ARTEA

San Pedro Apostoluaren eliza

Fitxa

  • Izena : San Pedro Apostoluaren eliza
  • Herria : Urkabustaiz
  • Helbidea : Lakuñaga, z/g
  • Auzoa : Beluntza
  • Eskualdea : Gorbeialdea
  • Lurraldea : Araba
  • Tipologia : Eliza
  • Mendea : XIII
  • Aro orokorra : Erdi Aroa
  • Beste mende batzuk : XIX, XX
  • Estiloa : Gotikoa
  • Beste estilo batzuk : Baserri estilokoa
  • Balioestea : Nahiko ona.
  • Kontserbazioa : Ona oro har.
  • Jabetza : Ondare Erlijiosoa
  • Jatorrizko erabilera : Erlijiosoa
  • Tipologia orokorra : Arkitektura Erlijiosoa

Deskripzioa eta oharrak:

Gorbeia inguruan, Urkabustaiz herriko Beluntza auzoan dago eliza hau, eta inguruko erromaniko berantiarren artean eraikinik nabarmenenetakoa da.

Areto erako oinplanoa du, burualde laua, kanpandorre liraina oinean, hego-sartaldean, eta arkupea sarrerarekin hegoaldean. Habeartea hiru ataletan zatituta dago. Burualdeko atala luzea da eta atal guztiak kanoi zorrotzeko ganga batez estalita daude; aurreko atala ertz bikoitzeko arku fajoiek zatitzen dute, eta oinarri dekoratua duen hiru zutabetxoko sorta itsatsitakoaren gainean dago bermatuta. Burualdearen atzean aurkitzen da sakristia zirkuluerdi formakoa. Oinean zurezko goi koru bat dago.

Harrizko eraikina da, eta ertzak, inpostak, erlaitza eta beste elementu batzuk izan ezik, den-dena berrituta dago.

Arkupean dagoen arku zorrotzeko portada zabal batetik sartzen da eliz barrura. Kanpoaldean nabarmen ageri dira leihateak. Bi daude bata bestearen gainean burualdean, eta txaranbelduak dira zirkuluerdiko arku arkiboltadunarekin, barrualdera eta kanpoaldera isurialdea dutela. Epistola aldeko lehen atalean horien antzeko beste leiho bat dago.

Kanpandorreak hiru zati ditu. Behekoa oso itxia da eta goikoak zirkuluerdiko arkuak ditu kanpaientzat behean eta arku multzo hirukoitza, alde bakoitzeko, zati gorenean.