BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportaje didaktikoak

Cádiz, hiri historiko eta turistikoa (I)

Cádiz, hiri historiko eta turistikoa (I)
Cádiz, hiri historiko eta turistikoa (I)
Cádiz, hiri historiko eta turistikoa (I)
Cádiz, hiri historiko eta turistikoa (I)
Cádiz, hiri historiko eta turistikoa (I)
Cádiz, hiri historiko eta turistikoa (I)
Cádiz, hiri historiko eta turistikoa (I)

Cádiz, izen bereko probintziako hiriburua, Espainiako Estatuko hegoaldean kokatzen da, Andaluziako Autonomia Erkidegoan. 130.000 biztanle baino gehiagorekin (cadiztar gisa ezagutzen direnak) Cadizko Badia eskualdeko metropoli-areako hirigunea da. Hiri historikoa (Mendebaldeko zaharrena da 3.000 urte baino gehiagorekin) eta turistikoa, Espainiako Estatuko historian eta mapan berezko tokia duen hiria da.

2008/05/23

Izenaren jatorriak berak hiriaren iraganari buruz asko azaltzen du. Cádiz deiturak Gádir izen feniziarrean du jatorria, "gaztelua" esan nahi duelarik. Izan ere, merkataritzarako eta gerrarako duen kokapen estrategikoak hiriburuaren historian eragin handia izan du. Marinel feniziarrek Gádir sortu zuten Kristo aurretik 1004. urtean, ezagutzen den feniziarren Mendebaldeko kokalekurik zaharrena. Ondoren, Kristo aurretik 206an, Erromatar Inperioak mendean hartu ostean, Cadizen urrezko garaia heldu zen. "Civitas federata" (Erromako hiri federatua) izendatu zuten eta garai honetan zirkoak, tenpluak, akueduktuak etab. eraiki zituzten. Urte hauetan Cadizek merkataritza arloan bizi izan zuen gorakadari esker hiri aberatsa izatera pasatu zen; Erromaren ostean biztanle gehien zuen hiriburua bihurtu zen.

Inperioaren porrotarekin batera, hiriburuaren gainbehera heldu zen. Herri bandaloen, bizantziarren eta bisigodoen menpe egon ostean, musulmanek konkistatu zuten 700. urte inguruan. Errekonkistaren garaian, Alfonso X Jakintsuak hiria berreskuratu zuen 1262. urtean eta Cadizek aurrera egin zuen berriro. Urte batzuk beranduago, Amerikako aurkikuntzan eta konkistan garrantzi handia izan zuen bere kokapen estrategiko bikainaz baliatuta, eta honi esker kontinente honen gaineko merkataritza jardueraren monopolioa bereganatu zuen, aberastasuna itzuli zelarik. Garai honetan hiri berria sortu zen, kosmopolita eta liberala. Ildo honetatik, Espainiako Estatuko historiako gertakari nagusienetako bat hartu zuen Cadizek: 1812ko Espainiako Konstituzioaren onarpena. Data honetatik aurrera, eta Independentzia Gerrarekin batera bizi izandako beherakada batzuk tartean, hiriak ez dio aurre egiteari utzi.

Antzinako historia aberats horri esker, ondare monumental aparta du Cadizek. Beraz, altxor arkitektonikoei eta bere hondartza zoragarri eta jai ospetsuei esker, turismoa eta zerbitzu-sektorea dira hiriburuko ekonomiaren ardatzak.

Monumentuen ibilaldiarekin emango diogu hasiera bidaiari. Lehenbiziko geldiunean hiriburuko eraikin esanguratsuenetako bat bisitatuko dugu. Puertas de Tierra. Hiria inguratzen zuen sarrera harresitik oraindik mantentzen den gotorlekua da. XVII. mendean altxatuta, helburu militarrarekin baino gehiago erlijiosoarekin eraiki zuten. Cadizko alde zaharraren eta modernoaren mugan dago, biak banatzen dituelarik. Mende honen erdialdera bi arku handi ireki zituzten ibilgailuen zirkulaziorako. Eraikinaren goiko aldean dagoen babes-dorrea beranduago altxatu zen, 1850.ean.

Santa Cruz Katedrala hirian dagoen beste monumentu garrantzitsua da. Katedralaren Plazan kokatzen da eta hiriburuko leku guztietatik ikus daiteke. Eraikitze prozesua asko luzatu zenez, 116 urte (1722-1838), eraikinaren ezaugarri nagusiak estiloen nahastea (barrokoa, rococoa eta neoklasikoa nabarmentzen dira) eta eraikitzerako material ezberdinak erabili izana dira. XIX. mende hasieran eraikitako garaiera handiko bi dorre ditu portada barrokoaren bi aldeetan. Gurutze latinozko oinplanoa, hiru habearte eta hainbat kupula ditu; urre koloreko azulejoz estalita dagoen kupula nagusia benetan ikusgarria da. Aldare nagusiaren azpian cadiztar ospetsuak lurperatuta dauden kripta dago; Manuel de Falla, besteak beste.

Falla Plazan, hain zuzen, hiriko eraikin ospetsuenetakoa aurkituko dugu. Falla Antzoki Handia. 1884an hasi zen bere eraikitzea, 1881ean sute baten ondorioz kiskali zen Antzoki Handiaren orubean. 1905a arte ez zuten inauguratzerik izan, eraikitze prozesuan zehar dirurik gabe geratu baitziren. Mudejar berriko eraikin erraldoi honek adreilu gorriz altxatutako fatxadak ditu. Hirian dagoen eraikin ezagunena da, urtero Inauterietako Taldeen Lehiaketa hartzen baitu, beste ikuskizun batzuen artean.

(Argazkiak: Wikipedia)