ARTEA

«« Itzuli

Monumentuak

Doriforo

Doriforo

Polikleto eskultore greziarraren lanik famatuena da Doriforo. Kontserbatzen dena jatorrizko greziar eskulturaren kopia erromatarra da, Frascati-n, Aldobrandini villan aurkitua.

2001/01/01

Polikleto eskultore greziarraren lanik famatuena da Doriforo. Kontserbatzen dena jatorrizko greziar eskulturaren kopia erromatarra da, Frascati-n, Aldobrandini villan aurkitua. Canon izenez ere ezaguna da, artista greziarrak irudi honetan zehaztu baitzuen gizonezkoen edertasunaren kanon klasikoa, giza-irudiaren proportzioen eredua. Buruak neurri doia du (Polikletoren Kanon-ari buruzko tratatuaren arabera, gorputzaren zazpiren bat), sabelak eta bularrak garapen egokia eta besoek eta zangoek luzera perfektua. Konposizio aldetik, forma kontrajarriek sortutako harmonia lortzen du: eskuineko zangoa lurrean jarria du, ezkerrekoak, aldiz, behatzak besterik ez ditu lurra ukituz; eskuineko besoa eroria du, baina ezkerrekoa lantzari eusteko adina altxatua; gorputz-enborra eta burua, berriz, pixka bat eskuin aldera okertuak. Oreka kontrajarri honi contraposto deitu zitzaion Pizkunde garaian. Autore batzuen ustez, Akiles-en irudikapena da.