«« Itzuli
Erreportaje didaktikoak
Huelva, hiri historiko eta naturala (II)








Iragan astean Huelvako historia eta eraikin erlijiosoak ezagutu genituen. Oraingoan eraikin zibil eta hiri honek eskaintzen dituen paraje naturalak bisitatuko ditugu. Eraikin historiko batekin hasiko gara. Kolon Etxea. Punto Plazan kokatzen den eraikin hau 1881 eta 1883 urteen artean altxatu zen luxuzko hotel gisa; probintziak meatzeen ustiapenaren eta nazioartetik etorritako enpresen finkatzea zela eta izan zuen garapen ekonomikoaren ondorioz.
2008/06/13
Amerikaren aurkikuntzaren IV. urteurrenaren ospakizunak hartzeko egoitza gisa ere eraiki zen hotela. Ekimenaren ondoren hotela izateari utzi zion eta 1986an Udalaren esku geratu zen. Gaur egun, Iberoamerikako Zinema Jaialdiaren egoitza izateaz gain, Biltzar Jauregia, Erakusketa Aretoa eta Udal Artxiboa hartzen ditu, beste udal egoitza batzuen artean. Lau eraikuntza ezberdinek (eta lorategi nagusiak) osatzen zuten jatorrizko eraikina. Hegoaldeko eraikina, gaur egun Erakusketa Aretoa dena. Ekialdeko eta mendebaldeko eraikinak oinplano angeluzuzenekoak dira eta egun Udal Artxiboa hartzen dute. Ipar eraikinak, bere garaian jatetxe nagusia eta dantza aretoa zenak, Biltzar Jauregia hartzen du orain. Azkenik lorategiak daude, uhandreen iturri ikusgarria dutenak.
Hurrengo geldiunea Victoria Erregina auzoan egingo dugu. Hiriaren erdialdetik gertu kokatuta, Ingalaterrako estiloa duten etxebizitza familiabakarrez beteriko zortzi hektareako auzoa da. Rio Tinto Company enpresak altxatu zuen auzoa Meatze Arroan kokatutako meatzeen ustiapenean lan egiten zuten langileak hartzeko. Interes Kulturaleko Ondasun gisa izendatu du Andaluziako Juntak.
Erdialdetik hurbil (bi kilometrora) hiriburuko eskulturarik garrantzitsuena aurkituko dugu. Fede Aurkitzailearen omenezko Monumentua. Tinto eta Odiel ibaien ur-bateratzean kokatuta, 1929an sortu zuen Gertrudis V. Withney eskultore amerikarrak. Estilo kubistakoa, 37 metroko altuera du eta gurutze bati bermatutako pertsona baten irudia da. Denboraren poderioz, hiriburuko sinboloetako bat bihurtu da.
Antzoki Handia Huelvako beste eraikin interesgarri bat da. 1923an inauguratu zen eraikin klasizista hau Coto Mora Alkatearen Plazan. Kolon Etxea bezala, meatzeak ustiatzeko atzerritik etorritako kapitalaren eraginez sortu zen. 90eko hamarkadan zaharberritu zuten eta, gaur egun, Udal eta Aldundiaren eskuetan dago.
Natura hiri honen beste erakargarritasunetako bat da. Hiriburuak naturaz gozatzeko duen leku aproposena Odieleko Paduren Paraje Naturala da. Odiel ibaiaren bokalean kokatuta, Andaluziako hezegunerik garrantzitsuena da, Doñanakoa salbu. Tinto eta Odiel ibaien prozesu sedimentarioek sortutako estuario zabal baten ondorioz sortu zen hondarrezko lurra duen paraje hau. Interes natural handiko ekosistema bat da; espezie migratzaile ugari hartzen baititu. Bere faunaren baitan flamenkoak, lertxunak, zikoinak eta abar daude. Gainera, arrantzan eta itsaskitan ibiltzeko leku zoragarria da. Biosfera-erreserba izendatu zuen UNESCOk.
Parke honetatik irten gabe, hiriburuko hondartza bakarra bisitatu ahal izango dugu. Joan Karlos I. Kai-Muturreko hondartza. 2,5 kilometroko luzera eta 40 metroko zabalerako hondartza honek harea xehea du eta Huelvako kai-muturraren eraikuntza artifizialaren ondorioa da.
Beste naturgune zoragarri batean emango diogu amaiera ibilaldiari. Moret Parkea. 72 hektareako azalerarekin erkidegoko hiri parkerik handiena da. Hiru aldetan zatitzen da. Mendebaldean kokatzen den aldean, Conquero Gainak nabarmentzen dira; hegal batzuetatik barrena Odieleko Paduraren mugaraino heltzen delarik. Hego-ekialdean, Ortu zaharren eremua dago. Hirugarren aldean, ipar-mendebaldean, basoko espezie ezberdinek, mendixkek eta ortuek osatzen duten paisaia ederrez gozatzeko aukera izango dugu. 2006. urtean parkea zaharberritu eta aisialdirako hainbat azpiegitura sortu zituzten; haur parkeak eta askaldegiak.
(Argazkiak: 1, 2, 3, 5, 6, 7, 8: Wikipedia.es; 4: Huelva.es)
