BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportaje didaktikoak

Salamanca, turismo kulturala (II)

Salamanca, turismo kulturala (II)
Salamanca, turismo kulturala (II)
Salamanca, turismo kulturala (II)
Salamanca, turismo kulturala (II)
Salamanca, turismo kulturala (II)
Salamanca, turismo kulturala (II)
Salamanca, turismo kulturala (II)

Iragan astean hiriak hartzen duen ondare erlijiosoa ezagutu ostean, oraingoan Salamancako eraikuntza zibilei helduko diegu. Hiriaren bihotzetik abiatuko gara: Plaza Nagusia.

2008/08/08

Hiriburuaren ikurra eta hiritar eta turisten topalekua, Plaza Nagusia Espainiako barrokoaren adibiderik esanguratsuenetako bat da. 1929 eta 1955. urteen artean altxatu zuten eta eraikitze proiektua Alberto Churriguera arkitektoak zuzendu zuen 1935. urtera arte. Urte horretatik aurrera, proiektuak etengabeko atzerapenak eta etenaldiak izan zituen, baina azkenik 1950.ean lanak berriz berrartu eta bost urte geroago amaitu zituzten. Plaza ez da karratu perfektu bat, karratu irregularra baizik. Luzera ezberdina duten plazako lau fatxadetan zehar doazen erdi-puntuko 88 arkuek (Espainiako historiako pertsonaia ospetsuenei buruzko medailoiak dituzte) arkupe zoragarri bat osatzen dute. Arkupe horren gainean hiru solairu altxatzen dira. Hiriko eraikinik garrantzitsuenak bezala, Villamayorretik ateratako harriak, burdin asko duenak, ematen duen urre kolorea du plazak.

Udaletxea da plazan nagusi diren homogeneotasun eta harmonia apurtzen dituen elementu bakarra. Gainerako hiru fatxadak baino altuagoa eta bi solairuz soilik osatua, bost arku handiren gainean altxatzen da eraikin ikusgarri hau. Gainerako multzo arkitektonikoarekin alderatuta, bere dekorazioa heterogeneoagoa eta aberatsagoa da. Ildo honetatik, eraikin honen alderik garaienean (kanpai-horma ikusgarriaren gainean) kokatzen diren lau irudiak nabarmentzen dira; Nekazaritza, Musika, Industria eta Poesia irudikatzen dituzte irudiok.

Oskolen Etxea Salamancako eraikin berezienetako bat da. Compañia kalean kokatua, etxe gotiko eta plateresko hau 1493 eta 1503 urteen artean altxatu zuten Rodrigo Arias Maldonadoren eta Maria de Pimentelen arteko ezkontza zela-eta. Horregatik eraikina oskolekin apainduta dago; oskolak eta lirioak bi familia hauen ikurrak baitziren. 300 oskol baino gehiagok apaintzen dute etxe honen aurrealde ikusgarria. XVIII. mende hasieran etxea handitu eta horma berria eraiki zuten (oskolekin dotoretu zuten baita). Eraikinak barne patio ikusgarria du, elementu mudejarrekin, errenazentistekin eta Erdi Aroko elementuekin apaindutakoa.

Salamancan dauden jauregi ugarietako batzuk bisitatuko ditugu. Monterrey Jauregia garrantzitsuenetako bat da. 1539an hiri erdialdean (Prior kalean) altxatua, plateresko estiloko (eta hortaz Espainiako Errenazimenduko) adibide esanguratsuenetakotzat jotzen da. Lau angeluko oinplanoa, hiru solairu eta lau dorre ikusgarri ditu eraikinak. Lehenengo bi solairuak oso sinpleak dira baina hirugarrenean erdi-puntuko arkuak eta oso tximinia bereizgarriak ditu.

Anaya Jauregian egingo dugu gure hurrengo geldiunea. Espainiako neoklasizismoaren altxor hau (Anaya Ikastetxe Nagusia edo San Bartolome Ikastetxe Nagusia izenez ere ezagutua) Diego de Anayak sortu zuen 1401ean. Hala ere, egun ikusten duguna 1760. urtean jatorrizko eraikina eraitsi ostean altxatu zutena da. Fatxada nagusia zoragarria da; hiruki-formako frontoi bati eusten dioten lau zutabe dituen harmailadi baten gainean altxatzen da.

Salina Jauregia, San Pablo kalean kokatua, 1538. urtean altxatutako eraikin errenazentista bat da. Bere garaian gatz-biltegi gisa erabili zuten. Patioak hartzen dituen elementu gotiko eta errenazentisten arteko uztarketa eta fatxada nagusiko lau arkuak dira eraikinak dituen elementurik azpimarragarrienak. 1884. urtetik aurrera Salamancako Probintziako Diputazioaren egoitza hartzen du. Kale berean, eta Colon Parkearen aldamenean, Salamancako jauregirik bereziena aurkituko dugu: Orellana Jauregia. 1576.eko eraikin klasizista honek hegoaldeko muturrean dorre bat duen aurrealde handia du.

(Argazkiak: 1, 2, 4, 5, 6,7 : Aytosalamanca.com ; 3:Wikipedia )