«« Itzuli
Erreportaje didaktikoak
Armenia, milaka urteko historia








Armenia historia luzea duen herrialdea da; ezezaguna da oraindik ere baina oso herrialde interesgarria da. Hegoaldeko Kaukasoan kokatuta dago eta Turkia (mendebaldean), Georgia (iparraldean), Iran (ekialdean) eta Azerbaijan (ekialdean eta hegoaldean) ditu mugakide. Kulturari, historiari eta politikari dagokionez, Europaren barnean dago, baina geografikoki Europa eta Asia artean kokatuta dago. Horregatik, herrialde asko borrokan aritu dira leku hori eskuratzeko, antzinako garaietatik hasita, 1991an independentzia lortu zuen arte.
2008/04/25
Eskualde hori zibilizazioaren sorterritzat dute maiz. Bibliak ere lurralde horretan jazotako gertakizunei erreferentzia egiten die. Armenian beti egon da zibilizazio eta kultura nahasketa, daukan kokapen estrategikoa dela eta. Hainbat herrik ekialdetik mendebaldera igarotzeko gurutzatu dute eskualdea, eta alderantziz. Arabiarrek VII. Mendean inbaditu zuten Armenia eta IX. mendera arte egon ziren indarrean. Ondoren, berpiztu egin zen herrialdea eta bigarren urrezko Aroa hasi zen. Bake tarte horrek oparotasuna ekarri zuen eskualdera.
Lasaitasunak XIII. mendera arte soilik iraun zuen, mongoliarrak Armenia inbaditzen hasi ziren arte, alegia. Persiarrek eskualde hori erreklamatzen jarraitzen zuten, baita otomandarrek ere, eta, 1600 urte inguruan, gunea zatitu zuten bi inperioen artean. Dena dela, Errusiar Inperioa indarra hartzen hasi zen eta XIX. mendean, Armeniako ekialdeko zatia errusiarren esku geratu zen.
Errusiarren laguntzaz, armeniarrek turkiarrak gelditzea lortu zuten, azken horiek Turkia eta Azerbaijan bateratzeko asmoa baitzuten. 1918ko maiatzaren 28an, Armeniak independentzia aldarrikatu zuen, nahiz eta bi urte soilik iraungo zuen. Sobietar agintepean denbora-tarte luze eta nahasi bat igaro ondoren, Armeniak independentzia eskuratu zuen berriz 1991ko irailaren 21ean.
Armenia ez da helmuga turistiko ezagunenetakoa baina oso antzinako altxor ugari gordetzen ditu. Herrialdeko hiriburua Erevan da eta hondoan Ararat mendi berezia dauka. Hasieraren liburuaren arabera, mendi horretan jarri zuten Noeren kutxa Uholde Unibertsala eta gero.
Jarraian, herrialde honetara egindako bidaian bisitatzea merezi duten leku eta monumentu jakin batzuk aipatuko ditugu:
Bisita Garni Tenplian hasiko dugu. Estilo helenistikoko tenplu hori herrialdean dagoen ondare aberatsaren erakusgarri da. Eraikina K.A. III. mendean eraikitako gotorleku baten parte da eta goi-lautada triangeluar batean eraiki zuten, arroila sakon baten gainean. Kokapen pribilegiatua da hori gotorleku batentzat eta, horrez gain, bista zoragarriak ditu. Nabarmentzeko modukoak dira tenplua apaintzen duten zutabe joniarrak.
Garnitik minutu gutxira, Geghard Katedrala dago. Eraikin hori oso bitxia da, izan ere, bertako mendi malkartsuen barnean eraiki zuten. Geghard izena, "lantza" armenieraz, Jesusen garaikoa da, Gurutziltzaketan Kristo iltzatzeko erabili zuten lantza Katedral horretan gorde baitzuten. Gaur egun, lantza Echmiadzin hiriko museo batean dago. Katedralean gaudela kantu espiritualak entzuteko aukera baldin badugu, harriz egindako eraikin horren akustika zoragarria dela egiaztatuko dugu.
Debed ibaiaren ertzean, Lori eskualde basotsuan, bata bestarengandik oso gertu dauden bu katedral aurkituko ditugu: Haghpat eta Sanahin. Unescoren Ondare Mundialaren zerrendan daude biak. X. mendean hasi ziren eraikitzen eta hainbat mendetan luzatu zen hori. Bi eraikin horiek Armeniak bizitako Urrezko Garaiaren adierazgarri dira, garaiko gloriaren eta ekintza intelektual eta kulturalaren erakusgarri.
Amaitzeko, Matenadaran Institutua, Erevanen, bisitatuko dugu. 13.000 eskuizkribu baino gehiago gordetzen dituzte bertan. Eraikina, altxor baliotsu hori gordetzeaz gain, oso ikusgarria da: hainbat intelektual armeniarren estatuekin apainduta dago, adibidez, Movses Khorenatsi, Toros Roslin eta Grigor Tatevatsi jakintsuen estatuekin. Alfabeto armeniarraren fundatzailearen, Mesrop Mashtotsen, estatua ere badago.
(Argazkiak: Armeniainfo)
