«« Itzuli
Erromanizazioa Euskal Herrian
Eliseo Gil ZubillagaBurdin Aroa
La Hoyako herrixka Kantabriako mendikatearen oinetan zegoen, zure garaian Arabako Errioxa deitzen den eskualdean. Ekialdetik mendebaldera doan bidean egonik, harreman errazak zituen Ebroko ibarrarekin, mesetako iparraldearekin eta Kantauriko alde guztiarekin.
Harresi batek babesten zuen herrixka. Bigarren Burdin Aroan gaude. Garai horretan aurrerapen handiak gertatu ziren zeramikagintzan eta nekazaritzan (lurra lantzeko sistema berriak, golde eta errota berriak…). Laborea zen ekoizpen nagusia; horrekin, besteak beste, garagardo moduko bat egiten zen. Ez zuten ardoa ezagutzen, hori erromatar kulturarekin batera iritsiko baitzen.
La Hoyako bizitegietan ondoko gela hauek izan ohi ziren:
Arkitektura guztiz ordenatua zuen La Hoyako herrixkak. Etxeek horma komunak zituzten, hau da, elkarri atxikiak ziren. Laukizuzen itxurako oinplanoek 50-70 metro zituzten. Teilatuaren egitura, azkenik, zurez eta landare materialez (lastoz) moldatua zuten.
K. a. IV. mendearen erdian, auzoetariko batzuek eraso egin zioten La Hoyako herrixkari. Merkatu egun batean, harresiko ateak zabalik, kalean hainbat produktu erakusgai (oreinkia, laborez beteriko tinak, etxe abereak…). Erasotzaileek, hegoaldeko atetik bat-batean sarturik, anabasa sortu zuten herrian. Hainbat bizilagun hil zuten: hemen, geziz zaurituriko bati burua moztu zioten ebaki-kolpe bakarrez, eta burua biraka joan zen hainbat metrotan aurrera; haratago, eskumuturrekoz apainduriko besoa moztu zioten beste gazte bati. Erasotzaileek, azkenik, su eman zioten herriari eta hondakinak besterik ez zen geratu. Herrira itzulirik, bizirik irtendakoek berriro eraikitzeari ekin zioten, nahiz eta gerora, erromatarrak iritsi aurretik eta zergatik ez dakigula, herria hutsik geratu zen.
Hiriko etxebizitza
Domus -a hiriko etxe noblea zen. Jakina, hiriko biztanlerik gehienak askoz eraikin apalagoetan bizi ziren; insulae deituriko horiek hainbat solairutako etxeak ziren. Iruña/Veleian, erromatarren erara eraikiriko etxebizitza horiek II. Burdin Arokoak ordezkatu zituzten, Tiberio enperadorearen garaiaz geroztik. Batzuetan, lehengo eraikinen materialak erabili zituzten berriro, etxebizitza eta tailer xumeak eraikitzeko.
Domus hau cardo edo kale nagusiaren paraleloa zen, beste kale batean zegoen eta 900 metro koadro baino gehiago hartzen zituen. Bertan, sukalde, komun, jangela eta lorategiaren kokaguneak oraino aurkitu ez bada ere, badakigu beste zenbait gela non zeuden:
Ataria edo fauces : atea bi orrikoa zen, zurez egina, burdinazko erro eta errefortzuak zituena. Zurezko eskailera apal baten bitartez, isurbidea zeharkatu eta patiora iristen zen.
Tabernae (1 eta 2): ate inguruko guneak dendak ziren. Ate tolesgarriak zituzten barnealdea ikusi ahal izateko. Lurzorua hormigoizkoa zen ( opus caementitium ).
Tabernae (3): Hasieran, gune hau tabernae horietako bat zen, denda bat, baina K. o. V. mendearen erdialdean zabortegi gisa erabiltzen hasi ziren. Hartarako, ia bi metro sakondu zuten, lurpeko harri euskarriraino. Bertan hiri-zaborra pilatzen zuten: obra hondakinak (adreiluak, iltzeak…), janari hondarrak (abere hezurrak, ostra maskor ugari…), baxera puskak eta lanabes zein arma zaharkituak. Horrek guztiak informazio handia eman digu Iruña hiriaren kultura materialaz eta janariez.
Isurbidea: Harlauzaz estaliriko isurbidea.
Patioa: Erromatarren garaiko domus horiek patio baten inguruan eraiki ohi zituzten. Hala, banaketa eginkizuna zen patioarena, baita argiemailearena ere. Patioko zorupean uharka handi bat zegoen euri-ura biltzeko; uharka hori egiteko, bi metro eta erdiko sakon indusi behar izan zuten, harri euskarria baino beherago. Patioko zorua mosaiko zuri-beltzez apaindurik zegoen.
Cubicula: Logelak edo cubicula patioaren alboetan zeuden. Gelatxo batek eta bi gune txikik -oherako eta jantzigelarako- osatu ohi zuten logela.
Tablinium edo langela: Bertan bisitak hartzen zituen etxeko jaunak.
Biltegia: Gela hau produktuak pilatzeko erabiltzen zuten.
Hiriek garrantzi handia zuten erromatarren munduan. Hiriaren plano idealak guztiz erregularra izan behar zuen; baina, hiriek askotan aldez aurretik ezarririko egitura izan ohi zutenez, planoa forma askotarikoa gertatzen zen. Hiriak bi kale nagusiren inguruan antolaturik zeuden ( cardo eta decumanus ). Bi kaleok gurutzatzen ziren gunean foroa zegoen, hots, esparru publikoa, politika, merkataritza eta erlijio gunea.
Erromatarren munduan hiriek zuten garrantzia antzemateko, oroit zaitez inperioa bera hiri baten garapenetik sortua zela. Badakizu zein? Bai, noski: Erroma duzu hiri hori.
Hona Euskal Herriko erromatar hiri nagusiak: Baiona ( Lapurdum ), Iruñea ( Pompaelo ) eta Oka-Iruña ( Veleia ). Ez ziren Erromaren mailakoak, baina ez ziren hutsaren hurrengo ere.
Hiria sortzerakoan, hiriguneak hartu behar zuen perimetroa ( pomerium ) markatzea zen lehen egitekoa. Izaera erlijiosoa zuen ekintza honek eta apaiz batek egin ohi zuen, goldea behi zuri batek eta zezen batek zeramatela. Ildo baten bidez markatzen zen hiriaren trazatua; goldea lau puntutan besterik ez zen altxatzen, kale nagusiak egin beharreko lekuetan alegia. Barnea kale nagusien inguruan antolatzen zen, laukizuzeneko etxaditan, eta erdigunean foro -a zegoen (eraikin publikoak bertan zirela: tenpluak, teatroa, basilika…).
Hiri idealaren planoak guztiz erregularra izan behar bazuen ere, Erroma ez zen sekula halakoa izan. Tradizioaren arabera, zazpi muinoren gainean sortua izanik, topografiari egokitu beharra izan zuen. Augustoren garaian, milioi bat inguru biztanle zituen. Etxeak askotarikoak ziren: domus edo hiriko etxe dotoreenetatik insulae edo solairuko etxe kaskarrenetaraino.
Landetxea
Landa aldean, lurjabe handiek luxuzko etxeak zituzten, villae zirelakoak, hiriko bizimoduari zegozkion erosotasun guztiez horniturik zeudenak. Villae horietan zerbitzari ugarik egiten zuen lan nekazaritzan, langileburu edo administratzailea baten agindupean. Funtsean, villae haiek bi zatitan banaturik zeuden: bizilekua eta nekazaritzarako zatia.
Egoitzarako zatia jabeen etxebizitza zen, eta villa -ko alderik luxuzkoena. Bertako jaunak eta haren familiak erosotasun guztiak zituzten eskura: lorategian patxadaz pasea zitezkeen, terma partikularretan baina zitezkeen… Villa batzuek pentsa daitezkeen aurrerapen eta luxu guztiak zituzten, nahiz eta beste zenbait askoz maila apalagokoak izan.
Nekazaritzarako zatian, laborantza eta abeltzaintzako instalazioak zeuden. Villa haietan landa ustiatzen zuten, eta horretarako biltegiak, tailerrak eta nekazaritza-produktuak ekoizteko instalazioak behar zituzten. Batzuetan, instalazio industrialagoak ere aurki zitezkeen. Esaterako, Logroñoko La Iglesia - Las Pilas del Camino-ko landa-bizigunean, Arabako Biasteriko muinoaren oinetan, bazen labe bat zeramikazko materiala egiteko; handik ateratako piezak eraikuntzetako berotze-sistemetan erabiltzen zituzten.
