«« Itzuli
Erreportaje didaktikoak
Nancy, Lorenako antzinako Dukerriko hiriburua







Nancy Meurthe-Morselle departamenduko hiriburua da, Lorenako eskualdean, Frantziako ipar-ekialdean. Hainbat mende aurretik, eskualdeko dukerriko hiriburu izan zen. Hiriko erdiguneko eraikin gehienak XVI-XVIII mendeetan eraiki zituzten. Nancyko lekurik ezagunenetakoa Stanislas Plaza da, hiriko erdialdean. Plazaren izena Stanislas Leszczynskiren, Lorenako dukearen, omenez aukeratu zuten.
2008/03/13
Meurthe ibaiak egun duen itxura eman zion Nancyri eta inguruei. Burdin Aroan dagoeneko jendea bizi zela uste dute, hiri horri buruzko lehen aipamenak 1050 urtea aldera egin bazituzten ere. Gérard dukeak plaza gotor txiki bat eraiki zuen eta Nanciacum izena eman zioten. Hiria oso azkar garatu zen: Molesmeko Notre-Dame fundazio erlijiosoa, duke-administrazio egituratu bat, gorte berri bat eta merkatu bat eraiki zituzten.
Handik gutxira, Federico II.a enperadoreak hiribildua setiatu eta su eman zion. Baina hiria berriro berpiztu zen XII-XV mendeetan eta dukerriko hiriburu bihurtu zen. Gotorleku handiak eta harlanduzko eraikinak zituen. Gainera, inguruetako Saint-Nicolas-de-Port herribilduan Europako merkatu eta finantza zentro garrantzitsuenetakoa sortu zen, eta horrek onurak ekarri zizkion dukerriko hiriburuari.
XVI. mendean, Nancyn guda erlijioso ugari sortu ziren eta hiria mehatxupean egon zen. Horregatik, garaiko fortifikazio modernoenak eraiki nahi izan zituzten dukeek. Segurtasunaren indartze hori Antzinako Hirian nahiz Hiri Berrian egin zituzten, gotorleku sare independenteak baitzituzten.
Antzinako Hiria dukearen gazteluaren inguruan eraiki zuten eta, XVI. mendean, gotorleku handi bat zuen. Gaur egun, Arte Eder Museoa handitu zutenean aurkitutako aurriak baino ez dira gordetzen eta hiriko erakarpen turistikoetako bat da hori.
Dukearen Jauregia 1502an eraikitzen hasi ziren. Zoritxarrez, Grande-Rue eta Sarrera inguratzen dituen eraikina gordetzen dute soilik. Estilo gotikoa eta errenazentista uztartzen ditu eta Antonio Dukearen estatua bat dauka oraindik ere. Estanislaoren erregealdian, zalditegi bihurtu zuten eta, XIX. mendearen amaieran, aldiz, museo. 1937tik Lorenako Museo Historikoa da.
Antzinako Hiriko gotorlekuak bi ate zituen. Craffeko Atea XIV. mendearen amaieran eraiki zuten, fortifikazioa handitzeko lanak egin zituztenean. Bi dorre handi eta XIX. mendean berritu zuten ate bat ditu. Fatxadan, Lorenako gurutzea dauka. Nancyko Batailan lortutako garaipenaren ondoren hartu zuten gurutzea ikur gisa.
Ziudadelako Atea Andre Mariaren Atea zen antzina. Carlos III.ak Galèaniri enkargatu zion hori eraikitzea. Ziudadelako auzoa, Nancyko xarmagarrienetako bat, oso aldatu zen XIX. mendean atea aldatu zutenean.
Hiri Berria 1588an fundatu zuen Carlos III.a Dukeak eta horren egitura Antzinako Hiriakoaren oso desberdina da, kale perpendikular asko baititu. Merkatu plaza bat eta Katedral bat (Primatiale) ere baditu. Nancyko gune hori berritzen ari dira orain.
Hiri Berrian bi eraikin nabarmentzen dira: Saint-Sébastien Eliza, Jenessonek XVIII. mendean eraikia, fatxada ahurra dauka eta Erromako Santa Ines eliza gogorarazten du; Notre-Dame de Bonsecours Eliza, barroko estilokoa, Emmanuel Héréri enkargatu zion Estanislaok, bere gorpua eta emaztearena han gorde zitzaten.
(Argazkien iturria: www.ot-nancy.fr)
