ARTEA

Andre Maria Jasokundekoaren eliza

Fitxa

  • Izena : Andre Maria Jasokundekoaren eliza
  • Herria : Zigoitia
  • Helbidea : Eliza Bidea
  • Auzoa : Etxebarri-Ibiña
  • Eskualdea : Gorbeialdea
  • Lurraldea : Araba
  • Tipologia : Eliza
  • Mendea : XV
  • Aro orokorra : Aro Berria
  • Beste mende batzuk : XVI
  • Estiloa : Gotikoa
  • Beste estilo batzuk : Errenazentista
  • Balioestea : Nahiko ona.
  • Kontserbazioa : Ona oro har. Eskasa zenbait gunetan.
  • kontserbazio_akatsak : Akats larriak hormetako zenbait gune jakinetan. Akats larriak gangetako zenbait gunetan.
  • Jabetza : Ondare Erlijiosoa
  • Jatorrizko erabilera : Erlijiosoa
  • Tipologia orokorra : Arkitektura Erlijiosoa

Deskripzioa eta oharrak:

Gasteiztik Altsasuko errepidean, Zigoitiko Etxebarri-Ibiña auzoko sarreran dago eliza.

Oinplanoa bi habearterekin du, bata nagusia eta bestea, ezkerraldean, bigarren mailakoa; horren bigarren atalean kapera bat dago sakristiaren ondoan. Habearte nagusiak bi atal ditu eta burualdea: atal nagusia, hiru hormatalekin, oktogono formakoa da; albokoak, alabaina, aurrealde laua du. Habearte nagusia, presbiterioan, ganga izartu batez estalita dago, lehen atala tertzeletez eta azkenekoa tertzelete bikoitzez. Alboko habeartea presbiterioan ganga izartu batez estalita dago eta tertzeletez gainerakoan. Giltzarriak apainduta daude. Bi zutabe lodik bereizten dituzte habearteak, eta horietatik bata oktogono formakoa da eta bestea zilindro formakoa. XVI. mendean egin ohi zirenen antzekoak dira kapitelak. Beste aldean, mentsulen gainean bermatuta dago ganga. Iparraldeko horman pilastra eta zutabeerdien gainean dago ganga bermatuta. Burualdean zirkuluerdiko leiho bat ikusten da eta habeartearen lehen atalean okulu bat.

Alboko kaperako ateak zirkuluerdi bikoitzeko arkua du, eta inpostan Betolaza-Zaratetarren armarriak ageri dira zati batean eta Hurtado de Mendozatarrenak beste batean. Gurutze ganga, tertzeletez hornitua, XVI. mendekoa da. Zur landuz egindako goi koru interesgarria dago oinean, XVI. mendekoa. Mende berekoak dira bataiarria eta sakristia.

Manposteriaz egina da eraikina. Burualdean kontrahormak dauzka. Iparraldeko horman dago sakristia. Hegoaldean arkupe bakun bat ageri da elizari atxikia; sarrerako atea ere bertan dago. Sortaldean aurkitzen da kanpandorre neoklasiko liraina: manposteriaz egina da beheko zatian, harlanduzko pilastra angeluarrekin. Erlaitz handi batek bereizten du harlanduz egindako ezkilategia.

Erretaula nagusia, XVI. mende hondarrekoa edo XVII. mende hasierakoa, interesgarria da.