«« Itzuli
Erreportaje didaktikoak
Turin, Italia iparraldean







Izen bereko probintziako hiriburua, Turin Italiako ipar-mendebaldean kokatzen da, Piamonte eskualdean. 900.000 biztanle eta 130 kilometro koadro baino gehiagorekin, Estura, Sangone eta Po ibaiek inguratzen duten hiri hau Italia Erresumako (1861-1946) lehenengo hiriburua izan zen, 1861 eta 1864 urteen artean.
2008/06/20
Taurinoen ("Taurini") tribu zaharra izan zen eremu honetara iritsi zen lehengoa, Kristo aurretik III. mendean. Ondoren, I. mendean, erromatarren kanpamentu batek eskualdea hartu zuen. VI. mendean, lonbardiarrek bereganatu zuten hiria, VII.ean Karlomagnoren tropek frantziar konderria bihurtu zuten arte. XII eta XIII. mendeen artean askatuta egon zen. 1280. urtean, eskualdea Savoiako Etxearen menpe geratu zen. XV.ean, Piamonteko hiriburu izendatu zuten eta, XIXan, herrialdearen batasunaren aldeko gune garrantzitsua bilakatu ondoren, Italiako erresumako hiriburu izendatua izan zen, 1861 eta 1865 urteen artean.
Historia luze honek utzitako aztarnetako bat bisitatuz emango diogu hasiera ibilbideari. Savoiako Errege Etxeko Egoitzak. Hiri eta probintzian zehar banatuta, balio handiko eraikin multzo hau Gizadiaren Ondare izendatu zuen UNESCOk. Savoiako Etxearen agindupean eraikiak edo zaharberrituak izan diren altxor arkitektoniko ederrak dira (gazteluak, jauregiak, jauregitxoak...).
Carignano Jauregia mirari hauetako bat da. Accademia delle Scienze kalean kokatuta, 1679.ean abiatu zen eraikin barroko honen eraikitzea, sei urte iraun zuelarik. Bere fatxada uhindua eta dorre eliptikoa dira eraikin historiko honen xehetasun garrantzitsuenak. 1860 eta 1865 urteen artean Italiako Legebiltzarraren egoitza izan zen eraikin honek Risorgimentoren Museo Nazionala hartzen du egun.
Errege Jauregia, erdialdeko Castello plazan kokatuta, Savoiako Errege Etxeko Egoitzak osatzen dituzten eraikinen artean lehenbizikoa eta garrantzitsuena da. XVI. mendea arte gotzain jauregia izan zen (Palazzo di San Giovanni). Gaur egun ikusten dugun jauregia XVII.ean altxatu zen Frantziako Maria Kristinaren, Savoiako Dukesaren, omenez. Hiru estilo nagusitzen dira jauregi honetan: barrokoa, rococoa eta neoklasikoa. 107 metroko luzera eta 30 metroko batezbesteko zabalera duen eraikin hau soila da kanpoaldean. Barruan balio handiko arma zuriz, su armaz eta armaduraz osatutako bilduma handi bat hartzen duen Errege Armategia nabarmentzen da.
Castello plazatik, hiriaren bihotzetik, irten gabe beste eraikin ikusgarri bat bisitatzeko aukera izango dugu. Madama Jauregia. Jatorriz, erromatar garaiko harresi baten atea zena (bi dorre zutik mantentzen dira oraindik), XIV. mendean gaztelu bilakatu zen Savoia-Acaya familiaren aginduz. Hainbatetan handitua eta zaharberritua izan da; garrantzitsuena Filippo Juvarrak XVII. mendean egindakoa izan zen, Via Garibaldi kalera begira dagoen fatxada sortu zuenean. Gaur egun, Arte Zaharren Museoa hartzen du.
Plaza honetatik gertu, Turingo Katedrala ezagutzeko aukera izango dugu. 1491 eta 1498. urteen artean altxatua izan zen San Joan Baptistaren omenez. Barroko estiloko kupula duen kapera da eraikin erlijioso honen elementurik garrantzitsuena, izan ere, Izara Santua (Jesukristoren gorputza estaltzeko erabili omen zena) gordetzen da zilarrezko bitrina batean.
Ibilaldiari amaiera emateko, hiriko eraikin enblematiko bat bisitatuko dugu. Supergako Basilika. Izen bereko muinoko punturik altuenean kokatua, Filippo Juvarrak (bere obrarik garrantzitsuena da) altxatutako eliza klasizista eta barroko hau mausoleo handi bat da. 1731n altxatuta, Savoia Etxeko errege eta printze ugarien hilobiak hartzen ditu.
(Argazkiak: 1,2, 3, 4, 5, 6 eta 7: Wikipedia.es)
