, dela urrutikoa), bai eta adierazpen herrikoien xalotasunean nahiz fintasunean ere. Wackenroderrek, 1797an argitaratutako Erromantizismoaren lehen manifestuan, hauxe esan zuen, fundazio postulatutzat: artea jainkozko errebelazioa da, erlijio sentimenduaren parekoa, bai sortzailearentzat, bai hartzailearentzat.
Artistak, lan egitean, bere etorriari jarraitu behar dio, baina, prozesu misteriotsu horren funtzionamendua, azken batean, patuaren mende dago, bai eta egilearen gaitasunaren mende ere (premisa). Ez dago aurrezarritako formularik.
Modu bat baino gehiagotan mugimendu modernoaren sortzailetzat hartu izan den egile batek, Charles Baudelairek, betiereko edertasunari gaurkotasun zantzu bat eman nahi izan zion, eta modarekin, une bakoitzeko gustuekin eta garaiko moralarekin eta pasioarekin lotzea eta bateragarri izatea proposatu zuen. Horrela, emaitzari erakargarritasun eta bibrazio elementua erantsi, eta desiragarri bihurtuko zela zioen.
1801ean Novalisek zera esan zuen: «Erromantiko izatea egunerokotasunari goreneko zentzua ematean datza, ezagunari ezezaguna izatearen handitasuna, eta finituari infinituaren distira».
Askatasuna, beraz, arau guztien aurka: bai literaturan, bai pinturan eta eskulturan, bai teatroan, bai musikan; askatasuna, arkitekturaren eredu klasikoaren aurka. Ikusi dugun moduan, arkitekturan, gotikoarekiko edo moriskoarekiko sentitzen den pasioa motibazio mistikoetan eta ideologikoetan oinarritzen da, aldi berean.
Musika erromantikoaren bidez, beste ezein arteren bidez baino hobeto lortzen da arimaren egoera sutsuenekin eta sentimenduen adierazpen bizienekin harremanetan jartzea. Partiturak «rubati» eta «ritardandi» direlakoez gainezka ageri dira, metronomoaren diziplina zorrotza hausteko eta afektibitatez jositako norbaiten taupadek duten pultsuaren ezegonkortasun erritmikora iristeko. Kanpotik etorritako elementuak ere erabiltzen ziren, baina, batik bat, herri musikako elementuak hartu eta goreneko mailako musikara transferitzen zituzten, horiei nazio berezitasuna emateko. Erudituek ipuin herrikoiak bildumatan jaso zituzten, eta musika adituek musiia jaso zuten kantutegietan; hain zuzen ere, inoIz pentagraman iDatzi gabeko musika, interpretatzaileen memorian baino bizi ez zena.
Era `erean, oso modu gartsuan hasi zIren garai hartaN "jatorrizko" dEitzen zioten ororen bila; hots, puruaren, kutsatu gabekoaren eta jatorri-jatorritik zuzenean irItsi zaigunaren Bila.
Berriz ere erabateko konfiantza zuten jenioarengan; artista supergixakitzat hartzen zen, itxuraz soStengurik ez dueN mundu bati zenTzua emateko gaitasuna duen titaltzat. Jenio izatea dohain bat da, ezin da norbaItengan sortzea Eragin; JainkoarEn edo naturaren oparia da.
Gizakiak etengabe ditu desioai, halabeharrez inoiz ez betetzeRa kondenatuak; Nork bere abentuRa bizi du, aurrez araurik ezarri gabe eraikitzel du bere historioa, eta bere bizitzaren ibilbidEa errepikatu ezInezkotzat eta liluragarritzat hartzen du; bizitxa hori zintzotaqun eta xehetasun osoz, ezer isilean gorde gabe,kontatzeko moduKoa dela uste du. Rousseauren Les Confessions liburuak inolako autozentsurarik gabeko testigantza izan nahi zuen, San Agustinen izen bereko lanaren ereduari jarraituz (hain zuzen horregatik jarri zion izen bera); baina, azken batean, horrelako beste hainbat lanekin gertatu izan den bezala, nork bere burua zuritzeko saiakera zen. Garai hartatik aurrera, memorialistak asko ugaritu ziren.