Euskal Herriari dagokionez, villae direlakoen ustiapen-sistema hori Nafarroako Erriberan zabaldu zen gehien. Arellanoko villa , Eka ibaiaren ibarrean, adibide egokia da. Ledea, Faltzes eta Soto del Ramalete-ko villae -ak ere Euskal Herriko beste adibide nabarmen batzuk dituzu, Nafarroan horiek ere. Nolanahi ere, ez duzu pentsatu behar landa-eremu osoa villae handien inguruan antolatua zegoenik; bizigune gehienak txikiagoak ziren, hala nola etxaldeak.
Ledeako villa Iruñetik hegoekialdean zegoen, hiriburutik 25 kilometro ingurura. Ilunberriko Arroilako ahoaren aurrean kokaturik, Arroilaren gaineko bista ederrak zituen. K. o. IV. mendean eraiki zuten, goi-inperioko nekazaritza-ustiapen baten gainean. Bertako instalazioen artean, egoitza-aldea peristilodun domus bat zen, hau da, gelak kolomadun patio baten inguruan antolaturik zeuden. Gainera, badira terma batzuk ere ekialdean; lorategidun urmael bat ere bai; baita aletegiak eta ardo biltegiak ere.
Soto del Ramaleteko villa , Nafarroako Castejonen zegoen. Nekazaritzari dagokionez, biltegiak, ukuiluak eta tailerrak zeuzkan; hiri-aldean, ordea, gelak, termak ( caldarium, tepidarium eta frigidarium izeneko gelak ) eta mosaikoak.
Villae izen historikoak guztiz errealitate desberdinak bildu ditu bere baitan: luxuzko etxebizitza duten landetxeak, hiriko erosotasun guztiekin, edota askoz maila apalagoko etxaldeak. Azken horien artean, batzuk nekazaritzako aldea bakarrik zuten (biltegiak, tailerrak, ukuiluak…), inolako luxurik gabekoak: etxalde soilak baitziren.
Sukaldea
Erromatar inperioa handia zen eta komunikabide onak zituen. Merkataritza oparoa medio, aurreko garaietan baino janari-aukera zabalagoa genuen; horietatik guztietatik dastatu ahal izatea, ordea, ez zegoen pertsona guztien esku. Erromatar kulturarekin batera, olioa eta ardoa bezalako produktu garrantzitsuak ezagutu genituen; gainera, bertako bizilagunen baxera pieza berri eta praktikoekin osatu egin zen. Hona erromatar mahai eta sukaldearen ezaugarri batzuk:
Haragia: Behikia zen, alde handiz, gehien jaten zen haragia; haren ondoren ardikia eta ahunzkia zetozen, eta azkenik, txerrikia. Bestalde, etxe-abere, labore eta ibai zein itsasoko espezien kontsumoa areagotu egin zen erromatarren garaian produktu-aukera handiagoa zegoelako.
Arraina: Arrain gazitua zegoen gehien kontsumitzen zituzten produktuen artean. Hasieran Mediterraneo aldetik ekartzen zuten baina, denbora aurrera joan ahala, lantegi txikiak agertuz joan ziren Kantauri eta Atlantiko aldean. Ipar Euskal Herriko Getarian, esaterako, mota horretako instalazio bat zegoen. Itsaskien artean, ostrak ziren gehien jaten zituztenenak; produktu guztiz preziatua zen, eta kopuru handitan kontsumitu ohi zuten Iruña/Veleian. Gesaletan garraiatzen zituzten kostaldetik barnealdeko herrialdeetara, egoera onean irits zitezen.
Ardoa: Urarekin nahasirik edaten zuten, ur bero zein hotzarekin. Izan ere, ardo hutsa edatea ohitura txartzat zuten. Ardoa, orobat, eztiarekin nahasirik hartzen zuten; edari horri mulsum zeritzan. Oturuntzetan, afalondoan, commissatio delakoari ekiten zioten: protokoloa zela-eta topa egiterakoan, kopa zurrutada batez hustu behar zuten. Ardoa, arrain gazituen antzera, anforak deitu lurrezko edukiontzi berezietan iristen zen gure portuetara. Handiak eta gogorrak ziren anforak; hermetikoki itxi eta erraz pilatzen ziren itsasontzietako sotoetan. Egilearen zigilua eraman ohi zuten, edukiari buruzko oharrekin batera (jatorria, mota, pisua…).
Metalezko ontzia: Mahaian eta sukaldean zeramika zen gairik erabiliena, baina metalaz ere baliatu ziren. Beirazko baxera erromatarren garaian agertu zen lehen aldiz; hasieran kanpotik ekartzen zuten baina laster Ebroko ibarrean egiten hasi ziren. Etxe aberatsenetan metalezko baxera ere ikus zitekeen (brontzezkoa edo metal noblez egina).
Zeramikazko ontziak: Baxerak gehienetan zeramikazkoak ziren. Zeramikarik erabiliena sigillata izenekoa zen, horrela deitua egilearen sinadura ( sigillum ) inprimaturik zeramalako. Piezak tornuz eta apaingarriak moldez egin ohi zituzten, eta kolore gorri bereziko berniz guztiz iraunkorra ematen zieten gero. Teknika horretaz baliatuz ontzi mota ugari egiten zuten: platerak, katiluak, edalontziak, goporrak, botilak, pitxerrak, kantinplorak, baita tintontziak eta biberoiak ere. Hasieran lantegi italikoetan eginikoak inportatzen zituzten, gero Galietatik, eta azkenik, nahiko goiz, penintsulan moldatu eta lantzen hasi ziren.
Bigarren Burdin Aroan agertu ziren Euskal Herritik gertu lehen zeramika ekoizle handiak, Najerillako Ibarrean (Errioxa). Erromatarren aroan, Inperioko eltzegintza-gune handienetakoa garatu zen bertan. Zeramika-motarik ohikoena sigillata zen, penintsulan oso goiz ekoizten hasia. Produkzio-gunerik garrantzitsuenen artean, Tritium Magallum aurkitzen zen, Tricio-n (Errioxa). Hango produktuak K. o. I. mendearen erdialdean hasi ziren Euskal Herrian banatzen, eta sigillata -ren merkatuan erabat nagusi ziren. Denbora igaro ahala, mesetan ere lantegiak sortu ziren. Sigillata , gainera, beste hainbat lekutatik inportatzen zuten: Afrikatik, Galiako hegoaldetik, baita Asia Txikitik ere.
Hiru otordu egin ohi zuten: gosaria ( jentaculum ), bazkaria ( prandium ) eta afaria ( cena ). Lehen biak, xume eta lasterrak, zutik hartu ohi zituzten askotan. Adibidez, gosaria honelakoa izan zitekeen: gazta ogi pixka batekin. Bazkaria: haragi hotza, barazkiak eta fruta. Afaria zen eguneko otordu sendoa. Ohituraren arabera, arratsaldeko bainuaren ondoren afaltzen zuten, erabat ilundu aurretik: octava hora -ren inguruan neguan, eta nona hora -n, udan.
Mahaiaren inguruko tokiak hierarkiaren arabera zeuden banaturik. Ohorezko etzalekua -aurrean inor ez zuena- eskuinekoa zen, kontsularena deitua. Hurrengoa ezkerreko etzalekua zen, gero eskuinekoa; bi-bietan ohorezko lekua ezkerrekoa zen.
Goi-klaseko etxeetan bazen gela bat afaritarako prestatua, triclinium zeritzana. Haren izena hiru etzaleku ( triclinia ) izatetik dator. Gonbidatuak zeharka etzaten ziren, ezkerreko ukondoa kuxin batean jarririk, eta eskuineko eskuaz jaten zuten. Gehienbat eskuaz baliatzen ziren jateko, nahiz eta mahaikideek ganibetak, zaliak eta koilaratxoak bazituzten eskueran, baita itsaskiak jateko koilaratxo berezi bat ere. Ohikoa zen eskuak garbitzea: jan aurretik, oturuntza bitartean eta plater bakoitzaren ondoren. Hartarako, zenbait esklabo, konketak bete ur eta xukaderak zeramatzatela, ibili ohi ziren mahaikideen artean.
