«« Itzuli
Erreportaje didaktikoak
Salamanca, turismo kulturala (I)







Izen bereko probintziako hiriburua, Salamanca Gaztela eta Leongo Autonomia Erkidegoko hiria da, Campo de Salamanca eskualdean kokatutakoa. 150.000 biztanle baino gehiagorekin eta ondare historiko eta artistiko benetan paregabearekin, hiri hau Gizadiaren Ondare izendatu zuten 1988an.
2008/07/24
Unibertsitate-hiria, izan ere Salamancako Unibertsitate historiko eta ospetsua Espainiako Estatuko zaharrena eta Europako zaharrenetakoa da, ondare kultural aberatsa du Salamancak.
Hasteko hiriko arkitektura erlijiosoa ezagutuko dugu. Salamancako Katedrala da altxor nagusia. Bi eraikinez osatzen da Salamancako tenplu enblematiko hau: Katedral Zaharra eta Katedral Berria.
Katedral Zaharra XII eta XIII mendeen artean altxatu zuten. Gurutze latinozko oinplanoa eta hiru habearte ditu bere garaian gotorleku gisa erabiltzeko ere eraikia izan zen tenplu erromaniko honek. Zinborioa edo Oilarraren Dorrea Katedral Zaharreko elementurik azpimarragarriena da. Kanpoaldean ezkatadun dorre baten itxura duen kupula honek 16 zutabe eta 32 leiho dituen danbor bat du euskarri. Oilasko baten eskultura txiki batek haize-orratza apaintzen du. Salbamen Historiari buruzko erretaula nagusia ere nabarmendu beharra dago. Kapera Nagusian kokatzen den XV. mendeko erretaula hau 11 kaletan eta 5 gorputzetan zatitzen diren 53 oholez osatzen da. Goiko partean Azken Judizioko eszenak dira ikusgai. Modu berean, San Martin Kaperan balio handiko zenbait pintura gotiko ikusteko aukera izango dugu.
1513an Katedral Berria eraikitzen hasi ziren, Zaharrari atxikita, baina inauguratzeko 1733ra arte itxaron behar izan zuten. Gotiko estilokoa, hiriak XV. mendean jasandako hazkunde demografiakoren (Unibertsitatearen eraginez) ondorioz eraiki zuten. Oinplano angeluzuzena, hiru habearte eta kontrahormen artean kokatzen diren alboko kaperak ditu. Hiru habearteak izar-gangen bidez estalita daude. Jatorrizko zinborio barrokoa (1725ean amaitutakoa) kupula neoklasiko batengatik ordezkatu zuten 1755eko lurrikarak eragindako kalteen ondorioz. Katedral honetan dagoen korua ere aipatzekoa da. Habearte nagusiko bigarren tartean kokatuta eta 1730 eta 1740 urteen artean eraikita, barroko estiloko koru hau bi zatitan banatzen da. Goiko atalean 57 aulki daude eta behekoan 41. Flandesko 90 beiratetatik sartzen da argia eta barruan dauden kapera ugarien artean, Nagusia eta Urrezko Kapera dira aipagarrienak.
San Esteban Komentuan egingo dugu hurrengo geldiunea. Concilio de Trento plazan kokatuta, egungo komentua 1524an altxatu zuten. Plateresko estiloko adibide esanguratsua, fatxadan elizaren aitzinaldea eta komentura sartzeko ataria daude. Eliza gotikoa eta errenazentista da eta gurutze latinozko oinplanoa eta habearte bakarra ditu. Erregeen Klaustroa nabarmentzen da; beheko solairua elementu gotiko eta errenazentistekin apainduta eta tenplete batekin lorategi erdian.
San Esteban Komentuaren aldamenean, San Pablo kalean, Santa Maria Komentua kokatzen da. Las Dueñas bezala ere ezagutua, 1419an sortu zuten. Eliza geroagokoa (VXI. mendekoa) eta gotiko estilokoa da. Klaustro errenazentista ikusgarria eta komentuko elementurik interesgarriena da. 1533an altxatua, oinplano pentagonala eta bi solairu ditu.
Clerecia Salamancan aurkituko dugun beste eraikin erlijioso ikusgarri bat da. Espainiako Barrokoaren altxortzat hartzen den eraikuntza hau, Jesuitak 1617an altxatzen hasi ziren eta XVIII. mende erdialderako Espiritu Santuaren Errege-Ikastetxe gisa ireki zituen ateak. Eraikin multzo hau ikastetxe batek, klaustro batek, eliza batek eta egoitza batek (Jesuitek soilik ostatu har dezakete) osatzen dute. Elizan 50 metroko altuerako bi dorre biki, kupula eta aurrealde ikusgarria nabarmentzen dira. Gaur egun, Pontifize-Unibertsitatearen egoitza hartzen du.
(Argazkiak: 1, 3, 4, 5, 6: Wikipedia; 2, 7 Salamanca.es)
