«« Itzuli
Erreportaje didaktikoak
Mont Saint-Michel, "Mendebaldeko Miraria"







Mont Saint-Michel, UNESCOk 1979an Gizadiaren Ondare izendatu zuena, bisita gehien hartzen duen Frantziako hirugarren monumentu erlijiosoa da, Parisen dauden Notre Dame katedralaren eta Sacré Coeur basilikaren atzetik. Aldi berean, Frantzia osoko parajerik politenetakoa eta jende gehien biltzen duena da (urtero 3.200.000 pertsona hurbiltzen baitira santutegi horretara).
2008/06/27
Mont Saint-Michel 900 metroko zirkunferentzia eta 80 metroko garaiera duen uhartetxo eta herritxo bat da, Manche izeneko departamenduan dago, Behe Normandiako eskualdean (Frantzia). Bere izena Saint Michel (Done Mikel) goiaingeruaren gurtzara sagaratutako eta mendiaren muinean eraikita dagoen abade-etxe arranditsuari zor dio. Marea jaisten denean, uhartetxoa hondarrez inguratuta geratzen da, eta igotzen denean, berriz, Saint Malo golkoko urek isolatu egiten dute. Errepide garai batek kontinentea eta uhartea elkartzen ditu, baina marea biziko egunetan ezin daiteke uhartera joan.
Behin uhartean, abade-etxearen oinetan dagoen herritxoarekin egiten dugu tupust. Bide estu batek uhartea inguratzen duten Erdi Aroko dorre eta harresiak lotzen ditu. Atsegina da harresitik zehar ibiltzea eta handik dagoen ikuspegia mirestea. Herrian dauden oroigarri-denda anitzez ere disfrutatzeko parada ere badago. Hainbat dira monasteriora doazen kale estuak, eta guztietan eros daitezke ohiko opariak, eta, batez ere, Done Mikelen iruditxoa.
Abade-etxearen eliza uhartetxoaren gainean altxatuta dago, eta beren orratzak 170 metroko altuerara arte iristen dira gutxi gorabehera. Koindaren arabera, Avranchesko apezpiku Aubertek VIII. mendearen hasieran otoiztegi bat eraiki zuen uharteko punturik garaienean, Done Mikel goiaingeruak hala eskatu baitzion bere aurrean egindako agerraldi batean.
X. mendetik aurrera Normandiako dukeak eliza berri bat eraikitzeari ekiten diote, eta laster erromesaldi-leku garrantzitsu bihurtu zen. Ondorioz, 966. urtean monje beneditarrak ezarri ziren bertan, eta haiek bultzatuta XI. mendean abade-etxe erromanikoa altxatu zen bertaratzen ziren erromesak hartzeko. Horrez gain, mendiaren behealdean argizarien salerosketatik bizi zen herria sortuz joan zen.
XIII. mendean eraikuntza gotiko berri batzuk egin zituzten, mendiaren mendebaldeko fatxadan kokatutakoak: kapilautza, ostalarien aretoa, jangela, zaldunen aretoa eta klaustroa. Multzo guzti horri "La Merveille" deritzo.
Garrantzia militarra
Urteek aurrera egin ahala, Mont Saint-Michel gune estrategiko militar garrantzitsu bilakatu zen, eta, batez ere, Ehun Urteko Gerran (1337-1453). Harkaitzaren gaineko kokapenari eta gaineratutako gotorlekuei esker menderaezina izan zen gudaroste ingelesentzat nahiz eta saiakera ugari egin.
Abade-elizaren eraginak beherantz egin zuen denboraren igaroan eta 1789ko Frantziako Iraultzak abade-etxeko azken monjeak kanporatu zituen. Ordutik aurrera eta 1874ra arte Mont Saint-Michel presondegi gisa erabili zuten, eta horren eraginez "Bastilla txikia" ezizenarekin ere ezagutzen zuten.
Hala ere, abade-etxeaz gain badago zer ikusteko gehiago Mont Saint-Michel uhartean. Urrutiegi joan gabe, aipatutako harresiak Erdi Aroko arkitektura militarraren lanik ederretako eta garrantzitsuenetakoa da. Bestalde, Itsas Museoak marea handien fenomenoa ezagutzeko parada eskaintzen du, baina baita mota askotako itsasontzien 250 maketa zahar ere. Museo Historikoan, berriz, Mont Saint-Michelen 1.000 urtetako historiari buruzko hainbat gauza ikas daitezke. Bukatzeko, Du Guesclin Etxean Ehun Urteko Gerrako gudu-zelaietan nabarmendu zen Bertrand Du Guesclin zaldunaren egoitza izandakoa bisita daiteke.
(Argazkiak: 1: sobrefotos.com ; 2: francais.blogia.com; 3, 4, 5: commons.wikimedia.org; 6, 7: www.baie-saintmichel.com)
