Dorronsolo
Fitxa
- Izena : Dorronsolo
- Herria : Atxondo
- Auzoa : Santiago
- Eskualdea : Durangaldea
- Lurraldea : Bizkaia
- Tipologia : Baserria
- Mendea : XVIII
- Aro orokorra : Aro Berria
Familia biko baserria da. Oinplano angeluzuzena du, isuri biko estalkia, eta teilatu hegala oso gutxi irteten da. Baserri handia da, eta beheko solairua, lehenengoa eta ganbara ditu. Baditu zenbait gauza nabarmentzeko modukoak; batetik, egitura ona dauka, eta bestetik, zenbait elementu interesgarri ditu: sarbidea, kalitate oneko baoak eta mentsulak .
Beheko solairuan bi leiho ditu, eta sarrerako ate handi bat; ate horrek bi arku eskartzano ditu pilare baten gainean bermatuak, eta, era berean, dobelaz hornitua dago.
Lehen solairuan bost bao angeluzuzen daude, harlanduzko markoarekin. Data bat ere badu idatzia: "1763". Badirudi baserria ez zutela urte horretan egin, eta, segur aski, berritu zuten urtea izango da.
Lehen solairuaren eta ganbaren artean lau mentsula ikusten dira. Eta ganbaran bi hutsarte txiki egin dituztela ikusten da, karratuak.
Atzeko aldearen egitura ere oso zaindua da. Baserriaren ezkerreko aldean mentsula batzuk ikus daitezke, eta bao dinteldunak ere ageri dira.
Dorronsolo gaur egun erabat zaharberritua dago.
