BIDAIAK

Maien ibilbidea

Gure ibilaldia Cancunen, Mexicon, hasiko dugu. Polo turistikoa da eta hegazkinez joateko aukera dago. Hemendik aurrera, gure ibilbidea autobus publikoetan egingo dugu. Gure lehenengo bisita, itsasertzean piramideak dituen Tulumeko arkeologia gunera egingo dugu.

Hurrengo geldialdia Pistén egingo dugu, Mérida eta Cancún artean dagoen herrian. Pistétik hurbil, Chichen Itzá dago, antzinako Maien hiria. Yucatán osoan, ongien kontserbatuta eta zaharberrituta dagoena da. Han, El Castilloko piramide itzeletik ikus daitekeen ikuspegiaz gozatuko dugu. Pistetik Uxmalera joango gara, Méridatik, Yucatáneko hiriburutik igarota. Uxmal antzinako maia hiria da. Ingurune horretan gehiago daude, Puuc xendran zehar, baina Uxmal da ospetsuena eta liluragarriena.

Uxmaletik, autobusez Palenquerainoko bide luzea egingo dugu. Han ere badago antzinako Maien hiri bat, kasu honetan, oihanaz inguratuta. Inguruetan, ur-jauziak ere bisitatu ahal izango ditugu. Tuxtlara joanez gero, egun bateko txangoa egin dezakegu Cañón del Sumideroko Natur Erreserbara, eta San Cristóbal bisita dezakegu.

Xelara joango gara eta inguruetan dauden sumendiak ikus ahal izango ditugu. Handik Panajachelera joango gara, eta oso polita bada ere, hiria beti turistez gainezka dago. Han Atitláneko lakua dago, sumendi itzelez inguratuta. Ikuspegiak zoragarriak dira. Lakutik ontziz paseatu daiteke. Inguruko herrixketara hurbilduz gero, hango jendearen jantzi koloretsuak eta ederrak ikus ahal izango ditugu.