Andreek lagun egiten zieten senarrei etzalekuetan. Antzineko denboretan, eseririk jaten zuten, haur eta esklaboen gisa, baina Inperioko garaiaz geroztik ohitura berria gailendu zen. Gonbidatu bakoitzak bere ezpain-zapia eraman ohi zuen eta, afariaren ondoren, hartan bildurik eraman zezakeen jan gabe geraturikoa.
Triclinia haiek, bada, U letraren itxura zuten mahaiaren inguru, alde bat zerbitzarientzat irekia utzirik.
Teorian, zazpi fercula edo platerek osatzen zuten afaria: janaurrekoak edo gustatio , hasierako hiru plater, bi erreki eta postreak edo secunda mensae . Dena den, eskuarki askoz otordu apalagoa egiten zen. Maila handiagoko oturuntzetan, musika eta ikuskariak izan ohi ziren. Oturuntza guztiak ez ziren pentsa dezakezun bezain neurriz gainekoak; Trajano enperadorea, adibidez, ezaguna zen afari aski xumeak ematen zituelako. Aparteko oturuntza zirela bide, Trimaltzion ospetsu egin zen, nahiz eta bere garaian ere, hein batean, barregarri ikusten zuten. Hona menu batzuk, adibide gisa:
Gero, bainu bat eta ardo ugari commisatio zeritzanean protokoloa zela-eta topa egiterakoan, kopa zurrutada batez hustu behar zuten).
Plinio Gazteak Septimio Claro bere etxean hartu zuenean honako afari hau eskaini zion: letxuga bat, hiru barraskilo eta bi arrautza, olibak, tipulak eta kuiak, eta elurretan hozturiko pastela, ardo eta eztiz gozatua. Halaber, gaua atsegin ematearren, irakurle bat, antzezle bat eta lira jotzen zuen musikari bat bildu zituen bertan.
Marcial ek, behe-burgesiako kide izanik, gizarte-maila horri zegokion afaria prestatu zuen zazpi pertsonarentzat.
Janaurrekoak: malba laxanteak eta askotariko baratzeko-fruituak letxuga txikituari eta xerratan mozturiko porruari laguntzeko, mendabelarra eta mendaskia ahaztu gabe; arrautza zatikatuak erruda-geruzan emaniko antxoen gainean; ahardi-titiak atun gazitan ondurik.
Plater nagusia: plantxan eginiko antxumea eta txuletak, baba eta aza berdez lagundurik; oilaskoa eta urdaiazpikoa.
Postrea: fruta helduak.
Ardoa: Nomentum -a, sei urtekoa.
Juvenal ek abegi ona egin zion lagun bati ondoko hauek eskainiz: antxume bat, basa-zainzuriak, arrautzak, mahaspasak, udare eta sagarrak.
Termak
Aisialdi fisiko eta intelektualerako lekuak ziren termak. Bainu eta saunarako instalazioak haien bereizgarririk nabarmenak izanik ere, askotan liburutegiak ere izan ohi zituzten. Domus eta villa handiak terma pribatuz horniturik zeuden, baina jende arrunta terma publikoetara joan ohi zen. Herriak terma publikoetan ematen zuen bere aisialdirik gehiena. K. o. I. mendeaz geroztik, galtzaden ondoan zeuden herrigune nagusiek halako establezimendu publikoak zituzten.
Terma publikoetarako sarrera doakoa izan ohi zen, edo aski merkea, nolanahi ere. Hala emakumeak nola gizonak batera egon zitezkeen termetan, harik eta Hadrianok bainuan sexuak banatzea agindu zuen arte, K. o. II. mendean, gertaturiko eskandaluak moztearren. Zenbait hiritan, terma batzuk gizonezkoentzat ziren, eta beste batzuk emakumezkoentzat, baina toki gehienetan orduak ezarri zituzten batzuentzat eta besteentzat, batera gerta ez zitezen.
Trajanoren termak 104-109 bitartean eraiki zituzten. Erromatar munduko terma ikusgarrienetakoak ziren. Ongi eraturik zeuden, erabilerarik egokiena izan zezaten. Gela beroek, esaterako, arratsaldeko eguzkia biltzen zuten, bainua orduan hartzen baitzuten gehienek. Euskal Herriko termak askoz apalagoak ziren, baina haietan ere bainu edo sauna aldi on bat izan zezaketen afaldu aurretik. Gasteizen, adibidez, Arkaiako termak zeuden.
Nymphaea: Trajanoren termek bi nymphaea edo iturri handi zituzten. Instalazio guztietarako ura hurbileko akueduktu batetik zetorren lur azpiko berunezko hodien bidez. Horretaz gainera, termek ur-depositu batzuk zituzten, eta haietako bakoitzak zazpi milioi litro biltzen zuen.
Tepidarium: Giro epeleko aretoa. Abiaburu egokia termetako ibilaldia hasteko, gorputza epeltzeko eta girotzeko modua eskaintzen baitzuen; halaber, bainu beroen eta hotzen arteko geraleku gisa erabil zitekeen.
Sudatorium: Laconicum izenez ere ezaguna, izerditzeko erabiltzen zuten lurrun-gela beroa zen. Bero egon behar zuten gela haiek hegoaldera begira zeuden eta haietako argi-zuloak beiraz itxirik zeuden, erromatarrek berek ekarritako aurrerapena baitzen hori. Mota horretako gelak, gainera, aire beroaren bidezko beroketa-sistemaz horniturik zeuden. Adreilu bereziak ( tubulli , pilae , etab. ) erabiliz, aire-ganberak sortzen zituzten hormetan ( concamerationes ) eta lur azpian ( hypocausta ), eta haien bitartez hedatzen zuten labe batek sorturiko beroa.
Caldarium: Ur beroko igerilekua zuen bainu-aretoa.
Frigidarium: Ur hotzeko bainu-aretoa.
Natatio: Estalperik gabeko igerilekua; eguraldi ona egiten zuenean bainatzen zen jendea bertan.
Bestelako gelak: Termetan, orobat, masajerako gelak ziren, non jendeak olio usaindunezko igurtzialdia hartzeko aukera zuen. Horietaz gainera, beste hainbat gune izan ohi ziren: ariketa fisikorako patioa ( palestra ), komunak, kultura guneak, lorategiak, liburutegiak, etab.
Apaingela
Gorputza zaintzea, apaindura pertsonala, eguneroko jarduera zen gizon-emakume aberatsen artean. Ukendu, lurrin eta kosmetikoak edukitzeko beirazko ontziak, hezur edo harrizko paletak gaiak nahasteko, gai horiek aplikatzeko hezur, brontze eta metal noblezko espatulak eta beste objektu asko sartzen ziren apainketari eskainitako tresneria multzoan.
Ornatrices edo ile-apaintzaileek, orrazteko trebetasunaz gain, depilazio eta makillaje teknikak ere ezin hobeki jakin beharra zuten. Emakumeek zuritu egiten zituzten bekokia eta besoak, ardo hondarrez koloreztatu masailak eta ezpainak, bai eta begien ingurua zein betileak nabarmendu errautsez edo antimonio beltzez. Gizonek tonsor edo bizarginarenean egiten zuten bizarra, aski kontu arriskutsua berau. Izan ere, gizon askok pintzak edo depilatzeko kremak erabiltzen zituzten bizarra egiteko. Hadriano enperadoreak, K. o. II. mendean, bizarra utzi zuenean, garaiko gizonek gogotsu bereganatu zuten molde berri hura eta ohiturak 150 urte inguru iraun zuen, harik eta berriro ilerik gabeko aurpegiak berriro modan jarri ziren arte.
Orrazkerak aldatuz joan ziren erromatar aroan zehar: Errepublika garaian aski soilak baziren ere, Inperio garaian txirikorda, motots edo tupe ezin korapilatsuagoak erabiltzen zituzten. Orrazkerari eusteko eta edertzeko forma askotako orratz bereziak erabiltzen zituzten ( acus crinalis ). Ohikoenak hezurrezkoak ziren, baina baziren brontzez edo metal noblez eginikoak ere, irudiz apainduak haietako batzuk. Ispiluak brontze zilarreztatuz egiten zituzten.
Bitxien artean, eskumuturrekoak, eraztunak, zintzilikariak eta belarritakoak erabili zituzten. Eskumuturrekorik ohikoenak brontzezkoak ziren, lauak edo zenbait ebakiz apainduak, nahiz eta hezurrez edo beira-oreaz ere baliatzen ziren. Eraztunetan burdina zen gehien baliaturiko gaia, baina horretaz gainera, beira orea, brontzea eta metal nobleak ere erabili zituzten. Zintzilikariak hezur, brontze edo metal noblez eginik zeuden, eta koloretako beira-orezko aleak zituzten osagarri. Belarritakoak zilar, urre eta brontzezkoak ziren.