Izugarrizko interesa piztu zen erlijioari buruz, bai katoliko sinestunen –Chateaubriand: Le génie du Christianisme , 1802– bai zenbait protestanteren, bai eta agnostikoen artean ere. Zenbait protestantek, gainera, Erdi Aroko kristau munduaren batasunera itzultzea proposatu zuten, protestantismoak hautsi aurreko batasun hartara –Novalis: Die Christenheit oder Europe , 1799–. Agnostikoek ere izan zuten erlijioarekiko interesa; gai teologikoei buruzko eztabaidak izan zituzten, eta Kristoren irudiari buruzko irakurketa kritikoa ere egin zuten. Irakurketa horietan, iturri historikoak interpretatu zituzten, Erromako Elizak ezarritako dogmei eta tradizioei kasurik egin gabe (inolako begirunerik gabe) – Der Leben Jesu , David Friedrich Straussena, 1830eko hamarkadan argitaratua–.
Zenbaitetan, erromantizismoari hainbat alderdi txar izatea leporatu zaio; hots, suntsitzailea, negatiboa izatea, pesimismoa, bizitzaren zentzuaz zalantzati azaltzea, eta horrek, azken batean, heriotza gurtzera bultzatzea… Baina hori joera edo mugimendu horren alderdi bat baino ez da. Izan ere, Erromantizismoak alderdi positiboak ere izan zituen, bai eta irrika aberkoiak eta amets utopikoak ere. Horien bidez, aldarrikapen tradizioari eutsi zioten, eta hain zuzen, horiek izan ziren 1830 eta 1848ko iraultza burgesen oinarri.
Pentsamendu filosofikoa
Alemanian sortutako pentsamendu filosofikoak jarri zituen, hein handi batean, erromantikoen jarrera intelektualen nahiz bizi jarreren oinarriak.
Kanten filosofiak enpirismoa berraztertzea ekarri zuen, eta Ilustrazioaren oinarri ziren hainbat printzipio zalantzan jarri zituen. Kanten pentsamendu kritikoak, alderdi askotan Alemaniako klasizismoarekin lotuta egon arren, subjektuaren balorazioa egin zuen, bai eta espazioari eta denborari buruzkoa ere. Izan ere, espazioa eta denbora fenomenotzat hautematen ditu gizakiak, eta arrazoiari jarraitzeko mugak jartzen dituztenez, hein batean subjektibo bihurtzen du ezagutzeko aukera.
Haren estetika ikusmoldean, ederraren eta paregabearen artean egindako banaketak eldarnio grinatsuenei ireki zien bidea.
Haren jarraitzaile Fichtek are eta urruago eraman zuen errealitate objektiborik egoteari buruzko zalantza, eta existentziari buruzko ikusmolde berri bat eman zuen: «Ni absolutuaren bulkada amaigabe eta asezina» zela iradoki zuen. Fichten sisteman, desira gogo aldarte garrantzitsuagoa da sosegua baino, eta bilakatzea izatea baino garrantzitsuagoa. Ni izateko asmo hori, kolektibo bihurtzean, identitate nazionaleranzko tentsio bihurtu zen: herri alemaniarra berriz elkartzea, garai hartako Europako egoera historikoaren eraginez.
Schlegel-en Fragmente artikuluetan, paradoxa eta ironia automatizatutako esanahitik haratago joateko estimulutzat azaltzen dira. Artea fikzioa da, eta hartzaileak, une batez, zentzu kritikoa ahantzi behar du, bai eta sinesgaiztasuna ere.
Schellingek, System des transcendentalem Idealismus (1800) izeneko liburuan, natura goraipatu zuen, kontenplazio estetikoaren bidez iristen den espiritualtasuntzat hartu baitzuen. Horrenbestez, jenioak egindako arteak are eta garrantzi handiagoa hartu zuen, eta filosofiaren goreneko tresna bihurtu zen.
Hegel eta Schopenhauerrek bi sistema proposatu zituzten: bata, erabat termino positiboetan, eta bestea, berriz, erabat negatiboetan. Bi sistema horiek izan ziren garai erromantikoaren amaiera iritsi zela iragarri zutenak, eta joera hartatik urrundu zirenak.
