ARTEA

Hurtado De Mendoza Dorrea

Fitxa

  • Izena : Hurtado De Mendoza Dorrea
  • Beste izen batzuk : San Agustin Jauregia
  • Herria : Gasteiz
  • Helbidea : Martioda,z/g
  • Auzoa : Martioda
  • Eskualdea : Arabako Lautada
  • Lurraldea : Araba
  • Tipologia : Dorretxea
  • Mendea : XII, XVIII
  • Aro orokorra : Erdi Aroa, Aro Berria
  • Estiloa : Gotikoa, Errenazentista

Arabako Lautadan dago dorre-jauregi hau, mendebaldeko muturrean, muino batean. XII. mendeko dorrea da, eta jatorritik bertatik Hurtado de Mendozatarren jabego izan zen (Martiodako jaun-andreak izan ziren). Baina badirudi Martiodako jaun-andre horiek ez zutela denbora askorik igaro jauregi honetan bizitzen; itxuraz, kartzela gisa erabili zuten, eta hara eramaten zituzten familia horren agindupean zeuden jaurerrietako gaizkileak.

XVIII. mendean hainbat areto erantsi zizkioten, eta dorrea bilduta bezala geratu zen bigarren solairuraino. Lan horiek dorreko jaunak gidatu zituen, Joaquin Maria Mendozak, Villa Fuerteko konde eta Miravalko markesa bera, eta horrekin Martioda ingurua eta dorrea bera biziberritu zituen.

Oinplano angeluzuzeneko eraikina da. Hormak manposteriaz eginak ditu (20 metro dira luze eta metro eta erdi zabal), eta harlandua du eskantzuetan. Beheko solairua eta beste lau solairu gehiago ditu, nahiz eta lehen solairua soilik erabiltzen zuten bizitzeko. Gaur egun antzinako bao gotiko batzuk soilik ikusten dira (hormaz estalita daude, geroztik egindako hainbat lanen ondorioz), eta zenbait saietera itsututako ere badira. Egun, leiho zabal angeluzuzenak ditu, harlanduzko markoarekin, baina horiek ere geroztik eginak dira, eraikina handitu ostean.

Dorrerako sarbidea ezkutuan dago; arku zorrotzeko bao bat da, dobelaz ongi hornitua. Teilatuaren hegalaren azpian -antzina almenek eusten zioten-, dorrearen lau izkinetan, lerroan jarritako saietera batzuk ikusten dira. Goiko solairu horri gaur egun ere antzematen zaio defentsarako eraikin baten zati izan zela. Jauregi honen aurrean harresitxo batek inguratutako eremu bat dago; eremu horretarako sarbide nagusia zirkuluerdiko arku handi bat da, eta horren gainean matakan baten arrastoak ageri dira.

Bere garaian, dorre honek babes erretena eta harresia izan zituen inguruan eta, esan daiteke, Erdi Aroko arkitekturan, Araban dagoen adibiderik adierazgarrienetakoa dela.