Emakumearen arropari dagokionez, fibula edo kisketa baten bidez eusten zioten mantuari; gehienbat, brontzezkoak ziren, urrez xaflaztaturik horietariko batzuk, eta metal noblez eginak beste zenbait. Euskal Herrian eginiko kisketen artean, batzuk kanpotik ekarritako ereduen kopiak ziren, eta bertakoak beste batzuk. Artilea eta lihoa ziren oihal tradizionalen gaia, baina Indiatik zetorren kotoia ere erabiltzen zuten, bai eta seta ere, itsasoz edo lehorrez Pertsiako Golkotik ekarria. Arropa tindatzeko gaiak mineralak eta landareetatik atereak izan zitezkeen eta hainbat kolore emateko balio zuten: zuria, beltza, urdina, gorria… Purpura -Mediterraneoko itsas barakuilu batzuetatik erauziriko kolorea- zen tindagairik preziatuena. Feniziarrek aurkitu zuten, eta gero Asia Txikira eta Greziara pasa zen. Erroman, enperadorearen kontrolpean zegoen haren manufaktura eta purpuraz tindatzen zituzten senatarien togak, jeneralen mantuak bai eta enperadorearen beraren toga ere.
Domus edo hiriko etxe nobleetako hormak guztiz apaindurik egon ohi ziren. Kolore asko eta irudi figuratiboak agertzen ziren horma-margo haietan.
Medikuntza
Erromako medikuntza greziarraren ondorengoa zen. Mediku grekoak, hala nola Hipokrates (K. a. V. mendea) eta Galeno (K. o. II. mendea), erromatar medikuntzaren aitzindari izan ziren, eta aditu nagusitzat zeuzkaten Erdi Aro osoan zehar eta garai modernoaren parte batean ere.
Hona medikuntza-kirurgia tresnetariko batzuk:
Goilaretxoa: Tresna kirurgiko hau Atxako kanpamentu militarrean aurkitu zen. Atxako kanpamentu hori egungo Gasteizko hirigunearen iparraldeko ertzean kokaturik zegoen, Zadorra Hiribidearen eta Wellington Dukea kalearen elkargunean. Muino baten gainean, iparraldean Zadorra ibaiaren gaineko 20 metroko ezponda batek defendaturik, herrigune bat zegoen toki horretan bigarren Burdin Aroan; gero, garai batez, inor ez zen toki horretan bizi, eta K. o. I. mendean kanpamentu militarra finkatu zuten bertan. Handik Zadorrako ibarra eta Astorga-Bordele galtzadaren zati bat kontrolatzen zituzten. Kanpamentuak ez zuen denbora askorik iraun, baina bertako zabortegiak aurkitu izanak kanpamentuarekin zerikusia duen material kopuru handia eman digu.
Iruñako orratz oftalmologikoa: Brontzezko tresna mehea da pieza guztiz berezi hau, zilarrezko inkrustazioak dituena, eta kataratak operatzeko erabiltzen zen. Orratza zorro batean ezartzen zuten eta aldagarria zen. Objektu hau Iruñan aurkitu izanak garbi adierazten digu bazela bertan halako ebakuntza zailetan espezializaturik zegoen zirujaurik. Harrigarria gertatu arren, kataratak ere sendatzeko gai ziren.
Prozedura honelakoa zen:
1. Operazioa egin aurretik, gaixoak gutxi jan behar zuen, hiru egunetan ura besterik ez zuen edaten eta bezperako egunean erabateko baraua egin behar zuen.
2. Guztia horrela antolaturik, gaixoa toki ongi argiztatuan eseraraziko zuten, aurpegia argiari begira, zirujaua haren atzetik kokatzen zela, goraxeago ezarririko eserleku batean.
3. Laguntzaile batek, atzealdetik, tinko eusten zion gaixoaren buruari, zeren eta mugimendurik txikienak ikusmena betiko galtzea ekar zezakeen. Operatu beharreko begia geldirik edukitzeko premia zegoen, eta bestearen gainean artile zati bat jarri ohi zuten, bendaje batez eutsirik.
4. Ebakuntzari ekiterakoan, zirujauak orratz zorrotza hartu eta lerro zuzenaren arabera sartzen zuen lehen bi geruzetan zehar, kanpoko angeluaren eta begi-niniaren artean eta, katarataren erdi aldean, inongo zainik ez zauritzeko eran, baina segurtasunez, gune hutsean sartzen baitzen.
5. Katarata heldutakoan (erresistentziarik batere ez dagoenez, ez dago huts egiterik), zirujauak orratza katarata aldera makurtu eta, errotazio mugimendu arin batez, kristalinoa begi-niniaren azpitik ezartzen zuen eztiki. Orduan, indar handiago egin behar zuen katarata behean finkatzeko.
6. Katarata kokaera horretan geratzen bazen, operazioa amaiturik zegoen, baina berriro igoz gero, hainbat puskatan zatitu beharra zegoen, zati horiek behean errazago geratzen baitziren, eta traba gutxiago egiten zioten ikusmenari.
7. Gero, orratza lerro zuzenaren arabera erretiraturik, begia arrautza zuringoan bustiriko artile leuneko puska batez estali, gainetik hanturaren aurkako botikak ezarri eta dena bendaje batez lotzen zuten.
Idazketa eta Argiztapena
Erromanizatze-prozesua aurreratu ahala, latina gailendu zen hizkuntza ofizial gisa: txanponetan, dokumentu ofizialetan eta eguneroko adierazpide ohikoagoetan, hala nola, zeramikaren gaineko graffiti -etan edo hilarrietan.
Hona erromatar idazketaren hondakinen adibide batzuk:
Andelos -en (Andion) aurkitu brontzezko plaka. Honen testua idazki ofiziala zen; honen bidez, udaleko zinegotzi edo magistratuek eskaintza bat egiten zioten Apolori.
Zeramikaren gaineko graffiti -a. Marka mota horiek pieza berdinetatik bereizteko egin ohi ziren. Zenbait graffiti aski eskematikoak ziren; beste batzuk, ordea, beren sortzaileen marrazteko gaitasunaren erakusgarri ziren. Gehienek erabiltzaileen izena zeramaten.
Testudun hilarria. Ehorzketa lekua markatzen zuten hilarriek. Testuan hildakoaren hainbat datu eman zitezkeen: gurasoak, ahaideak nor ziren, nongoa zen, adina, jatorria, lanbidea, etab. Alorrik pertsonalenetako batean, heriotzaren aurreko jarreran, latinak zuen ezarpenaren lekukotasuna ematen digute hilarri horiek. Nolanahi ere, latinezko testuen azpian euskal izenak ezartzen jarraitu zuten, hala nola Andere, Nescato, Gison, Ummesahar, Iluna edo Ibarra.
Stylos -a. Argizaria emaniko oholtxoetan idazteko erabilia: muturraz idatzi eta beste aldeaz zuzenketak egin zitezkeen. Orobat, luma edo calamus batez idazten zuten tinta erabiliz, kasu honetan pergamino edo papiroaren gainean. Posta lakrez zigila zezakeen, eta zigilu bat ezarri bortxaezintasuna segurtatzearren.
Posta ofiziala lakratzeko erabilitako zigilua babesteko kaxa bat ez baliatzen ziren
Eguneko argi-orduez kanpo, argi artifiziala ezinbestekoa gertatzen da idazteari ekin nahi badiogu. Argitzeko sistemarik soilenak, hala nola zuziak, erabili ohi zituzten gauez kale eta bideak argitu ahal izateko. Hartarako, lucernae edo olio-lanpara txikiak ziren sistemarik ohikoena, beste batzuk ere baziren arren. Halako lanparak olioa zegoen toki guztietan erabiltzen ziren, eta ugari aurkitu dira Ebro aldeko hiri eta biziguneetan, bai eta Arabakoetan eta Oiasson -en (Irun) ere. Mea-ustiapenetako barnea argitzeko ere erabili ziren lanpara horiek. Hasieran lucernae horiek Afrikatik eta Italiatik ekartzen baitzituzten ere, laster hasi ziren egiten Ebroko ibarrean bertan.
