BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportaje didaktikoak

Marseilla, muino eta senaia artean (I)

Marseilla, muino eta senaia artean (I)
Marseilla, muino eta senaia artean (I)
Marseilla, muino eta senaia artean (I)
Marseilla, muino eta senaia artean (I)
Marseilla, muino eta senaia artean (I)
Marseilla, muino eta senaia artean (I)
Marseilla, muino eta senaia artean (I)

Frantziako hegoaldeko portu-hiria, Bouches-du-Rhône departamenduko eta Proventza-Alpeak-Cote d'Azur eskualdeko hiriburua da Marseilla. 800.000 biztanle baino gehiagorekin, Frantziako bigarren komunarik jendetsuena eta Europa osoko merkataritza portu garrantzitsuenetako bat da. Historia luze eta aberatsa du (20 mende baino gehiagokoa) beti ere bere kokapen estrategikoari lotuta; Mediterraneoan zehar 57 kilometrotan hedatzen da muino eta senaia artean ezkutatuta. Marseillak ondare arkitektoniko eta artistiko aberatsa gordetzen du egun, bere ibilbide historiko luzearen isla.

2008/07/04

Ibilaldiari hasiera emateko punturik egokiena aukeratuko dugu: Belsunce Bidegurutzea: hiriko abiapuntua. Marseillaren Frantziako gainerako hirien artean dagoen distantzia neurtzeko erabiltzen den puntu honetan, Aix Plazan dagoen Garaipen Arkua (1839an altxatua) eta L'Alcazar musikalen antzoki mitikoa (1857an eraikia eta egun Eskualdeko Bokaziozko Udal Liburutegia hartzen duena) ikusi ahal izango ditugu.

Jarraian, Marseillako forteak ezagutuko ditugu. San Juan Fortea adibidez. Izen bereko auzoan kokatuta, bere iraganaren aztarnak ikusi ahal dira oraindik; Dorre Karratua, adibidez, XV. mende erdialdean portuko sarbidea babesteko altxatutakoa, edota Argiaren Dorrea, 1644koa. Gotorleku honek kalte larriak jasan zituen Bigarren Mundu Gerran. 1964an Monumentu Historiko izendatu zuten.

San Nicolas Fortea bisitatu beharreko beste gotorleku bat da. Portua, Saint Victor abadia eta itsasargiaren arteko eremu arrokatsuan kokatua, 1663an altxatu zen Luis XIV.aren aginduz; bere helburua portuko bokalean gotorleku bat sortzea baitzen. Lanek urte bat iraun zuten fortea bi zatitan altxatu zelarik. Lehenbiziko urtean (1663an), Goiko Fortea eraiki zen eta hurrengoan Beheko Fortea. Azken hau erabat isolatuta dago Charles Livon bulebarra eraiki zutenetik. Goiko aldea lotuta dauden bi barrutik osatzen dute.

Marseillan dauden jauregiak ezagutuko ditugu orain. Pharo Jauregia kokapen paregabean kokatzen da; talaia batean, itsasoaren gainean kokatzen den goi-lautada arrokatsuan. Napoleon III.aren agindupean eraiki zen, egoitza itsasoaren gainean izatea bere ametsetako bat baitzen. Hala ere, Napoleonek ez zuen behin ere erabili eta enperadorea hiltzerakoan enperatrizak hiriari utzi zion. Gaur egun, jauregi inperial hau (Europan dagoen mota honetako jauregirik ederrenetakotzat hartzen dena) Biltzar Zentro gisa erabiltzen da.

Burtsa Jauregian egingo dugu hurrengo geldiunea. Eraikin hau Marseillako Merkataritza Ganbarak aginduta altxatu zen XIX. mende hasieran, botere ekonomiko eta sozialaren isla izan zedin. 1860.ean inauguratu zuten eraikin ikusgarri honek burtsa areto bat hartzen du jauregiaren erdian, zerbitzu guztiak negozio areto honen inguruan banatzen dira. Fatxada nagusia ederra da oso; Korintoko zutabez osatuta eta portura begira, marmolezko eskailera ikusgarri bat du. Marina Museoa hartzen du Merkataritza Ganbararen eraikinak; hiriak duen merkataritzaren historia berrikusten duena.

Longchamp Jauregia, Marseillan dauden jauregirik garrantzitsuena, bisitatuko dugu. Hiriak ur hornidurarekin zituen arazoen ondorioz jaio zen jauregia. Izan ere, arazo hauei aurre egiteko 80 kilometroko luzera zuen ubidea sortu behar izan zuten. Hamar urteko lanen ondoren, lurpeko kanal, akueduktu eta zubi ugari eraiki zituzten eta obra erraldoi honi "azken ukitua" emateko eta ura hirira heldu izana ospatu eta omentzeko, hiriko historiako eraikin garrantzitsuenetakoa altxatzea erabaki zuten: Longchamp Jauregia. 1869an inauguratu zen apainketa ikusgarriarekin, uraren oparotasunaren sinbolo gisa. Toki honek Arte Ederren Museoa, Natura Historiaren Museoa eta parke botaniko eta zoologikoa hartzen ditu. Azpimarratzekoak dira eraikinaren sarreran kokatutako animalien eskulturak eta eraikina sostengatzen duten zutabeen erdian dagoen iturri monumentala.

(Argazkiak: 1, 2, 3, 4 : Wikipedia; 5, 6, 7 Marseille-Tourisme)