BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportaje didaktikoak

Huelva, hiri natural eta monumentala (I)

Huelva, hiri natural eta monumentala (I)
Huelva, hiri natural eta monumentala (I)
Huelva, hiri natural eta monumentala (I)
Huelva, hiri natural eta monumentala (I)
Huelva, hiri natural eta monumentala (I)
Huelva, hiri natural eta monumentala (I)
Huelva, hiri natural eta monumentala (I)

Izen bereko probintziako hiriburua, Espainiako Estatuko hegoaldeko hiria da Huelva, Andaluzia Autonomia Erkidegoan. Ia 150.000 biztanlerekin (huelvar gisa ezagutuak), Tinto eta Odiel ibaien ur-bateratzean kokatzen da, Guadalquivir Arroan. Itsasadar bat eta hainbat kilometro daude soilik naturaz beteriko hiri lasai eta historiko honen eta itsasoaren artean.

2008/06/06

Historiaurreraino atzera jotzen duen historia du Huelvak; Kristo aurretik 2500. urtekoak dira aurkikuntza arkeologiko batzuk. Feniziarren eta tartesostar kokaleku batek sortu zuen hiriburua Kristo aurretik 1000. urtean. Bere kokapen estrategikoari (Cadizko Golkoan) eta eskaintzen zituen aukerei esker (ibaiak, itsasoa, meatzeak...), kokaleku oso erakargarria izan zen erromatarren, bisigodoen eta musulmanen garaietan; batez ere mea mota ezberdinen produkzio eta merkataritza zela eta.

Huelvako historiak duen ibilbide luzean hiriburua erabat aldatuko zuten hainbat gertakizun historiko nabarmendu behar dira. Lehenbizikoa Amerikaren aurkikuntza izan zen. Probintziak berebiziko garrantzia izan zuen jazoera honetan, izan ere, konkista hau Rabidako Monasterioan antolatu eta prestatu zen eta Palos de la Fronterako Portutik abiatu ziren hiriburuko marinelez osatutako karabelak. XIX. mendean garrantzizko beste bi gertaera nabarmendu behar dira. Alde batetik, 1833.ean hiria probintziako hiriburu izendatu zuten; bestalde, 40 urte geroago eta probintziako iparraldeko meatze-ustiapenen goraldian, Ingalaterrako enpresa erraldoi batek Riotintoko Meatzeak erosi zituen; hiriburuko demografian eta ekonomian garapen handia eragin zuelarik.

Beraz, historia aberats honi eta bere kokapen paregabeari esker interesgune anitz eskaintzen dizkigu hiriburuak. Huelvako toki enblematiko batetik emango diogu hasiera ibilaldiari. Portua. Huelvako itsasadarrean kokatuta, Estatuko porturik garrantzitsu eta jarduera handienetako bat da (bere kokapen estrategikoari esker). Bi partetan zatituta dago: Barnekoa eta Kanpokoa. Egia esan, Barneko Portua soilik kokatzen da hiriburuan, izan ere, Kanpokoa Palos de La Frontera udalerrian dago. Barnekoak kai bakarra du eta hirigunean bertan dagoenez, arrantza eta merkantzia garbien trafikoa dira bere jarduera nagusiak.

Bere ondare arkitektonikoagatik ere nabarmentzen da Huelva. Hala, hiriburuan dauden eraikin erlijioso ugariak bisitatzeari ekingo diogu. Garrantzitsuena Mesedeetako Katedrala da. 1970.ean Monumentu Historiko-Artistiko gisa izendatutako eraikin zoragarri hau izen bereko plazan kokatzen da. 1605. urtean altxatu zuten (Mesedeetako eliza zena), ondoren 1954.ean katedral izendatu zutelarik. Bere fatxada, jatorrizko eliza bezala, errenazentista da. Erdiko habeartea bost ataletan zatitutako kanoi-ganga batez estalita dago. Albokoak, lau ataletan zatituak, ertz kamustuko gangekin estalita daude.

San Pedro plazan balio handiko beste eraikin erlijioso bat aurkituko dugu. San Pedro eliza. Hiriburuko elizarik zaharrenatzat jotzen den hau XV. eta XVI. mendeen artean altxatu zuten, meskita zahar baten hondakinen gainean. Mudejar estilokoa eta zuri kolorekoa da.

Zintaren Andre Mariaren Santutegia hiriburuko toki historikoenetakoa da. Hiriko zaindariaren, Zintaren Andre Mariaren, omenez altxatuta, erdiko kaperan Birjinaren irudia dago ikusgai horma-irudi batean. Andre Mariaren eta semearen eskultura bat ere ikusiko dugu. Kristobal Kolonek tenplu hau bisitatu zuen Amerikara egindako lehenengo bidaian.

Huelvako eraikin erlijioso nagusienetatik zehar egindako ibilalditxoari amaiera emateko, Sortzez Garbiaren eliza ezagutuko dugu. Hiriburuko bigarren elizarik zaharrena da; 1515ean eraiki zen, San Pedro eliza biztanleriaren hazkundearen aurrean txiki geratu zenean. Hainbat aldiz zaharberritu dute, besteak beste, zenbait lurrikaren eta Gerra Zibilaren ondorioz jasandako kalteengatik.

(Argazkiak: Wikipedia)