Aisialdia
Koadrigak, gladiadoreen borrokak… ikuskizun publikoz ospatu ohi zituzten jai eta gertakari nabarmenez beterik zegoen erromatar egutegia. Botere publikoek, magistratuek edo pertsona gorenek finantzatu ohi zituzten, baina halako diru-kopuruak gastatzen ziren ikuskari horien antolaketan ezen, sarritan, enperadoreak berak bere gain hartu behar izan zituen zorrak. Herria jolas bidez kontrolatzeko erabiltzen ziren ikuskizunok. Euskal Herrian gutxi ziren halako ikuskariak aurkezteko eraikinak: teatro posible bat Iruñan eta zirku bat Calagurris -en (Kalagorri, Calahorra). Nolanahi ere, eraikuntza berezi horiek ez ziren ezinbestekoak gertatzen; xede horretan, plazez edo denbora baterako instalazioez balia zitezkeen betiere.
Zirkuko lasterketetan, bi, hiru, lau zaldi edo gehiago biltzen ahal ziren gurdiari tira egiteko.
Laukizuzen itxurako gunea da zirkua, alde motzak erdizirkularrak dituena. Calagurris -en mota horretako zirku bat izan zen.
Anfiteatroen artean, Erromako Koliseoa dugu ospetsuena. I. mendearen amaieratik II. aren hasiera bitartean eraiki zuten. Itzala izateko, toldo mugikor batez estaltzen zuten udako egun beroetan. Bestalde, hainbat egitura konplexu zeuzkan: karga-igogailuak, arranpak, etab. Bertan egiten ziren gladiadoreen borroka ezagunak (Trajano enperadorea zela, 109. urtean, 4. 912 gladiadore bikotek esku hartu zuten jokoetan 117 egunean zehar). Era berean, animalia exotikoen ehizaldiak eta itsas batailak (pista urez betetzen zuten) antolatzen ziren zirku horretan.
Ikuskizun publiko handiez gain, erromatar kulturan ugari ziren jolas pertsonalak. Hainbat taula-joko, hala nola, hirurak lerro-lerro, dama-jokoa ( ludus latrunculorum ) eta antzeko beste zenbait, erromatar jatorrikoak dira. Jende diruduaren artean, taulak gai noblez eginik zeuden, eta baziren bi aldeak erabilgarri zituztenak ere. Hirietako toki publikoetan halako taulak izan ohi ziren, eta jendeak toki horietara jotzen zuen jokatu beharrez. Beste joko errazago batzuek, hala nola bakoiti eta bikoitien jokoak, ez zuten taularen beharrik.
Fitxak ( calculli ) gai anitzez eginik izan zitezkeen. Disko txiki batzuk ziren bakunenak, erabiltzen ez ziren zeramikazko ontzien puskez moldatuak; baziren, baita ere, hezurrez, beira-orez edo metalez egindakoak. Dado eta tortoloxak ere joko askotan erabiltzen ziren.
Erlijioa
Erlijio eta sineste espiritualen munduan, erromatarren etorrerak ez zuen erabateko aldaketarik ekarri. Lehengo sinesteak hein handi batean mantendu egin ziren, eta erromatar munduko beste berri batzuk arian-arian egokituz joan ziren; askotan, erromatar itxuren azpian bizirik iraun zuten lehengo sineste eta erritualek. Kristautasunaren agerpen eta hedapenak garrantzi handiko aldaketa ekarri zuen Antzinatean.
Kristautasuna K. o. IV. mendetik Inperioaren erlijio ofiziala bazen ere, V. mendearen hasiera arte ez da Euskal Herrian dokumentaturik ageri.
Hona kristautasunaren bilakaerari dagozkion data garrantzitsu batzuk:
I. mendea . K. o. 64. Erroma sutan, Neron enperadoreak kristauei errua egotzi. II. mendea Noizbehinkako martirioak Erroman, Galian, Numidian... III. mendea
Euskal Herrian hilak lurperatzeko ohitura ez zen guztiz zabaldu Behe-Inperioko garaian baizik. Ordukoak dira Cabriana (Komunioi, Araba), Iruña/Veleia edo Pompaeloko nekropolietakoak, K. o. IV. mendearen amaieraz gerokoak denak. Aurretik, goi-inperioaren garaian, lehengo aroetako tradizioari jarraitzen zioten. Hala, lehenago gorpua erretzea zen ohikoena, Santa Cruz (Eslaba) edo Iturissa -ko (El Espinal) nekropolietan ageri den bezala. Gorpuak lurperatzeko ohitura orokor bilakatu izanak, seguruenik, kristautasunaren eragina agertzen du.
Hori guztia jende helduari zegokion. Dakigunez, haurren kasuan, gorpuak etxeetan lurperatzeko ohitura mantendu zuten K. o. II. mendea arte gutxienez, Iruña/Veleia edo Las Ermitas -ko (Espejo, Araba) aurkikuntzek frogatzen dutenez.
Hilarriak ehorzketa baten tokia seinalatzeko erabiltzen ziren. Euskal Herrian aurkitu diren erromatarren garaiko hilarrietan, sinbolo astralak, landare motiboak, animalien irudikapenak zein pertsonenak agertu dira, batzuetan hainbat objektu (orraziak, lantzak, kurrikak, mailuak…) aldean dituztela.
Ur-horniketa
Erromako ur-horniketak alderdi ikusgarriak zituen: 14 akueduktuk mila milioi litro ekartzen zuten egunean; 247 castella edo deposituk auzoetara banatzen zuten; biztanlerik gehienek iturrietara joan behar zuten ur bila, eta hori bereziki neketsu gertatzen zitzaien insulae haietako (zenbait solairutako etxeetako) biztanleei; etxebizitza pribilegiaturen batek bere hornikuntza propioa zuen, iturrietatik irteten ziren berunezko hodien bitartez bideratua.
Euskal Herriko instalazio hidraulikoak askoz apalagoak ziren. Nolanahi ere, baziren egitura nabarmenak ere, hala nola Andelos (Andion, Nafarroa) hirikoak edo Alcanadre-Lodosa akueduktua.
Biztanleen ur beharra asetzen zuen uharka hiritik bi kilometrora zegoen, ipar-ekialdean. Erromatar hormigoiz ( opus caementicium ) eginiko murru batek moldatzen zuen uharka, behe aldean horma-bularrek eusten ziotela. Giltza-gela batetik erregulatzen zen atera beharreko ura.
Ura uharkatik depositu erregulatzailera bideratzen zuten. 85 m luze, 37 m zabal eta 3, 5 m garai zen depositu hori; beraz, 7. 350 metro kuboko edukiera zuen. Haren barnean 37 horma-bular zeuden, hormen sendogarri, eta angeluetako batean eskailera bat zegoen garbiketa eta mantentze lanak egin ahal izateko. Deposituaren kanpoaldean laukizuzen itxurako eraikuntza txiki bat ageri zen, castellum horretan uraren irteera erregulatzen zuten giltzen gela zegoen.
Akueduktu baten bidez gainditzen zen depositutik hirirainoko tartea, 750 metro zuzenean. Harlanduz estaliriko berunezko hodi batzuek bideratzen zuten ura. Pilare gaineko puntu erdiko arkuek eusten zioten kanalizazioari. Ura hirira iritsirik, castellum acquae baten bidez banatzen zen. Eraikuntza horrek hiri osorako ur-horniketa erregulatzeko zeregina zuen, eta bertatik irteten ziren hainbat kanalizazioren bidez iristen zen ura helmugara: termak, iturriak ( nymphae ), etab.
Calagurris hiria eta haren inguruko industriak, hala nola Alfar de la Majakoa non Gaius Valerius Verdullus nagusia zen, urez hornitzeko, akueduktua eraiki zuten. Ura Kodes Mendialdetik hartzen zuten eta akueduktua Lazagurritik abiatzen zen. Bere ibilbidean Ebro ibaia zeharkatzen zuen haren gainean eginiko pasabidetik. Litekeena da, pasagune horretan akueduktua zubi gisa ere erabili izana, bestetan hala egiten baitzuten.
Ekonomia eta Merkataritza
K. a. 133-72 urte bitartean, Erromako errepublikaren gerra zibilen garaian, Penintsulako gudarosteei ordaindu beharra zegoela eta, Erromak dirua jotzeko baimena eman zien Ebroko ibarreko zenbait hiriri, eta diruaren erabilera garatzen hasi zen ordu arte trukean oinarritua zen ekonomian.
