«« Itzuli
Erreportaiak
Jorge Oteiza, 100 años de vida







XX. mendean Euskal Herriak eman duen artista unibertsal handienetakoa izan zen. 1908ko urriaren 21ean jaio zen Orion (Gipuzkoa) eta 2003ko apirilaren 9an zendu zen Donostian. Nazioartean eskultore ezaguna izan da eta sortutako eskultura bakoitzean bere gogoeta poetikoak landu ditu.
2008/11/28
Jorge Oteiza ostalaritzako negozioan aurrera egin zuen familia aberats baten baitan hazi zen. Itxia eta beldur irrazionalen jazarpenen menpe, haurtzaro tristea izan zuen, jokoetatik eta gainerako haurren arteko liskarretatik urrun. Izeba Candelaria izan zen Euskal Herriko mito eta kondairetara gerturatu zuena, aurrerantzean, bere sentikortasuna baldintzatu zuena, hain zuzen ere. Lekarotzen (Nafarroa) jarraitu zituen ikasketak, baina trebakuntzako urte horietan bere nortasuna sustraitik aldatu zen. Asko ireki zen eta lagunkoiagoa bihurtu.
Urte batzuk geroago, Arkitekturarekiko interesa piztu zitzaion, baina burokrazia arrazoi batzuk tarteko Medikuntzan matrikulatu zen. Hiru urteren ondoren ikasketak utzi zituen, baina, Biokimika irakasgaiari esker, eskulturaren inguruko bokazioa erne zitzaion.
1935ean, Hego Amerikara joan zen Balenziaga margolariarekin, eta Txileko Santiagon eta Buenos Airesen egin zituen lehendabiziko erakusketak. 1948an, Bilbora itzuli zen.
Ibilbide artistikoa
Oteizaren lanek izan duten oihartzuna agerikoa da 50eko hamarkadan hasi eta gaur egun arte. Izan ere, oihartzun hori hainbat diziplinatan ikusten dugu, hala nola eskultura, pintura, arkitektura, poesia, estetika, zinema, antropologia, hezkuntza edota politika alorretan.
Bere ibilbide artistikoa eta pertsonala beti egon zen halako mito ospe batez inguratuta, artistaren izaera ameslari eta istilutsuaren eraginez, eta, batez ere, 1959an, ustekabean, eskultura utzi egingo zuela iragarri izanaren ondorioz. Albisteak pertsona asko harritu zuen, izan ere, orduantxe zegoen bere ibilbide artistikoaren maila gorenean. Hartu berria zuen Sao Pauloko Biurteko Eskultura arloko Lehen Saria 1958an, eta horretaz gain hainbat erakusketa zituen Amerikako, Alemaniako eta beste herrialde batzuetako galeria askotan.
Oteizak zientziaren garapenean beti arreta jarriz, unitate arinen bat-egiteaz energia askatzeko gai den eskultura mota bat proposatu zuen. Hurbilketa mota berri horretako eskultura nagusietako bat 1952an Londresen egin zuten Preso Politiko Ezezagunaren Monumenturako Nazioarteko Lehiaketara bidali zuen. Bertan lehiatzeko lan bakarra aukeratu zuten Estatu osoan; Oteizarena. 50eko hamarkadaren hasieran, ikerkuntza abstraktu batean murgilduta zegoela, Arantzazuko basilika berrirako estatua sorta bat egiteko enkargua onartu zuen.
Hala eta guztiz ere, 1954an Elizak debekatu egin zuen Oteizak 1952an hasitako lan hori, eta 1969ra arte ezin izan zuen amaitu.
Olerkigintza urteak
Eskultura atzean utzita, 1963an Oteizak Quousque Tandem! liburua argitaratu eta Ejercicios Espirituales en un Túnel lana idatzi zuen, baina Francoren garaiko zentsurak debekatu egin zuen egin zuen eta 80ko hamarkadara arte ez zen argitaratu. Fotokopiatutako bertsioan, hala ere, hedapen handia izan zuen.
70eko hamarkada amaieran, Irundik (1958tik bertan bizi izan zen) Altzuzara (Nafarroa) aldatu zen, eta bere jardun teorikoekin jarraitu zuen. Arantzazuko proiektua esku artean izan zuen garaian Androcanto y sigo. Ballet por la piedras de los apóstoles en la carretera lanarekin olerkigintzan hasitako bideari ere segida eman zion, besteak beste, Existe Dios al Noroeste eta Itziar. Elegía y otros poemas liburuekin.
1988an, Caixa Fundazioak Oteizaren lehendabiziko erakusketa antologikoa antolatu zuen (Propósito Experimental izenekoa) Madrilen, Bilbon eta Bartzelonan; eskultoreak alor horretan egin zituen lanen garrantzia jarri zuen agerian. Urte horietan hainbat sari jasoko zituen, Arte Ederren Domina eta Arteen Asturiasko Printzea Saria, esaterako.
1996an, artistak eta Nafarroako Gobernuak berretsi egin zuten obra Oteiza Fundazio Museoan uzteko akordioa. 2003ko apirilaren 9an zendu zen, Donostian.