Paregabea eta pintoreskoa
XVIII. mendean sortutako bi kategoria horiek Erromantizismoan izan zuten adierazpenik biziena. Lehena edertasunetik bereizi zuten, arimaren asaldura eta zorabioa baitakar, hura infinituaren edo beldurgarriaren aurrez aurre jartzean; tonu ikaragarri hori argi agertzen dute Piranesiren zenbait akuafortek – Carceri eta Antichita Romana izenekoek, esaterako–; Friedrichen Wanderer über dem Nebelmeer margolanak; nahiz Füssliren Poeta negarrez antzinatearen aurrean eta The Nightmare margolanek. Kantek lan bat idatzi zuen, aipatutako bi kontzeptu horien arteko muga non zegoen zehazteko.
Gilpinek, berriz, kontrako zentzua eman zion pintoreskoari: ezohikorako, berezkorako, bereizgarrirako, zarpailerako eta tamainagatik erraz mendera daitekeenerako joeratzat definitu zuen. Hitzez hitz, xarmagarria, askotarikoa, motibo ugarikoa –gozagarria, beraz, pintore kostunbrista edo paisaia pintorearentzat–. Gainera, motibo horiek arkaikoak baziren, are eta desiragarriagoak ziren; izan ere, Industria Iraultzaren hedapenaren eta aldaketa ekidinezinen ondorioz, horietako asko desagertzeko zorian zeuden.
Krisia eta berrikuntza
Erromantizismoak erabat aztoratu zuen Europa. Sentsibilitatea berriztatzeko prozesu konplexu horren abiapunturik nabarmenena Ilustrazioa baztertzea izan zen; hots, Frantzian sortutako eta Napoleonen garai inperialistarekin lotutako mugimendu hura baztertzea. Berrikuntza prozesu horretan, besteak beste, hauek guztiak egin ziren: ereduak errotik aldatu ziren, eta iraganaren berrirakurketa egin zuten –hein handi batean, gaur egun ere, irakurketa horixe dago indarrean–, heroi eta mito berriak sortu ziren –matxinoa, deserrotua, inork ulertzen ez duena, porrot egin duena, madarikatua, alderrai dabilena, bere buruaz beste egin nahi duena–, eta arrazionaltasunari izugarrizko gorrotoa hartu zioten. Hori dela eta, zientzialariaren irudia madarikatu, eta Jainkotasunezko ahalmen sortzaileari desafio egiteko gai den asmatzaile eroaren irudi berria sortu zuten –esaterako, Mary Shelleyren Frankenstein doktoreak hainbat berrikuspen eragin zituen izuaren nahiz zientzia fikzioaren esparruan–, eta horrek amets beldurgarriak amesteko grina berpiztu zuen –Hoffmann eta Poe–, bai eta bizia eta heriotza banatzen dituen muga ezdeus horretan eta ilunpeetan bizi diren mamuak piztekoa ere, banpiroek egiten duten moduan.
Erromantizismoa indar sozial guztietara iritsi zen, eta, aukera ugaritasun handia zuenez, esparru guztietara hedatu ahal izan zen. Horregatik, mota askotako erromantizismoak bereiz daitezke: herrikoia, gutxiengoarena eta kultua, politikoa, subjektiboa eta barne-barnekoa, exotikoa eta etnikoa (bertako izatearen sentimenduen eragile).
1984an Alfredo de Pazek hauxe esan zuen: «La crisis de la época romántica aparece como una crisis global que envuelve al individuo y a la historia: una crisis que convulsionó los fundamentos de la cultura y de la sociedad europeas y que encontró en la literatura y en el arte el testimonio más auténtico y privilegiado de su propia totalidad». (Erromantizismo garaiko krisia erabateko krisia izan zen, norbanakoa eta historia hartu zituen bere baitan: Europako gizartearen eta kulturaren oinarriak errotik aztoratu zituen krisi hark, eta literatura eta artea izan zituen bere osotasunaren adierazpiderik pribilegiatuenak eta benetakoenak).