Fiskalitatea agertzeak -zergak gehienbat txanponez ordaindu behar ziren- eta merkataritzaren hazkuntzak -askoz eremu zabalagoa harturik eta lehenago inoiz ez iritsitako neurrian- orokortu egin zuten diruaren erabilera Euskal Herrian.
Euskal Herrian erabilitako zeramika asko kanpotik ekartzen zuten, hala nola, Tarraconense -ko arruntak edo Tritium Magallum eremuko sigillata direlakoak. Baziren beste zenbait jatorritako zeramikak: Italia, Galiak eta Asia Txikia ere. Elikaduraren sektoreari dagokionez, hona hartzen zituzten gairik ohikoenak: olioa, ardoa, arrain gazituak eta ostrak, kopuru handitan hauek. Gainera, baziren kontsumo txikiagoko beste produktu batzuk, hala nola olibak, aranak, gingak, pikuak, edo mertxikak. Era berean, janzkera pertsonalean, germaniar jatorrizko elementu metalikoak agertu ziren ( fibulae edo kisketak, gerriko apaingarriak, belarriak).
Laborea zen lurreko emaitza nagusia. Alorrik onenak agger deiturikoan zeuden: Arabako Lautada, Nafarroako Erribera eta Akitaniako aran zabalak. Lehengaien ustiakuntzan, mea-baliabideak nabarmendu ziren. Kantauriko burdina eta galena (Zarautz eta Arditurri, Aiako Harria) ustiatu zituzten, bai eta Ereñoko kare-harri gorria, marmolaren ordezkoa arkitektura obretan, hala nola, Arkaia (Gasteiz) edo Iruña/Veleiako termetan.
Euskal Herrian burdinarekin zerikusia zuten lantegi asko ziren. Mea fintzea zen haietako gehienen eginkizuna. Lantegi edo burdinola horien artekoak ziren Forukoa (Bizkaia), Alariakoa (Arrastaria/Urduña), Las Ermitaskoa (Getaria, Araba) eta Iruña/Veleiakoa.
Egutegia
Erromatarren egutegia aldatuz joan zen denboran zehar, baina azkenean zure garaian ezagutzen duzunaren egitura ia bera hartu zuen. Urtea, eskuarki, jarduerako bi kontsulen izenez adierazi ohi zuten, baina baziren beste erreferentzia batzuk ere, hala nola Erromaren sorreratik igarotako denbora. Hilabeteko eguna adierazteko, hiru egunek bakarrik zuten izen berezia: kalendae deiturikoak (hilabete guztietako lehenak), nonae (edo hilabeteko bosgarren egunak, salbu eta martxoan, maiatzean, uztailean eta urrian, horietan zazpigarrena baitzen) eta idus izenekoak (hamahirugarrena, salbu eta aipatutako hilabeteetan, horietan hamabosgarrena baitzen). Hala, otsailaren 4a, esaterako, "otsaileko nonae -en baino egun bat lehenago" esaten zuten; eta uztailaren 16a, " idus -en ondoko eguna".
Asteari dagokionez, hasieran bederatzi egunetan behin merkatu eguna, hots, jai eguna egiten zen. Zazpi eguneko astea Inperioaren garaian sortu zen egiptoarren eraginez, ezagutzen zuten astro bakoitzari egun bana eskaintzen baitzioten. Hona egunen latinezko izenak: Saturni dies (Saturnoren eguna), Solis dies (Eguzkiarena), Lunae dies (Ilargiarena), Martis dies (Marterena), Mecurii dies (Merkurioarena), Iovis dies (Jupiterrena) eta Veneris dies (Venusena). Denbora igaro ahala, Saturnoren eguna Sabbatum izatera pasa zen hebraitarren eraginez, eta eguzkiaren eguna, kristautasunaren eraginez eta Constantino enperadorearen aginduz, Dominica dies , hau da, Jainkoaren eguna deitu zuten.
Jai egunak hor-hemen tartekatzen ziren erromatarren egutegian. Baziren finkoak eta ez ohikoak, erlijiosoak, oroitzapenezkoak, bai eta ludikoak ere. Azken horiek jarduerako gobernari edo magistratuek ezartzen zituzten. Gaius Valerius Verdullus -en oroitzapenezko edalontzietan ikus ditzakegu egutegia eta erromatarren jai-praktikak zein erroturik zeuden gure ingurunean. Pixkanaka, erromatarren egutegia aldatuz joan zen, gutxi gorabehera gaur egun ezagutzen dugun eran geratu arte. Zesarren heriotzaren ondoren, enperadorea jaioa zen hilabeteari haren izena jarri zioten: Iulius (Uztaila). K. a. 8an, senatuak, Augusto lausengatu nahiz, hilabete bat eskaini zion: Augustus (Abuztua). Hala, hilabeteak eta haien egunetako iraupena honela geratu ziren: Ianuarius (31), Februarius (28), Martius (31), Apirilis (30), Maius (31), Iunius (30), Iulius (31), Augustus (31), September (30), October (31), November (30) eta December (31).
Politika
K. o. I. mendean, Inperioak bere hedadurarik handiena erdietsi zuen. Hispaniaz jabetzeko prozesuan, Erromarekiko lehen harremanak izan zituzten Euskal Herriko herriek. Hasieran bi probintziatan banatu zuten penintsula: Hispania ulterior eta Hispania citerior . Ebro ibaiak egiten zuen bien arteko muga, eta Euskal Herria citerior horren barnean egokitu zen. Inguru honetako hiri sorrerarik antzinakoena K. a. 178koa da: Gracchurris (Alfaro, Errioxa). Gero, Ponpeiok bi hirigune garrantzitsu sortu zituen Pirinioen bi aldeetan: Pompaelo (haren izena zeramana, K. a. 75-74an sortua) eta Lugdunum Convenarum (St. Bertrande de Comminges). Bi-biak erromanizazio gune garrantzitsuak izango ziren.
Konkista prozesua amaiturik, neurri politikoak etorri ziren. Bertako etniak -barduliarrak, karistiarrak, beroiak, baskoiak, autrigoiak- kontuan hartu gabe, Erromak administrazio banaketa berria ezarri zuen. Citerior izeneko probintzia, Tarraconense ( Tarraco , Tarragona, hiriburu) deitua izatera pasa zen, eta probintziak conventus -etan banatu ziren. Hala, Euskal Herriko zati bat conventus cluniensis ( Clunia , Coruña del Conde, Burgos, hiriburu) deiturikoaren barnean geratu zen; beste zati bat, conventus caesaraugustanus ( Caesaraugusta , Zaragoza, hiriburu) izenekoaren barnean zegoen, eta akitaniar herriak Aquitania probintzian bildu zituzten.
74-75. urteetan, Iberiar Penintsula osoari eman zioten latindar zuzenbidea, eta hiriek administrazio garrantzi handiagoa hartu zuten. 212. urtean, Caracalla enperadoreak Constitutio Antoniana eman zuen, eta probintzietako biztanle libreak Erromako hiritar bihurtu ziren. Marco Antonio Antonino Augusto, Caracalla ezizenez, severoen leinuko enperadorea, 198-217 bitartean izan zen aginpidean.
Sertorioren gerren garaian (K. a. 81-72), Ponpeio baskoien lurraldera erretiratu zen. Bertan, aurreko bizigune baten gainean, ezarri zuen bere kuartel nagusia, eta hortik Pompaelo hiria sortu zen. Izen hori Pompeiopolis -etik dator, hots, Ponpeioren hiria. Haren kokalekua estrategikoa zen, zeren eta Akitaniarako bidea kontrolatzen baitzuen bertatik. Erromatarren Pompaelo hiriak, 15 hektareako zabalera zuen. Decumanus edo ekialde-mendebalde ardatza egungo Curia kaleari zegokion, eta hala berean foroak egungo katedralaren aldea hartzen zuen.
Barduliarrak erromatarren aurreko herri bateko kideak ziren; Arabako ekialdean eta Gipuzkoako zati handi batean bizi ziren. Tullonium (Dulantzi) eta Alba (Durruma Donemiliaga) izan ziren haien herri garrantzitsuenetarikoak.
Karistiarrak autore klasikoek aipatu zituzten erromatarren aurreko herrietarik bat ziren. Arabako mendebaldea, Burgosko ipar-mendebaldea, Bizkaiko mendebaldeko mugaldea eta Kantabriako ekialdeko mugaldea ziren haien kokalekua. Hona haien herririk garrantzitsuenetariko batzuk: Deobriga (Cabriana) eta Flaviobriga (Castro Urdiales) koloniako hiria eta portua.
