BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportaje didaktikoak

Marseilla, muino eta senaia artean (II)

Marseilla, muino eta senaia artean (II)
Marseilla, muino eta senaia artean (II)
Marseilla, muino eta senaia artean (II)
Marseilla, muino eta senaia artean (II)
Marseilla, muino eta senaia artean (II)
Marseilla, muino eta senaia artean (II)
Marseilla, muino eta senaia artean (II)

Marseillako erakargarritasun turistiko batzuk ezagutu ostean, oraingoan hiriburuko beste zenbait interesgune bisitatuko ditugu. Horietako bat udaletxea da. Eraikin barroko hau XVII. mendean altxatu zen, Maison Ville (XIII. mendean) eta Palais Communal (XV. mendean) altxatzen ziren tokian. Eraikina altxatu zenean bigarren solairura atzealdean zegoen eraikin batetik sartu beharra zegoen. Mende bat geroago, aldameneko etxeak erosi eta udaletxea handitu ahal izan zuten, bi eraikinen artean arkupe bat sortu zutelarik. Monumentu Historiko izendatu zuten 1948an.

2008/07/11

Marseillako Katedrala hiriko eraikinik garrantzitsuenetakoa da. Sainte-Marie-Majeure Basilika (Majeure Berria) altxatzen hasi zirenean (1852an), Portu Zaharra eta Berriaren artean kokatua, katedral zaharraren (Majeure Zaharra) hainbat parteren gainean eraiki zuten. Majeure Katedral Zaharra (Majeure Zaharra) arrosa koloreko harriz altxatu zen XII. mendean, aurreko tenplu erlijioso zaharren gainean. Gurutze latinozko oinplanoa du, kanpandorrea XIV. mendean erantsi zitzaiolarik. 1840ean Monumentu Historiko izendatu zuten, baina, hamabi urte geroago, katedral berria eraikitzen hasi zirenean, katedral izateari utzi eta parroki eliza izatera pasatu zen. Katedral berriaren eraikuntzarekin, zaharra suntsitzen hasi ziren baina neurri honek eragindako protesta eta presioak zirela eta urte batzuk geroago suntsitzeari amaiera eman zioten eta ez zen erabat eraitsia izan.

Majeure Katedral Berria 1852an hasi ziren eraikitzen, garai horretan hirian izandako hazkunde demografiko, sozial eta ekonomikoaren ondorioz. 44 urte geroago Erdi Aroaz geroztik altxatutako eraikin erlijiosorik handienetakoa kontsakratu zuten; 142 metroko luzerarekin eta kupula nagusiak dituen 70 metroko altuerarekin. Material ezberdinak erabili zituzten katedral hau eraikitzeko; harri berdea, marmol zuria, Calissaneko harriak edota Veneziako mosaikoak. Azpimarratzekoa da elizpea, 60 metroko altuera duten bi dorrerekin albo bakoitzean eta Kristo, apostolu, San Pedro, San Joan eta Proventzako Santuen eskulturekin apainduta. Katedral honek Jasokundearen inguruko itsas prozesio bat hartzen du urtero. 1906an Monumentu Historiko izendatu zuten.

Notre-Dame de la Garde Basilika Marseillako beste eraikin erlijioso interesgarri bat da. Hiriko tokirik ederrenetako batean kokatuta, Garde mendixkaren (154 metro) gailurrean, bere silueta hiriko irudi ohikoena da. 1853an altxatu zuten mendixka honetatik hiria zaintzen zuen forte baten gainean. Bizantziar erromaniko estiloko tenplu hau, marmolez eta porfidoz estalita dagoena, 1864an kontsakratu zuten. Azpimarratzeka da kanpandorrean dagoen 11 metroko altuerako estatua. Leku honek hiriko eta inguruetako bista zoragarriak eskainiko dizkigu.

Marseillako badiaren aurrean interesgune ederra dugu; If Irla. XVI. mendera arte marinelen babeslekua zena kokaleku estrategiko bihurtu zen Frantziako Frantzisko I.aren aginduz eta 1527 eta 1529 urteen artean gotorleku bat eraiki zuten bertan. If Gaztelua. Hiria babesteko helburuarekin altxatu zen arren, historiako presondegi ospetsuenetakoan bihurtu zen laster; Alejandro Dumasen El Conde de Montecristo liburua espetxe honetan girotuta dago. 1890 espetxe izateari uzi zion eta atrakzio turistiko gisa ateak ireki zituen. Gaur egun turista gehien jasotzen duen Marseillako interesguneetako bat da.

Hain zuzen Portu Zaharrean barrena paseatzen emango diogu amaiera ibilaldiari. Forte bik (Fort St Nicolas eta Fort Saint Jean) babesten duten leku hau hiriko turismoaren erdigunetzat jotzen da. Hemen saltoki, kafetegi edota merkatu ugari aurkituko ditugu. Gainera, Marseillako hiritarrentzat benetako ikurrak diren elementuak ikusi ahal izango ditugu bertan; besteak beste Ferry Boat egunero Portu Zaharreko ibilbidea egiten duten itsas-linea. Santa Maria Itsasargia ere ikus daiteke; portuaren sarreran kokatuta 20 metro baino gehiagoko altuera duena. Portuaren hegoaldean San Victor Abadia bisitatu ahal izango dugu, V. mendean altxatutakoa.

(Argazkiak: 1, 2 : Wikipedia; 3, 4, 5, 6, 7 Marseille-Tourisme)