«« Itzuli
Erreportaje didaktikoak
Cádiz, hiri historiko eta turistikoa (II)








Aurreko astean Cadizko monumentu eta historian zehar ibilaldia egin ondoren, hiriburu honek turismo eta aisialdirako eskaintzen dituen erakargarritasunak ezagutzeko aukera izango dugu oraingoan. Erakargarritasun turistikoak aztertzerako orduan, bi nabarmentzea nahitaezkoa da: hondartzak eta inauteriak.
2008/05/30
Bereziak dira oso Cadizko hondartzak. Hiri paisaiaz inguratuta eta itsasora erabat zabalduta, turista ugari joan ohi dira udan hiriburuko 4 hondartzetara, urre kolorea duen harea xeheko toki zoragarriak.
Caleta hondartzan emango diogu hasiera hondartzetatik barrena egingo dugun ibilalditxoari. Toki paregabean kokatuta, Cadizko hirigune historikoan, portu natural gisa erabili zuten feniziarrek, kartagoarrek eta erromatarrek. Hiriburuko txikienetako bat izan arren (450 metroko luzera du), Estatuko kostaldeko tokirik ederrenetakoa da. Bi gotorlekuren artean kokatzen da: San Sebastian eta Santa Catalina gazteluak. Urre kolorea duen harea xeheko hondartza hau hiriburuko ezagunena eta esanguratsuena da cadiztarren artean. Bertako paisaien edertasuna dela eta, hainbat film grabatu izan dira bertan. Mota guztietako zerbitzuak eta argiztapen handiko itsas pasealekua ditu. Toki honetan ilunabarrak eskaintzen dituen postal zoragarriak ikustea, arrantzaleen txalupak atzealdean direla, nahitaezkoa da.
Cadizko hondartza garrantzitsuenean egingo dugu gure hurrengo geldiunea. Victoria hondartza. Europa hegoaldeko hiri hondartzarik onenatzat hartzen den honek (1987 urteaz geroztik bandera urdina lortu du segidan) 3 kilometroko luzera du, bere harea xehea eta urre kolorekoa delarik. Cadizko hirigune historikoaren oinaldean hedatzen da eta Cortadura fortearekin (Cortadura hondartzatik banatzen duena) hegoaldean eta Santa Maria del Mar hondartzarekin iparraldean mugatzen du. Hotel eta ostalaritza saltoki ugari dituen itsas pasealeku zoragarri batek hirigunea eta hondartza bereizten ditu, gau-giro handia sortuz gainera. Erabiltzaile gehien dituen Cadizko hondartza da; olatu gutxi, garbitasun handia eta eremu arrokatsurik eza dela eta.
Santa Maria del Mar hondartza, Playita de las Mujeres bezala ere ezagutua, 400 metroko luzera du eta hirigune historikoko harresi zaharren arrastoetatik barrena hedatzen da. Hondartza honetan Katedralaren eta hirigune historiakoaren bista zoragarriez gozatzeko aukera izango dugu. Atzeko aldean Amilcar Barca pasealekura sartzea ahalbidetzen duen lubeta dago. Aurreko biak baino olatu gehiago dituenez surflariak sarri joaten dira hondartza honetara. Arrapala batzuen bidez edota La Victoria hondartzatik bereizten duten barraskilo itxurako eskailera batzuetatik sar gaitezke hondartzara.
Cortadura hondartza hiriburuko luzeena da ia lau kilometrorekin. Cortadura egoitza militarretik gertu kokatzen da; Cádiz-San Fernando autobidearen aldamenean bi udalerrien arteko mugaraino hedatzen da. Bere harea xehea eta urre kolorekoa da, eta bere ibilbidean altxatzen diren duna bereziei esker ez dago Cortadura beste hondartza batekin nahasterik. Mantentzen duen fisionomia naturala dela eta, "hondartza birjina" bezala ere ezagutzen da.
Cadizko hondartzen lasaitasunarekin gozatu ondoren, Estatuko festa zalapartari eta garrantzitsuenetako batean murgilduko gara: Cadizko Inauteriak. XVI. mendekoak dira Turismo Interes Nazionaleko jai hauen lehenengo froga dokumentalak. Nahiz eta ofizialki hamaika egun irauten duten, paraleloan ospatzen diren beste ekitaldiak kontutan hartuta hilabete batez luzatzen dira ospakizunak.
Cadizko Inauterien une gorena Cadizko Inauterietako Elkarteen Lehiaketa Ofiziala da. 100 urte baino gehiagoko txapelketa hau Falla Antzoki Handian ospatzen da, final handia hausterre-egunaren aurreko ostiralean hartzen duelarik. Elkarte hauek modalitate ezberdinetan parte hartzen dute; koruak, txantxak edo txirigotak, konpartsak eta laukoteak.