Baskoiak, erromatarren aurreko herria, egungo Euskal Herriko hainbat eskualdetan hedaturik zeuden: Nafarroa osoan, Gipuzkoako ipar-ekialdeko mugaldean eta beste zenbait eskualdetan. Hona haien herrigunerik garrantzitsu batzuk: Pompaelo , Cara (Santakara), Andelos (Andion) edo Oiasson -go portua (Irun).
Beroiek erromatarren aurreko Euskal Herriko herri bat zen. Toloño mendikateko hegoaldean bizi ziren; hala, beraz, La Hoya-ko herrixka (Biasteri, Araba) talde horri zegokion. Orobat, gaur egungo Errioxa Autonomia Erkidegoan kokaturik zeuden. Hona beroien herrigunerik garrantzitsuenak: Vareia (Varea), Libia (Herramelluri), Contrebia Leukade (Inestrillas, Cervera del Río Alhama).
Autrigoiak , erromatarren aurreko herria, Araba eta Bizkaiko mendebaldean bizi ziren, bai eta Kantabriako ekialdean, Burgosko ipar-ekialdean eta Errioxako ipar-mendebaldean ere.
Armada
II. mendean, 150.000 legionariok osatzen zuten erromatarren armada, gudari talde laguntzaile askorekin batera. Gudaroste horrek, eginkizun bereziki militarrez gainera, herri lanen eraikuntzan laguntzen zuen eta estrategikotzat jotako lanen (meategiak, gatzagak…) zainketaz arduratzen zen. Legionarioek armadan 20-25 urte ematen zuten eta Erromako herritarrak ziren. Denbora bitarte hori amaiturik, lizentziatu egiten ziren eta sari bat jaso ohi zuten: lursail bat bertan kokatu ahal izateko edo dirua, hamabi urteko ordainsarien heinekoa. Baina noski,... beti zeukaten epe berdinerako armadan berriro sartzeko aukera, bigarren aldi honetan gradu batekin, eta ez soldadu arrunt bezala. Dazia, Armenia, Asiria, Mesopotamia edo Arabian kanpainak egin zituen Trajano enperadorearen ondoren (K. o. 106-117), inoizko hedadurarik handiena hartu zuen Erromako inperioak. Hadrianok, haren ondorengoak defentsak sendotzeari ekin zion lurralde-mugak bermatzearren. Hala, Britainian harresi bat ("Hadrianoren harresia") eraiki zuten eta Rhin-Danubio lerroan zeharreko mugak sendotu zituzten. Gainera, gudarostearen kuartel iraunkorrak finkatu zituzten; horren ondorioz, legionarioen eta auzoko biztanleen arteko harremanak areagotu egin ziren.
150.000 legionario horiek jarraian adierazten den eran antolaturik zeuden: 5.000 gizonek legio bat osatzen zuten, legio batean 480 gizoneko 10 kohorte sartzen ziren, eta kohorte bakoitza 80 legionarioko 6 zenturiak osaturik zegoen, zenturioi baten agindupean haietako bakoitza. Zerbitzuko legionarioak -ofizialki- ezin ziren ezkondu, baina nola edo hala moldatzen ziren familia goarnizioaren ondoan izateko. Legionarioen erosteko ahalmenak merkataritza bultzatzen zuen kanpamenduen inguruan, eta kasu askotan benetako hiriak sortu ziren haien inguruan, hala nola Espainiako Leon, Legio VII izenekoaren babespean sortua.
Erromatar gudaria diziplinatua zen eta guztiz antolaturik zegoen aginpide kate konplexu baten barnean. Erroma, alabaina, beti ahula izan zen zalditeriari dagokionez. Hori dela eta, laguntza taldeak erreklutatzen zituen haren mendeko hainbat herritako jendearen artean. Hala, zenbait alorretan espezializaturiko gudari taldeak borrokatu ohi ziren legioekin batera; horien artean herri batzuk nabarmendu ziren, hala nola, numida eta germaniarrak, zalditeriari dagokionez, edota Balearretako habailariak. Zerbitzua amaiturik, laguntzaileek erromatar hiritartasuna eskuratzen zuten bere buruarentzat eta bere familiarentzat.
Zenbait testigantzak dokumentatu egiten dute euskaldunen parte-hartzea erromatarren armadan. K. a. 89 urtekoa den Ascoliko brontzean, esaterako, Segia baskoien hiriko bederatzi zalduni erromatar hiritartasuna ematen zaiela adierazten da.
Geroxeago, K. a. 82-72 bitartean, Ponpeio handiaren eta Sertorioren arteko gerra zibila gertatu zen, gerra sertoriarra deiturikoa. Gerra hori Hispaniara aldaturik, Ponpeiok Pompaelo sortu zuen bertako herrixka baten gainean K. a. 75-74 urteetan. Gerra horretan, Bursao (Borja), Cascantum (Kaskante) eta Gracchurris (Alfaro) hiri baskoiak Ponpeioren aliatuak ziren; Calagurris (Calahorra), ordea, zeltiberiarra zen eta Sertorioren aldekoa. Garai horri dagokio Alfaron eginiko aurkikuntza arkeologikoa: "La Azucarera-ko biltegia". Hor arma ugari aurkitu dira, haien artean Gladius hispaniensis motako ezpata batzuk; puntaz eta bi ahoz horniturik, estokadak eta ebakiak egiteko gai zen ezpata mota hori estandar bihurtu zen erromatar legioen artean.
K. o. I. mendean baziren Euskal Herriko tribuen izeneko gudari taldeak: Cohors II Hispanorum Vasconum delakoa (baskoiek osatua), K. o. 105 urtean Britainian kokaturik zegoena; Cohors Carietum eta Veniaesum (karistiarrek osatua), edo Cohors I Fida Vardullorum (barduliarrek osatua) izenekoak Britainian zeuden K. o. 98 urtetik.
Krisialdia
Erromatarrak nagusi izan ziren garaiak -historiako beste edozein garaik bezala- bilakabide gorabeheratsua izan zuen. Erromatar ereduaren ezarpena ez zen berdina izan leku guztietan, eta ez zuen eragin bera izan toki eta jende guztiengan.
Dena den, eskema politikoa, hiriak, galtzadak, merkataritza lehenago ezagutu gabeko eskalan… hori guztia etengabe garatu zen Goi-Inperioaren garaian, eta gure eskualdeetan ere nabarmendu egin zen. Gure aroko lehen bi mendeetan, "erromatar ereduak" bere hedadurarik handiena lortu zuen. II. mendean, ordea, sistemaren akiduraren lehen sintomak sumatzen hasi ziren, eta III. mendean eragin handiko krisia gertatu zen.
III. mendeko krisi hori nabaria izan zen Euskal Herrian: hainbat nekazaritza-ustialeku, hiri txikienak… desagertu egin ziren. Hala eta guztiz, zenbait hiri, Astorga-Bordele bideko garrantzitsuenak, sendotu egin ziren garai horretan. III. eta IV. mendeetan zehar harresia jarri zuten hainbat hirik: Lucus Augusti (Lugo), Legio (León), Asturica Augusta (Astorga), Gigia (Gijón), Veleia (Iruña), Lapurdum (Baiona), Burdigala (Bordele). Bide horretatik, hain zuzen ere, salgairik estrategikoenetako bat esportatzen zuten: Rhineko mugaldean premiazkoa zen mesetako laborea.
III. mendeko krisia iraganik, halako susperraldi bat gertatu zen. Inperioaren gerra eta politika arazo nagusietatik urrun izatea penintsularen aldeko izan zen eta nolabaiteko oparoaldia bizi izan zuen. Landa aldean nekazaritza-bizigune berri batzuk sortu ziren, aurreko aldietan bezainbeste izan ez baziren ere; Veleia (Iruña) eta Lapurdum -eko harresiak eraiki zituzten; Andelos -ko (Andion) urtegia zabaldu zuten; eraberritze lanei ekin zieten etxebizitza pribatuetan…
IV. -V. mendeetan, gizarte mugimendu batzuk gertatu ziren, zeintzuk sistemaren aurkakotzat hartu dituzten zenbait historialarik. Bagauda horiek indarrezko gatazkak izan ziren; lurjabe txiki pobretuak, zerga gero eta handiagoek estuturiko hiriko langileak eta beste era askotariko jendea izan ziren gatazka haietako protagonista. Euskal Herrian gisa horretako gertakariren bat izan zen Arakil-Uharte aldean kokaturiko Aracillum -en.
