BIDAIAK

«« Itzuli

Bazenekien...

Austriako hiri batean mugikorrak debekatu dituztela garraio publikoetan

2008/06/06

Grazen, Austriako bigarren hiri handienean (300.000 biztanle baino gehiago ditu), sakelako telefonoen erabilera murriztu dute soinu kutsadurari aurre egiteko. Zarataren kontrako Munduko Eguna dela eta, hiriko alkateak, Siegfried Naglek, eranskailuak itsatsi ditu tranbia eta autobus batzuetan, tresna horiek bertan ezin direla erabili jakinarazteko erabiltzaileei. Erabakia Austriako Alderdi Popularrak (ÖVP) eta "Berdeak" alderdi ekologistak hartu dute. Bi talde horien esanetan, galdetegi baten arabera, hiriko biztanleen % 79 deseroso sentitzen da euren sakelakoen bidez aurkitzeko moduan egoten direlako beti. Gainera, herritarren % 42k debeku hori mediku zerbitzuguneetara eta erietxeetara zabaltzea ere nahiko luke. Arauak dioenez, mugikorrak mezuak hartu zein bidaltzeko, Internet erabiltzeko edota jokoetan aritzeko erabil daitezke, baina inola ere ez hitz egiteko. Eragozpen larriak gertatzekotan, gidariek bidaiariak kanporatu ahal izango dituzte, baina oraingoz ez dute isunik ipiniko.