«« Itzuli
Monumentuak
Chartres-eko Notre Dame

Eure-et-Loir departamentuko hiriburuan, Chartres-en, aurkitzen da Frantziako Gotikoak eman duen monumenturik azpimarragarriena: Notre Dame katedrala.
2001/01/01
Eure-et_Loir departamentuko hiriburuan, Chartres-en, aurkitzen da Frantziako Gotikoak eman duen monumenturik azpimarragarriena: Notre Dame katedrala. Gaur egungo eraikina, leku berean egon direnetan seigarrena, 1194an hasi ziren eraikitzen, bosgarrena erre eta berehala. Hogeita hamar urtetan eraiki zuten. Katedral berria Erdi Aroko handitasunez janzten da, elementu erromanikoen eta gotikoen bat egite bikainari esker. Aurreko eraikinaren aurrealdea eta hegoaldeko dorrea, 103 metrokoa, erromaniko-gotikoak biak, mantentzen dira. Aurrealdean ageri diren Erregeen Portale hirukoitza eta hiru beirate koloreztatuak, XII. mendekoak, dira azpimarragarrienak. Aurrealdeko arrosa-leihoa, berriz, XIII. mendekoa da eta bigarren dorreak, 112 metrorekin, XVI. mendeko amaiera du. Elizak oso neurri handiak ditu: 134 metroko luzera du eta erdiko habearteak 16,4 metroko zabalera eta 37,5 metroko garaiera; gurutzadura zabala eta bost kapera erradial. Barrualdean, kolore urdina nagusi duten beirate ederrak ikus daitezke, bisitariaren gozagarri. Aipatzekoa da Notre-Dame-de-la-belle-Verrière-en beiratea, hegoaldeko portale alboan dagoena. UNESCOk Gizadiaren Ondare izendatu zuen.
