ARTEA

Otxanda Anderearen Dorrea

Fitxa

  • Izena : Otxanda Anderearen Dorrea
  • Herria : Gasteiz
  • Helbidea : Siervas De Jesus,24
  • Auzoa : Hirigunea
  • Eskualdea : Arabako Lautada
  • Lurraldea : Araba
  • Tipologia : Dorretxea
  • Mendea : XVI
  • Aro orokorra : Aro Berria
  • Estiloa : Gotikoa, Errenazentista

Eraikin hau, XV. mendean, Iruñatarren etxe gotortua izan zen. Gasteizko alde historikoan dago, Jesusen Zerbitzarien kalera eta Errementari kalera begira. XVI. mendean hiri jauregi bihurtu zuen Catalina Araba Eskibelek, Iruñako eta Arabako Otxanda andrearen amak; gaur egun, Otxanda andrearen dorrea esaten diote, aipatu berri dugun emakumearen omenez.

Eraikina kantoi batean dago, eta, lehengo garaietan, Aldabeko atea zaintzeko baliatu zuten, hirira sartzeko ateetako bat baitzen Aldabeko hori.

Lehen solairuetan, manposteriazko hormak ditu, eta goiko solairuan, zurezko eta adreiluzko bilbea. Hutsarte gehienak dinteldunak dira; salbuespen modura, Jesusen Zerbitzarien kalera begira dagoen aldean, bi arku ditu goiko aldean, eta beste bost Errementarien kaleko aldean.

Errementarien kaleko aldean armarri bat nabarmentzen da, Iruñatarren, Gereñatarren eta Arabatarren armekin.

Gaur egun ikusten den dorrea hasierakoa baino garaiagoa da; 1970ean goratu zuten eta, egun, almenak ditu goian. Goiko zatia da aipagarriena: irtena da, eta hiru kurba dituzten modiloien gainean dago.