ARTEA

San Andres eliza

Fitxa

  • Izena : San Andres eliza
  • Herria : Eltziego
  • Helbidea : Concepcion, z/g
  • Auzoa : Eltziego
  • Eskualdea : Arabako Errioxa
  • Lurraldea : Araba
  • Tipologia : Eliza
  • Egilea : Lazaro de la Incera Erdozia(Arkupea)
  • Eraikuntza data : 1722
  • Mendea : XVI
  • Aro orokorra : Aro Berria
  • Beste mende batzuk : XVII, XVIII
  • Estiloa : Errenazentista
  • Beste estilo batzuk : Gotikoa, Barrokoa, Neoklasikoa
  • Balioestea : Oso ona.
  • Kontserbazioa : Ona oro har.
  • Jabetza : Ondare Erlijiosoa
  • Jatorrizko erabilera : Erlijiosoa
  • Tipologia orokorra : Arkitektura Erlijiosoa

Deskripzioa eta oharrak:

Ebro ibai bazterrean, Eltziego udalerrian dago San Andres eliza. Bertara joateko beharrezkoa da herriko hego-sortaldera zuzentzea, bodegen auzorantz alegia.

Eraikin exentua da eliza, oinplano latindar formakoa du -gurutzadura ere bai, beraz-, habearte bakarra bost ataletan zatitua eta ganga izartuz estalia. Burualdea, kanpoaldera, poligonala da, eta elizaren oinean bi kanpandorre ageri dira atxikita fatxadaren alde banatan. Balkoi eder bat dago fatxadan, Eltziegoko etxe askotan ikusten direnen antzekoa. Barruan bi sakristia daude, berria bata, zaharra bestea -XVII. mende erdialdekoa-; korua, kapera eta, arku handi baten gainean, organoa.

Berpizkundeko portada eder batetik barrena sartzen da eliz barrura. Nitxo baten forma du eta teilatutxo batek babesten du. Portadaren erdian zirkuluerdiko arku bat dago eta honen azpian bi arku beheratu. Nitxoaren barrualde guztia okulu batek koroatzen du. Fatxada gainean arku beheratuz osatutako galeria bat dago gailurreriaz koroatuta; gailurreria ebanjelarien erliebeekin hornituta dago. Elizaren estalkiari zazpi zutabek, gotiko eite nabarmena dutenek, eusten diote; gurutzadurari eta burualdeari, aldiz, zutabe errenazentistek eusten diete. Gurutzaduraren bi aurrealdeetan Berant Berpizkundeko bi leiho nabarmentzen dira, eta berorietatik sartzen da argia.

Monumentu arkitektonikoen kategoria edukitzeaz gain, barruan oso gauza ederrak ikus daitezke: erretaulak, nagusia XVII. mendekoa; koruko aulkiak, Berpizkundeko bataiarria...