ARTEA

San Joan eliza

Fitxa

  • Izena : San Joan eliza
  • Herria : Agurain
  • Helbidea : San Joan plaza, 9
  • Auzoa : Herrigunea
  • Eskualdea : Arabako Lautada
  • Lurraldea : Araba
  • Tipologia : Eliza
  • Mendea : XVI
  • Aro orokorra : Aro Berria
  • Beste mende batzuk : XV, XVII, XVIII
  • Estiloa : Gotikoa
  • Beste estilo batzuk : Errenazentista, Barrokoa
  • Balioestea : Oso ona.
  • Kontserbazioa : Zenbait gunetan ona. Zenbait gunetan eskasa.
  • kontserbazio_akatsak : Akats txikiak hormetako eta estalkietako zenbait guneta. Akats txikiak oro har elementu apaingarrietan.
  • Jabetza : Ondare Erlijiosoa
  • Jatorrizko erabilera : Erlijiosoa

Deskripzioa eta oharrak:

Eliza hau, arkupe eta kanpandorrearekin, arkitektura erlijioso gotortuaren adibide garbia da. Herritik hego-sortaldera dago, San Joan Ate desagertuaren inguruan. Ate horretatik sartzen zen herrian hegoaldetik, eta atea izen bereko plazara irekita zegoen.

Monumentu Nazional izendatu zuten 1984. urtean.

Eliza oinplano angeluzuzenekoa da eta burualde laua du hiru habearterekin, garaiena erdikoa delarik. Gurutze ganga bakunak ditu eta lokailuak erdiko habeartean. Burualdeak, ezker paretari atxikita, zeharkako habeartea du, girola zuzen moduan, kapera nagusiaren atzean.

Berant Berpizkundeko kapera horien artean balio nabarmena dute San Gregorio, Ama Birjina Karmengo eta San Frantziskorenek.

Elizaren oinean, karela duen arku eskartzanoaren gainean, goi korua dago.

Oineko horman pilastra toskanarrez apaindutako bost aldeko arkupe barroko ederra dago; zirkuluerdiko arkuen alde banatan daude pilastra horiek. Arkupea triglifoz eta metopaz hornitutako friso batez dekoratuta ageri da, eta San Joan Ebanjelariaren eta San Joan Bataiatzailearen sinboloak erakusten dituzten armarriak ere ageri dira. Armarriak errege koroa batek errematatzen ditu. Arkupearen erdiko fatxadaren gainean oso frontoi hiruangeluar zorrotza ageri da nitxo batekin, non San Joan Bataiatzailearen irudia dagoen.

Dorreak, ezker besoko oinaren gainean, bi gorputz ditu; behekoa sendoa da eta apaindurarik gabea; ezkilategi barroko batek errematatzen du, eta honek zirkuluerdiko arkuak ditu, eta aldamenetan pilastrak. Arku zorrotz molduratu batek inguratzen duen sarbide bat du.

Argia sartzeko oso leiho gutxi da. Lau bao zatitu ikusten dira burualdean, zorrotzak, trazeria gotikoarekin hornituta, eta bi leiho biribil sartaldeko horman.

Harlandu finekoa da eliza.

XVI., XVII. eta XVIII. mendeko ondare ederrez hornituta dago barrua; horietan bereziki nabarmena erretaula nagusia da San Joanen bizitzari dihoazkion oihalekin.