Arabako Foru Aldundia
Fitxa
- Izena : Arabako Foru Aldundia
- Herria : Gasteiz
- Helbidea : Probintzia Plaza
- Auzoa : XIX.eko Zabalunea
- Eskualdea : Arabako Lautada
- Lurraldea : Araba
- Tipologia : Jauregia
- Egilea : Martin Saracíbar, Jesus Gúinea
- Eraikuntza data : 1833, 1858, 1963
- Mendea : XIX, XX
- Aro orokorra : Aro Garaikidea
- Estiloa : Eklektikoa
Jauregi handi bakartua da, hareharri landuz egina. "T" formako oinplanoa du, eta zenbait zati ditu erantsita: atzeko aldean, gorputz erdizirkular txiki bat du, eta aurrean, hegal moduan, bi gorputz, sarbidearen bi aldeetan. Sarbide horrek zirkuluerdiko arku molduratua du, eta lau zutabeko ataripe dinteldun baten azpian dago. Hara iristeko harmailadi handi bat igo behar da. Harmailadi horretan, sarbidearen bi alboetan, Prudencio Maria Berastegi eta Miguel Ricardo Araba ahaldun nagusien estatuak daude. Ataripe horrek, orobat, gorputz nagusiari eusten dio. Gorputz nagusi horretan bost balkoi handi daude, hormaren arrasean jarriak eta pilastrekin bereiziak. Gorputz nagusi horren gainean, berriz, herrialdeko armarria ageri da. Solairutik solairura hareharrizko erlaitzak ditu (hormakoa baino ilunagoa da hareharri hori), eta teilatua arbelez egina dago.
Alboetako gorputzak hiru solairukoak dira. Beheko solairuan hareharrizko hormak ageri dira, kuxindurekin. Lehen solairuko eta bigarrengo baoak balkoiak dira.
Gainerako aldeetan ere mota bereko baoak ikusten dira. Beheko solairuetan, alde nagusian izan ezik, bao dinteldun handiak ageri dira, hesiz babestuak.
Azpimarratzeko moduko eraikina da, kalitate handikoa, bai materialetan, bai diseinu eta egituran. Leku publiko batean dago, eta ingurua oso ongi zaindua du: lorategiak eta eskulturak ditu. Eraikinaren aurrean dagoen lorategian, Benigno Mateo de Morazaren irudia dago.
