«« Itzuli
Erreportaje didaktikoak
Cordoba, Argentina erdialdean







Argentina erdialdeko hiria, izen bereko probintziako hiriburua da Cordoba. 1.300.000 biztanle ingururekin, probintziako populazioaren ia erdia (%40) hartzen du eta Argentinako hiririk populatuena da Buenos Aires ostean. Suquia ibaiak zeharkatuta, Cordoba itsas mailatik 352 eta 544 metro artean altxatzen da, Capital departamentua osatzen duen hiri bakarra delarik.
2008/08/14
Herrialdeko erreferente kulturaletako bat izan da beti Cordoba. Hirian hainbat unibertsitate publiko eta pribatu daude eta Latinoamerikako unibertsiaterik garrantzitsuena hartzen du: Cordobako Unibertsitate Nazionala. Gainera, Cordoban museo ugari aurki daitezke, besteak beste, Argentinako museo ospetsuenetako bat: Evita Arte Ederren Museo Nagusia. Bere sustrai kultural sakon horiei esker, Cordoba Kulturaren Amerikako Hiriburua izendatu zuten 2006. urtean.
Hiria ehunka auzotan zatitzen da. Nueva Cordoba da garrantzitsuena. 40.000 biztanle baino gehiagorekin bizilagun gehien hartzen duen auzoetako bat da. Bi ezaugarri bereizten dute auzunea; bere dinamismo ekonomiko eta kulturala eta herrialdeko eta probintziako biztanle ugari hartzen dituela, izan ere, Unibertsitate Nazionala bertan kokatzen da.
Hirigune historikoan interes turistiko handiko hainbat eraikin daude. Horien artean Cordobako Katedrala. San Martin Plazan kokatuta, Independencia eta 27 de abril kaleen arteko kantoian, Argentinako ondare arkitektoniko garrantzitsutzat eta Amerikako arkitektura barrokoaren adierazgarri nagusitzat hartzen da. Katedrala Monumentu Historiko Nazionala izendatuta dago. Tenplua elementu errenazentisten, barrokoen, neoklasikoen eta mudejarren uztarketa bat da.
Katedralaren iparraldeko aldean dagoen kalezulo batetik barrena (Santa Catalina izenaz ezagutzen dena) Cordobako Kabildora hel daiteke. XVII. mendean eraiki zuten eta hiri-bizitzaren gune historikoa da. Bere berezko jardueraz gain (Espainiako kolonialismoaren garaian batez ere) espetxe gisa ere erabili izan dute kabildoa. Gaur egun, erakusketa aretoak, museo bat, turismo bulego bat etab. hartzen ditu. Hainbatetan zaharberritu dute, beti ere bere izaera kolonialaren arrastoak murrizteko ahaleginetan.
Kabildoa eta katedrala bezala, koloniamismoaren garaiko beste eraikin erlijioso baliotsu batzuk daude Cordoban. Jesuiten Etxadia da garrantzitsuenetakoa. Jesuitek altxatutako hainbat eraikin historikok osatzen dute eta Gizadiaren Kultur Ondare izendatu zuen UNESCOk 2000. urtean. Kabildoko arduradunek 1599an eman zieten jesuitei Obispo Trejo, Duarte y Quiros eta Caseros kaleen eta Velez Sarsfield etorbidearen artean kokatzen den toki enblematiko hau. Hala, gaur egun historikoak eta hiriburuko interesgune garrantzitsuak diren eraikinak altxatzeko aprobetxatu zuten ematea jesuitek.
Monserrat Ikastetxe Nazioanala eraikin historiko horietako bat da. 1687an sortua, Latinoamerikako ikastetxe garrantzitsuenetako bat da. 1907an Cordobako Unibertsitate Nazioanalaren menpe geratu zen eta, hori dela-eta, zaharberritze sakona egin behar zen eraikinean. Jesusen Lagundiaren Eliza etxadi horretan kokatzen da baita. Hiriburuko elizarik zaharrena da eta nahiz eta bere aurrealdea apainduratan urria izan, barrualdeko dekorazioa oso aberatsa da. Modu berean, Cordobako Unibertsitate Nazionaleko Errektoretza (Unibertsitate Nazional zaharra), eta Etxeko Kapera, jesuitek bakarrik erabil zezaketena, ere altxatu zituzten etxadian.
Azkenik, bisitari amaiera emateko hiriburuko ?birika? ezagutzea eta bertan paseatzea eta atseden hartzea gomendagarria da. Sarmiento Parkea. Nueva Cordoba auzoan kokatuta, Hego Amerikako parkerik zaharrenetako bat da eta aisialdirako aukera ugari eskaintzen ditu; parkeko lakuan txalupaz ibili, barrakak, ibilaldiak edota eskulturak eta monumentuak ikusi. Gainera, interesgune turistiko garrantzitsuak aurki daitezke bertan, besteak beste, Greziako Anfiteatroa eta Lorategi Zoologikoa.
(Fotos: Wikipedia)
