BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportaje didaktikoak

Ankara, iraganera ibilaldia

Ankara, iraganera ibilaldia
Ankara, iraganera ibilaldia
Ankara, iraganera ibilaldia
Ankara, iraganera ibilaldia
Ankara, iraganera ibilaldia
Ankara, iraganera ibilaldia
Ankara, iraganera ibilaldia
Ankara, iraganera ibilaldia

Turkiako eta izen bereko probintziako hiriburua da Ankara. Bost milioi biztanle baino gehiagorekin, errepublikako hiririk handiena da Istanbulen ostean. Anatolia penintsulako erdialdean kokatuta, itsas mailatik 850 metrora altxatzen da, mendixka harritsu baten gainean. Herrialdeko eremu honetan, herrialdeko toki lehorrena, pairatzen duten klima zakarra dela eta estrepa landaretzaz inguratuta dago Ankara.

2008/05/16

Hiri modernoa izan arren, iraganean oinarritzen da hiriburu honen xarma. Bere kokapen estrategiko bikainari esker, mugimendu handiko historia du. Merkataritza ibilbidean kokatuta, oso erakargarria izan zen zibilizazio ezberdinentzat. Horrela, hititak izan ziren hiriburua hartu zuten lehenengoak, Brontze Aroan. Ondoren, frigiarrak, Alejandro Magno, Galiako tribuak, Erromako eta Bizantzioko inperioak eta otomandarrak banatu ziren Ankararen gaineko nagusitasuna. Baina Independentzia Gerra (1922-1928) izan zen hiriaren historia aldatu zuen gertaera. Bere kokapen onari esker, Ankara guda garatzeko zentro estrategiko gisa finkatu zen eta, ondorioz, Turkiako hiriburu izendatu zuten. Gerra amaitzean, 1923an, hiriburua izaten jarraitu zuen. Izendapen honek hiriburuaren bilakaera eragin zuen. Hiri berria, modernoa, izatera pasatu zen. 20ko hamarkadaren amaiera arte hamabost mila biztanle inguruko herri txikia zena, Turkiako gobernuko erdigunea (Turkiako Parlamentua, ministerioak eta gainerako gobernu-instituzioak hartzen ditu) bihurtu zen.

Bilakaera hau dela eta, Ankara kontrastez beteriko hiriburua da. Antzinako zibilizazioen aztarnak eta egungo hiri modernoen elementuak uztartzen dituen hiriburua, alegia. Adibidez, alde zaharrean, eraikinak bata bestearen gainean pilatzen dira, kale estuen artean. Ostera, 20ko hamarkadaren amaieran jaiotako hiriaren alde berria, hiri modernoen ezaugarriz josita dago; zabalera handiko kaleak, liburutegiak, gobernu-eraikinak, luxuzko hotel eta dorreak...

Ankararen iraganaz benetan gozatzeko Anatoliako Zibilizazioen Museora jo beharra dago. XV. mendeko eraikin honetan, jatorriz azoka bat zena, hiriburuan bizi izan ziren zibilizazio ezberdinen aztarnak ikusi ahal izango ditugu; paleolitikoak, neolitikoak, erromatarrak edota hititen eta frigiarren garaikoak. Aztarna ikusgarri hauei esker, museo hau munduko interesgarri eta aberatsenetakoa da.

Ankarako gotorlekuak hiriburuko alde zaharra inguratzen du. Galiar, erromatar eta bizantziarren artean altxatuta, fortifikazio honen hesietatik bista ikusgarriez gozatzeko aukera izango dugu. Gaur egun, alde zaharreko etxebizitza ugari arte galeria edota jatetxe moderno bihurtu dituzte.

Baina ezbairik gabe, Anitkabir, Atatürken Mausoleoa, da hiriburuko eraikin garrantzitsu eta esanguratsuena. Kemal Atatürk Turkiako Errepublika modernoaren sortzaile eta lehenbiziko presidentearen omenez altxatuta, eraikina Ankarako erdialdean eraiki zuten, hiriburuko puntu guztietatik ikusi ahal izateko. 1944an hasi ziren eraikitzen eta 1953an inauguratu zuten. Kareharrizko eraikin honek elementu arkitektoniko modernoak eta antzinakoak uztartzen ditu. Plaza batera eramaten duen luzera handiko kale batetik barrena helduko gara mausoleora, non, Atatürk militar eta politikariaren omenez egindako mausoleo eta museoa aurkituko ditugu. 40 tonako marmol bloke baten azpian, lurpean, bere hilobia dago.

Ulus auzoan, beste eraikin interesgarri batzuk bisitatu ahal ditugu. Augustoren Tenplua. K.o. 10. urtean altxatu zen Augusto enperadorearen omenez, eta V. mendean eliza bihurtu zen. Tenpluan Augustoren testamentu politikotzat jotzen den inskripzioa (latinez eta grekoz) ikusi ahal da. Modu berean, Ankarako beste monumentu garrantzitsuenetako bat Julianoren Zutabea da. K.o. 362. urtean Juliano Flavio Claudio Juliano erromatar enperadorearen omenez eraikia, 15 metroko altuera du eta molorrika hostoez apainduta dago.

Ibilaldiari amaiera emateko Ankaran zehar banatzen diren meskitak bisitatuko ditugu. Kocatepe meskita nabarmentzen da gehien. Hiriburuaren erdialdean kokatuta, duela gutxi eraiki zuten eta munduko meskita ikusgarrienetakoa eta handienetakoa da.

Argazkiak: Wikipedia