V. mendearen hasieran, herri barbaroak -alanoak, sueboak eta bandaloak-, Pirinioetako igarobideak zeharkaturik, penintsulan sartu ziren. 411. urtean hitzarmena egin zuten inperioaren administrazioarekin: sueboek eta bandaloetariko batzuek -asdingoek- Gallaecia beretu zuten; alanoek Lusitania eta Carthaginensis zirelakoak beren gain hartu zituzten; gainerako bandaloek -silingoek- Betica jaso zuten. Penintsula osoan Tarraconensis probintzia bakarrik geratu zen Erromaren eskuetan, eta Hego Euskal Herriko lurraldeak haren barnean zeuden.
V. mendearen hasiera fenomeno bitxi baten abiapuntu gertatu zen: Historiaurrearen amaieratik abandonaturik zeuden harpeak bizitegi gisa erabiltzen hasi ziren berriro, baita kasu askotan bizigune iraunkor gisa erabili ere.
Antza denez, ondoko urteetan pisu handia hartuko zuen eremitismo deitutako fenomenoaren aurrekaria izan zen hura. Euskal Herrian hainbat kasu aipa daitezke: Peña Parda, Los Moros, Solacueva, Santa Coloma, Kobairada edo Los Husos Araban; Peña Forua Bizkaian; Iruaxpe III Gipuzkoan, edo Abauntz Nafarroan. Halaber, Galietan eta Inperioko beste hainbat lekutan antzeko kasuak agertu ziren. Gainera, une beretan beste kokagune estrategiko mota bat berreskuratu zen: Burdin Aroko herrixka zaharrek zeuzkaten antzinako muinoak (Ozio, Portilla, Astulez, Berbeia edo Buradon Araba aldean).
Aldaketak gorabehera, hirietako bizitzak aurrera jarraitzen zuen. Erromatar estatua 476an mendebaldean desagertu zenean ere, barbaroek Romulo Augusto azken enperadorea aginpidetik egoztean, salgaiek galtzadetan zenbiltzaten jarraitu zuten, eta hainbat bizigunetara iristen, hala hirietara - Veleia edo Pompaelo - nola nekazari gunetara - Las Ermitas (Arabako Getaria). Zenbait kokagune, Veleia esaterako, hiri izaera galdurik, apurka-apurka biztanleak galduz joan ziren; beste zenbait hirik, hala nola Pompaelo eta Lapurdum -ek, beren ibilbide historikoa jarraitu zuten, jadanik Erdi Aroan sarturik.
Erromatar Bideak
Erromatarren galtzadak baliabide garrantzitsua izan ziren erromanizazioan. Bide horiek ahalik eta zuzenen egiten zituzten, garrantzi handieneko guneetan, hala nola, hiri handietako ingurunean. Arreta handiz egiten zituzten: haien profilak muino itxura zuen, ura alboko arroiletatik joan zedin; zimentazioak geruza batzuk zituen, drenaje bereziz horniturik… Bide ertzetan miliaria izeneko mugarriak ezartzen zituzten erromatar milia bateko distantzia adierazteko, hau da, 1. 478, 5 metro bakoitzeko. Italian, miliaria horiek Erroma hartzen zuten abiapuntutzat distantzia adierazteko, eta probintzietan hiriburu edo hiri garrantzitsuenetik abiatzen ziren. Inskripzio bat izan ohi zuten galtzada egin edo konpondu zuten agintarien -magistratuen edo enperadorearen- izenekin.
Hona hemen erromatarren garaiko Euskal Herriko bide ( viae ) nagusiak:
Asturica-Burdigala (Astorga-Bordele) bidea, erromatarren garaiko Euskal Herria zeharkatzen zuen nagusia zen, eta penintsulako iparraldean lehorreko bide garrantzitsuenetako bat. Araban, hainbat herrigune zeharkatzen zituen: Cabriana, Iruña, Salbatierrabide (Gasteiz), Arkaia, Angostina eta Abeiurmendi. Nafarroan, Aracillum (Arakil inguruan), Alantone (Atondo), Pompaelo (Iruñea), Iturissa (Aurizberri) pasa eta gero, Pirinioak zeharkatzen zituen Orreaga-Ibañetatik ( Summus Pyreneus ) eta Donibane-Garazira ( Imus Pyreneus ) iristen zen. Ibilbide hau erromatarren ondoren ere erabiltzen jarraitu zuten.
Ebroko ibarreko bideak Deobriga (Cabriana) eta Caesaraugusta (Zaragoza) lotzen zituen, eta bere ibilbidean Calagurris (Kalagorri), Cracchurris (Alfaro) edo Cascantum (Kaskante) bezalako hiriak zeharkatzen zituen.
Pompaelo-Oiasso (Irun) galtzadak portu hori barnealdearekin komunikatzen zuen. Ibilbide osoak - Tarraco-Caesaraugusta-Pompaelo-Oiasso - Mediterraneoa eta Bizkaiko itsasoa lotzen zituen.
Flaviobriga (Castro Urdiales) eta Deobriga (Cabriana) lotzen zituen bidea bigarren mailakoa izanik ere, aski garrantzitsua zen, zeren eta Ebroko ibarra eta Kantauriko kostaldea jartzen baitzituen harremanetan. Flaviobriga Euskal Herriaren inguruko kokagune nagusia zen eta galtzada horretan ere Las Ermitas (Getaria) dago, seguruenik Arabako hirigunerik garrantzitsuena, Iruñaren ondoren. Barnealdeko hainbat kokagune eta kostaldeko herriak lotzen zituzten bideetarik nagusia zen hura. Kontuan hartu beharra dago gehienbat itsasotik bideratzen zela erromatarren munduko merkataritza.
Bibliografia
- Ate-leihotatik sartzen zen eguargiak argituriko gunea. Hemen argirik gehien eskatzen duten lanak egiten ziren, hala nola ehuntzea.
- Erdiko gelan, eguneroko bizimoduarekin zerikusia zuten lan gehienak egin ohi zituzten. Bertan zegoen sua egiteko lekua. Su hori berotzeko, argitzeko eta janaria prestatzeko erabiltzen zuten; kea, ate-leihoetatik edo sabaian eginiko zulotik ateratzen zen. Gela honetan egiten zuten lo -lastaira gainean gehienetan-; baxera banku jarrai batean jartzen zuten; eta hildako haurrak ere bertan lurperatzen zituzten.
- Jakitokian uztaren soberakinak pilatzen zituzten edukiera handiko tinatan (hamar litrokoak batzuk).
- Trimaltzionen afaria: Janaurrekoak: brontzezko astotxo bat, zakutoak oliba berdez eta beltzez beterik; muxar batzuk eztiz eta lobelarrez hautseztatuak zubi itxurako arku batzuetan; saltxitxak zilarrezko parrilla baten gainean, eta haien azpian -ikatza bailitzan- mingrana-bihiz hornituriko Damaskoko aranak.
- Hasierako 1. platera: zurezko oilo batetik ateratzen ziren ahate-arrautza beteak.
- Hasierako 2. platera: zodiakoaren hamabi zeinuak irudikatzen zituen disko baten gainean beste hainbeste jaki (Afrikako pikuak Leoren gainean, giltzurrunak Geminiren gainean, idikia Taurusen gainean, txerrikume emearen natura Virgoren gainean…).
- Hasierako 3. platera: kapoiak eta ahardi-titiak eta, Pegasoren moduan, hegalez apainduriko erbia.
- 1. errekia: ahardi handi bat, eta hornigai gisa basurde-kume birrineztatuak, birigarroz beterik.
- 2. errekia: saltxitxaz eta odolkiz beteriko txerria.
- 3. errekia (harako hartan ohikoez gain, hirugarren erreki bat atera zuten): txahala.
- Postrea: Priapo, emankortasunaren jainkoa irudikatzen zuten estatuatxo gozoak, pastela eta frutaz lagundurik.
- 244-249. Filipo Arabiarra enperadorearen kristauen aldeko jarrera.
- 249-250. Dezio enperadoreak kristauak jazarri.
- 303-311. Jazarpen handiak Diokleziano enperadorearen garaian.
- 311. Galerio enperadoreak kristau praktikak baimendu.
- 391. Teodosio enperadorearen paganismoaren aurkako legeak. Kristautasuna inperioaren erlijio ofiziala.
