Bea-Murgiatarren Jauregia
Fitxa
- Izena : Bea-Murgiatarren Jauregia
- Herria : Zuia
- Helbidea : Añureta,2
- Auzoa : Murgia
- Eskualdea : Gorbeialdea
- Lurraldea : Araba
- Tipologia : Jauregia
- Mendea : XVII
- Aro orokorra : Aro Berria
- Estiloa : Barrokoa
Parrokiaren hegoaldeko fatxadaren aurrean dago, eta gaur egun Kultur Etxearen egoitza da. Oinplano karratua du eta, zerbitzu gehiago emateko asmoz, zenbait zati erantsi dizkiote (hasieran eraikin bakartua zen).
Hormak manposteriaz eginak ditu: beheko solairuan agerian dago manposteria, eta gainerakoetan kareztatua. Eskantzuetan eta hutsarteetan, berriz, harlandua dauka eta hutsarte guztiak dinteldunak dira.
Jauregirako sarrera beheko solairuan dago, burdin hesiak dituzten leihoen artean. Lehen solairuan lau balkoi ageri dira: muturretako biak hormaren arrasean jarrita daude, eta erdiko biek erlaitz bakarra dute.
Ganbaran lau leiho ikusten dira. Muturretako biak beherantz handitu dituzte, eta arrasean jarritako balkoi bihurtu. Ganbararen gainean harburu kiribilduak ageri dira, ildaskaz apainduak.
Etxearen aurrean lorategia dago, eta burdinazko ate batetik iristen da hara. Ate horren alboetan harlanduz eginiko pilareak daude eta, horien gainean, metalezko pitxerrak.
