«« Itzuli
Monumentuak
Glasgow-eko Arte-Eskola

1845ean sortu zen Glasgow-eko Arte-Eskola, baina 1896an hasi zen eraikitzen Charles Renie Mackintosh-en jenialtasunaren isla eta arkitektura modernoaren gailur izango zen eraikin berria.
2001/01/01
1845ean sortu zen Glasgow-eko Arte-Eskola, baina 1896an hasi zen eraikitzen Charles Renie Mackintosh-en jenialtasunaren isla eta arkitektura modernoaren gailur izango zen eraikin berria. Glasgow-eko Arte-Eskolaren egoitza eraikin eklektikoa da; bertan bat egiten dute eskoziar arkitektura arranditsuak, art nouveau-ko elementuek (ikur loredunak eta geometrikoak) eta material eta teknika modernoek. "E" formako oinplanoa du, korridore luzeak ikasgela handiekin lotzen dira eta atzealdean, gela eta bulego txikiagoak daude. Ekialdean eta mendebaldean gela handiak daude; garrantzitsuena mendebaldeko bi pisuko liburutegia da. Iparraldean, egitura angeluzuzen soilean, leiho handi eta industrialek argitasuna zeharkatzen uzten dute eta burdinazko eta harrizko barandaren erdian art noveau estiloko burdinazko arkua nabarmentzen da. Adreiluek, beirak eta burdinak bizitasunez bat egiten dute urtean zehar milaka arte-ikasle hartzen dituen egoitza honetan. Barrualdea Margaret Macdonald-ekin elkarlanean diseinatu zuen Mackintosh-ek. Art nouveau-ko ikur loredun eta geometrikoek kolorea eta bizia ematen diote eraikinaren ikasgela bakoitzari.
