Ajuria-Enea
Fitxa
- Izena : Ajuria-Enea
- Herria : Gasteiz
- Helbidea : Fray Francisco De Vitoria,5
- Auzoa : Mendizorrotza
- Eskualdea : Arabako Lautada
- Lurraldea : Araba
- Tipologia : Jauregia
- Egilea : Alfredo Baeschlin
- Eraikuntza data : 1918
- Mendea : XX
- Aro orokorra : Aro Garaikidea
- Estiloa : Eklektikoa, Erregionalista
Ajuria-Eneko jauregia Eusko Jaurlaritzaren egoitza da, eta horrexegatik da ezaguna. Administrazio funtzioa edukitzeaz gain, ordea, arte eta historiaren ikuspegitik, balio handiko elementuak ditu.
1918. urtean eraiki zuten. Serafin Ajuriaren familia bizitzeko egin zuten, eta planoak Alfredo Baeschlin arkitekto suitzarrarenak direla esaten da.
Arkitektura tradizionalaren ildoei jarraitzen dien eraikina da, eta "euskal estiloa" esan zaionaren adibide ona da. Ajuria-Enea, beraz, ez da sinbolo politikoa bakarrik.
Dorretxe baten egitura du jauregiak; beheko aldean arkuteria irekia du, eta gaineko solairuan terraza. Eraikinaren gorputz nagusiak harlandua eta adreilua ditu, eta angeluen goiko aldean eskantzu zilindrikoak ikusten dira. Gorago, teilatu hegal handia du, eta estalkiko angeluen gainean pinakuluak ageri dira.
Ajuria-Enea jabe pribatuko eraikina izan zen lehen, baina gaur egun Arabako Foru Aldundiarena da. Aldundiak, baina, Eusko Jaurlaritzari utzi dio, lehendakaria han bizi dadin. Lorategi ederra dauka, arbola zahar handi-ederrekin.
